Julen Gabiria Lara

Julen Gabiria Lara Atzera

2011
Nire aita ikusezina da
Elkar
2007-07-20
«Literatura sortzea zauriak egitea da»
«Literatura sortzea zauriak egitea da»

Julen Gabiria

Azkeneko bi urteetan literatur obrarik argitara eman ez duen arren, ez dio sortzeari utzi. Duela hamar urteko ideia buruan bueltaka du orain, eta aurki liburu batean jasotzea espero du.

IRUNE BERRO

Bilbo

Berarentzako sortzeko premia dauka Julen Gabiriak. Berari buruz idazten duela dio, eta berarentzat. «Zeri buruz idatziko dut, bestela? Ez daukat besterik», adierazi du Bilboko Zazpikaleetako taberna bateko terrazan, garagardo bat hartzen ari dela. Bera da bere lehen irakurlea, esaten duenez. «Ziurrenik nire liburuek balioko diote norbaiti bere burua ezagutzeko, baina lehengo eta behin niri balio didate, neure burua deskubritzeko, larrutzeko eta egurra emateko».

Zergatik literatura?

Hautaketa batetik bestera eramaten zaituen bidea da bizitza. Sarrionandiak esaten zuen errore pilaketa dela; errore batek -errore ona izan daiteke- beste batera eramaten zaituela. Ni literaturara iristea halako zerbait izan zen. Gurasoek musika eskolan sartu ninduten, baina piper egiten nuen. Musikak berak itxi zizkidan ateak niri. Nire penetako bat da hori. Orain baxua jo ahalko banu, edo edozein tresna, ziurrenik ez nuke idatziko. Pinturan hasi nintzen gero. Kopiatzen erakusten ziguten. Teknikoki moldatzen ginen, baina kalera atera eta ez genekien zer pintatu. Ez genuen sorkuntza lantzen. Gero beste gauzak batzuk etorri ziren, eta horiek eraman ninduten literaturara.

Zeintzuk gauzak eraman zintuzten literaturara?

Batez ere, kontatzeko nahiak. Prozesua nahiko folklorikoa izan zen. Bertsolaritzan hasi nintzen, baina oso bertsolari txarra nintzen, eta bertsoak idatziz egiten hasi nintzen. Hori bai: metrikak eta errimak asko mugatzen ninduten. Bertsoak egin nitzakeen, baina kontatzeko nahiak mugak aurkitzen zituen hor. Musika talde pare batean ibili nintzen gero. Esperientzia guztiz etilikoa izan zen. Abestien hitzak idazten nituen. Poesiara hurbildu nintzen orduan; metrika eta errima barik, bertsolaritzatik poesiara salto egin nuen. Mugak ere bazituen; askotan musika egiten genuen hitzen aurretik. Hurrengo pausoa logikoa da; ipuinak idazten hasi nintzen. Eta hortik nobelara pasatu nintzen.

Zergatik idatzi eta ez soilik irakurri?

Irakurtzean, niri buruzko liburuak irakurtzen ditut azken batean, zeren liburu guztiek hitz egiten dute guri buruz. Gaztetan desamodioa sufritzen dugunean bezala da. Masokismo puntu batez, Silvio Rodriguez jartzen dugu, eta kantu guztiek hitz egiten dute guri buruz. Zorionekoak, zoriontsu ginen garaiaz; eta tristeak, pasatzen ari garen une txarraz. Sorkuntzak guri buruz hitz egiten du. Eta nik irakurri egiten dut jakiteko besteek zer uste duten niri buruz. Asmatu ohi dute, gainera. Beti ari dira niri buruz; niri buruz ez direnean ari ere bai. Nik nire tripak ateratzeko idazten dut. Memoria txarra dut. Eta beste batzuek egunerokoak idazten dituzten bezala, nik nobelak idazten ditut, hemendik 40 urtera irakurtzen ditudanean, lerro artean, nire gauzak deskubritzeko. Irakurtzen duzu zeure burua ezagutzeko; eta idazten duzu zeure buruari egurra emateko.

Idaztea zer da, beharra, nahia...?

Idaztea gauza naturala da, barrua askatzeko balio du. Naturala ez dena argitaratzea da. Irakurri, dena irakurriko nuke. Idaztea beste behar baitut irakurtzea. Argitaratzea, ordea, ez dut hainbeste behar. Hiru nobela idatz ditzaket, eta ez argitaratu. Gero eta eszeptikoagoa naiz kontu horrekin. Konforme geratzen naiz idaztearekin. Baina kontua da presio sanoak daudela argitaratzeko; irakurleak eta beste. Argi dudana da idazteko beharra daukadala; eztanda egingo nuke idatziko ez banu.

Eta nolako prozesua da, atsegina, deserosoa...?

Niretzat atseginagoa da lagunekin egotea edo mendira joatea, idaztea baino gehiago. Idaztean bakarrik zaude. Eta sarritan nahi ez dituzun gauzak idatzi behar dituzu, pertsonalak, mingarriak zaizkizunak. Azken batean, literatura zauria daukazun lekuan gatza botatzea da, eta ez daukazun lekuan, zauria egitea. Zauriak sortzen zabiltza, eta mingarria da. Zabiltza atzera begira, zeure burua aztertzen... Ez da erraza. Hala ere, nahiz eta atsegina ez izan, gozatzen dut idazten. Ondo pasatzen dut idazten. Beharbada, ez naizelako premisa jakin batzuetatik abiatzen -hau eta beste idatzi behar dut-. Nire nortasuna eraikitzen dut.

Idazlea 24 orduz da idazle?

Ez dakit. Idazlea zer den ere... Itzultzailea naiz lanbidez. Itzulpenak askotan oso automatikoak dira, eta burua beste nonbait izan dezakezu. Literaturako gaietan, beharbada. Baina arriskutsua da. Zeren drama baten aurrean, adibidez, konturatzen zara ez zarela pertsona, idazle baizik. Familiako norbait hiltzen da eta pentsatzen hasten zara min hori literaturara nola eraman. Gainetik pasatzen zara, olioaren moduan. Oso gogorra da hori. Nobelak idaztean ere pasatzen da; sartzen zara hainbeste, eta mundua geratzen da hortxe, aparte.

Idazketa prozesua orri zuriaren aurrean edo buruan hasten da? Nolakoa da?

Buruan, eta dezente lehenago. Hiruzpalau fase pasatzen ditut nik. Lehenengo fasean ideia bat duzu buruan bueltaka. Esate baterako, orain fase horretan nago. Duela hamar urteko ideia bat daukat bueltaka. Tartean desagertu da obsesio hori, horregatik idatzi ditut beste gauza batzuk, baina orain berriro azaldu da. Liburu bat eskatzen ari da, argi eta garbi. Hurrengo faseak arriskutsuagoak dira. Hurrengo fasean oharrak hartzen hasten naiz. Oharrak hartzea, nire kasuan, zurrunbiloa da. Ehunka ohar har ditzaket. Hemen daukat koadernotxo bat [aldameneko aulkian utzi duen paper zorroa erakutsi du] eta edozein egoeratan har ditzaket oharrak. Sormenerako osagairik ez duten egoeratan ere bai. Ingurukoentzat da batez ere arriskutsua fase hori. Hurrengo fasea idaztea da. Helduentzako lehen liburua [Connemara gure bihotzetan] idatzi nuenean, neure baitan bildu nintzen urtebetez, mundutik erabat aparte. Bigarren liburuarekin [Han goitik itsasoa ikusten da] ez zen horrela izan. Bizi nintzen eta idazten nuen aldi berean.

Nola eta zergatik heltzen diozu ideia bati eta baztertzen duzu beste bat?

Ideia bat da, eta badator. Hor ez dut aukeraketarik egin behar ia. Egin behar dudana da ideia hori garatu, datorren bezala ez baitoa inora. Ideia hori leku batean kokatu behar dut, garai batean, giro batean eta pertsonaia batzuekin. Ez da gauza bera egun giroko nobela idaztea, edo gau girokoa, adibidez. Eta horrek sonoritate batera zaramatza, hizkuntzaren sonoritate batera. Bilbon girotutako nobela batek hizkuntza bat eskatzen du; eta Toscanan girotutakoak, beste bat. Connemara gure bihotzean nobelan giza harremanak, bikote harremanak landu nituen, eta horrek hizkuntza bat eskatzen zuen. Han goitik itsasoa ikusten da nobelan askatasun nahiaz, idealez eta antzekoez idatzi nuen, eta horrek hizkuntza poetikoagoa eskatzen zuen. Hitzek badaukate bere sonoritatea. Ez da gauza bera esatea hitza edo berba. Une bakoitzean erabaki behar duzu zein hitz den egokiena. Askotan esaten dut -eta jendeak barre egiten du- literatura belarrietatik sartzen dela. Zeren irakurtzen ari zarenean, buruan badago irakurketa bat, entzuten ari zara irakurtzen ari zarena.

Sortzen dituzunak (pertsonaiak, egoerak...) zuregandik gertukoak edo urrunekoak dira?

Idazten duzuna beti da hurbilekoa, nahiz eta zurea ez den beste herri eta garai batean kokatu. Nik bi egoerak bizi ditut. Connemara... idaztean, Irlandan egon nintzen garai hartan, eta ezagutzen nuen giroa eta bikote harremanen kontu hori. Han goitik itsasoa ikusten da Toscanan dago girotua, 1943an. Nik ez dut bizi hori. Baina nobela biak dira hurbilak niretzat. Bizitakoak dira biak. Nahiz eta Mussoliniren garaia ez dudan bizi, mundua bat da, egoerak errepikatu egiten dira, eta Italia Euskal Herria izan daiteke. Beti idazten duzu zuri buruz orduan. Zure inguruari buruz.

Zein premisa behar dituzu sortzeko?

Sentiberatasun apur bat. Sentiberatasun apur batekin beste guztia atzetik dator. Istorioak kalean daude. Lehengo eta behin, bizi egin behar da, eta gero idatzi. Urruzuno lehiaketako saridunekin bidaian nengoela, aholku eske etorri zitzaizkidan. Idazteko zer egin behar zuten galdetzen zidaten. Nik galdetu nien: «Zenbat urte dituzue?». «Hamazazpi», erantzun zuten haiek. «Bada, bizi. Lehengo eta behin, bizi, behintzat 30 urtera arte, eta orduan edukiko duzue nahikoa kontatzeko». Ez duzu liburu autobiografiko bat egingo, baina behintzat badaukazu esperientzia bat, bizitzari buruz iritzia eman ahal izateko.

Gertakari pertsonalek nola markatu dute zure sorkuntza?

Guztiz markatu dute, erabat. Baina ez dago besterik. Zeri buruz hitz egingo duzu, bestela? Telebistan ikusitakoaz? Garai batean egiten nuen, hau zer zen oraindik ondo ez nekienean. Gogoratzen dut Ser irrati kateko Hablar por hablar irratsaioa entzuten nuela, ea hortik ideiaren bat atera nezakeen. Istorioak entzuten nituen, baina ez ziren nireak, ez ziren nire ikuspegitik eginikoak. Eta konturatu nintzen horrekin ezin nezakeela ezer egin.

Eta eguneroko gertakariek, adibidez, Yemengo gertaerak, politikak, Frantziako Tourrak eta abar, zer eragin dute zure literaturan?

Literaturarako ez didate balio. Beste gauza batzuetarako bai; blogerako, adibidez. Yemengo gertaera bera ez zait balio ideiak hartzeko. Baina, esaterako, Mikel Esseryren anaiaren hitzek zer pentsatua eman zidaten. Mikelek munduan etsairik ez zuela esan zuen. Etsai bakarra zuela: hil zuen tipoa. Eta esan zuen tipo hori etsaia zela, Mikel ez zuelako ezagutu. Tipo horrek Mikel ezagutzeko bost minutu hartu izan balitu ez zuela hilko zioen anaiak. Bost minutu horietan lagunak egingo zirela. Atentatua eta hildakoak sorkuntzarako ez dira erakargarriak, baina Mikelen anaiaren hitz horiek izugarriak dira, eta badira nobela baterako gaia.

Blogak eragina izan du zure literaturan?

Egunero idazten nuen garai batean, eta horrek irakurlearekiko harreman zuzena izateko aukera eman zidan. Baina egunero idaztearen ondorioz, nire ahotsa larregi ezagutu nuen. Hiru orduko bakarrizketa egiten duzunean, zure ahotsa entzuteaz aspertuta bukatzen duzu. Blogarekin berdin. Hainbeste idazteak, hainbeste denboran, hori ekarri zuen. Idazten hasi baino lehen banekien zelan idatziko nuen. Eta hori alienantea da. Batez ere, horregatik itxi nuen bloga. Aurrera egiteko balio du. Baina aurrera egiten duzu hainbeste, eta hain eremu ezagunetara, azkenean nekatu egiten zara. Denbora guztian gauza berbera idazten ari zarela iruditzen zaizu. Horretaz gain, gehiegizko presentzia nabaritzen nuen. Leku askotan agertzen nintzen.

Uneotan zerbait sortzen ari zara?

Bai. Idatzi nuen azken liburua umeentzako Metro bateko letrak da. Nire libururik onena da, duda barik. 2005ean argitaratu nuen. Eta orain, horren jarraipena idazten ari naiz. Bi urte eman ditut ezer argitaratu gabe, eta badirudi potro jorran nagoela, baina ez da hala. Kontrakoa: ez naiz gelditu. Enkargu pila bat eduki ditut, bata bestearen atzetik. Ikaragarriak izan dira azken bi urteak. Sortzen banabil, baina besteen nahietara. Hortzmugaren obra batzuk euskaratu eta sortu ditut, Txuma Murugarrenekin Matilde maitatzeko moduak ikuskizuna egin dut eta argitaratzeko hitzaldi pare bat idatzi ditut. Hori aurten. Iaz, Urikeriak egin nuen Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbiorekin, Hortzmugaren Zirko iluna itzuli nuen eta beste zerbait. Orain niretzako zerbait egin beharko dut. Duela hamar urtetik daukadan ideia hori etorriko da egunen batean. Horretaz gain, badaukat beste bat. Ideia potolo bi ditut. Baina arriskutsuak dira.

Baina sortzeko orduan arriskuak hartu behar dira, ezta?

Bai, jakina. Ni horrek mugitzen nau. Arriskuak hartzeak beldur apur bat ematen du, baina ezin zara geratu jada egin duzun horretan.
2006
Hitzak batzen gaitu (Beste egile batzuekin)
Elea
2005
Metro bateko letrak
Elkarlanean
2005
Peter Pan (James Mathew Barrie)
Elkarlanean/Alberdania
2004
Han goitik itsasoa ikusten da
Elkarlanean
2004
Han goitik itsasoa ikusten da

Goizeroko lehenengo lana, Liviarentzat, gurdia kantinaz kargatzea da. Lehenago, oraindik ilunetan, Di Ruggeroren beste langileren batek behiak jetzi eta kantinak prest uzten ditu, eta Liviaren txanda da orain, lehenengo printzekin. Beraz, kalera irteten denean, ia igarri ere ez zaio egiten, printzen artean beste printza bat.

Astoa jartzen du gurdiari tiraka, eta badoa.

Di Ruggerok uniforme bat jarri zien bere langileei aspaldi, artean hiru langile baino ez zituenean. Emakumeentzako bat eta gizonentzako beste bat. Toskanako arropa tipikoak edozelan ere: gizonek galtza bonbatxo urdin biziak, belaunen azpian estu lotzen direnak, hankak bordatutako galtzerdiekin estalita. Goian, alkandora zuria bordatu gorriekin, figuratxoak eta irudi geometrikoak, gehienak gorriak edo urdinak. Buruan kapela, lastozkoa.

Emakumeek gona beltz luzea eraman behar dute, ia lurrerainokoa, soila baina elegantea, aspaldi batean igandetako arropa izango zena Toskanako nekazarientzat. Eta atorra, gizonezkoenaren antzera, zuria baina figurarik bakoa, eta gainetik mantelina koloretsu bat, zetazkoa, apur bat zailtzen duena esnea banatzearen lana, baina koloretsua azken batean.

Eta badoa, astoa jarrita gurdiari tiraka. Eta Ponte a Emako txokoetan galtzen da, atarietan topatzen dituen ontziak betetzen.

Gogo bereziz uzten du esnea Ginoren etxeko atarian, beti besteei baino apurtxo bat gehiago, eta poztu egiten da entzuten duenean karreraren bat irabazi duela munduko bazterren batean, bere esneari esker.

Entzuten duenean, edo zuenean, ze aspaldi da karrera inportanteen partez gerra baino ez dagoela, esate baterako Parisen edo Milanon, Maes-ek 1939an irabazitakoaz geroztik ez dagoelako Tourrik, eta azken Giroa Coppik irabazitakoa izan zelako 1940an. Batek daki noiz arte, pentsatzen du Liviak, igual sekula betiko, ze ez dakizu gerrak ze kapritxo izango duen bihar edo ze eskutatik ze eskutara pasatuko den gure etorkizuna, edo berdin balioko duen pertsona baten biziak bihar, edo akaso gutxixeago, edo nire biziak zureak baino zenbat gehiago edo gutxiago, edota, sinple-sinple, ez dakizu karrerarik egongo den gehiago, karreristek errurik ez duten arren eta zuk ere ez duzun arren, baina igual ez da karrerarik egongo edo zure biziak gutxiago balioko du. Liviak ez daki, ez du ur handi horietan sartu nahi, baina kalean sarri entzun du hau dena laster amaituko dela, amaitu behar duela, derrigor. Badirela urte batzuk gerra hasi zenetik, eta badela ordua. Jendeak dio, gauez eta irrati-emisore urrunekoetan entzunda, aliatuak etorriko direla, sartuko direla ingelesak itsasoz eta amerikarrak airez, suntsituko dutela suntsitu behar dena, eta ukitu barik utziko dutela Ponte a Emako plaza, zubia, monasterioa eta Italian dauden beste gauza on guztiak, eskulturak barne. Eta Livia ametsetan hasten da eta pentsatzen du amerikarrek, hegazkinetik, botako dituztela pelikulak, bobina handiak airean Lucak har ditzan, arrastietako pelikula italiar txar horien partez. Egia balitz.

Jendeak hori esaten du, baina inork ez daki benetan aliaturik datorren eta, baldin badatoz, hain bonba harrigarriak ote dituzten, etsaia nor den bereizten dakitenak. Eta, beraz, bonbek ez badute bereizten faxisten, ezkertiarren eta Michelangeloren eskultura baten artean, orduan ezin da jakin etsaia etxean dagoen ala kanpotik datorren, ala biak diren etsaiak eta bietako inori ez zaion asko inporta bonbetatik ihesian ibili beharko duen jendea.

Esaten dute, halaber, Mussolinik ez daukala lehengo indarrik, eta igual alderditik botako dutela, partidu barruan ere jendea kontra omen duelako. Ez daki. Liviak ez daki hainbeste. Berak dakiena da Ginok ezin duela Tourrik ez Girorik irabazi, bere familiaren berri ez duela izan azken urteotan, eskalatzaile izandako faxista boteretsu batentzat ari dela lanean eta abizena aldatuta duela, Livia Scola, eta ezin du burutik kendu bera Livia Bucova dela, eta ez du burutik kendu nahi ere, ohore apur hori delako haurtzarotik geratzen zaion gauza bakarra. Hori, eta begi marroi eder bi.

Liviak pentsatzen du:

Ni Parisen biziko banintz, deituko nintzateke Livia Bukovina, eta dantzari errusiarra izango nintzateke. Paseatzera joango nintzateke lurreraino heltzen den gabardina batekin, eta Sena ibaian bustiko nituzke hankak. Hori, baletarekin funtziorik izango ez nuen egunetan, hau da, astean lau aldiz; ze ostiral, larunbat eta igandeetan dantza egin beharko nuke, soineko eleganteekin eta pitxi garestiekin ni ikustera joango ziren emakumeen aurrean. Gizonen aurrean ere bai, baina ez nintzateke hainbeste fijatuko, ez dituztelako eramaten holako galak soinean. Baletera doazen gizonetatik gehien gustatzen zaidana da gero loreak bidaltzen dizkizutela kamerinora.

Liviaren eguneroko bizitza, ordea, urrun dago Senan hankak bustitzetik. Ginok erakutsitako postaletatik ezagutzen du Paris: Eiffel dorrea eta Trocaderon izozkiak dituen postu bat, aurrean ume bat duena gose-aurpegiz izozkiei begira. Livia Parisera eraman dezakezu begiak zapi batekin estalita, eta postu horren aurrean utzi eta begiak biluztu. Baina umea ez badago, ez du lekua ezagutuko. Eta hori da Paris Liviarentzat: Eiffel dorrea eta Trocaderoko postua umearekin, eta Ginok Tourra irabazteko erabili zuen herria.

Bestela, mundu askorik ez du ikusi, ez bada Lucaren arrastietako pelikula txarretan. Baina hor agertzen denari ezin zaio mundua deitu, pelikula horiek ez dira-eta Aostatik gora irteten, ez Calabriatik behera.

Batzuek esaten diote aldatzeko bizimoduz. Aggiok, esate baterako, Aggio Montanok, okinak, esan dio gaur:

-Zatoz nirekin, neska! Ederto biziko gara.

Liviak besoak pitxartu ditu, eta erantzun dio:

-Eta ze balet klase egin behar dut zurekin, Aggio? Parisen biziko bazina sikiera...

-Egun osoa dantzan pasatu nahi baduzu ere, ni pozik.

-Eta zer egingo dugu? Ogitik bizi? -gurditik kantina bat jaitsi eta Aggioren ontziak bete ditu-. Ze, orduan beste neskaren bat etorriko litzaizuke goizetan esnea partitzera, eta berarekin maiteminduko zinateke, eta nik ez dut nahi holakorik.

-Ez nintzateke maiteminduko -erantzun dio Aggiok.

-Apur bat seguru baietz.

-Ezta apur bat ere.

-Apur-apurtxo bat sikiera?

-Ez.

-Eta neskak irribarre egiten badizu?

Aggio zalantzan geratu da.

-Ikusten? -esan du Liviak-. Maitemindu egingo zinateke!

-Zurekin baino gutxiago -erantzun du Aggiok, eta ogitxo bat oparitu dio Liviari.

Liviak erditik moztu du, kontu handiz.

-Gaur ere gerezi bakoa? -galdetu dio, etsita.

-Baina maitasun handiz egindakoa -erantzun dio Aggiok-, bereziki zuretzat.

-Niretzat eginda eta gerezi barik? -haserretuaren plantak egin ditu Liviak.

-Egunen batean goizago altxatuko naiz eta prestatuko dizut ogi bat hiru gerezikoa.

-Bostekoa.

-Zazpikoa.

Liviak irribarre egin du.

-Egun horretan berriro galdetu zurekin bizitzen joatearena -esan dio, Aggiok emandako ogitxoari haginka eginez.
2004
Ipuin izugarriak (egile askoren artean)
Elkarlanean
2002
Marihuanazko bufandak
(askoren artean) Txalaparta
2001
Bero hezeak
(askoren artean) Txalaparta
2001
Iparragirre
Elkar
2000
Bilbao: ipuin biltegia
(askoren artean) Alberdania
2000
Connemara gure bihotzetan
Elkarlanean
1998
Euskal idazleen ipuin erotikoak
(askoren artean) Txalaparta
12/2004
Peter Pan
Elkarlanean, S.L.
09/2013
Begia begi truk
Giltza
09/2010
Hilobiko isiltasuna
Alberdania
08/2013
Iraganik gabeko gizona
Giltza
07/2013
Ertzean
Giltza
05/2010
Hitz pozoituak
Giltza
04/2017
Noa & Max eta azenarioen misterioa
Núria Egido Calderón
04/2011
Azken udako espiritua
Giltza
04/2009
Eguzkibegi Galdakaoko ikastola 1966-2009
Pérez Urraza, Maria Carmen
02/2015
Agerian utzitako ikastetxe-zuzendariaren kasua
Giltza
02/2010
Forma pura con alma adherida
Fundación Museo del Grabado Español Contemporáneo
01/2013
Agerian utzitako ikastetxeko-zuzendariaren kasua
Giltza