Koldo Ameztoi

Koldo Ameztoi Atzera

2015
Esperantza : zuhaitzen itzalpea gustokoa duen itsasontzia
Elkarlanean, S.L.
2008
Ez dugu ziloa ikusiko, baina barnera erortzerakoan...
"So egizu aitzinera eta anda hortik, beti inguruetara begira, ametsetan egon gabe !" Hainbat aldiz entzun dugu hori, bidesketan gaindi gindoazela, edo karriketan zehar, ondotik genuen akulatzailearen ahotik. Zilo batera erortzeko hirriskuan bagina bezala eta hori gogoan, beti aurrera begiratu behar. Ondorioz, honek gure gogoan utzi digu, horrelako duda bat : bide bazterrik ez delako ustea... Ezer ikustekorik gabe... Ez jende, ez inguru, deus.
Urteekin, ibilera horrek markatu gaitu eta makurtu ere. Orain burua, lepoa eta espaldak, denek gorputz ale bakar bat osaturik, oro soldaturik bezala gabiltza. Usaia txarrak eman dizkigu ere : bizikidetasun izpirik gabeko zakur galdu baten itxurarekin, bakarrik eta soilik gure bidetik joaten gara, begirada okertu barik, nehor ez bagenu sekula gurutzatzen bezala. Herritar batek erran lezake, gure izaiteaz lotsa garelako, gordeka ibili behar dukegula, besteak ikusi ez gaitzan... Edo besteak soegiten digula, ikusi ez dezagun ! Gogoa bakean izateko, aments ? Anartean, ikusi nahi ez dugun bizitza, egunero aldatzen ari zaigula, ez gara konturatzen ere…
Baina ohartu naiz, errebeldeak ere baditugula gure inguruan. Eta ni, haietako bat naizela uste dut. Errexki ezagutuko gaituzu, autoz, bizikletez edo oinez, inguruak begiratuz lasaiki goazen horietarikoak gara gu. Beharbada, topatuko dugun ziloa ez dugu azken mementoan baizik ikusiko, baina barnera erortzerakoan, hori bai, irudi ederrak eta amets zoragarriak pasako zaizkigula gogotik... Hortaz segur naiz.
Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu !
2001-04
"Mintzatzen denak ereiten badu, ixilik dagoenak biltzen du"
Koldo Ameztoi, Amikuzeko herri ttipi batetan sortua da, telebista baino lehen, ahozkotasuna bizi zen garai haietan. Koldori esker ahozkotasun hori bizi da oraino, bera ahozkotasunetik bizi baita: bere lana, kondalari. Ipui zahar ala berri kondatzen ditu bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo, bai Euskal Herriko, bai Euskal Herritik kanpoko altxorretarik hartuz. Berak asmatzen dituenak bestalde. Inspirazioa errexten dio Otsozelaiko harpeetan bizi diren laminen auzo izateak. Nork daki ez ote dituen batzutan ilargi xuritara ikusten, Eltzarruzeko"laminen bidean" gora behera ibilki: mendi horren xolan dauka etxea.

Haurtzaroan, etxeko giroa nolakoa zenuen?
Etxean aita-amak euskaldunak nituen hizkuntzaz eta izatez. Nire haurtzaro eta gazte denboretan, oralitatea, ahozkotasuna zen errege gure herrietan. Gure etxean behintzat, telebistarik ez zegoen, irratia bai (frantsesez soilik, garai haietan)... Aitak eguneroko kontakizunak etxera ekartzen zizkigun eta kontatzen (errepide eta zubi konponketarako langile funzionaria zen): lantokietan berak entzun eta erabilitakoak hiru hizkuntzetan pasatzen zizkigun: euskaraz, kaskoinez eta frantsesez. Ondotik, amak, etxeko eta inguruetako gertakarietaz beste aipamen batzuk ekartzen zituen, gainera. Aste bukaeretan bestalde, aita-amak, biak ehiztari edo arrantzale izanez, bi aldiz kontakizun gehiago, belarrietatik gogoan sartzen zitzaizkidan. Mintzatzen denak ereiten badu, isilik dagonak biltzen du! Eta alderantziz ?

Ondorioz, hizkuntza eta kultura zale bilakatu zinen?
Bai, nire gogoa hizkuntzari eta hitzari zabal zabalik neuzkan, beti egarri. Orain ere funtsean, beti gosez daukat. Euskarazaleari, euskal kulturzaleari bezala, beltz, arabiar, edo beste edozeinen hizkuntza eta kultura (kantu, musika, bizitzeko era, sukaldaritza,...) bisitaz datorrenari, nire adiskide eta auzokidebezala irekitzen dizkiot nire bihotz eta etxeko ateak. Gogo onez, eta pozik.!

-Nolaz antzerkiaren ildotik abiatu zinen ba?
Ttipi-ttipidanik, bakarlari eta zoko-mokozale, mutiko isil eta lotsatia izan naiz. Nire baitako alde ausartena (hau banuenik ere ez jakinez!) ezagutu nahian edo, antzerki munduan, Lizeoko antzerki klubean sartzeko parada ukan nuen eta, jo aurrera...
Ausartziarekin topatu nintzen ere, behin. Zer gozamena! Zer poza!
Hortik aurrera, antzerki ikastaro motz eta luzeagoetan, "Chiméres" taldeko antzezleekin, beste hango eta hemengo artista batzuekin hamaika ikastalditan parte hartu nuen (beti euskaldun bakarra nintzela, ezagun guti eta inguruan gehienak neskak zirelarik...): maskara, arnasa, ahots, kantagintza, bat-bateko joko, dantza, ipuina, ... Gorputzaren barneko eta kanpoko oreka eta desorekak aztertzen, ikertzen, probatzen, eta irudimenaren askatasuna bilatzen. Ez banaute sekula nire herabetasunaz "sendatu" ere, balio du "zeharbide" horretatik eskapadatxo bat egitea! Benetan. Denbora berean, Garaziko "Hiruak Bat" eta Hazparneko "Bordaxuri" antzerki taldeekin lan zerbait egin nuen. Praktikatzeko bezala...

-Eta gero, "hitzarekilako" ofizioa hautatu zenuen, ez?
Betitik artisau-ofiziala bakarlari eta eskulangile izan nahi nuen. Horretan ere saiatu nintzen gazte denboran, etxegintzako teknikak ikasi eta gero morroi, harategiko langile, hargin eta zurgin, arotz eta etxe-marrazkigile, arkitekto gisa ere. Eta orain ere berdin, uste dut beti artisau-ofiziala naizela. Iparraldean, abertzaletasunaren lehen urratsek, euskal kantagintza eta antzerki berriek, ikastolen hasierako mugimenduak eta helduen alfabetatze-euskalduntzeko irakasleekin batera bide puska bat egiteak (AEKan, hiru urtez kolaboratzaile izan zen) bultzatu ninduen artista bidetik, euskara eta euskal herriko kultura besapean ; ipuina, makila gisa neramala. "Euskal Herriko itzulia" abiatuko nuen, hortik urrunago ere nire pausuak luzatzeko gero nire "compagnonnage", kontalari ofizioan abiabide bat bezala urratzeko...

-Baina, ez nolanahiko bidetik: -"Ez" erran, "bai" egin - sendatik ere ibiltzeko behartua izango zinen ere, besteak bezala?
Eskola ttipitiko ikasle nintzenetik, jadanik "ez" erraten eta egiten hasi nintzen, eskolan bertan eta gero elizan. Oldarkeria ttipi batzuk gogoan dauzkat oraindik. Nahi nuena ez baldin banuen ere argi nire baitan, zer ez zuen nahi banekien! ...
Berantago berdin, irakasle, nagusi edo agintari edozeini ere ez diet sekula "bai" osoa erran edo eman. Beti "ez" puska bat gogoan eta ekintzetan atxeki izan dut: askatasun apur bat neretzat gordetzeko bezala. Gaur ere, nire bakarlari lana, artista bizia eta artearen bide zuzenena hautatu eta aurrera eramateko, frangotan "ez" esaten badakit. Hautu hauek, ez didate eguneroko ogibidea borobiltzen, murrizten baizik, baina... ausartu behar da hori egiten, bestela ?! ... Gero funtsean, laster ohartzen zara bi "ez"ek ekartzen dizutela, "bai" on bat errateko eta egiteko aukera. Gure etxeko jabeak erraten duen bezala: - Gure ardi horiek, hobe dute "ase on bat bi gose baino".

-Bakarlari zoaz beraz, zakua indarrez eta... ahuleziez beterik?
Bai, bakarlaria naiz nire lanean eta ere, militante gisa, ahal bezain zintzoki nire laguntza soila ekarriz, ekintza xumeak eramanez, beti. Taldearen indarrean sinesten dut eta hau gogotik onartzen, baina banakoek osatutako elkartea bada. Bestela,...tirrit !.. ez du taldeak balio handirik, ez iraupenik izango.
Nire kreazio "garrantzitsuenak", gehienak euskal mitologian oinarriturik daude: "Ibarxola", "Apanize" Pascal Gaigne musikariarekin, "Maribil" Maddi Oihenartekin, "Makilargi", eta azkenik lantzen ari naizen "Harriola Marriola". Ipuin hauek landuz, gero salduz eta kontatuz bizi naiz. Denborarekin, ibilian ibiliz, eskuin eta ezker, Hego Euskal Herritik, Frantzian gaindi ipuin ekitaldi eta festibaletan kontalari, "francophonie" delako herrialdeetan zehar,... Diru laguntzarik eskatu gabe, dosier, bulego, diru-iturri banatzaile "mekanika-makinak" alde batera utzirik, gure politikoen aurretik pasatu barik, beti aurrera banabil... Urrunetik agurtxo bat egin eta aparte egonik hobe ! Gogoa eta hitzak libre eta ekintzak libreago oraino.

-Biziak nonbaitik ekarriak eta hurbileko ontasunak, berdin erabiltzen dituzula dirudi?
Nire bizi eta laneko erritmoek, bilatzen ditudan isiltasun eta inguru baketsuek (hartz bat naizela esango dizu nire bizilagunak), eta berrehun lagunekin baino birekin hobeto izateak ematen dit ingurua ikusi, entzun eta gozatzeko denbora eta atsegina. Gure lurrak eta jendeak, izadiak eta elementuak ikuskatuz, beren baitan betitik dauzkaten gai, keinu, sinbolo, hatz eta aztarnak, kanpoko eta barneko irudi, izen eta izanak, errito eta mitoak, gorde nahi eta ezinak, ideia eta gogoak, ikertzen eta usaintzen, leitzen eta jakiten, ikusi eta "irakurtzen", entzun eta biltzen saiatzen naiz. Ez sakratuak balira bezala erabiltzeko, baina lehenik nire izatea egituratzeko, eta gero, ipuinbakoitzaren lau izkinetan oinarri sendo bezala erabiltzeko. Elementu horiek nire sorkuntza mamia barnegituratzen laguntzen dute ipuin bakoitzari "arima", "izpiritu" zerbait ekartzen diotela ; aitzina joateko gidatzen. Entzuleek ez badute ere dena ikusten lehen begi ukaldian, belarriek entzun dukete!... Gero berdin gogo txoko batean nonbait geldituko zaie, batzuei bai , besteei ez... Baserri giroan hazia izana naiz, izadiaren baitan murgildua (nahiz eta, ez laborari seme izan), orduan, animali eta landaretza, kanpo eta mendialde, oihan eta errekak gogoan dauzkat beti, eta maiz begien bistan. Naturaren erdian bizi garela eta honek, nahitaez, bizian beti eramaten gaituela aitzina.

<>-Atzokoak eta gaurkoak bilduz, biharkoa hornitzen ari ote zara?
Hau da nire helburuetarik bat. Lehengo sinesmenak; gaurko, hango eta hemengo erlijio eta sinesteak; ospakizun eta erritualak,... guztiei gogo bihotzak zabalik, errespetuz eta kuriositatez, ahal bezainbat harrapatu, jakin eta ulertu nahiean ibiltzen naiz, begiaz zorrotz eta beharriak xut. Maiz egoten naiz ere, oraingo eta gure aitziñako izpiritualitateen arteko borrokak eta konparaketak aztertzen ; uztarketak nire aldetik asmatzen. Badakit ez naizela bakarra. Beste artista batzuk ere daude beti erne, olerkari, musikari, kantari, margolari, zizelkari,... , "Arima"rik gabeko estetikak, bakarrik ezin baitu bide luzerik egin. Euskal Herriko eta kanpoko; atzoko, gaurko, biharko, eta eguneroko biziari eta edozein gertakariei "kaptatuta",kasu handiena eman behar diet... Jakiteko alde batetik, eta gai horiekin ere, biharko tradizio biziaren eraikitze lana jarraitzeko, beste euskal "langile" guziekin batera...

-Ipuingintzan, beste artegintzetan bezala, lehenik "jende" eta gero "artista" izan behar ote da?
Nahas-mahas, bietarik pixka bat... Den bezala naiz, nire indar eta ahuleziekin, lan asko eta ausartia pixka batekin, ipuingintzan hitzaren zerbitzari dihardut. Lehenik gaiak bilduz, osatuz, mamituz, moldatuz, apainduz, batzutan artista adiskide bati edo besteari laguntza eskatuz eta gero, ahotik belarrira, gure herritarrei beraien altxorra, ondarea beste era batez berritzultzeko, eta kanpoko jendeari, gure "gauzetaz" dakidana emateko... kontalari nabil. Nora heltzeko ez dakit. Baina uste du, betiko berantarekin helduko naizela... Hogeita hamar urtetan ipuin kontalari profesional hasi nintzen, berrogei urtetan lehen semea ukan, berrogeita hamar urtetan nire etxea eraikiko, eta lagun batek zion bezala, "besteak baino berantako hilen haiz hain segur ?!... Ikusiko! Anartean, hil arte bizi beharrez...
1994-07-02
Entzuteko ipuinak
Ez zaizkigu iristen guk nahi bezain sarri bestaldean egiten ari diren literaturaren emaitzak. Baionara edo joan behar, izan ere, hemengo liburudendetan oso gutxitan aurkituko dituzue Maiatz argitaletxeko liburuak edo mugaz haratagoko aldizkariak. Han izan ginen azkeneko aldia baliogarri izan zitzaigun liburu eta aldizkari-pilo bat ekartzeko. Aldizkarien artean bitxikeria bat: Zuberoan kaleratzen duten “Bazter” izenekoa. Nik dudan alea lehen zenbakiko sailari dagokio. Horko orrialdeak irakurriz konturatzen gara oso jabe direla bazterreko beren lekuaz. Baina bitxikeriak dakartza aldizkari honek: Itxaro Bordaren poema batzuk, Kepa Fernández de Larrinoaren beste batzuk eta Joseba Sarrionandiaren eskuizkribu bat. Aldizkaria elebiduna da (frantsesez eta euskaraz) eta grafikoki oso ondo hornituta dator.

Maiatzeko liburuen artean, argitaletxe hori baita ia bakarra liburugintzan aritzen dena lurralde horretan, aipagarria iruditu zait Koldo Ameztoiren hau, Baxenabarreko istorioak biltzen dituen liburu hau hain zuzen. Istorio bakoitzeko abiapuntua erran zahar bat dugu, Baxenabarreko herriren bateko biztanleak deskribatzen dituena. Jakina da, tradizio handia duelako, Euskal Herriko hiri, bailara edo herri bakoitza oso ondo definituta dagoela, eta bertako biztanleek izengoiti bati erantzun behar diotela. Orixek, adibidez, berak ondo ezagutzen zuen inguruko herritarren izengoitiz idatzi zuen. Irakurri besterik ez dago “Euskaldunak”, horretaz ohar gaitezen.

Baina Orixerena asmo poetikoa baldin bazen, Koldo Ameztoirena askoz narratiboagoa da. Ez dakit tradizioa ote duten, zaharrak ote diren alegia, Ameztoiren istorio hauek, baina asmatuak baldin badira ere aitortu behar dut grazia handiz asmatuak direla, aspaldikoak diruditela. Eta gehiago direla entzunak izateko, irakurriak izateko baino. Adibide batzuk jartzearren aipa ditzadan istorio zenbaiten izenburuak; “Amikuze, herri luze; hango haurrak, lepo luze”; “Gaitz da Arradoian aritzea borroka, eror daite norbait eta burua porroka”, “Itzalgi, itzal gehiegi”.

Bai, esaldi horiek argitzeko istorioak dakarzkigu idazleak, Hogeita hamazortzi dira guztira, zein baino zein atseginagoak guztiak, ahozko estiloari lotuta idazten baitu Koldo Ameztoik. Ezagun zaio plazarik plaza ibili ohi dela jendeari ipuinak kontatzen.
1994-06-12
Dena dela... Baxenabarreko
Literaturaren alderdirik herritarrenari loturik, Nafarroa Behereko herrien inguruko ipuinak moldatu ditu Koldo Ameztoi idazle eta ipuin kontalari ezagunak, Maiatz argitaletxeak plazaratu duen liburu berri honetan, “Dena dela… Lapurdiko” izenburuko eder eta aipagarri haren bideari jarraiki.

Alfabetikoki ordenatu ditu Nafarroa Behereko herriak Amikuzetik Zibitzera daraman bidaia literario koloretsu eta interesgarri honen egileak, eta herri bakoitzak duen berezitasun aipagarriren bat edota bizilagunek duten izengoitia izan du oinarri nagusi istorio umoretsu eta bizi hauek sortzerakoan: “Amikuze herri luze”, “Arnegiko zipa txarrak”, “Baigorriko xikiteroak”, “Mokokariak Buztintze Iriberriko”, “Eihalarreko nafar astoak”, “Itzalegi, itzal gehiegi”, “Luzaideko kontrabandixtak” , “Ibarlako mozkorrak”, “Jatsuko zaku lazoak”, “Urgulutsuak Bunuzeko”…

Ez da goi asmo handiko literatura baina bai gozotasunez eta samurtasunez, jakituriaz eta bizipozez idatzi eta landua Ameztoirena. Herria eta herriak ondo ezagutzen ditu kontalariak, eta ondo baino hobeto egokitu ditu liburuko pasadizoak bere ingurune geografiko eta sozialean, liburu bitxi eta harrigarria osatuz, Iparraldea hain ezezagun zaigun hegoaldetarrontzat interes bizikoa izan daitekeena.

Irene Bordaren marrazkiek, liburua ederki apaintzeaz gain, lehendabizi marrazkiari erreparatzen dion irakurlea irakurketara bultzatzeko dohaina dute, marrazki horren atzetik gordetzen den istorioa ezagutzeko irrikaz uzten dutelako.

Liburu ederra, beraz, Koldo Ameztoiren “Dena dela… Baxenabarreko”, ahalegin berezi baten bigarren fruitua. Hirugarrenik ere izango ote, “Dena dela… Zuberoako” bat alegia?
1994
Cancha
Luz-Media
1994
Dena dela... Baxenabarreko
Maiatz
1992-09-06
«Kontatzeko modu berriak lantzen saiatzen gara»
Irailaren 18tik 26ra bitarte izango den Hitza Pitz jaialdiko zuzendaria
Koldo Ameztoi: «Kontatzeko modu berriak lantzen saiatzen gara»
Hitza Pitz jalaldiaren laugarren edizioa, irailaren 18tik 26ra bitarte burutuko da Hazparne, Bardoze, Heleta eta Donamartiren. Bertan, mundu osoko kontalariak nahiz Pello Añorga, Koldo Ameztoi, Ernest Alkat eta Henriette Airek parte hartuko dute. Jaialdi honen zuzendaria den Koldo Ameztoik azalduko dizkigu aurten izango diren berrikuntzak.

Mundu osoko kontalariek parte hartuko dute aurtengo Hitza Pitz jaialdian.
Herri ezberdinetako ipuin eta kontalarien jaialdia da Hitza Pitz. Aurten, Frantzia, Suitza Zelanda Berria eta Euskal Herriko kontalariek parte hartuko dute. Gainera irailaren 24ean "Euskal hitzaren gaua" egingo da. Euskal Herriko lehengo eta gaurko ahozko literatura zertan den aipatzeko Heletan antolatu dugun emanaldia. Pello Añorga, Henriette Aire, Ernest Alkat bertsolaria eta laurok arituko gara gau horretan.
Saiatzen gara urtero herri ezberdinetako kontalariak gonbidatzen, eta badago beti aurreko urtean parte hartu duen norbait, aurreko jaialdiarekin lotura izateko.
Kontalariek gurekin lan egitea izan da gure helburua aurreko urteetan ere, eta jendearekin batera, haurrak eta helduak, familia bat izatea lortu. Aurten, Hazparnetik beste inguruko herrietara zabaldu da jaialdia. Bi asteburuetan burutuko da, eta familia hori osatuko dugula espero dugu.

Ba al dago gai nagusirik aurten?
Iaz gai nagusia zuhaitza genuen. Aurten ez dugu, baina ikastetxeetako haurrek indioen totem antzeko batzuk egingo dituzte, kaleak apaintzeko erabiliko diren eta hiru metro neurtuko duten 30 inguru.
Oso inportanteak dira guretzat azken bi urte hauetan egin ditugun ikastaroak. Kontalari berriak sortzeko eta kontatzen edo ikuskariko arlo teknikoa ikasteko: argiak... Lotura egin nahi dugu formakuntza, moldakuntza eta kreazioaren artean.

Jaialdian musikaren laguntzaz ere aritzen dira kontalariak.
Hasieran, betidanik izan den bezala, kontalaria bakarrik agertzen zen, baina berriak musikarien laguntzaz aritzen dira batzuetan. Bai perkursioa, flauta... Beraz, jaialdi honetan, gure xedea da kontalaria eta hitzaren bizia gaur nola doan erakustea. Datorren urterako horrelako bi ikuskari ditugu gogoan: eszenatoki gainean kontalaria eta bi edo hiru musikari. Hau da, zer itxura ematen diogun gaur egun ipuinari: hitza baina musika eta beharbada beste laguntza mota batekin. Iaz Pello Añorga, Jokin Mitxelena margolariarekin etorri zen, eta batek kontatzen zuen bitartean besteak marrazkiak egiten zituen. Saiatzen gara kontatzeko modu berriak lantzen eta bakoitzak ikertzen duen bidea erakusten, ipuinari gaurkotasuna emateko.
Askotan aipatzen dugu ipuina, baina gehienetan hitza da. Urte batzuetan etorri izan dira ipuinak kontatzen ez dituztenak eta berak idatzitakoak kontatzen dituztenak. Ipuinak esaten dut, baina ez dira tradiziozko ipuinak bezala egindako idazlanak. Jende aurrean hitz egitea, kontatzea eta jendearen baitan irudiak sortzea, hori da hitza, eta jaialdiaren indarra eta helburua. Hitzari ateak ireki eta aurrera!
Jende askok uste du ipuinak tximinia txokoan kontatzen ziren lehengo gauzak direla. Hori ere bada baina baita foko eta musika ere agertzen diren ikuskariak.

Jende askok pentsatzen du ipuinak haurrei bakarrik zuzenduta daudela.
Hazparnen jakin erazi nahi izan dugu posible dela ipuina haurrek nahiz helduek entzutea, eta ikuskaria izatea, edozein antzerki, filme edo kantaldi bezala. Alde horretatik, beharrezkoak dira horrelako jaialdiak.

Nola ikusten duzu gaur egun kontalarien mundua?
Euskal Herrian, Pello eta biok aritzen gara azken urte hauetan, baina bada mutil bat Bizkaiko ikastoletan hasi dena, Idiazabalgo neska bat ere umeei kontatzen hasi da... Bakoitzak egiten du bere bidea. Badaude ikastaroak, baina horietan ikasi eta bakoitzak egin behar du bere errepertorioa. Badira ezagunak ez baina martxan direnak, ipuinak ingurune txikietan kontatzen dituztenak. Euskal Herrian guzti hau aurrera doa poliki. Ipuinak ez du horrelako fama handirik, gauza intimoa da. Ez da ikuskari handia. Zirkulu txikietako gauza da.
Bestalde, ipuinak, herrikoiak edo berriak, batzuetan politak dira irakurtzeko baina ez kontatzeko. Beharbada, batzuek ipuinak ondoren kontatzeko idatziko dituztenak izango dira. Gu kontalari bezala indartzen bagara, gure lana zabaltzen badugu, izango dira idatziko dituzten beste batzuk. Agian, guk idatziko ditugu... Ipuinak batzuetan oso luzeak dira, eta ipuina ezagutzen ez duten tokietan idazlan laburrak kontatzen ditugu, jendearen entzumena lantzeko. Bide horretatik jo behar duzu jendea bereganatu nahi baduzu.
1989-06-25
Dena dela... Lapurdiko
Koldo Ameztoik antzesle eta kultur kudeatzaile burutu ohi duen lana aski ezaguna izango du ARGIAko irakurleak. Ezagutzen ez duenarentzat, gorputz haundiko umea dela esan genezake. Agian horrexegatik hain egoki kondatzen dizkie ipuinak umeei. Daniel Landart-ek liburuko hitzaurre zoragarrian Koldoren ustezko arbaso bat deskribatzerakoan, dudarik gabe, Koldorengan berarengan kausitu du inspirazioa: “Gizon bat zen, itxuraz ongi egina, handia eta lerdena. Ileak apur bat kuxkulatuak, aurpegi zarmant bat; irri zabal batek gordetzen ziolarik sekulan arras gaindituzko herabetasun bat, masailak doi-doia gorri arazten zizkiona…”. Halako xarmangarria dugu Ameztoi.

Xarmangarritasun hori oraingoan liburu gisa adierazi nahi izan digu, Maiatz-ek kaleratutako “Dena dela… Lapurdiko” honi esker. Zinez lortu duelakoan gaude. Bere ogibidea diren kondakizunak errepikatuz —antzeslanez nahiz irratiz— plazaz plaza eta eskolaz eskola bereganatu duen maisutasuna papereratzea ez da inola ere apostu makala. Hizkeraren arintasuna eta interesa mantentzea erdietsi du orohar, baina ahozkotik idatzira dagoen tartean beste zenbait oztopo aski gainditu ez dituelakoan gaude: esate batera, irakurleari keinu gehiegi egiten zaizkio, ipuina ahoz kondatzen ari balitz bezala. Aitzitik, kontatzen duena bitxia da, eta irakurlearen aditasuna mantentzen du.

Bukatzeko esan dezagun liburua nondik nora doan. Herri bateko biztanleak modu berezi batez izendatzeko erabili ohi diren formulak hartu, eta izengoiti horien jatorria asmatu egiten du Koldo Ameztoi, horren inguruan ipuin ia mitikoak burutuz. Lapurdiko 50 herri hautatuak izan dira liburu honetara, eta esanmolde berezko beste hainbeste goitizen (adibidez, “Ardi zahar jale Biriratuko”, “Tripa handi Hazparneko”, “Itsas lapur Hendaiako”…) dira kondakizunon abiapuntua. Liburuaren aurkeztera oso zainduta dago, Neni Larregi-ren lankidetasuna dela kausa.
1989-02-28
"Ez dago kondalari tradiziorik; kondalariaren lana bertsolariek egin dute"
Ostiral honetan estreinatuko du Koldo Amestoik bere ikusgarri berria. Berarekin solastatseko deitu genion telefonoz Hazparnera, baina erantzungailu automatikoak ihardesten zigun: musika doinu bareak laguntzen zion kondalariaren ahots eztiari. Abisua utzi genion.
Patxak antolatutako Rock Egunean topatu gara Koldo Amestoirekin. Berak ere parte hartzen bait zuen bere ipuinak kondatuz festa egun hartan. Jakinik "Zeharbide berri" ikusgarria prestatu duela, bere lanaz zenbait argibide jasotzeko mintzatu gara berarekin.

Gaur egun Koldo Amestoi pertsona ezaguna da, baina publikoak ezagutzen al du kondalaritza?
Bide batzuk badira, bai, urratzeko hortan, jendeak ez bait daki xuxen zer den kondalaritza, antzerkia den ala ez... Zazpi urte ari naizela ipuinak sortuz, ez dela baitezpada haurrentzat erranez. Gure tokia egin behar dugu.

Zertan dago kondalaritza Euskal Herrian.
Biga gaude profesionalki lanean. Gertatzen da kondalari tradiziorik ez dagoela hemen. Ene ustez bertsolaria izan da kondalaria, zurrumurru eta beste hainbat istorio hartu ditu eta bertsotan esan, horiek kantu bilakatu direla. Egia da kantu zaharretan atxematen direla, ipuin tradizionalak, ez Euskal Herrikoak bakarrik, bai eta Europa guztian atxeman ahal direnak. Eta kasik segur naiz bertsolari batzuk kantuetan sartu dituztela zenbait istorio.
Izan dira kondalariak bestela ere, baina etxeetan, etxeko lanak egin beharrarekin hemen ez dira ibili beste herrietan bezala. Lan hori bertsolariek egin dute. Barandiaranen eta Azkueren ipuin bildumak aztertu ditut, eta materiale oso aberatsa atxeman, betiko ipuinak direnak. Horregatik kanpoko ipuin asko irakurtzeko joera ere badut, baliatzen ditudalarik gero ene saioetan.

Arrakastarik badu kondalaritzak?
Estatu frantsesean arrakasta handikoa da kondalaritza. Pariseko leku batzutan guretzat exotikoak diren kondalariak ibiltzen dira. Afrikarrak, adibidez. Bidaia izugarri ederrak egiten dira haiekin.
Espresio moeta hori zabaltzen ari dela uste dut. Enetzat ordea, kanpoan ibilten naizelarik, zailagoa da gure hizkuntza ez bait dute ulertzen. Orduan salatzen naiz kondu bat egiten, euskaraz beti lehenik, hizkuntzaren musika entzun dezaten, eta gero frantsesez, kondatutakoa uler dezaten.

Badakigu aurtengo proiektu anitz badituzula.
Bai , aurten zazpigarren urtea hasten dut profesional gisa. Ene iraultzaren urtea izango da. Enetzat zazpi zenbaki hori interesantea da, xifra magikoa.
Gertatzen da aurten Frantziako iraultzaren 200. urteurrena dela eta erabaki dut ikusgarri berri bat asmatzea giza eskubideetaz. Istorio horretan sobera sartu gabe itsura batzuk lantzen ditut horren inguruan, munduaren barrena itzulia eginaz. Giza eskubideen oinarrizko papera edo ideiatarik abiatzen naiz, lehen eskribu hori emazte batek hartzen duela. Emazte hori izan liteke askatasuna, errepublika edo nahi dena, eta emazte hori abiatzen da munduaren itzulia egiteko. Euskal Herritik hasiz, Frantzian zehar Ameriketan gaindi. Eskribu hori galdu egingo du emazteak, esku batetik bestera pasatuko dela, saldu, galdu, itsasoan erori... Paper hori erortzen den toki guztietan izaten da ipuin bat eta giza eskubideak hunkitzen dituen gauza bat. Hori da istorioa, eta «Zeharbideko berri» bere izena. Neretzat hori hunkitzea zen nere lehen iraultza.

Musikarik izanen da...
Teknikalari batekin eginen dut lana, argiez arduratuko dena. Musika ere sartzen dut eta nihaurrek asmatutako tresna ttiki batzuk ipuinetan sartzen ditut. Nortasun berezi bat ukanen dute ere giroa sortzeko.

Zenbat emanaldi egitea espero duzu?
Betidanik erran dut euskáraz bizi behar dudala. Baina gertatzen da euskaraz bakarrik ez naizela bizitzen ahal, ez naizela aski ibilizen eta ene gauzak ez ditudala aski saltzen.
Horregatik promozio agentzia bat sortzea erabaki dugu. Berez euskaraz ibiltzen naiz hemen, baina beste posibilitateak ere baditut frantsesez egiteko, beste kondalari batzuekin topaketa batzuetan aritzeko, eskoletan eta abar.
Orain arte eskatzen zidatelarik frantsesez ere egiteko joaiten nintzen. Aurten ahal bezainbat ikusgarriaeuskaraz eginen dut. Aurkeztuko dudan lehen saioan, Baionan otsailaren 24an, osoki euskaraz izango da eta bestela frantsesez ere. Bi pista dira neretzat, aldaketa bat.

Maiatz-ekin liburua argitaratu zenuen.
Maiatz argitaletxearekin Durangogko azokarako ipuin bilduma bat izkiriatu nuen. Urrats inportantea izan da ere, plazer egin bait dit.
Aurten landu nahi dudan beste pista bat da ordea, erratea ipuina ez dela bakarrik haurrentzat egina. Helduak hunkitu nahi ditut.

Kondalari batek harreman asko du publikoarekin.
Horretan da batik bat antzerkiarekiko desberdintasuna. Nik hitz egin behar dut jendearekin. Harremanik gabeko horrelako ikusgarri batzu egin ditudalarik, benetako frakasoa izan da, hotz hotza geratzen zen.
Publikoaren erantzun ezakbeldurra ematen zidan. Utzi dut hori, eta gehiago ari haiz asmaketekin, jolasekin, jendea lasaitzeko eta jendearekin komunikatzeko.

Eta orain zerbait prestatzen ari zara grabatua izan dadin, ezta?
Bai. Bi kaseta izanen dira. Aspaldidanik egin nahi nuen gauza bat da. Eta nola aldi honetan IZ diskaetxekoek galdegin dautaten irakaskuntza munduan kondalaritza sartzeko posibilitateak landu behar dituztela, ekinen diogu.
Lan hori ez da haurrentzat egina izanen bakarrik, orokorragoa baizik. Idekia-izanen da. Kaseta bat Euskal Herriko ipuinekin eginen dugu, eta bestea kanpokoekin. Uste dut martxoaren 16 eta 17an grabatuko duguia zuzene.an, biziago bait da publikoa bertan dagoelarik. Saio polita izanen dela uste dugu.

Ahots goxoa dario Koldo Amestoiri Kalabari xamarraren hariari kontu kontari erraz jarraikitzeko modukoa. Solasean, irribarrea espresio anitzez itxuraldotzen zaio eta eskuek bere doinuarekin batera egiten diote ihes. Baionan ikasiko dugu ostiral eta larunbatean "Zeharbideko berri" ikusgarri berriarekin eta baliteke laster batean Hegoaldean ere bere kontakizunez gozatu ahal izatea, Hernaniko Ttanttaka taldeak gonbidatuko ote duen jakin bait dugu.
1989-01-22
Dena dela... Lapurdiko
Maiatzek iazko urte hondarrean atera olerki liburuen alboan, bazen bat hitz lauz: honako hau. Goian ezarri dudan izenburua osatzeko, hauxe irakurtzen ahal da letra ttipiagoz: Lapurdiko 50 herrietako erran zahar eta ipuin berri. Honek gehixeago adierazten digu liburuaren mamiaz, eta hobeki endelegatzeko, xeheago kontatuko dut zer dagoen barnean.

Egileak Lapurdiko herri eta herriska guztietako biztanleez egin diren erran zaharrak bildu ditu, hala nola “Xokolat edale Donibaneko”, “Oro sorgin Miarritzeko”, “Auzilari jende Uztaritzeko”, eta denak holako. Horietako bakoitzaren gainean ipuin labur bat asmatu du Koldok, esaera horri nola halako esplikazionea ematen diona. Kontakizun guztiak hiru bat horritakoak dira, eta dena segidan irakurtzeko liburua baino egokiagoa iruditzen zait noiztenka ipuin bat edo beste dastatzeko.

Pozgarria da Koldo Ameztoi antzerkilaria, batipat ahozko ipuin kontalaritzan aritua, ipuinok idatziz jasotzen hastea. Ez genuke inondik ere antzerki saioak uzterik nahi, eta horrela publikoari bi arte mota eskaintzen zaizkio, biak ere zolitasun berberaz eginak.

Ezin aipatu gabe utzi Daniel Landarten hitzaurrea. Daniel ere antzerkilaritzatik literaturara lerratzen ari ote? Batean bezain bezain oparo espero dugu izatea bestean.
1989
Dena dela... Lapurdiko
Maiatz