Lur  Gallastegi

Lur Gallastegi Atzera

2018
Saharako itsasoa
Elkar
2017
Limoiondoaren loreak
Elkar
2016
Uda bat Senegalen
Elkar
2018-07-05
Lur Gallastegiri elkarrizketa

Lur Gallastegiri elkarrizketa

Osteguna, 2018-07-05

Lur Gallastegik idatzitako Saharako itsasoa nobelak irabazi du 2018ko Mikel Zarate haur literatura saria. Ez du lehen liburua izango. Gazte literaturaren arloan, beste bi lan ditu argitara emanak: Uda bat Senegalen (Elkar) eta Limoiondoaren loreak (Elkar).

Lur Gallastegiri elkarrizketa

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile izandako Mikel Zarateren omenez. Azken deialdian bederatzi lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Gallastegik idatzitako eleberria hautatu du epaimahaiak. Saharako itsasoa izeneko istorio honek familia baten gorabeherak kontatzen ditu: gurasoak ez dira ondo konpontzen, eta hausnarketarako beta hartuko dute udan, nork bere aldetik; Haizea alaba, berriz, izebarekin geratuko da, eta haiekin emango du uda Souhailak ere: neskatxa saharar bat, Tindufeko kanpamenduetan bizi ohi dena. Kontakizunaren samurtasuna eta sentimenduak abenturen artean txertatzeko abilezia azpimarratu ditu epaimahaiak.

Saharako itsasoa nobelari esker, Mikel Zarate Saria irabazi duzu. Lagin bat aurkeztu al zenuen ala dagoeneko amaituta al duzu idazketa-lana? 

Lan osoa aurkeztu nuen, lehiaketaren oinarriek hala eskatzen dutelako. Beraz, edizio eta hobekuntza lanak kenduta, lana bukatuta dagoela esan daiteke. Urte amaiera baino lehen aterako da.

Kontakizunaren samurtasuna azpimarratu du epaimahaiak, eta “sentimenduak abenturen artean txertatzeko abilezia”. Edukiari dagokionez, zer azaldu nahi izan duzu?

Izenburuan Sahara aipatzen bada ere, ez da hau gai nagusia. Bereziki bi pertsonen arteko harremana garatzeko testuingurua dela esango nuke, baina ez gai nagusia. Kontakizuna pertsonen arteko harreman ezberdinen ingurukoa da eta, bereziki, sentimendu eta emozioen ulermen eta kudeaketaren ingurukoa.

Bederatzi lan lehiatu dira guztira. Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak zuk idatzitako eleberria hautatu du. Zer suposatu du zuretzat lehen saria irabazteak?

Poz handia. Euskal literaturako hiru izen horiek nire lana aintzat hartu eta saritzea poztekoa da.

Sari bat irabaztea beti da pozgarria. Saritua izateak idazten jarraitzeko grina areagotu al dizu?

Noski. Idazteko gogoa berez daramat nirekin, baina halako sariak irabazteak erronka eta proiektu berrietan sartzeko gogoa areagotzen dit.

Gazte literaturaren arloan, badituzu beste bi lan kalean: Uda bat Senegalen eta Limoiondoaren loreak. Orain Saharako itsasoa plazaratu duzu. Inspirazio iturri nagusia bidaietan topatzen al duzu?

Izenburuagatik hala badirudi ere, ez dira bidaiak kontatzen dituzten ipuinak eta beren protagonista gehienak euskaldunak dira. Euskal identitatea zerbait zabalagoa dela uste dut, eta ikuspuntu hertsietatik ihes egin nahi izan dut pertsonaiekin. Ipuinak irakurtzen dituena ohartuko da hortaz. 

Gazte literaturan bide bat osatzen ari zara. Helduentzako literaturak ez al zaitu tentatzen? 

Tentatu tentatzen nau, baina une honetan hauxe egiten ikusten dut nire burua. Erosoago sentitzen naiz. Helduek ere irakur ditzakete nire liburuak. Haur eta gazte literatura deiturikoa adin tarte guztietara irits daiteke. Bestea da nork irakurria izango den gehiago mugatzen duena.

 

 

 

Mikel Zarate sariaren orain arteko irabazleak:

2010 Asier Mendoza Beste gu

2011 Julen Gabiria Nire aita ikusezina da

2012 Gaizka Arostegi Urrezko orrazia

2013 Irati Bediaga Beldarren hegaldia

2014 Patxi Zubizarreta Mundua baloi batean

2015 Arrate Egaña Patioan

2016 Xabier Olaso Erraldoiak

2017 Hutsik

2018 Lur Gallastegi Saharako itsasoa