Joxe Mari Iturralde Uria

Joxe Mari Iturralde Uria Atzera

2015
Perlak, kolpeak, musuak, traizioak
Pamiela
2012
Kaleidoskopioa
Pamiela
2011
Frantzian Je T´Aime esaten dute
Pamiela
2010
El orador de Hyde Park
Pamiela
2010
Vida del autentico Andy Bengoa
Alberdania
2009
Jack Destripatzailearen arrastoa
Ibaizabal
2009
Riskyren ipuin politenak
Elkar
2008
Munduko etxerik handiena
Pamiela
2007
Olibia, Risky, Txop Suey eta Mohamed
Elkar
2007
Santiago bidean
Ibaizabal
2006
Hyde Park-eko hizlaria
Pamiela
2006
Nafarroako artizarra(berrargitalpena)
Elkar
2005
Argitxo eta etorkinak
Ikastolen elkartea
2005
Argitxo inauterietan
Ikastolen elkartea
2005
Argitxo udalekuetan
Ikastolen Elkartea
2005
Euliak ez dira argazkietan azaltzen (finlandesera)
Lurra/Editions Kustantamo
2003
Amets baten barruko pilotua
Gara
2003
Las moscas no salen en las fotos
Erein
2003
Ni ez noa berriz Lourdesera
Elkarlanean
2003
The dream pilot
Gara
2002
Azken urtea lizeoan
Ibaizabal
2002
Lagun mexikarra
Gara
2002
The mexican friend
Gara
2001
By the fig tree
Gara
2001
Horra Mari!
CM
2001
Ni ez naiz umea!
Erein
2001
Nora noa?
Erein
2001
Pikondoaren ondoan
Gara
2001
Poloniako lautada izoztuak
Igela
2001
Risky, zaude geldirik!
Erein
2001
Riskyren barrabaskeriak
Elkarlanean
2001
Riskyren bihurrikeriak
Elkarlanean
2000
Euliak ez dira argazkietan azaltzen
Erein
2000
Kaliforniako neskak
Ibaizabal
2000
Ke gorria botatzen zuen tximinia / Red Smoke
Gara
2000
Marmokiñe
Elkarlanean
2000
Red smoke
Gara
2000
Risky eta bere lagunak
Elkarlanean
2000
Zak zikoina
Elkarlanean
1998
Bost joku zerutiar
CM
1998
Espaloiak Biltzen
Aizkorri
1997
Izua hemen /Pelko Täällä (finlandesera)
Pohjoinen
1997
Kilkirra eta Roulottea
Erein
1997
Lehen amodioa Suedian
Ibaizabal
1995
Lau zaldun
Erein
1994
Lau bizikleta urrutira joateko
Erein
1994
Sute haundi bat ene bihotzean
Pamiela
1993
Filipinetan bizi den idazlearen kontuak
Pamiela
1992
Bederatzi gutun t'erdi
Erein
1990
Erromesaren aztarna galdua
Bilboko Udala
1989
Amb l'avi a Londres (katalanera)
Ediciones B
1989
Izua Hemen
Erein
1988
Ijitoak dauzkat etxean
Pamiela
1987
Londresen nago aitonarekin
Erein
1986
Hamasei urte bete nituenean hiriko argiak iraungi ziren
Eusko Jaurlaritzaren argitalpenak
1986
Zikoinen kabian sartuko naiz
Pamiela
1985
Pic Nic zuen arbasoekin
Erein
1984
Nafarroako Artizarra
Elkar
1983
Dudular
Erein
-
Agurea eta itsaso
Elkar
-
Bakarka hegal egiten
Desclée/Alfaguara
-
Bravo anaien altxorra
Elkar
-
Errebeldeak
Desclée/Alfaguara
-
Ez ezazu sardinarik eskatu garaiz kanpo
Desclée/Alfaguara
-
Jimmy Potxolo
(moldaketa abesbatzentzat)
-
Kaleko legea
Desclée Alfaguara
-
Kez egindako erretratua
Igela
-
Konrad
Desclée/Alfaguara
-
Lur eremua
(beste egileekin) Hordago
-
Makinaz idatzitako ipuinak
Desclée/Alfaguara
-
Matilda
Desclée/Alfaguara
-
Rubaiyatak
Erein
Zergatik ailegatzen da jendea berandu leku guztietara? Ezin erantzun, ezin jakin, nire kasuan behintzat. Ezin baita jakin zergatik jende guztiak egiten duen zerbait. Jende guztiak egin dezakeena ezin da bat-batean eta osotoro aztertu. Besteren bat litzateke galdera.

Zergatik ailegatzen naiz beti berandu leku guztietara? Hori zen ene kasuan benetako galdera. Nahiz eta jakin berandutzen ari zaidala, zergatik ez naiz presatzen? Badirudi apropos egiten dudala beti eta nahita ari naizela egiten gero eta mantsoago ibiltze hori, leku guztietara agindu baino beranduago iristearren. Harropuzkeria da hori, esaten zidan lehengo batean lagun batek. Harropuzkeria? Bai, eta besteekiko mesprezua. Besteak baino gehiago naizela uste dudalako egiten omen dut hori. Ez zaidalako batere axola besteak nire zain egotea, berdin hamar minutuz nola orduerdiz. Horrela ikusten dudalako neure burua garrantzitsuago besteen aurrean, etabar... Benetako gorrotoa nion askotan Liviari. Bereziki horrelako gauzak bat-batean aurpegira botatzen zizkidanean eta, batik bat, beste lagunen aurrean bageunden. Egia izango da apika, berak zioen bezala, niri besteen aurrean neure burua gainetik azaltzea gustatzen zaidala (halere, ez dut uste egia denik) baina egia zen, baita ere, berari edonor zirikatzea eta akuilatzea izugarri gustatzen zitzaiola eta aurrean zenbat eta jende gehiago izan hainbat eta hobe orduan.

Honelakoa ote nintzen ni txikitan? Ala gaixotasun psikiko hau - honela deitzen baitzioten ene lagunek adarra jo nahian zebiltzanean - ez nuen txikitatik izan eta denboraren poderioz, heldutasuna iristearekin batera, hasi zitzaidan pixkanaka hazi eta indartzen?

Elurra ari zuen iluntze hartan. Ez asko baina elur itxura zuen euri sendoa. Juxtu-juxtu lortu nuen azkenean taxi bat. Lehendik berandu banenbilen taxiaren aurkitzeak erabat atzeratu ninduen.

- Zer egun da gaur?

- Gaur? Apirilak hamairu, ostirala. Eta elurra hastear. Harritzekoa benetan.

Higikera geldokoa zela taxista ohartu nintzen haren mugitzeko patxada ikusiz. Eta erantzun ere lasai aski erantzuten zuela hitz egiten zuenean. Hobe agian, pentsatu nuen. Eguraldi kaxkar harekin modurik onena huraxe izan zitekeen, dudarik gabe, kaleetan barrena taxi bat eramatearren.

Gizon potoloa baino gehiago, lodikotea zen taxista. Goialdeko ispilutik zintzilika errosario bat dilindan zeraman eta, kasete aparailuaren ondoan Arantzazuko Ama Birjinaren irudia, zilarreztaturiko domina borobil bat. Prozesio batean mugitzen ari zela ematen zuen.

- Musika pixkat nahi al duzu, neska?

- Ez. Beno, berdin zait.

Ez zuen piztu aparailua. Puru zuztar nazkagarriari ordea, beste ahokada luzea egin zion berriz ere kotxea goitik beheraino usain okaztagarri batez kirastuta utziz. Ezin nuen kirats hura jasan. Okerrena gainera zera dun - esan nion ene buruari - dominaren ondoan karteltxo bat daramala, gorriz idatzita, kotxe barruan ez erretzeko esanez. Ni emakumea izatea nahiko iruditu bide zaion permisurik ez eskatzeko edota puru zuztar hori ez botatzeko.

- Hiru istripu ikusi ditut gaur arratsaldean.

- A, bai?

- Bai. Eta hemen bertan gainera, hiritik atera gabe. Zuk ondo egin duzu taxiz etortzearekin oinez joan edo zure kotxea gidatu beharrean.

- Ez dut kotxerik - gezurra erantzun nion.

- Hobe guretzat. Taxizaleok zu bezalako jende beharrean gaude.

Ez nion erantzun. Telefono mugikorra atera poltsotik eta pantailatxoan zenbaki bat bilatu ondoren botoia sakatu nuen. Segundu batzuk itxoin ondoren itzaldu egin nuen. Komunikatzen zegoen beste zenbakia.

- Kontuz ibil hadi, astapotro halakoa!

Bat-batean galga-hots izugarria entzun zen eta kotxe baten edo kotxe batzuen kraskatekoa beste batzuen kontra. Taxistaren kotxeak ere zirriztada egin zuen aurrekoa saihestearren eta taxistaren bolante kolpea zela medio zeharka jarri zen errepidean. Harrigarriki ordurarteko patxada eta geldotasuna alde batera utziz berehalaxe saiatu zen taxista kotxea behar bezala jartzen, besteekin batera ilada zuzena osatuz.

Aurretik zihoazen kotxeak ere segituan gelditu ziren, bata bestearen atzetik, eta taxista berandu samar ohartu zenez atzekoak oraingoan eman zion ia muturreko ederra. Baina galgak erabat sakatu zituen berriz ere ziztuan eta gurpilek dantza egin zuten, batetik bestera, une batez. Operazio ezusteko eta bizkor horretan taxista ez zen gehiegi larritu halere oraingoan eta, garraisi egiterakoan, puru zuztarra ez zitzaion ahotik mugitu: Astakirtenak! Ikuiluko astakirtenak!

Nik aurrerantz egin nuen ordea oreka ia erabat galduz eta poltsoa lurrera jausi zitzaidan. Une batean poltso barruko gauza guztiak han-hemenka sakabanatuta neuzkan eserlekuen azpian.

- Utzi, utzi orain - abisatu zidan taxistak lasai aski eta atzerantz begiratzeke.- Iristen garenean hobeto jasoko dituzu traste guztiak behin kotxea gelditu ondoren.

Kasu egin gabe han eta hemen ikusi nituen gauzak biltzen hasi nintzen makurtuta, eta aurkitutakoak poltsora berriro sartzen. Gauza asko, halere, begibistatik at geratu zitzaizkidan.

Kotxe iladak bere horretan segitzen zuen, geldirik eta batak besteari enbarazu egiten. Jendearen builak eta urduritasuna areagotzen zihoazen baina, halere, ez zuen ematen aparteko ezbeharrik suertatu zenik.

Trafiko zaintzaileak ez ziren ikusten inondik, ez behintzat taxia geldirik zegoen lekutik.

- Hau zortea! Gabon! Libre, ezta?

Taxista eta ni zer gertatzen zen ohartzen hasi baino lehen eserita zegoen atzealdeko eserleku librean morroi bat. Arnasestuka sartu zen, lasterketatxo bat egin ondorengo larrialdiaz. Trajez jantzita zetorren eta eskuan larruzko kartera bat zekarren. Nik aurpegira begiratu nion une batez. Ile orraztutik beheraka elur malutak eta euri tantak erortzen zitzaizkion. Begiratu azkar horretan denbora izan nuen gizon hura nire adinekoa izan zitekeela konturatzeko.

- Ui! Barkatu, baina pentsatu dut libre zegoela - esan zuen nire alderantz begiratu eta hantxe eserita norbait ikusi zuenean -. Presaz nabil eta...

Ni tente eserita jarri nintzen gizonezko hura taxira sartu orduko, ene gauzen bilatzeari utzita. Orduan pentsatu nuen egia zela ni makurtuta nengoela une hartan eta seguraski irudituko zitzaiola ez zegoela inor taxian.

- Ez dio inportik - hasi zen taxista -. Zuek biok eramango zaituztet, aurreko bidea pittin bat garbitzen bada. Baina ez da erraza izango hor aurreko kuxidade horrekin...

Igo berriarengana begiratu nuen berriro bat-batean eta haren begirada nirearekin gurutzatu zen instant batez. Irrifarre azkarra bezain urduria atera zitzaion gizonezkoari eta ni saiatu nintzen nolabaiteko irrifartxo batez erantzuten. Baina ez genion elkarri ezer esan.

- Astapotro hori! Astapotro halakoa! Ea kentzen haizen erditik behingoz! - berriz ere hasi zen taxista aurreko kotxea seinalatu ondoren baina lehen baino suabeago -. Jende horrek ez du balio errepiderako, benetan esaten dizuet. Jende horrek ez du balio. Emakumeek ere ez, eta barkatu atrenbentzia baina halaxe da. Halaxe ikusten dut nik behintzat. Ezta gazteek ere, ez dute balio errepiderako, esperientzia falta baitzaie.

Ez nion ezer erantzun eta beheruntz begira jarraitu nuen, berriz ere objektu galduen bila hasteko prest.