Mikel Asurmendi Agirre

Mikel Asurmendi Agirre Atzera

2007-06/17
Nolakoa ote euskal literaturaren paisaia?
Nolakoa ote euskal literaturaren paisaia?

Iratxe Retolaza

Utriusque Vasconiae argitaletxearen Kritika Literarioa sailak argitaratu berri du Mikel Asurmendik Komatxo artean irratsaioan eginiko elkarrizketa zenbaiten bilduma (lehen alean), eta baita mahai-inguru zenbaiten bilduma ere (bigarren alean). XXI. mende hasierako euskal literaturaren hainbat kezka, galdera, iritzi eta susmo biltzen dira bi liburu hauetan. Bilduriko elkarrizketariko batean Anjel Lertxundik dioen bezala, «zorabiozko gure mundu moderno honetan (...) inportantea iruditzen zait, kontenplaziorako gaitasun minimo bat gordetzen ahalegintzea» (89), eta Lertxundiren ustez, «irakurketa da gelditzen zaigun alor gutxienetako bat kontenplaziorako» (89). Horregatik, euskal literaturaren bide gehientsuenek argitalpenen abiadurari jarraitzen dioten garaiotan, atzo goizeko gertakarien inguruko ikuspegi zabala eta anitza eskaintzen duten bilduma hauek eskura izatea eskertzekoa da, azken bospasei urteotako sorkuntzari eta literatur sistemaren egoerari patxada handiagoz begiratzeko aukera eskaintzen dutelako, kontenplaziorako aukera. Azken batean, euskal sistema literarioari ere neurria behar bezala hartzeko, abiadak zorabia ez gaitzan, askotan gaur-gaurko ez dena ahanzturara daramagulako, duela gutxiko kontuak ere bazterrean utziz. Alde horretatik, gustura eta interesez irakurri ditut liburu hauek, hain hurbil zegoen hura nolako urrun sentitzen nuen ohartarazteko, eta era berean, gurera zenbait kezka behin eta berriro azaleratzen direla antzemateko.

Komatxo artean 1. Elkarrizketak izenburuko alean, 28 idazlerekin eginiko solasalditxoak bildu dira, XXI. mende hasierako euskal literaturaren ahots zenbaiten bilduma eskainiz. Elkarrizketa askotan, Mikel Asurmendik idazleei euskal literaturaren pasaia nola ikusten duten galdetzen die, eta gehienen erantzuna, antzerakoa da, kolore anitzeko paisaia dela. Elkarrizketa-liburu honexek ere kolore anitzeko paisaia horren geografia txikitxo bat eskaintzen du, euskal literaturako alor ezberdinetan dabiltzan idazleen esanak bildu baitira, eta baita literaturari buruzko iritzi eta ikuspegi ezberdinak dituzten sortzaileen esanak ere. Esate baterako, badira literaturaren irakurketa gozamenerako eta atsegin hartzeko jardueratzat aldarrikatzen dutenak (Joanes Urkixo, Txiliku), edota literatura «tentsioa» dela esaten dutenak (Ur Apalategi). Edota, badira, literatura irakurlearengana hurbildu behar dela esaten dutenak (Xabier Mendiguren, Hasier Etxeberria), edota irakurleari nahi zaion guztia beti eman behar ez zaiola esaten dutenak ere (Harkaitz Cano).

Idazle hauek guztiek elkarrizketa hauen bitartez bere burua euskal literaturaren eremuan nola kokatzen duten adierazteko ahalegina egiten dute, eta baita literaturak --aipagai duten literatur lanak- autobiografiarekin (bere bizitzekin) nola harremantzen duten azaltzeko ahalegina ere. Nahiz eta kezka jakin batzuei erantzuteko modua ezberdina izan, nahiz eta literaturari buruzko ikuskera anitz bildu solasaldi hauetan, badira etengabe mahai-gaineratzen diren kezkak.

Hona hemen aipagarrienak, nire ustez: euskal irakurleari buruzko gogoetak ugariak dira; etengabea da errealitate eta fikzioaren arteko hausnarketa; euskal literatura kanporatzearen ingurukoak askotan aipatzen dira; unibertsaltasunaren inguruko iritziak ere tartekatu egiten dira elkarrizketarik gehientsuenetan; eta generoen inguruko muga lausoa ere aipagai da. Alde batera edo bestera, ikuspegi batetik edo bestetik, baina idazle gehienek kezka hauei buruz hitz egin dute, euskal literaturaren mapan auzi hauek bide garrantzitsu diren seinale.

'Komatxo artean 1. Elkarrizketa literarioak 2000-2006' Egilea: Mikel Asurmendi. Argitaletxea: Utriusque Vasconiae. Generoa: Elkarrizketak. Urtea: 2007.

11/1997
Charles Chaplin
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, S.A.
05/2007
Komatxo artean 1 : elkarrizketa literarioak (2000-2006)
Utriusque Vasconiae S.L.
05/2007
Komatxo artean 2 : mahai-inguruak (2002-2006)
Utriusque Vasconiae S.L.