Mikel  Ayllon

Mikel Ayllon Atzera

2021
Gabriel Aresti Sariak (2019-2020)
Erein Argitaletxea, S.A.
2020
Zoriontsuak izatea erabaki genuen
Elkar
2015-03-05
Mikel Ayllonek bere estreinako nobela aurkeztu zuen atzo

"Ez tiro egin anbulantziei" du izenburua, eta Igartza bekaren eskutik kaleratu du

Bi tokitan aurkeztu zuen Ayllonek atzo bere estreinako nobela: Ez tiro egin anbulantziei (Elkar, 2015). Igartza sariaren eskutik kaleratu du lana, eta, hortaz, goizean ohiko aurkezpena egin zuen Donostian, eta, arratsaldean, Beasaingo Igartza jauregian izan zen, herriko CAF enpresak, udalak eta Elkar argitaletxeak sustatzen baitute, elkarlanean, Igartza idazle gazteentzako sorkuntza-beka. Ayllonen esanetan, eleberri berezia eta konplexua da, eta lana irakurri nahi duenak arreta handiz ekin beharko dio irakurketari.

2015
Ez tiro egin anbulantziei
Elkar
2005
Gerezi gorrien garaia (Paul Asensio Millan-ekin batera)
Txalaparta
13.09.13
Mikel Ayllon arabarrak irabazi du 16. Igartza Saria
Mikel Ayllon (Laudio, 1980) izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Haren 'Ez tiro egin anbulantziei' eleberri-egitasmoa hautatu dute Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Xabier Etxeberria epaimahaikideek. Gainera, aurten gorakada nabarmena gertatu da proiektuen kopururari dagonionez: 25 aurkeztu dira, eta normalean 12-14 izan ohi dira. Ondo bidean 2015. urte hasieran kaleratuko da liburua. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolaturiko beka da hau. Diru-kopurua 6.000 eurokoa da. Mikel Ayllon kazetari-lanean aritu izan da, besteak beste Hala Bedi irratian eta Gara-ren gazte-gehigarrian. Badu liburu bat argitaratua, gazte-mugimenduari buruzko saiakera, Paul Asensiorekin batera burutua: 'Gerezi gorrien garaia'. Orain dela hamar bat urte, Ayllon atxilotua izan zen, Haika gazte-mugimenduaren kontrako polizi operazio batean. Urte eta erdi eman zuen kartzelan etat epaiketa iritsi zenean absolbitu egin zuten. Kartzelako egonaldi hura erabakigarria izan omen da bere bizitzan, eta nolabaiteko isla izango du idatzi behar duen nobelan. «Baina ez nuke nahi jendeak esatea: 'Honek ere euskal gatazkari buruzko nobela egin behar du'. Ez, urrutiratu nahi izan dut, eta horretarako Gerard eta Sylvie ipini diet izena protagonista nagusiei. Istorioa ez da zehazki inon gertatzen». Eta idazketa amaitzean lasaitua hartuko du: «Istorio hau aspalditik darabilt bueltaka buruan, obsesio ere bihurtu zait». Idazleak irauli egingo du denbora kronologikoa. Atzekoz aurrera kontatuko du istorioa. Hasieran, Gerard kartzelan azalduko da, eta egoera horrekin zerikusi zuzena dauka Sylviek. «Emakume horrek hautu bat egiten du, aldaketa bat bultzatu nahi du eta, hautu horren ondorioz, Gerard ezagutzen du. Baina gero beldurra sentitzen du, ihes egiten du eta buruan zeukan aldaketa hori azkenean ez da gertatzen. Nolanahi ere, portaera horrek ondorio gogorrak izango ditu bi lagunontzat», jarraitu zuen idazleak. Mundu baten amaiera, «edo orain munduari begiratzeko daukagun modu horren bukaera» islatu nahi du Ayllonek liburuan. Irakurlearentzat liburu esijentea izango omen da. «Baina nahi nuke maila askotako liburua izatea, batzuek irakurketa arina egin ahal izatea eta beste batzuek gauza gehiago topatzea». Formalki liburu nahiko esperimentala izango da. Beraz, hasierako partea kartzelan gertatzen eta garatzen da, eta liburua aurrrera joan ahala ikusi ahal izango da nondik nora sortu den egoera gogor hori. Lehenbiziko zati horrek kutsu kafkiarra izango du. «Hasieran, irakurleak ez du jakingo Gerard zergatik dagoen kartzelan, eta ezin izango du epaitu. Denok dugun epaile-sen hori oztopatu nahi izan dut». Ayllonek uste du fikzioa tresna ona dela errealitateaz gogoeta egiteko: «Hori da modu onena errealitatea aztertzeko. Eta fikzioak ematen dituen baliabide guztiak erabiliko ditut». Ayllonek mutikotatik idazten du, hiru aldiz irabazi zuen Urruzuno saria, baina kostata aritzen da gaur egun: «Nik sufritu egiten dut idaztean. Oso kritikoa naiz neure buruarekin. Orain ere, hogei folioko lagina aurkeztu behar zen, eta gogoan daukat egun batean sei ordu eman nituela ordenagailuaren aurrean eta esaldi bakar bat atera zitzaidan gustukoa».