Jon Martin Etxebeste Sormen-lanak
Oiartzun, 1981. Psikodidaktikan doktore da, Haur Hezkuntzan graduatua, eta Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziatua da ikasketaz. Ogibidez komunikazio alorra eta hezkuntza uztartu izan ditu. Zenbait komunikabidetan lan egin eta kolaboratu du (Egunkaria, Berria, Gara, Oarsoaldeko Hitza, Bertsolari aldizkaria, Bizkaia Irratia...) eta komunikazio teknikari lanetan ibili da Errenteria-Oreretako Udalean eta Ekogunean; bestalde, hainbat ikastetxetan irakasle izan da (Seaska eta Orereta ikastolatan Haur Hezkuntzan, eta Urola-Kostako eta Donostiako ikastetxe askotan Lehen Hezkuntzan). Gaur egun EHUko Hizkuntza eta Literatura saileko irakasle gisa dihardu, Hezkuntza fakultatean. Literatura eta nortasuna ardatz dituen LAIDA ikerketa taldeko kide da eta El Correo talderako literatur erreseinak idazten ditu. 2006an Igartza beka irabazi zuen eta 2008an 'Ero' izeneko ipuin-bilduma plazaratu zuen (Elkar). 2007an, 'La Habana' izeneko album ilustratua argitaratu zuen (Gero Euskal Liburuak). Beste hainbat argitalpenetarako kapitulu akademikoak ere idatzi ditu. Manu Lopezek eta Jon Kortazarrek zuzendutako '"Egungo euskal krimen-literatura" liburuan '110. street-eko geltokia'ri buruzko kapitulua idatzi du. Asier Barandiaranek gidatutako Egile Nafarren Euskal Literaturaren Antologiaren 2. eta 4. liburukietako bi kapitulu idatzi ditu: 'Bertsolaritza 1900. urtetik 1975.era' (2017) eta 'Zaharrak berri: bertsolaritza "literarioa" Nafarroan' (2020). Jon Kortazarrek gidatutako Pott bandari buruzko liburuan 'Ekilibrista bihotza. Manu Ertzillari elkarrizketa' (2017). Ikastolen elkarteak argitaratutako 'Prakamotxetan' liburua ere osatu zuen 2005ean. 2021ean kaleratu zen 'Hamaika gutitxi filosofiko' liburuko ipuinetako bat berea zen. Honez gain, Beira taldearen abeslari eta letragile ere bada eta hiru disko plazaratu ditu: 'Dena ez denean ezer', 'Margotu berria' eta 'Braillean'.