Imanol Irigoien Aranberri Atzera
Argiaren barne-distantziak
Suz eta Sufrez
SUZ ETA SUFREZ
‘Seinale handi bat agertu zen zeruan’:
jo zuen trumoiak burrunba
kondor legioa atzerriko aire zabaletik hegaka iritsi zenean,
eta durunda-danbatekoarekin batera,
zeru-ortziaren harresiak erori ziren bat-batean
izar iheskorren amildegian behera;
lau eta erdiak doi ziren
udaberri-arratsalde eguzkitsuaren muinean.
Suz eta sufrez zirakiten zirkulu-harresiek.
Orduan, gaua guztiz sartu zen hiri osoaren bihotzean.
Urrutira, hegazti harraparien metalezko espiral-itzalak baino ez ziren ikusten
ke-lainoz beteriko kale ilunetatik:
helizeen itzal dunbots-zurrunbilotsuak
kez eta kedarrez belztu ziren
magma gorrimina zerion zoladuraren gainean.
Inguruan ¾herensuge gorri guztien gordeleku
bihurtutako zulo gorien hurbilean¾,
amaren semetxo hilak ez du jadanik titiarik hartzen
esku-eskaileraren bazterrean.
Zutiturik, azken irrintziak dagite zaldiek, odolusturik,
pizti-hegazti harraparien eremuan
sarraski gorrienetan odoleztatuta.
Zezen zauritua bera ere
amorruz betea irten da plazatik
eta portzelanazko dendara erretiratu da
bere barru nahigabetua hustutzera.
Negarretan urturiko malkoek
ezin dute, ezin, tamainako surik itzali.
Bederatzi irudiek soilik, bederatzi, osatzen zuten
alde bateko batailaren ondoko paisaia;
gure begi lohiek ¾sugar eta olio-kriseiluaren laguntzaz¾
nekez ikus zitzaketen irudiak:
lau emakume, haur bat, gudari baten estatua,
zezen, zaldi eta txori bat
azaltzen ziren paisaiaren erdian.
Irudien itzalak
espiral-itzaletan kateaturik zeutzan
kasko eta zaldi ferren artean.
Eta haize beltzak, portuan barrena,
mantso-mantso zeramatzan errautsak itsaso hondora.
Ilargiak bainaturiko mapetan
¾zuri-beltzean leherturiko itzal-argipean¾
amets bat izan dut bart arratsean:
txori eta hegazti zuri eta polikromoek,
erramu-adaska mokoetan,
altxatu berri dituzte airera zeru-ortziaren harresiak
hegal-ezgrabitatearen hegadaz,
eta zirkulu handiena brodatu dute
izar iheskorren biribilean.
Eta bart gaueko ametsa
amairik gabeko amets soila da oraino
¾amets beltz, amets hutsa¾
ene baitaren baitan.
Imanol Irigoien
(“Poema-sorta Gernikaren gainera” / Poema Bonbardaketa Gernikan egitasmoa,Abuztua 2004).