Marikita Tambourin

Marikita Tambourin Atzera

2018
Olerki bilduma
Maiatz
2016
Agoteen in memoriam
2014
Bi saiakera emazteen izenean
Maiatz
2009
Iraun
Maiatz
2008
Singapurreko gutunak
Maiatz
2008
Singapurreko gutunak (1go zatia, 9. orrialdea)
Azken bi urteetan gogoan nuena, goiz honetan gauzatuko zen. Aspalditik erabakia bainuen erretreta, hots erretiroa hartuko nuenean, etxeko bulegoa ordenatuko nuela. Bertan metatuak ziren mota guztietako liburuak, paper zaharrak, gutun ahantziak, argazki horituak, entzungai, baita ikusgai zaharkituak. Bazen zer egin! Berrogei urteko oroitzapenak, bizi bateko aztarnak, hor ziren nire beha! Aste batzuk beharko nituen denen sailkatzeko eta karpetetan ezartzeko. Orain astia banuen, nahi bezainbat denbora pasatzen ahalko nuen lan horretan.
Heriotzarainoko pausaldi luze, edo berdin labur baten jabe nintzen, nork daki? Bizi aktiboaren eta geldiaren arteko leize handia nolabait bete behar nuen. Gainera, nire ondokoei ez nien nahasketa hau uzten ahal. Iruditzen zitzaidan saltsa-maltsa hau ikustean, dena botatzeko edo erretzeko emaia izango zutela. Hein batean antolatua baldin bazen, zerbait atxikitzen ahalko zuten hurrengo belaunaldientzat. Nire nahia hau zen: arrasto bat geldi zedin –hilobitik aparte- aspaldi bizi izan zen, Maia izeneko emazteaz. Xede horren betetzeko asmoz, dozena bat kolorezko karpeta, estiloak eta etiketak, ezkaratzeko arka zaharraren gainean pausatuak nituen. Lurrean hiru burdinazko kutxa berri, bete beha zauden.


2006
Abu ala Ali
Maiatz
2005
Kania
Maiatz
2000
Euskal deituren kronikak
Gatuzain
1990
Baigorriko etxeen izen eta izanaz
Historia eta Gizarte Zientzien Urtekaria. UEU Historia Saila
1990
La vallée de Baigorri-Baigorriko ibarra
Izpegi
1990
Le gateau à la broche
Anuario de Eusko Folklore 36
1984
Emakumeak idazle (Mari Ameztoi, 32-35 orriak)
Egilea, Itxaro Borda; Txertoa
1983
Emakumeak mintzo
beste batzuekin; Aizan! Elkar
06.06.04
Emakumea orojakile eta iritzi-emaile
Marikita Tambourin idazlearen bigarren nobela laburrak -edo ipuin luzeak?-, Abu Ala Ali-k, Sarako Idazleen Biltzarrean ikusi du argia. Kania, uharte galduko ipuina lehen narrazioa ere biltzar berean plazaratu zen, baina iaz. Abu ala ali nobelatxoan lehen narrazio hartan aurkezturiko pertsonaiari heldu zaio berriro ere. Baina, Kania<(i>-n Maia hogei urteko emakume gaztea zen, eta Egiptoko egonaldi berri honetan, berriz, Maia emakume heldua da. Sorburu eta jomuga diferenteko bidaiak izanda ere, bi narrazioen artean bada loturarik, lotura esturik.

Bidaiak bidaia, aldaketak aldaketa, narrazio hauetan ez da Maia pertsonaiaren bilakaeran eta psikologian sakontzeko ahaleginik egin, eta hutsune hori sumatu du iruzkingile honek. Dirudienez, bi narrazio hauetan Maiak kanpo-espazio baterantz eginiko bidaia bi kultura diferente aurrez aurre jartzeko aitzakia baino ez da: batean, «basa» eta «zibilizazioa» jartzen dira aurrez aurre (noski, «zibilizazioa»-ren begiaren galbahetik), eta oraingo honetan, kultura musulmana eta mendebaleko kultura (mendebalaren begi orojakilearen galbahetik). Gainera, kultura horiek buruz buru jartzeko bi narrazioetan osagai bera darabil: maitale arrotzarekiko harremana. Hau da, bai Kanian bai Egipton Maia bertako batekin maiteminduko da, eta haren bitartez hurbilduko da kultura ezezagunera. Eta are gehiago, Egiptoko maitaleaz diharduela (Abu Ala Aliz, alegia), honako hau diosku narratzaileak: «Bere larru ilunak eta ile beltzek, norbait oroitarazi diote, hogei urte hauetan ahanztera ahalegintzen den urruneko maitale bat: Kaniako Voroi!» (17. or.). Esan gabe doa, bi narrazio hauetan maitale horiekiko harremana ezinezkotzat joko dela ezkonezinak diren kulturetakoak izanda. Hortaz, eskema antzekoa duten narrazioak ditugu bi hauek, batzuetan eskematikoegiak ere gertatu direnak.

Dena dela, bada alde nabari eta esanguratsu hau: narratzailearen ahotsa. Kania-n Maiaren ahotik kontatzen zaigu egonaldi xelebrea. Baina Abu Ala Ali-n narratzaile orojakilea ez ezik, iritzi-emailea dugu. Narratzailearen nolakotasunak, bada, gogora ekarri digu ohiturazko narrazioetako narratzaile (aita) orojakile hura, ahozkotasunetik edaten zuena, eta diskurtsoan etengabeko sartu-irtenetan zebilena. Txomin Agirreren nobeletako narratzaile haren oihartzunak non-nahi, errepika eta errepika. Gaurkotasun handiko gaia (kultura musulmanaren eta mendebaleko kulturaren arteko zauria) tradiziozko moldeetara bihurturik ikustea deigarri egiten zaigu, batik bat narratzaile orojakile honen ezaugarri bati entzungor eginez bagabiltza: emakumea da. Eta euskal nobeletan narratzaile orojakile eta iritzi-emaileak non edo non topa baditzakegu ere, orojakile eta emakumea denik bat ere ez, edo oso-oso gutxi. Besteak beste, euskal emakume nobelagileak idazteari ekin ziotenerako beste bide eta joera batzuk zirelako nagusi. Hortaz, ohiturazko moldeen arau-urratze honek beste kolore bat eman dio testuari, eta hainbatetan eskematismora lerratutako narrazioa ironia finean biltzea lortu du, eta nobelatxo honetan faltan hartzen den irakurlearen parte-hartze horri keinu egiten dio, gutxitan bada ere.

Narratzaile orojakile zintzoen legera, narratzaileak bere lakoei baino ez die hitz egiten, eta narrazio honetan ere emakumea emakumeoi mintza: «Hitz goxoen entzuteko gogoa duten emazte orok Egiptora joan behar lukete, horretan gastatu sosak ez baitira debaldetan» (15. or.). Aholku jostari edo trufari hauetan biltzen dira nobelatxo honek eskainitako osagairik mamitsuenak, bai mendebalekoon miseria larrutzeko -diruaren kodea-, bai aita orojakilearen moldearen burugabekeria azalarazteko.