Iñaki Odriozola Sustaeta Sormen-lanak
1961ean jaioa, Elgoibartarra. Magisteritza egin nuen lehenik, eta gero Filosofia, Alcala-Mecoko unibertsitatean. Filosofiako irakasle izan naiz Elgoibarko Institutuan hainbat urteetan, eta azken aldian, seigarren urtez, Institutuko Zuzendaria naiz.
15 urterekin Taupada Antzeztaldean hasi nintzen, eta gero, 1988tik aurrera Ekekei Antzeztaldeko sortzaile eta partaide izan nintzen, 2001ean desagertu zen arte. Antzerkigile eta aktore amateurra izan naizen bezala, idazle amateurra izatea ere gustatzen zait. Nire amak esango lukeen bezala, “irabazirik gabeko lanetan maisu”.
Gazte gaztetatik idatzi izan dut, batez ere poesía eta antzerkia, horren lekuko 1982an, Elgoibarko 1.Etxepe saria, poesia arloan, irabazi nuen, 21urte nituela (gazte garai ero haiek!!).
(Beste kontutxo bat esango dizuet, inor gutxik jakin eta gogoratzen duena: 14 urterekin, Elgoibarko Pilar Ikastetxean nenbilela, nik idatzitako antzezlana jokatu zuten ikasleek, orduko Odeon Antzokian…harrokeria txiki bat!)
1994an, Bilbon, Central-Hispanoko “Imagina ezazu Euskadi” saria irabazi nuen, poesia arloan. Zerbaitetarako balio izan zuten zelda barruko “Hausnarketa hezeak”.
Bergarako Idazle Eskolan benetan gozatu nuen hiruzpalau urtetan. 2006an, Idazle eskola honetako Saria-beka eman zidaten, “Hondartza eta Whiskya” antzezlanagatik.
Idazten.com web orrian zintzilikatuta dauzkat mota guztietako idazlanak, eta orri hau begiratzera gonbidatzen zaituztet, merezi du eta.
2008-2012 artean poesía eta idatziak jendaurrera eramaten aritu izan ginen, Idazle Eskolaren inguruko errezital- “Ilunabar literarioekin”. Bitartean, ARGIA euskarazko aldizkarian, eta Elgoibarko Barren astekarian artikuluak idatzi ditut, gai sozial, politiko eta memorialistei buruz.
2012an, "Kafe Bar Bilbao" Antzerki saria irabazi nuen, "Azken ordua" antzezlanarekin.
Eta orain 2019an, Ernestina de Champourcin XXXsaria poesia arloan.
Gu moduko nagusiekin jai daukate idazle gazteek!!!