Josu Walino Pizarro Atzera
Arrano beltzak beti garaile
Gomezagoren gutuna
Mikroipuin-labea
Pirata Ximon
Heriotzak
Heriotzak liburuari buruzko hainbat iruzkin
http://paperekoa.berria.info/plaza/2011-09-07/033/001/heriorekin_kontu_kontari.htm
http://www.diariovasco.com/v/20110907/cultura/josu-walino-20110907.html
http://www.deia.com/2011/09/07/ocio-y-cultura/herioaren-aurpegiak-ipuin-bihurtuta-1
http://noticiasdegipuzkoa.com/2011/09/07/ocio-y-cultura/cultura/herioaren-aurpegiak-ipuin-bihurtuta
Correon kritika: http://info.elcorreo.com/territorios/articulo/literatura/3047902/herioren-bisita.html
Atez ate
Liburu honen nondik norakoak ulertzeko, sortze prozesuari buruz bi hitz egitea ezinbestekoa da. Waliñok 2007an EHUko Arabako Campuseko Ipuin Fantastiko Laburren lehiaketako sari nagusia irabazi zuen Bederatzi ateak izeneko narrazioarekin. Ipuin horrexek zabaltzen du liburua, orain Lehenengo atea izenarekin, eta, bertan, Galiziako sineskeria-kondaira batean oinarrituriko infernura daramaten bederatzi ateen gaia agertzen da. Saria irabazi ondoren, Waliñok beste zortzi ateak agertuko ziren beste zortzi narrazio idazteko enkargua jaso zuen. Esku artean dugun liburua da horren guztiaren emaitza.
Narrazio guztietan agertuko dira, beraz, infernurako sarbide diren bederatzi ateen sinesmenean oinarritutako kondairaren zantzuak. Eta hori izan da idazleak narrazioak idazterakoan gainditu behar izan duen erronka nagusia, langaia errepikakorra izateak emaitza ere errepikakorra izateko arriskua baitakar. Hori saihesteko, narrazioetan mota guztietako trama bitxiak sortu eta fantasiaren alorreko hainbat estilo nahasi ditu Waliñok: beldur gotikoa jorratzen duten ipuinak; Galiziako mitologiarekin eta hango meiga, mouro, Santa Compaña, akelarre eta abarrekin estuago lotutakoak; egungo internet edo mp3ak agertzen diren suspensezko gertakizunak... Baina nago, idazlearen intentzioetatik harago, hein batean antzeko formula ezkutatzen dela ipuinon garapen narratiboan: misterioa eta beldurra eragiteko gutxieneko girotze zertzelada batzuk (batzuetan besteetan baino lortuago); bat-batean eta ezustean arriskuan aurkituko den protagonista; eta azkenik, ondorio tragikoak izango dituen amaiera.
Bederatzi dira infernuko ateak, eta badirudi liburuko narrazioek ere bederatzi izan behar dutela. Baina amaitzeko, zirkulua ixten duen Zikloa ixten da hamargarren narrazioa biltzen da, berriro ere lehenengo ipuineko hariari tira egin eta pertsonaietako bat garai batean laguna desagertu zen demonioaren elizara itzultzen deneko gertaerak jazotzen dituena. Narrazio honek metafikzioaren atea ere zabaltzen du, ipuineko protagonistak honako hau dioenean: «Horrela osatu dut bederatzi ateen madarikazioa biltzen duen bilduma (...) Baina nire obsesioak, liburua bezala, gertakari batetik abiatzen dira: Xoseren desagerpena». Izan ere, ipuin bilduma honetan narrazioak banaka funtziona badezakete ere, aipatu dugun infernuko ateen alderdi tematikoak lotzen ditu guztiak, eta hamargarren narrazioa egitura osoari lotura estuagoa emateko saiakera argia da.
Denbora-pasa entretenigarri eta irakurterraza lortzea izan du idazleak xede, eta sarritan, inguratzen gaituen errealitate zurrunetik edo norberaren errutinatik alde egiteko ihesbidea eskaintzean datza literatura fantastikoko obren balio behinena, eta irudimenaren bidez liburuan baizik ez pentsatzeko aukera ematea. Baina irakurleari zalantzarik ez sortzeko, gertaera txikienek ere justifikatuta egon behar dute testuan, eta hainbat ipuinetan inpresioa izan dut, Bigarren atea eta Bederatzigarren atea narrazioetan kasu, gertakariak «besterik gabe» jazotzen direla, irakurlearen bidean zalantza gehiegi pilatuz. Edonola ere, ezin esan handinahikeriaz idatzitako liburua denik Bederatzi ateak, eta, bere heinean, eskaintzen duena ematen
Hortza galdu du Jonek
Hortza galdu du Jonek liburuaz hainbat iruzkin
Noticias de Gipuzkoa (2009/07/10): Aizkorrik gazte eta haur literaturako hiru liburu ilustratu aurkeztu ditu
Diario Vasco (2009/07/10): Waliño eta Cilleroren ipuin bana kaleratu ditu Aizkorri etxeak
Urola-Kostako Hitza (2009/07/10): Benetako gertakizun batean oinarrituta, ipuina egin dute Waliñok eta Hormazurik
Diario Vasco (2009/07/08): Hortza galdu duen haur baten historia jaso dute Waliñok eta Hormazurik
Baleike (2009/07/07): 'Hortza galdu du Jonek' ipuina argitaratu dute Josu Waliñok eta Ander Hormazurik
Izarren artzaina
Izarren artzaina liburuaz hainbat iruzkin
Diario Vasco (2009/11/27): Josu Waliñok gazteei zuzendutako eleberria aurkeztuko du Durangon
Urola Kostako Hitza (2009/12/01): Gaztetxoentzako eleberria idatzi du Josu Waliñok
Baleike (2009/12/01): 'Izarren artzaina' liburua aurkeztuko du gaur Josu Waliñok
Noticias de Gipuzkoa (2009/12/02): Egungo egoerak islatzen dituzten bi liburu kaleratu ditu Txalapartak
Euskadi Irratia (2009/12/28): "Izarren artzaina" ipuina idatzi du Josu Waliñok
Lepoko minez zegoen hontza
Lepoko minez zegoen Hontza ipuinari buruzko hainbat iruzkin
Baleike (2009/03/23): "Lepoko minez zegoen hontza" haurrentzako ipuina argitaratu dute Josu Waliñok eta Ander Hormazurik
Diario Vasco (2009/03/22): Animalien fabula bat liburu batean bihurtu dute Josu Waliño eta Ander Hormazurik
Berria (209/03/26): Pello Añorgaren eta Josu Waliñoren lan bana plazaratu du Aizkorrik
eitb.com (2009/03/24): Animalien istorioak, haurren gozamenerako
Diario Vasco (2009/03/25): Pello Añorga eta Josu Waliñoren ipuin berriak irakurle txikientzat
Urola-Kostako Hitza (2009/03/25): 'Lepoko minez zegoen hontza' ipuina kaleratu dute Waliñok eta Hormazurik
"Elementu eta toki desberdinetan kokatutako ipuinak osatzen saiatu naiz"
Bitxia izan da liburu honen sor-tze prozesua, ezta? Istorio bat, sari bat, argitaratze-proposamen bat. Nolakoa izan da eta nola bizi izan duzu?
Bitxia, polita eta ilusionantea izan dela ere esango nuke. Galiziako lagun batzuek kontatutako istorio batetik abiatu zen guztia, lan bazkari batean, hain zuzen ere. Haiekin bazkaltzen ari nintzela, Galizian duten bederatzi ateen kondaira kontatu zidaten. Kondaira horren arabera, Infernurako sarbide diren bederatzi ate Galizian daude kokatuta, eta lagun hauek ate horietako bat ikustera joan ziren: barruan demonio baten irudia duen baseliza bat. Bisita Domu Santu bezperako gauean egin zuten, haien lagun berezi batek gidatuta eta beraien kontakizunean gau hartan pasa zuten beldurra transmititu zidaten. Kontakizuna ez zen fantastikoa, baseliza hartan benetan demonio baten irudia omen dago eta hori ikusten amaitu zuten, baina kontatu zuten modua gustatu zitzaidan eta istorio harekin ipuin bat idaztea bururatu zitzaidan, liburua irekitzen duen ipuina, hain zuzen ere. Handik urte betera edo EHUk fantasiazko literatur lehiaketa bat zuela jakin nuen eta ipuina bertan aurkeztea erabaki nuen. Ipuinak lehen saria jaso zuen, eta sariaren oihartzunaren eraginez Txalapartatik deitu zidaten: ipuina gustatu zitzaiela eta gainerako zortzi ateak zabaltzera animatu nahi ninduten. Erronka onartzea erabaki nuen, eta hemen dago emaitza.
Tarteka Poe bezalako klasiko handien zantzuak sumatzen dira liburuan zehar, baina ahots propioz mintzo zarela begitandu zait. Zein zailtasun tekniko aurkitu dituzu narrazioak ehuntzeko eta nola egin diezu aurre?
Hasieratik garbi neukan ez nuela ipuin bilduma huts bat osatu nahi. Horregatik, bederatzi ipuinez osatu beharrean, hamarrez osatu dut liburua, narrazioari egitura bat eman nahian. Baina zailtasun nagusia niretzat gai bakarraren inguruan hainbeste istorio lotzea izan da, monotoniaren arriskua ikusten nuen eta hori gainditzen egin dut ahalegin berezia. Horregatik istorioak ikuspegi desberdinetatik jorratu ditut, mota desberdinetako ipuinak osa-tzen saiatu naiz, elementu eta toki desberdinetan kokatuta, eta nik uste lortu dudala. Ondorioz ipuin bakoitzak berezko nortasuna du, eta batzuk beldur gotikoarekin antzekotasun gehiago duten bitartean beste batzuk misterio istorioak dira besterik gabe. Bestalde, hor egin dut topo beste zailtasun batekin: genero hau topikoz beteta dago, eta oso zaila da topikotatik ihes egitea. Horregatik itxura gotikoa duen ipuin bat irakurtzean Poe etortzen zaigu berehala burura, baina hori baino gehiago da azkenean. Helburu bat izan dut hasieratik buruan: liburu entretenigarria idaztea, nik gustura irakurriko nukeen zerbait egitea, eta beraz, nahita edo nahi gabe ezagutzen ditudan erreferentziak halabeharrez ageri dira liburuan, baina beti saiatu naiz istorio bakoitzari bere nortasuna ematen.
Genero fantastikoak munduan zehar milioika zaletu izan arren, gurean, salbuespenak salbuespen, ez dauka oihartzun handirik. Zalea zara?
Bai, generoaren zalea naiz, dituen alderdi desberdinetan: literatura, zinema zein komikian, eta uste dut hori nabaritzen dela liburuan. Irakurle amorratua naiz, baina entretenitzeko irakurtzea dut gustuko eta beraz, abentura, fantasia edo misteriozko istorioak gustatzen zaizkit bereziki. Betidanik jarraitu dudan generoa da misterio eta fantasiarena, eta zoritxarrez euskaraz ezer gutxi badago ere, beste hizkuntza batzuetan irakurri ohi dut, klasikoak bereziki: Poe, Stoker edo Matheson bezalakoak.
Bada, nola ikusten duzu genero hori gurean? Zein lan irakurri duzu eta zeintzuk iruditzen zaizkizu gomendatzeko modukoak?
Zoritxarrez euskaraz ezer gutxi dago fantasia eta misterioaren alorrean. Zoritxarrez diot, irakurle asko dituelako generoak eta beste hizkuntzatan merezi duen garran-tzia ematen zaion bitartean euskaraz oso arraroa da literatura fantastikoa aurkitzea. Euskaraz Conan Doyle eta Poe bezalako klasikoak argitaratu izan dira, eta lan berrien artean oso komertzialak diren lanak baino ez dira argitaratzen, Harry Potter, Eragon edo Eraztunen Jaunaren modukoak, baina badira oso interesgarriak diren egile eta lanak azken urteotan indar handia hartzen ari direnak: hor daude Sapkowski edo George R. R. Martin bezalako egileak, beraien liburuekin generoa erabat berritzen ari direnak. Beste hizkuntzatan argitaletxe txikiek egin dute hauen aldeko apustua, eta bete-betean asmatu dute, orain haien liburuak zinema eta telebistara pasatzen ari direlako. Ondo legoke Euskal Herrian ere argitaletxeren batek horrelako idazleak euskal irakurleei gerturatzea.
Idazten jarraitzeko asmorik baduzu?
Zoritxarrez ez daukat nahi adina denbora idazteko, eta gainera irakurtzea idaztea baino gehiago gustatzen zaidanez, kosta egiten zait denbora hartzea. Dena den, datorren urtean haur literaturako lantxo bat argitaratuko dut, Ander Hormazuriren marrazkiekin, eta bestela ere baditut buruan pare bat proiektu, pixkanaka garatu nahi ditudanak.
"Mundu honetatik aldentzeko datorkigu guri ondo magia"
Liburu honi ipuin solte batek ireki zion atea...
Liburuko lehenengo ipuinak, lehenengo ateak, horrek zabaldu zuen guztia. Ipuin hura Galiziako lagun batzuek kontatutako istorio batetik sortu zen. Esan zidaten, han duten kondaira baten arabera, infernura jaisteko bederatzi ate daudela Galizian bertan eta behin, parrandan zebiltzala, lagun baten eraman zituela demonio bat duen eliza batera. Historia gustatu zitzaidan, ipuina idatzi nuen, EHU-k antolatzen duen fantasiazko ipuinentzako lehiaketa bat irabazi zuen, eta Txalapartatik deitu zidaten, atez ate liburu bat osa nezan proposatuz.
Eraman zintuzten Galiziako lagunek demonioa ikustera?
Orduan ez, baina orain dela gutxi beraiekin egon naiz eta esan zidaten ea joan nahi nuen. Ezetz esan nien. Nik ipuinerako mota bateko eliza eta mota bateko ingurunea imajinatu nituen, eta pentsatu nuen egiazkoa ikusteak agian hankaz gora jarriko zidala dena...
Baina egon badago...
Bai, badago. Kondairak dio hor dagoela infernurako ateetako bat.
Zeuk beste zortzi erantsi dizkiozu liburua osatzeko.
Modu batera edo bestera, ipuin bakoitza ate baten inguruan kokatu dut. Zeharka batzuetan, beste batzuetan modu zuzenagoan. Beldur handia ematen zidan bederatzi ipuin gai berdinaren inguruan idaztea, baliteke-eta behin eta berriro ate bera irekitzea. Hartara, ahalegin handia egin dut ipuin guztiak desberdinak izan daitezen.
Hamargarren bat ere badago, aterik gabekoa.
Ipuin guztiak desberdinak izan behar zutela hasieratik argi neukan bezala, ez nituen ipuin solte bezala utzi nahi, eta nolabait denari forma emateko beharra ikusten nuen. Zor moduko bat ere sentitzen nuen lehenengo ipuinarekiko, eta horregatik, ireki zuen bezala, horrexek ixten du zikloa.
Ateekin batera, Galizia da liburuko protagonista handia.
Infernurako ateen kondaira bertakoa da -hango lagunek esan didate benetako toki jakin batzuetan daudela bederatzi ate horiek- eta Galiziak, beste alde batetik, badu izaera magiko halako bat, mamu eta sorginen istorioetan joko handia ematen duen tradizioa.
Generoz aldatu gabe, Euskal Herrian izango zenuke bigarren liburu baterako gairik edo Galizian gorde duten kutsu magiko hori ahuldua dugu gurean?
Galiziak eta Euskal Herriak badituzte antzekotasun handiak, eta hemen ere badago oinarri mitologiko sendoa. Horrelako zerbait egiteko aukera egongo litzateke, noski, baina ez dut planteatu ere egin. Dena den, Galizian, oraindik ere, zerbait arraroa gertatzen denean meiga eta mouro-ei errua botatzeko joara handia dute. Iruditzen zait Euskal Herrian arrazionalago bihurtu garela, edo gehiago hautsi ditugula jatorriarekin eta tradizioarekin genituen loturak.
Tradizioa aipatu duzu, eta beldurrezko edo fantasiazko idatzizko literaturan ez dugu handirik, nahiz eta beste hizkuntza batzuetan irakurle asko erakartzen dituen generoa izan. Fantasia zalea zara zeu ere?
Bai, banaiz zalea, baina aspalditik nator ipuinak idazten eta ez dut inoiz genero honetakorik idatzi, nahiz eta irakurle bezala asko gustatu. Saiatu naiz idazten gero gustura irakurriko nukeen zerbait, eta horretan generoak lagundu dit. Eta aipatu duzun horretan arrazoi duzu. Liburuaren aurkezpena egin zuen Fernando Morillok -oso zalea da bera ere- horixe azpimarratu zuen. Pena da. Batez ere gazteen artean irakurle potentzial asko dituen genero batek euskarazko literaturan ere beharko luke bere tokia.
Genero honek beste arrisku bat ere badu: fantasia eta errealitatearen arteko marra lausotzea. Zeu, informatikari arrazional hori, nola mugitu zara eremu irristagarri horretan?
Ahal izan dudan moduan... Generoa fantasia izanda, joan zaitezke mutur-muturreraino eta dena ontzat eman. Maleta batean mamu bat sartzen duzun puntutik, edozein gauza egin dezakezu mamu horrekin, askatasun osoa duzu. Hori izan zen nire gain hartu nuen beste erronka bat: ea lortzen nuen sinesgarri izatea, baina jendea horrelako gauzak posible direla sinestera heldu gabe. Dena den, bideo-jokoekin eta egin diren saioen arabera, gazteek normalean oso argi daukate zer den errealitatea eta zer fantasia. Eta ez pentsa informatikariok bereziki arrazionalak garenik. Gure lanerako erabiltzen ditugun makinak mamuz eta iratxoz beteta dute barrualdea.
Garai batean mundua ulertzeko erabiltzen zituzten mitoak eta fantasiazko mundu horiek. Arrazionaltasuna goresten duen mundu honetan, zein funtzio dute fantasiak eta magiak? Zertarako gertatzen zaizkizu zuri lagungarri?
Nik Second Life moduko batekin konparatzen dut. Beste bizitza bat bizitzeko aukera ematen dizu, deskonektatzeko modua. Zeharo arrazional eta pragmatiko bilakatu gara, erabat gaude murgilduta egunerokoan, eta horrelako liburu bat irakurtzen hasten zarenean zure egunerokoan inoiz topatzen ez duzun mundu batera bidaia dezakezu, modu lasaiean. Gure aurrekoek mundua ulertzeko behar zuten magia, gauzei zentzua emateko, eta gaur justu kontrakoa gertatzen zaigula uste dut: guri mundu honetatik aldentzeko datorkigu ondo magia. Fantasiak gauzak beste era batera ikusten eta lasaiago bizitzen laguntzen digu.
"Orain arte jasotako balorazio apurrak onak izan dira"
Liburuaren tituluko zenbakia, bederatzia, ez da besterik gabe hautatutakoa, ezta?
Ez, bederatzi dira herri zeltiarren mitologian oinarrituta dagoelako liburua; infernurako ateak bederatzi direlako euren ustetan eta ez, adibidez, zazpi. Horregatik du titulu hori eta horregatik ditu bederatzi ipuin liburuak.
Oinarria Galizia izanik ere, Euskal Herrira ekarri dituzu istorio batzuk...
Monotonia hausteko modu bat izan da; horregatik ekarri ditut gertuenera, irakurleari ere gertukoa egiteko. Ateak Galizian daude, baina istorioak ate horiengandik urrundu nahi izan ditut.
Gustura al zaude emaitzarekin?
Bai, alde batetik EHUren saria irabazi zuen lehenengo ipuinaren mailari eutsi nahi nion eta, bestetik, liburua monotonoa ez izatea nahi nuen. Bi helburu horiek lortu ditudala uste dut eta gustura nago. Gainera, orain arte jasotako balorazio apurrak ere onak izan dira.
Haurrentzako ipuinen bat ere baduzu esku artean, ezta?
Bai, datorren urtean argitaratuko dit Aizkorri argitaletxeak haurrentzako ipuin liburu txiki bat. Marrazkiak Ander Hormazuri zumaiarrarenak dira eta buruan ideia gehiago badut ere, mementoz hori da eskua artean dudana.
Ipuinetatik beste generoren batera salto egiteko asmorik ba al duzu?
Mementoz ez behintzat. Eleberria egiteak, adibidez, denbora asko eskatzen du, eta ni ez naiz idazlea; orain arte urtean ipuin bakarra idazten nuen.
9 ateak
—Nahi al duzue demonio bat duen eliza bat bisitatu?
Galdera Xosék egin zuen, beti bezala. Xoséren galderak horrelakoak izan ohi ziren, gutxien espero zenuen ateraldiarekin etorriko zitzaizun edozein unetan.
—Demonioak baino, nahiago genituzke diablesa batzuk —jarraitu nion txantxa, eta autoan gindoazen beste hiru lagunak barre algaraka hasi ginen. Baina Xosék ez zuen barrerik egin, eta bolanteari helduta, errepidearen bihurgune itxiak ezkutatzen zizkigun gau beltza arakatzen jarraitu zuen.
—Galizian zaudete —gogorarazi zigun serio—, eta Galizian aspaldian ahaztuta beharko luketen gauza asko ditugu oraindik.
Guk barrez jarraitzen genuen. Xosé serio demonio zegoen, eta horrek giroa alaitzen laguntzen zuen gure ustez. Besteok txantxa jarraitzen genion, beraz.
—Arrazoia! —bota zion gutako batek—. Horretxegatik etorri gatzaizkik bisitan, horiek guztiak ikusteko!
Eta barre egin genuen autoaren gozotasunean, baina oraingoan ere kanpotik etorritako hiru lagunak baino ez ginen barrez aritu.
Santu Guztien bezperako gaua zen. Bigarren eguna genuen Galizian, azaroko zubi hura baliatuz Xosé gure ikaskide ohia bisitatzeko aitzakian joanak baikinen autoko beste hiru bidaiariak. Bilbon egindako ikasketek iraun zuten urteetan pisukide izan ginen laurok, eta urte luzez elkarrekin bizi izanak ematen duen konfiantza estuaz ezagutzen genuen elkar.
Beti gertatu ohi den moduan, ordea, ikasketak amaitzearekin batera banandu eta elkarrengandik urrundu egin ginen. Denborak banatu bagintuen ere, harremanetan jarraitzen genuen era batera edo bestera, eta aspaldiko partez berriz elkartzea erabaki genuen eta egun gutxi batzuk Galizian elkarrekin igarotzea. Plan polita egin genuen: Xosé gure pisukide ohia bisitatzera joan Galiziara, beste hirurok euskaldunak ginela kontuan izanda bereziki, eta, horrela, turismoa aitzakia hartuta garai bateko parrandak gogoratzeko asmoz.
Erabaki hori hartu genuenean, ez gintuen bereziki harritu Xoséren etxea baso baten amaieran kokatutako baserri zahar bat zela jakiteak. Guztiok ere ongi ezagutzen genuelako Xosé, baita haren gorabehera psikologikoak ere. Elkarrekin pisukide izan ginen artean garai desberdinak ezagutu genizkion: sagarrak besterik jaten ez zituen hilabeteak, Tai-chi, yoga, feng-shui eta bestelakoak gau eta egun praktikatzen zituenekoak, edo animista bezala bere burua definitu zuenekoa. Boladaka mugitu ohi zen Xoséren burua, eta gu horretara ohituak ginen.
Oraingoan, ordea, Coruñan egin genuen parrandatik baserrira geramatzan bide ilunean basoa zeharkatzen ari ginela, ez ginen lagunaren aldarte serioaz jabetu. Agian, autoaren beraren iluntasunak ez zigun ohartzen utzi, edo agian parrandaren amaierako umore bizia izan zen, baina gu barre gogotik ari ginen egiten. Hiru besterik ez ginen, ordea, autoan barrez ari ginenak. Laugarrena serio zegoen, autoa baso ilunean gidatzen zuen bitartean.
—Entzun al duzue inoiz Santa Compañari buruz hitz egiten? —galdetu zigun orduan, eta guk denok barrez erantzun genion, baietz, Euskal Herriraino iritsi zirela Galiziako ipuinak. Baina Xosék berearekin jarraitu zuen.
—Ziur uste duzuela Delibesek asmatutakoa dela, edo Alfredo Landaren filmeko ipuin bat. Baina nik behin ikusi nuen, baso honetan bertan.
Eta hori esanda inguratzen gintuzten zuhaitzen forma ilunak seinalatu zituen buruko keinu batez.
Gure barre-algarak isiltzen joan ginen pixkanaka. Istorio baten hasiera sumatzen genuen, eta Xosék bazuen horretan ere ukitu berezia. Ondo baino hobeto genekien hori, eta beraz, isildu ginen istorio interesgarri bat entzuteko gogoz.
—Baina hori ez da kontatu nahi dizuedana —jarraitu zuen hark, autoan bat-batean sortutako isiltasunaz ohartu ez balitz bezala—. Santa Compaña Galiziako tradizio ezaguna da, baina ez duzue ahaztu behar Galizia herrialde zeltikoa dela, magikoa, eta magia hori gure sustraietan barneratuta dagoela: Santa Compaña eta lobishomeak ezagunak dira jende gehienarentzat, baina hain ezagunak ez diren mitoak ere baditugu: mouroak esaterako gure mitologiako izaki magikoak dira, edo meigak, zuek sorgin bezala ezagutzen dituzuenak —eta guri luzea egin zitzaigun isilune baten ondoren amaitu zuen esaldia—. Infernuko bederatzi ateak ere baditugu.
Gu barrez hasi ginen berriz, baina disimulatuago. Parranda-amaieran adarra jo nahian zebilen Xosé, hori garbi zegoen, eta gu jokoari jarraitzeko prest geunden, baina gure erara: barrez.
Serio jarraitu zuen hark, ordea, gauaren beltzean Galiziako basoak zeharkatzen zituen errepideari Volkswagen zaharrarekin bidea jaten zion bitartean.
—Barre egin nahi baduzue, egin —bota zigun gure barre txikiez ohartuta—, baina orain goazen tokian Infernuko ate horietako bat dago. Bederatzi dira guztira, eta guztiak ere Galizian zehar daude sakabanatuta, han eta hemen kokatuta. Nik duela gutxi jakin nuen hori, gaurkoa bezalako gau ilun batean, Santu Guztien bezperako gauez etxera nindoala. Bide honetatik nindoan autoarekin, eta bat-batean zerbait sentitu nuen deika, nire nahia gidatzen zuen indar batek harrapatu ninduen. Nire borondatea mendean hartu eta ezagutzen ez nuen bidegurutze batean okertzera behartu ninduen. Jakin banekien okerreko bidetik nindoala, basoan gehiago barneratzen ari nintzela, baina ez nintzen gauza bestela jokatzeko. Bidezidorrari jarraitu nion, amaitu zen arte, eta orduan, metro batzuk aurrerago ikusi nuen: eliza beltza.
—Eliza beltza? —galdetu nuen. Isiltasuna nagusitu zen autoan, Xosék, beti egin ohi zuen moduan, bere istorioan gatibu harrapatu gintuelako. Eta egia esan, inguruak ere laguntzen zuen istorioa girotzen: ilargirik gabeko gau beltzean baso ilun bat zeharkatzen ari ginen Santu Guztien bezperan, eta orain, gainera, behe-lainoa autoa inguratzen hasia zen.
—Eliza beltza —errepikatu zuen hark—. Nik bataiatu nuen horrela, beltza zelako haren irudia, eta beltza hark sortzen zidan zirrara. Argi triste bat ateratzen zen baselizaren leihoetatik, eta bere inguruak, gauaren beltzak eta baso itxiak ematen zioten itxurak ezin zuen beldurgarriagoa izan.
Hori esanda guri begira geratu zen Xosé une batez. Berehala jarraitu zion istorioari, ordea, gu hiruron bultzada isilari jarraiki.
—Zerbaitek deitzen ninduen bertara —jarraitu zuen—, ezkutuko indar batek elizara joateko esaten zidan, nire borondatearen aurka. Ez dakit zer gertatu zen orduan. Ez dakit eliza hura ikusteak sortu zidan bihotzaldia izan zen, baina nire barnean daramadan gerrari zeltikoa atera nuen orduan, eta aurre egin nion ezkutuko dei hari. Azken unean, autoa hartu, eta handik ihes egin nuen ziztu bizian, baina deika eta tiraka sentitzen nuen atzean utzitako hura.
Hori esaten amaitu zuenean, isiltasun ilun hartan ohartu nintzen lehen ikusi ez genuen bidegurutze batera iritsi ginela, eta autoa okertuz are ilunagoa zirudien bidexka batetik barneratu gintuela Xosék.
—Hori al zen bidegurutzea? —galdetu nion autoaren isiltasuna hautsiz.
Irribarre batez erantzun zidan, eta berehala ohartu nintzen autoan geunden beste hiru lagunoi mozkorra di-da batean pasa zitzaigula, eta leihoetatik begira jarri ginela baseliza ilun bat ikusteko beldurrez.
—Infernura daraman ate bat da —bota zuen Xosék.
—Zergatik diozu hori? —galdetu nion ikaratzen hasita.
—Baselizaren istorioa ikertu nuelako hura gertatu ondoren —erantzun zidan—. Eta beldurrezko filmetako istorio batekin egin nuen topo: desagertzeak, hilketak, arima misteriotsuak…, era guztietako istorio ilunak kontatzen dira eliza horretaz. Baita demonio bat bizi dela bertan ere.
—Eta zuk sinesten duzu hori guztia? —galdetu nion berriz.
—Kondaira asko ditugu Galizian —izan zen haren erantzuna—, mamuak eta Santa Compaña, baita zelten garaitik datozen istorioak ere. Infernuko bederatzi ateak ere baditugu, eta ziur nago eliza hori ate horietako bat dela.
Une horretan hasi zen euria.
Edo jarraitu.
Galizian euria ez baita hasten, etenaldiak dituen egoera infinitu bat izango balitz bezala jokatu ohi du. Gu han egon ginen bitartean bidaide izandako zirimiri finak inguratzen gintuen orduan ere, setiatzen gintuen lanbro umelarekin batera azaroko lehen gau hura are goibelagoa bihurtuz.
* * *
Isilik egin genituen kilometro gutxi batzuk, poliki bidea zabalduz, bideak bere metro bakoitza basoarekin izandako etengabeko borroka batean irabazia zuela zirudielako. Zuhaitzak bide-bazterrean baino, bideak jarraitzen zien zuhaitzek utzitako tarte estuei eta egoera horri ilargirik gabeko gauaren iluna lotuta arnasa hartzeko tokirik ez genuela sentitzen genuen.
Autoan ez genuen hitzik egiten. Xoséren istorioak ikaratuta utzi gintuen, eta giroan suma zitekeen gu guztion beldurra.
Autoa geratu egin zen.
Bat-batean, inork gutxien espero genuenean. Inoiz autorik geldituko ez genukeen inguruan gure autoa gelditu egin zen.
Zuhaitz arteko zabalgune batean geunden, oraindik ere behe-lainoak setiatuta, eta zirimiriak jazarrita, gudaren erdian erortzear dagoen dorretxea bezala sentitzen nuen autoaren segurtasun tristea.
Xoséri isileko galdera luzatu nion begiradaz.
—Hor dago —erantzun zidan, faroen argitasuna hiltzen zen puntu beltzean begiak galduta zituelarik.
Eta han zegoen, bai.
Forma beltz bat sumatzen zen argitasunaren mugatik harantzago, argitik ihesi zebilen animalia baten moduan.
Behe-lainoak ezartzen zigun setioa gero eta estuagoa zen, eta gandu horren itzalpean dardarizo hori batzuen imintzioa sumatu nuen urrutian. Begiak estutu eta forma beltz hartatik ihes zihoazen argi izpiak zirela ohartu nintzen. Lainoaren itxitura zeharkatuz, kolore zikin horixka batekoa zirudien argia iristen zen lotsati autoa gelditu genuen ingururaino.
Hango forma beltzari hobeto erreparatzen saiatu nintzen orduan, eta eliza bat izan zitekeenaren itzala antzeman nuen. Orduan ulertu nuen, argi horixka hura elizako leihotik ihes egiten zuen kandelen argi hila baino ez zela, eliza haren barrua argitzea baino gauaren beltzean hiltzea nahiago zuen argiaren horia.
Atzeko aulkian isilik sumatzen nituen beste bi lagunei luzatu nien begirada, eta urduri igarri nituen, aulkian poliki mugitzen, ondoren zer etorriko zen elkarri isilpean galdetzen. Buruarekin keinu bat egin nien, eta erantzun moduan edo, Aitor izan zen guztiok buruan genuen galderaz autoaren barruko isiltasuna eteten lehena.
—Eta orain zer? —galdetu zuen— Ez duzu pentsatuko euri honekin basoan buelta bat ematera joango garenik, ezta?
Ilunpean antzeman baino egiten ez zen elizatik begirik kendu gabe, gidariaren atea zabaldu eta gauaren hotzera atera zen Xosé. Aitorren galdera erantzunda ikusi nuen berehala, euri, lanbro eta baso ilunari erreparorik egin gabe baselizarantz zeraman bidexkan abiatu baitzen Xosé gu guztiok autoan aho zabalik utzita.
Gu ez ginen autotik mugitu. Begiekin jarraitu genuen Xoséren ibilbidea, gauaren ilunak irentsi zuen arte. Orduan ohartu ginen non geunden, eta zertan ari ginen, eta denok aldi berean biratuz bata besteari galdezka hasi ginen.
—Nora joan da? —izan zen Aitorren galdera, baina guztiok ezagutzen genuen horren erantzuna.
—Broma bat izateko, pasatzen ari da, ezta? —Unai zen oraingoan. Autoan sartu ginenetik lehen aldiz ireki zuen ahoa, eta serio zegoen. Guztiok geunden serio, giroak gau hartako festa seriotasun hotz bihurtua zuelako.
—Ni bere bila noa —bota nien besteei, eta esandakoaz damutu aurretik autotik irten nintzen.
Lagunak nire atzetik atera ziren autotik. Bazirudien norbaitek hori esan artean zain geundela hirurok martxan jartzeko, edo besterik gabe, inor ez zen autoan geratzera ausartzen, Galiziako baso baten erdian Santu Guztien gau ilunean.
Basoaren beltzean barneratu ginen hirurok, eta berehala sumatu genuen elizaren presentzia euri itsaskor eta lanbroaren hotzaren gainetik.
Aurrean zegoen.
Ikusi baino gehiago sumatu egiten genuen.
Autoa utzi genuen tokitik jarraituz berrehun metrora nabari ziren baselizako leihoetako argi lotsatiak, eta harantz bideratu genituen gure pauso zalantzatiak.
Poliki abiatu ginen.
Azaroaren lehen gau ilunean, behe-lainoak ez zigun elkarrengandik urruntzea gomendatzen, eta guk kasu egiten genion. Ia-ia elkarri eskua emanda hasi ginen elizarantz mugitzen. Inork ez zuen hitzik egiten, baina nabari nuen nire lagunen urduritasuna nirearen pare zegoela.
Galiziako etengabeko euriak arropak busti zizkigun berehala, ilea buruan itsatsi, gorputzak umeldu, eta gauaren hotzaren laguntzaz hotzikarak eta dardarizoak eragin gure gorputzetan. Dardarizo handienak gure imaginazioak eragiten zizkigun, ordea.
Behe-lainoak ez zigun zapaltzen genuen lurra ikusten uzten, eta hor, zuhaitzetako hosto eta adar txikiz jositako bidexkak gure oin azpietan egiten zuen kriski-kraska bidean pilatutako hezur txikiak ziren gure imajinazio hegalariarentzat.
Eta kriski-kraska hori zen elizarako bidean entzuten genuen soinu bakarra, zirimiriri umelak haize izpirik baimenduko ez balu bezala zuhaitzak mugimendurik gabeko itzal ilunak baino ez zirelako. Elkarri begirada urduriak botatzen genizkion guk, baina ez ginen ausartzen ahoa zabaltzera.
Autoaren argiak amaitzen ziren puntura iritsi ginenean, orduantxe ohartu ginen linterna autoan utzi genuela. Jarraitzea erabaki genuen, seguruenik inor ez zelako ausartzen autora bakarrik bueltatzen. Eta elizako leihoetatik ihes zihoan argi urria gidari hartuta aurrera egin genuen. Txiskero bat ere bazuen Aitorrek, baina ez dut uste hango zirimiri eta lanbroarekin piztea lortuko genuenik. Beraz, iluntasunak jandako bide batean egin genituen elizarako azken metroak, bidea estaltzen zuten ezkutuko adar txikien kriski-kraska lagun.
Horrela iritsi ginen eliz atarira. Hirurok dardarka, arrazoi bat edo beste tarteko. Batak bestearen arnasa kolkoan sumatzeko moduko gertutasunez paratu ginen elizaren sarrera zirudien atari aurrean, gauaren ilunean are goibelago ikusten zen arkupe baten azpian hurrengo pausoa nork emango zain.
—Xoséren bila etorri gara, ezta? —esan nuen, nire ahotsari ausardia itxura eman nahian. Eta hori esanda eskua luzatuz elizako atea bultza nuen.
Oraindik iruditzen zait, leihotatik argia irteten ikusi arren, gutako inork ez genuela espero ate hura zabalduko zenik.
Baina bultza orduko zabaldu zen atea.
Isilik zabaldu zen barrurantz, beldurrezko filmetan entzun ohi den kirrinkarik gabe. Eta guk, gauaren beltzetik elizaren ilunera bidea zabaltzen zigun ataria zeharkatu genuen, bitan pentsatu gabe.
Ez genuen denbora askorik behar izan gure bista goibeltasun hartara ohitzeko, kaleko gau-argitik baikentozen. Baina eliza barrena kandela gutxi batzuen argi lotsatiaz argituta egon arren, basoko iluntasuna baino beltzagoa antzematen zen. Kandelen argi zalantzatiak bustitzen ez zituen zokoak hobi beltzak ziruditen, eta hobi horiek elizaren osotasuna betetzen zuten.
—Xosé! —oihu egin zuen Aitorrek— Ze kristo habil?
Aitorren oihuak atera ninduen nire barrunbetik, eta orduan ohartu nintzen Xoséren presentziaz. Korridorearen amaieran zegoen, aldarearen aurrean belauniko, gora begira. Eta gure deiei egiten zien kasu gutxia erreparatuta, trantze moduko egoera batean zegoela esango nuke.
Begiradarekin jarraitu nuen haren begien norabidea, eta han, aldarearen aurreko gurutzean iltzatuta ikustea espero ez nuen irudi batekin egin nuen topo.
Demonio bat zegoen.
Gurutzean iltzatuta Jesukristoren irudia egon beharrean, demonio-itxurako izaki bat zegoen eliza hartan. Besoak gurutzean zabal zituen, eta bere burua makur, behera begira, Xoséri begira egongo balitz bezala.
Ez nuen irudia behar bezala ikusteko astirik izan, baina ez zen ohiko buztan-luze, adar zorrotz eta azal gorriko demonio bat han zegoena. Itxura zakarreko izakia zela esango nuke, irudi gaiztoa, baina ezin gehiagorik esan, une batez baino ez bainuen begien aurrean izan, baina nahikoa izan zen deabru baten irudia zela ohartzeko.
Lagunei hori adierazteko biratu nintzenean, gure atzean zabalik utzi genuen atetik haize bolada zakarra sartu zen, zirimiri lasaia ekaitz bihurtu balitz bezala. Infernuko ekaitza, pentsatu nuen hura sumatzean, eta haize bortitzak kandelen tristura heriotzara eraman zuen kolpe bakarraz, elizako atea danbateko batekin gure atzean itxiz. Bat batean, ilunpean gelditu zen elizan kolpera biratu nintzen berriz, eta aldarearen iluntasunean, demonioaren burua egondako tokian bi puntu gorri ikusi nituen une batez. Guri begira zeuden bi begi gorri ziruditen. Kolpera ixten ziren begiak, bat-batean desagertu eta gehiago ez bainituen ikusi.
Lagunak oihuka hasi ziren.
—Non zaudete? Ez al du inork argirik?
—Zer gertatu da?
Eta orduan kolpeak hasi ziren.
Aldaretik zetozen. Elizaren belztasuna zeharkatu eta gure nerbioak erotzen zituzten kolpe gogorrak, taupada izugarrien modukoak, norbait zerbait hautsi nahian ariko balitz bezala.
Eta kolpeei jarraiki hasi ziren oihuak.
Beldur-oihuak ziren.
Etsipen-oihuak.
Xoséren ahotik ihes egindako oihuak.
Aitor izan zen egoera hartan erreakzionatu zuen bakarra. Ni, iluntasun hartan kokatu ezinik nengoen, oihuen jatorria aurkitu nahian. Eta Unai, berriz, zorabiatu eta lurrera eroria zegoelakoan nago.
Aitorrek patrikako txiskeroa atera eta elizaren ilunari desafio egin zion argi txiki bat piztuz. Eta bat-batean isildu ziren kolpeak eta oihuak.
—Lagundu! —esan zidan Aitorrek, eskutik heldu eta iluntasunean une batzuk lehenago kandelen argia zegoen tokirantz eramaten ninduelarik.
Han topatutako kandela tristeak piztu genituen eta haiek esku banatan hartuta aldarera abiatu ginen, dardarka, elkarrengandik urrutiratzeko beldurrez, poliki.
Aldare aurrera iritsi ginenean ez genuen Xoséren arrastorik topatu, eta pixkanaka, eskutan genituen kandelen laguntzaz elizako argitasun urria berreskuratzeari ekin genion gure lagunaren izena oihukatzen genuen bitartean.
—Xosé!!!
Baina Xosé ez zen ageri.
Unai korridoreko lurretik jaso genuen, eta bere onera bueltatu zenean eliza txikia miatu genuen hirurok berriz ere Xoséren bila, baina ez zegoen haren arrastorik. Ez genuen aurkitu, gainera, elizan ezkutaleku edo irtenbiderik lehendik ezagutzen genituenez gain, eta horiek itxita zeuden.
Xosé desagertu egin zen.
* * *
Autoa hartuta poliziaren bila jaitsi ginenean, ez genekien zer pentsatu. Izututa geunden, kolkotik oinetaraino. Xoséren brometako bat izateko ere gehiegizkoa zirudien, baina ez genuen gertatua argitzeko azalpen logikorik.
Istorio osoa kontatu genion poliziari. Alegia, lagun bat bisitatzen ari ginela, eta hark demonio bat zuen eliza ikustera eraman gintuenean bertan desagertu zela. Gehiago ez zela agertu, eta haren egoerak kezkatzen gintuela.
Gaueko txandako poliziek, errutinazko galdera batzuk besterik ez zizkiguten egin, garbi adieraziz Santu Guztien bezperan parrandan aritutako gazte batzuen txorakeriekin denbora galtzeko asmorik ez zutela. Demonio bat zuen elizarik ez zuten ezagutzen, eta Xosé hurrengo egunean agertuko zela esan ziguten, neska gazteren baten ondoan eta biharamun ederrarekin.
Ez dakit gure egoskorkeria izan ote zen, edo gorputzean sartuta genuen beldurra transmititzea lortu genielako, baina azkenean polizietako batek bere bulegoaren gozotasuna utzi, linterna handi bat hartu eta elizaraino laguntzea erabaki zuen.
Aurreko aldian utzitako toki berean utzi genuen autoa oraingoan ere, eta hostoz jositako bidea zeharkatuz iritsi ginen elizara. Inor ez ginen hezur txikien konturik aipatzen ausartu, are gutxiago poliziaren linterna indartsuak nabarmen erakusten zituen hosto eta adarrak ikusita, baina guztion begietan sumatu nuen lasaitasun keinu bat eliz atarian bidea amaitu zenean.
Elizara sartu ginen.
Poliziak bere linternaz arakatu zuen elizaren iluntasuna, hobi beltz guztiak banan-banan uxatuz.
Baina han ez zegoen inor.
—Demonio bat ikustera etorri zinetela esan didazue lehen —bota zigun poliziak—. Non da, bada, demonio hori?
—Han ikusi nuen nik —adierazi nion aldare gaineko gurutzea seinalatuz.
Poliziak bere linternaz aldareko gurutzea argitu zuenean aurpegia aldatu zitzaidan.
Hutsik zegoen.
* * *
Hiru egun gehiago eman genituen Galizian, Xoséren arrastoari jarraitu nahian. Poliziak lehen gauaren tesiari eutsi zion, gure parrandaren gehiegikeria arrazoitzat jarri eta kasua itxi zuen, gure kezka eta zalantzak karpeta triste batean gordeta utziz.
Urte batzuk igaro dira harrez gero, eta ez nik ez beste lagunek ez dugu Xoséren berri gehiago izan. Baina urtero, Santu Guztien bezperan, nahigabe batek han gertatutakoa gogorarazten dit, eta Xosé, guk zeharkatu nahi ez genukeen ate baten bestaldean dagoela sentitzen dut nire barnean.
Infernuko ate atzean.
Bederatzi ateak
Bederatzi ateak liburuari buruzko hainbat iruzkin
Basqueliterature.com (2008/10/01): Josu Waliñok Bederatzi ateak narrazio bilduma aurkeztu du
Berria (2008/10/01): Misteriozko ipuinekin liburua osatu du Josu Waliñok
Noticias de Gipuzkoa (2008/10/01): Fantasia eta suspensea nahasi ditu Josu Waliñok 'Bederatzi ateak' liburuan
Deia (2008/10/01): Fantasia eta suspensea nahazten dira 'Bederatzi ateak' liburuan
Urola-Kostako Hitza (2008/10/01): Waliñoren lehen liburua kalean da
Urola-Kostako Hitza (2008/09/30): Josu Waliñok 'Bederatzi Ateak' narrazio liburua aurkeztu du gaur
El Diario Vasco (2008/10/06): «Mundu honetatik aldentzeko datorkigu guri ondo magia»
El Diario Vasco (2008/08/31): «Elementu eta toki desberdinetan kokatutako ipuinak osatzen saiatu naiz»
Berria (2009/03/01): Atez ate
Baleike.com (2009/09/30): Josu Waliñok gaur aurkeztu du 'Bederatzi ateak' liburua