Jon Abril Olaetxea Atzera
Bi txantxangorri haritz adarrean
Hitzalean (beste batzuekin)
Ametsetako hitzak (beste batzuekin)
Zaharrak berri, euriak
Bidegileak: Mariano Izeta
Helloak Txinan
Labiaga ikastolaren 25. urteurrena
Begiak
Begiekin jostetan ibiltzeko ohitura zuen. Autobusean batetik bertzera zihoala, espaloian eskean zebilen atsoari eskaintzen zizkion goizero bere begiak. Txoferrari bere begien zati bat oparitzen zion biletearen truke. Ondoko neska gazteari, walkmanetik ateratzen zen musikaren gainetik ebasten zion begirada.
Ez zekien ongi nondik zetorkion afizio hura. Begiena, alegia. Zergatik ez zuen hautatu usainarekin jostetan ibiltzea. Edo entzumenarekin. Ukimenarena bazekien. Beldur zen norbaitek bera ukitzea. Gaztigu sobera litzateke bere buruarentzat. Eta katuen ileak hozkirria ematen zion bezala, udaberriko hosto erdoilduen ukimena ez zuen maite. Ez zion plazerrik ematen. Eta ez zuen konprenitzen nola gustatzen zitzaion jendeari udaberriko hosto erdoilduak ukitzea. Baina entzumenak eta usaimenak bai, plazerra ematen zioten. Baina ez zituen jolaserako horiek hautatu. Begiak behar zuten. Saiatu zen arrazoia bilatzen. Ez ziren amatxi Julianaren antiajoak bere ispirazio izan. Ez zuen trauma berezirik bere ikaskidearen begi marroien ondorioz. Akaso inoiz, ametsetan, pirataren batek begirada ebasteko ahalegina eginen zion. Jakin bai baitzekien piratek begi bat estalita eramaten dutela, ez begia falta dutelako, agerian dutenaren luzimendurako baizik. Baina ametsetako eta telebistako piratez gain, ez zuen hezur-haragizkorik ezagutu. Ez. Bere ohatzean ez zuen sekula piratarik eduki, ez mutil katxarro horien artean bederen. Beheitiko bizilagun mozkortia piratatzat hartzea pentsatua zuen inoiz, baina ezin zitekeen. Funtsean, mozkortia bai, baina ez zen gizon gaiztoa. Nahiz lapurtutako begiekin gurutzatzen zitzaion eskilaran, egun bat bai, eta hurrengoa ere bai.
Saiatu zen behin eta berriz begien jolas hori nondik etor zekiokeen ikertzen. Galdetzera ere ez zen ausartu. Amari begiekin jolasten zela erranen balio, zaplateko batez aterako lizkioke begiak. Aitak agian jakinen zuen hura erantzuten, aitak beti zuelako galdera zailentzat erantzun egoki bat, baina horrelako galderetan bizia joaten zitzaion aitari, eta biziarekin batera begiak. Eta ez zuen gustuko izaten aitaren begiak egongelan bilatu behar izatea, sofa azpian, telebistaren gibelean, edo portzelanazko figuratxoen artean. Horrelakoetan, maiz, maizegi, komunean agertzen zen aitaren begietako bat, edo ohatzean, lo kuluxkan. Inoiz edo behin ere hozkailuan agertu izan zen, egunerokoaz aspertua, freskura beharrean. Izan ere, aitak joera handia izaten zuen begiak galtzeko. Eta beretzat hain garrantzitsu izaki, ezin onar zezakeen, bertze behin aitak begiak galtzea. Ez aitak, eta ez bertze inork.
Anaia trufatuko zitzaion, begiak itxiz, badaezpada. Hori izaten baita anaiek beti egiten dutena. Guziek. Trufatu, baina, badaezpada, begiak itxi. Anaiarik ausartenek begiek irekita dituztela erantzuten dute, baina trufa eginez, eta inoiz ez begietara begiratuz, bertze aldera baizik. Horrela erraza da trufatzea. Ez zuen anaiarik ezagutu begiekin trufatzen zekienik. Eta begiak erabili gabe trufatzea erraza da. Horretaz pentsatzen zuen anaia izatea erraza zela, derrigorrean.
Entziklopedietan bilatu zuen. Eta liburutegi publikoko liburuetan. Liburuzainaren begiek so egiten zioten, begirik kendu gabe. Bera bezalako guti joaten baita liburutegira begiez galdezka. Baina liburu-begiak okulistentzat eginak daude. Optikariek ere ez dituzte ulertzen maiz, liburuetako begiak ez baitira egiazkoak izaten. Liburuetan ez delako egiazko deus ere agertzen. Eta are gutiago begiak. Gauez, lo egiteko tenorean irekita darraiten begiak agertzen dira liburuetan. Eta hori ez da posible. Lo egiteko begiak itxi behar dira, begia ixteak erretina ez lehortzen laguntzen duelako.
Ikasi zuelako gizakiaren begia hiru geruzaz osaturik zela: esklerotika, ubea eta erretina. Eta begi-globoaren erdian lente-funtzioa duen kristalinoa dagoela, eta begiak mugitzeko sei muskulu daudela. Bere gaitzaren arrazoia zazpigarren muskulu batean ote zegoen pentsatu izan zuen, edo akaso bortz bertzerik ez zituela. Eta horrek beldurra eta ikara sorrarazten zion. Eta beldurra eta ikara sorrarazten zioten gauzak gertatzen zitzaizkionean, begiak itxi egiten zituen, begiak itxita arazoak uxatzen zirelako. Medikuak erran zion begiak ongi zituela, bista ona zuela. Begi-niniekin keinu egin zion orduan medikuari, baina antiajoen gibeletik ez zion begi-keinurik egin medikuak, eta ondorioztatu zuen ez zuela begiko mediku hura. Begiz jo zuen. Gainera, antiajoak behar dituen okulistak ezin duela ongi ikusi deliberatu zuen, eta kezkatuta jarraitu zuen. Baina begiak itxi eta kezkak uxatu zitzaizkion.
Egunero bezala, begirada urdina zuen anaiarentzat, anaientzat begirada urdinak izaten direlako. Ahizparentzat, berriz, begirada laranja gordetzen zuen, eta lila kolorekoa, aldiz, gurasoentzat, hainbertze eman zioten gurasoei, gutienean, esperantza banatu behar zielako egunero.
Eta kolore eta zapore guzietako begi jokoak zituen une bakoitzerako. Txokolatezko begiak lagunekin zegoenean; limoizko izozki kolorekoak telebistaz irudi lazgarriak ikusten zituenean, beregandik urruti baleude bezala. Berdez tindatzen zitzaizkion begiak injustizien aitzinean, borrokaren berdeaz, odolaren berdeaz, beroaren berdeaz. Edo horia hautatuko zuen begi-ninietan nekea zuenean; marrubi zaporea estimu handiko norbait parean zuenean; bioleta kolorekoak ziren bere malkoak; itsaso usaina zuten bere begiek lasai zegoenean; patata ustelduen kiratsa zerien bere begiei haserrarazten zutenean; gozoki azukredunak ziruditen inork laztantzen zuenean. Uraren soinua zeramaten bere begiek begirada galtzen zuenean, pentsakor gelditzen zenean. Eta moreak ziren min hartzen zuenean. Inoiz guti bihurtuko ziren zuri bere begiak, zurikeriatan ibiltzea ez zuelako laket. Inoiz edo behin kolore uherra zabalduko zitzaion begietatik, atsekabetzen zenean. Maizago izanen zituen ortzadarraren koloreekin, bizipozez beterik. Ernatu berritan ostrukek izaten dituzten begiak guti batzuentzat gordetzen zituen, ongi hautatu behar izaten baita nori eskaini ernatu berri den ostruka begirada. Eta gorriak...
Eta horrela, usain, kolore, zapore eta dizdira ezberdinak zituen egoera bakoitzerako eta pertsona bakoitzarentzat. Tarteka beroak, tarteka hotzak. Batzuetan pintatu ere egiten zituen begiak, señorak bezala. Baina ez zituen sobera maite begi pintatuak, begiak ez direlako koadroak. Goxotasun bereziz begiratzen zuen frankotan, eta tentsio soberaz nahi baino gehiagotan. Begirada okertua batzuetan, eta errepideko erdiko marra bezain zuzena gehienetan. Denontzat zituen begiak: etxekoentzat, auzokoentzat, lagunentzat, lankideentzat... Etsaientzat ere izaten zituen, nahiz saiatzen zen etsairik ez edukitzen. Eta kale bazterreko guraso gabeko haurrentzat; eta senarrak jipoitutako emakume gaztearentzat; nerabe lotsagabearentzat bezala, idealistentzat, utopikoentzat, bertze mundu bat posible zela sinisten zutenentzat; bere maitalearentzat; emakume izateagatik soldata %40 gutiago zutenentzat; elbarrientzat; begiradarik ez zutenentzat; yonkientzat; karrika egiten zebiltzan ilehorientzat; begiak zituen etorkinentzat; bertakoentzat; bakarrik zeudenentzat; bakarrik sentitzen zirenentzat; karrika kantoiko txakurrarentzat; tartalo begibakarrarentzat; zikloperentzat; begi mota bat zuen euskaraz mintzo zenean, eta bertzelakoak ateratzen zituen gazteleraz, ojos idazten baitzuen begiradan; eyes ingelesez solastatzen zenean; yeux frantsesez mintzo zenean. Eta katu begiak gauparteko mozkorraldietan; ahuntzarenak biharamuneko bestondoan; zaldiarenak larrua jotzean... Inoiz guti itxiko zituen begiak, edo nekez begiratuko zuen bertze aldera. Baina begiekin jostetan ibili ondotik, egoera guzietarako itxura, kolore, doinu guzietako begiak eman ondotik, sekula ez zuen berarentzat begirik izaten, inork ez ziolako erran bere barrenera begiratu behar zuenik. Eta berak ez zuen ikasi. Bere baitan begiratzen saiatu zenean konturatu zen ez ziola balio bere begi katalogoak: ez gorriek, ez txokolatezkoek, are gutiago uherrek edo ur soinua zuten haiek. Barrenera begiratzeko bertze begi batzuk behar zituen. Baina iluntasuna baino ez zuen begiztatzen, bere buruari begiratzea atzendu zitzaiolako.