Jesus Maria "Txiliku" Olaizola Lazkano Sormen-lanak
Jesus Mari Olaizola Lazkano, goitizenez "Txiliku". Ingeniaritza Tekniko ikasketak egin zituen, inoiz aritu ez bada ere ikasitako langintzan, kimikari gisa, alegia. Irakasle-ikasketak ere egin zituen eta dozena bat urtez irakaskuntzan jardundakoa da. Aspaldi honetan, dena dela, eskolarako liburuak prestatzen ditu, zientziaren arlokoak batez ere. Literaturaren alorrean, haur eta gazteentzat idatzi izan du Txilikuk, batik bat, baina helduentzako ipuin eta narrazio batzuk ere baditu. "Txilikuk estilo zuzen, erraza eta arrunta darabil. Bere asmoa ez da haurra deskribapen luzeekin aspertzea, entretenitzea baino. Haren ustez, haurrak ez dio liburuari ihes egin behar", hitz hauekin deskribatzen du Txilikuren haurrentzako prosa Seve Callejak bere Haur literatura euskaraz (Labayru) liburuan. Ahozko literaturaren miresle, hainbat altxorren bila ibiltzea atsegin zaio: igarkizunak, kantu eta esaera zaharrak, jolaserako erretolikak, ahokorapiloak...1994. urtean Koldo Mitxelena saria irabazi zuen, igarkizunen gaineko lan bategatik eta 2000. urtean Axa mixa zilarra liburua argitaratu zuen gai bertsua jorratuz. 1999 urtean, bestalde, Hontzaren orduak ipuin liburua argitaratu zuen, liburu honen gaineko iruzkina egin zuen Markos Zapiainek Euskaldunon Egunkarian. 2000. urtean 101 gau izeneko liburua argitaratu zuen, bertan ustez 101 gauetan idatzitako narrazio laburrak eta informazio artikuluak biltzen zituen. 2004. urtean Haur eta gazte literatura sailean Euskadi saria irabazi zuen Osaba Bin Floren liburuarekin.