Maite Darceles Tife

Maite Darceles Tife Atzera

2018/09/29
“Bide kolektiboak bilatzen hasi behar dugu, nahiz eta sistema beti saiatuko den hauek hausten”

Maite Darceles: “Bide kolektiboak bilatzen hasi behar dugu, nahiz eta sistema beti saiatuko den hauek hausten”

0

Bihotzean daramagun mundua (Alberdania, 2018) eleberrian etorkizuneko mundu bat irudikatzen du Maite Darceles idazleak, gure gizartearen inguruan gogoeta egiteko. Bere lehenengo eleberria da, 2009. urtean Eraldaketarako gidalerroak (BAI) saiakera liburua argitaratu ondoren. Bertan antolakundeen eta enpresen ikuspegi desberdin bat proposatzen du, pertsonek osatutako eta pertsonentzat egindako enpresak aldarrikatuz “enpresa baten atzean pertsona talde bat ez badago enpresa horrek ez daukalako zer eginik”.

Zein izan da eleberria idazteko ideia nagusia?
Aurreko liburua argitaratu ondoren, beste saiakera bat idaztea bururatu zitzaidan, munduari buruz. Eta momentu batean pentsatu nuen: zergatik ez saiatu nik ditudan gogoetak eleberri baten bidez idazten? Ideia hori garatzen hasi nintzen nire buruan. Etorkizunean kokatzea modu egoki bat izan zitekeela pentsatu nuen, etorkizunetik orainari begiratzeko.

Zientzia-fikziotik gertu dagoen liburua da?
Beharbada zientzia-fikzio espekulatibotik. Ohiko zientzia-fikzioak ekartzen dizkigu burura galaxiak, izaki estralurtarrak… Eleberria etorkizunean gertatzen denez, nahi eta nahi ez gauza ezberdinak egon behar dute, etorkizuna ezin baita izan orainaren kalko bat. Teknologia berriak asmatu ditut, baina nire helburua izan da gizarte antolaketaren inguruan gogoeta egitea eta etorkizun posible bat sortzea, itsusia, pentsarazteko orain egiten ari garen gauzekin babestuta gauden edo ez.

Erreferentzia literario eta kulturalei dagokienez, gaizkiaren inguruan mintzatzen zarenean, Joseph Conrad-en Heart of darkness liburuan oinarritutako Apocalipse now filma aipatzen duzu.
Gaizkiaren bi ikuspegi daude eleberrian: film horretako Kurtzen horrorea alde batetik, eta Hanna Arendt filosofoaren gaizkiaren hutsalkeria, bestetik. Bi zutabe horiek oso modu ezberdinean trataturik daude, baina kontuan hartzeko bi ikuspegi direla uste dut. Beste muturrean, berriz, hau da, Henry Thoreau eta Erich Fromm daude. Hauek askatasuna eta maitasuna jorratzen dituzte.

Hasieran, dena zalantzan jartzen hasi baino lehen, Lorea protagonistaren ustez beharrezkoa da gizartean kamerak nonahi egotea, eta kontrol hori erabat barneratuta dauka.
Bai, baina hori orain ere gertatzen zaigu. Gauza askoren aurrean kritika pixka bat egiten dugun arren, gero segurtasunaren paradigma horren barruan dena ontzat ematen dugu: bai kamerak, bai gure datuak ez dakit zenbat lekutan gordetzea… Gaur egun hori asko ikusten da enpresa handien boterearekin. Hauek geroz eta botere gehiago daukate gauza askotan eta pertsonak babesik gabe gelditzen gara. Datuak babesteko legea-k, adibidez, azkenean nor babesten du? Zalantza handiak dauzkat benetan lege horrekin pertsonak babestuta gaudenik.

Jada segurtasunaren paradigman bizi garela iruditzen zaizu?
Horra goazela geroz eta gehiago, bai. Erich Fromm-ek badauka beste liburu bat oso interesgarria, Askatasunetik iheska. Bertan giza askatasunaren eta segurtasunaren arteko kontrastea egiten du, eta nola egiten dugun ihes gure askatasunetik segurtasuna nahiago dugulako. Badago zerbait berezkoa dena: segurtasuna behar dugu, baina neurri batean askatasunean bizitzen ere ikasi beharko genuke.

“Sortu dugun makinariak ezin gaitu maneiatu”, dio momentu batean pertsonaia batek.
Esaldi hori botatzen dudanean teknologiaz baino gehiago hitz egiten ari naiz mundua gidatzen duen logikaz. Azken finean guk gure eguneroko ekintza askorekin gizarte hau sortzen dugu den bezala, denok gara parte, inor ez da bizi kapitalismotik kanpo eta denok ari gara sistema hori bultzatzen. Badauzka batere gustatzen ez zaizkigun logika batzuk, askotan kritikatzen ditugunak, baina gu ere horretan laguntzen ari gara. Hortik doa. Zer egin dezakegu hori aldatzeko? Ez da batere erraza. Agian zure etxean zerbait egin dezakezu, baina gizarte bezala? Zerbait egin ahal izan beharko genuke.

Ardura kolektiboa aldarrikatzen duzu?
Indibidualki oso gutxi egin dezakegu. Norbanakoak zer alda dezake? Gauzen inguruko kontzientzia hartu, baina hortik aurrera ezer gutxi egin dezakezu bakarrik. Erakunde eta antolakundeen funtzionamenduari erreparatuz gero eta analisi bat eginez gero, esango genuke gauzek ez dutela horrela izan behar, baina ez gara gai ikusten hori aldatzeko. Seguru aski ez gara, baina gizarte bezala izan beharko genuke. Etxebizitzaren arazoa, adibidez, edo pobrezia energetikoa. Zer egin dezakegu gizarte bezala? Kasu honetan, adibidez, energia-iturri berriztagarrietara benetan salto hori eman beharko genuke, oraindik enpresa energetiko handiek indar handia baitaukate.

Erabat kontrolatuta eta bihotzetik hain urrun dagoen mundu horretan psicoachak oso garrantzitsuak dira, pertsonen barne-mundua kontrolatzen duten “terapeutak”.
Bihotzean daramagun mundua izango litzateke mundu bat humanoa den horrekin konektatzen duena. Psycoacharenari dagokionez, berriz ere esango nizuke gaur egun horrelako gauzak ere gertatzen direla neurri batean. Nobelan igual oso muturrera eraman ditut, baina zein erraz hartzen diren zenbait botika, pentsatu ordez: zerk eragiten dik niri ondoeza? Saiatuko naiz hori aldatzen: lana, bizimodua, bikotea… Beste bide batzuk hartzen ditugu agian guri ez dagokigun bizimodu batera moldatzeko. Hori orain asko egiten da. Nik uste gaur egungo gaitzak burukoak direla: depresioa, antsietatea… Hori da benetan daramagun bizimoduak ez duelako gurekin bat egiten. Horren inguruko ikerketak badaude. Zergatik erabiltzen dituzte hainbeste maskaratxoak etorkizuneko mundu horretan? Loreak hasieran hautsarekin sekulako kezka dauka eta mikroorganismoekin. Gauzek guztiz garbi eta zuri egon behar dute. Hori neurri batean orain ere gertatzen zaigu arrotza denaren aurrean: leku berri batera joan eta gauzak ez badaude zuk nahi duzun bezala, sentitzen duzu arbuioaren antzeko zerbait. Hor muturrera eramanda dago. Azkenean lortzen dena da jendeak esploratzeko gogorik ez edukitzea.

Sexualitatea ere erabat kontrolatzea lortu dute.
Sexualitatea kontrolatzea gizakia kontrolatzeko modu oso inportante bat da. Azkenean elementu horiekin guztiekin nahi nuen irudikatu sistema zenbateraino dagoen ondo eraikia bere helburua betetzeko. Sexualitateak badu bere garrantzia.

Zein da liburuek betetzen duten lekua?
Museoetan daude, soilik ikusi ahal izateko. Jendeak badaki liburu bat zer den, josteko makina bat zer den badakigun bezala, baina ez dituzte erabiltzen, ezta unibertsitatean ere. Informazioa ere guztiz kontrolatuta dago eta jendeak ez dauka horren kontzientziarik. Norbaitek bere momentuan eduki badu aukera hauek daude: erresistentzian dago, edo katakonbetara bidali dute edo pilulen bidez ahazten saiatu da eta mundu horretara egokitzen. 1984 liburuan Orwell-ek horrelako zerbait egiten du, baina hori 40ko hamarkadan idatzi zuen, gizartean teknologia eskasagoa zenean. Azkenean denak hari bat gara, eta irudikatu duzun mundu horretan ez dago ez historiarik ez haririk. Horrela da, baina gaur egun zeri ematen ari zaio garrantzia hezkuntzan, adibidez? Nire ustez teknologia eta gauza horiek guztiak asko bultzatzen dira, baina hari horri, hau da, filosofiari, historiari… ez zaio ematen behar duen garrantzia.

Eta hari hori gabe bizi gaitezke?
Denak ez gara berdinak, baina hezkuntza unibertsal bihurtu zenean alde positiboetako bat nolabait pertsona guztiei hari hori ematea zen. Dena den, nik uste jende asko bizi daitekeela hari hori gabe. Batzuei, gainera, hori interesatzen zaie.

Katakonbak ere existitzen dira etorkizunean. Nortzuk bizi dira bertan?
Katakonbetan beste gizarte maila bat aurki dezakegu, baina gaur egun ere hori neurri batean gertatzen da. Badago gu baino askoz okerrago bizi den jendea bai beraien herrialdeetan bai hementxe bertan: errefuxiatuak, esaterako.

Idazteko orduan zer izan da zailena?
Orain arteko nire idazteko modua gehiago izan denez gogoeta, seguru aski batzuetan gehiegi jo dudala horretara. Hori arintzen saiatu naiz.

Argi zeneukan bukaera optimista bat nahi zenuela?
Bai, ez nuen bukaera pesimista bat eman nahi. Nik pertsonengan sinesten dut, uste dut gaitasun ikaragarria daukagula eta are gehiago modu kolektiboan goazenean. Jende askok demostratu dit. Uste dut momentu honetan aktibatzea falta zaigula, non gauden konturatzea, eta gure esku agian uste duguna baino gauza gehiago daudela. Bide kolektiboak bilatzen hasi behar dugu, nahiz eta sistema beti saiatuko den hauek hausten.

2018
Bihotzean daramagun mundua
Alberdania
02/2009
Eraldeketarako gidalerroak = Guías para la transformación
Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia