Imanol Azkue Ibarbia Atzera
Parisepetit
Bizi, Bixitxo!
Bizitza ederra da, Pako
Bizitzea ederra da, Pako
Udan badaude egun batzuk ederregi argitzen direnak lanegun izateko, eta gaur da horietako bat. Hori, ordea, geuk pentsatu dugu, eta ez zuk, Pako, gaurkoan, 1958ko agorrilaren[1] 1ean, Askizu aldetik eguzkia jaikitzen ikusitakoan, eder eta garbi, eta Zumaiari kolore guztiak aterarazi dizkiola, lotsaraziko balitz bezala hainbesteko argitasunarekin; zuri, Pako, ez zaizu gehiegi inporta edertasun hori, ezta astegun edo jaiegun den ere; izan ere, zuretzat egun guztiak dira berdinak eta egun batetik bestera bizitzea bera da ederra. Horregatik, Moilan, baporeko[2] kubiertaren gainean zutitu zarenean, ez diozu begiratu ere egin eguzkiari, ez diezu begiratu ere egin elkarri besarkatuta, karela karelarekin, lo egin duten itsasontziei. Pauso traketsekin, balantzaka egin duzu kubierta gainetik ertzera, Moila parera, eta azkar irten zara lehorrera. Atzean utzi duzu baporearen gain ihinztatua, atzean utzi duzu egur gainean marraztuta geratu den giza irudia, zurea, lo egin duzun tokian, eta oraindik nabarmen ikus daitezke han gainean zure hankak tolestuta, besoak bularraldean antxumatuta, gorputza kuzkurtuta.
Lehorrean, egurrezko arrain‑kaxen artean erdi ezkutatuta, oraindik arropatan itsatsita daramazun hezetasuna astindu duzu, hautsa balitz bezala, baina ez da hain erraz kentzen gau ilunaren manta umela. Oraindik gogortuta sentitzen zara, geldiarazita, gaueko hozmina hezurretaraino sartu zaizu eta. Neguan bai, ederki moldatzen zara, askoz ere hobeto; Xakuk Natalionean, Arrangoletan, gordetzen ditu hondartzako egurrezko kaxetak, Itzuruna joaten diren udatiarrek aldatzeko erabiltzen dituztenak, eta aukeran ere izaten duzu non lo egin, gaur hemen eta bihar han, aberatsen pare, Forondako markesa bazina bezala, soinean daramazuna besterik ez duzun horrek; baina ekaina iristearekin batera, Xakuk kaxeta guztiak gora igo ditu, hondartzara, eta lotarako beste leku bat bilatu behar. Zorionez, bapore ugari etortzen dira konpontzera, eta Moilan dauden bitartean, lo egiteko beti aurkitzen duzu kamainaren[3] bat. Atzo, ordea, ez zenuen asmatu, nonbait, baporearen barrenera iristen, eta kubiertaren gainean harrapatu zintuen loak.
Eskuarekin izterra ukitzean, galtzen patrikan Celtas paketea sumatu duzu. Azken zigarroa geratzen da, eta zimurtuta dago, zu adina. Ezpaineratu egin duzu, eta piztearekin batera, ahots ozen bat entzun duzu atzealdean, burlaizez, zu baino esnatuago.
–Pako! Goiz habil! Zer, lanera?
Migel eta Tomas dira, lanera, Carmelo Unanuenera. Zerbait esaten hasi zara, baina eguneko lehen hitza bidean geratu zaizu, ahotik irten gabe, marmarrean. Aho-sabaian gustu txarra sumatzen duzu, eta hortxe geratuko zitzaizun itsatsita erantzuna, parrandaren ajean, biharamunaren katean.
Moilatik Portu kalera joan zara pauso azkarrez, ia saltaka[4], eta Txikito Artadiren ondoko iturrian ura edan eta aurpegia busti duzu, atzo gauekoa ere garbituko eta argituko duzulakoan. Pixkanaka, hasi zara akordatzen. Azken zurrutadak Erreketanean egin zenituen, hori ondo gogoan duzu, baina ez zara akordatzen nola egin zenuen lotara, are gutxiago noiz. Egun handia izan zen atzokoa, behingoagatik patrikan dirua zeneukan eta; baina beti bezala, ez zenuen onik izan azken perro txikia[5] gastatu arte, txin‑txin. Denborarik ez duzu neurtzen, denborak ez dauka garrantzirik zuretzat, baina badakizu maiatzeko lehen egunetan txanak[6] bezain seguru etortzen direla garagarrileko[7] azken egunetan eibartarrak agorrila gurean pasatzera, etxea alokairuan hartuta edo apopilo, eta Alfako furgoneta lehertu beharrean etortzen dela, trastez beteta. Zuk ere ikasi duzu, eta haiek ikusitakoan, Erribera kalean, zeure burua eskaini zenien laguntzeko, gauzak hirugarren pisura igotzeko. Pozik etortzen dira Zumaiara, eta pentsatu zenuen kartera furgoneta bezain beteta ekarri bazuten, kobratu berritan, emango zizutela eskupekoren bat, eta halaxe gertatu. Tak, billete txikia eskura, lana bukatutakoan. Beti besteen mende bizi denarentzat gauza ederra da poltsikoa beteta edukitzea, behingoagatik zeuk erabakitzea noiz eta zer erosi edo edan behar duzun, nork gonbidatuko zain egon gabe. Billetea edo txanpona, ez zuen askorik iraun zurekin, ordea. Azkenekoan, patriketako zuloetan erremiendo onak jarri zizkizun Justak, baina, hala ere, zulorik handiena zuk borondatean, Pako.
Erribera kalean geratu zara, Goiko plazara daraman aldaparen barrenean, zigarroari azken keak kentzen, badakizu eta oker handirik gabe laster pasako dela handik esnezaleren bat, karga-karga eginda, bi eskuetan marmitak eta ezinean, eta eskertuko duela laguntzea azokara igotzen. Urrutira, ordea, Txinbi ikusi duzu, txaperoen[8] kaboa, eta hura konturatzerako aire eman duzu beste aldera, ezkutura. Begitan hartuta zauzka, eta astindu ederrak ere ematen dizkizu, gehienetan batere arrazoirik gabe. Norbaiti txalupatik izkirak falta zaizkiola? “Pako Rata izango zen!”; Moila inguruan zerbait puskatuta agertu dela? “Pako Rata izango zen!”; betiere zu errudun, eta, egia esan, onartu duzu hala izatea, ez zaizu askorik inporta. Onartu duzun bezala “Rata” ezizena, onartu zenuen bezala bizitzaren ohiko arrastotik irten eta zer etorri hura hartu bizitzea. Horregatik, Txinbi ikusi orduko, ihesi egiten diozu, eta ihesika ikusten bazaitu hark pentsatzen du zerbait egin duzula, eta estu hartzen zaitu atzetik.
Goiza ohi bezala pasa duzu, Moila inguruan, atzera-aurrera, patxixarrak[9] ibiltzen diren bezala, zeregin handirik gabe, hegaldi laburra eta pausatu, hegaldi laburra eta pausatu. Ez dago aspertzerik hemen, batzuentzat oporraldia izanagatik lan ugari dago eta, batez ere porlana kargatzen merkante txikietan, ezezagun eta urruneko egiten zaizkizun lekuetarako: Larache, Cádiz… Jendea lanean ari da, eta zu begira, baina ez dizute kasurik egiten. Behin baino gehiagotan eskaini dizute lana, porlanaren karga-deskargan, edo oholak karreatzen, eta esan dizute emango dizutela patrikarakoa, baina hain da lotua lana libre eta zoriontsu bizi denarentzat; zer da, ba, gogorra erlojuari kateatuta egotea!
Anjel pasa da, tailerrera pieza baten bila, eta zigarroa luzatu dizu, hitzarekin batera.
–Zer dugu, Pako? Atzo dantzan, ezta?
–Bai.
Urdailean zuloa sumatu eta konturatu zara, halako batean, ez duzula fundamentuzko ezer jan goiz osoan. Hori pentsatzearekin batera Estalapera joan zara, El Ciervo tabernaren atzeko atera, eta hantxe egon zara zutik, Justak, etxekoandreak, ikusi zaituen arte. Txitxarroak erosi ditu tabernarako, bazkaltzeko, eta haiek garbitzeko agindu dizu; patrikatik aizto txikia aterata horretan jardun duzu grinatsu, arrainei buruak kendu eta barruak garbitzen; bukatutakoan, eskuak iturrian garbitu dituzula ziurtatuta, txorixo‑mutur bat eman dizu andreak, zure aingeru goardakoa denak. Ez dizu ezer esan, beharrik ere ez dagoelako, baina badakizu, gero, bazkalorduan, zerbait emango dizula beti bezala, atzeko atetik.
Jo dute hamabiak Parrokiako kanpaiek eta segidan hasi dira lantegietako sirenak: Carmelo Unanuenekoa, Balenciagakoa, Otto Holkenekoa… Laster pasako dira langileak etxera bidean, bazkaltzera, eta geldialdi motza egingo dute Erribera kaleko tabernetan, presaka, gehienei nagusiak ordubete besterik diete ematen eta bazkaltzeko. Zu, Pako, ogiaren azkenak jatearekin batera, oraindik papurrak paparrean, Cantábricon sartu zara, eta atetik sartu orduko Joxe Antoniok basoerdia atera dizu. Berriz ere egunkaria irakurtzen jarraitu du.
–“Azpeitia celebró con gran solemnidad la festividad de San Ignacio”. Horixe jarri zien joan den urtean, igual-igual! –esan du, periodiko zabaldua mahai gainean uztearekin batera.
Hurreratu eta egunkariko argazkiari begiratu diozu, San Inazioren irudiari. Ezaguna egin zaizu, seguru asko iazko periodikoan ikusita. Pentsatu duzu santuak ez direla zahartzen. Ahots bat entzun duzu bizkarraldean.
–Zer, Pako, gerrikorik ez al daukagu?
Joakin Kurriñoa da, eta begirada jaitsi ere egin gabe, eskuarekin heldu diozu galtzei eusteko dabilkizun sare‑pusketari. Gerrikoaren belarria puskatu zitzaizun eta ez zenuen asmatu hura konpontzen; galtzak zerbaitekin lotu behar, eroriko ez bazitzaizkizun, eta une hartan sarea besterik ez eskura. Konturatzerako, Kurriñoak gerrikoa luzatu dizu, bere galtzetatik aterata.
–Eta beste zerbait behar baduk, esan.
Irribarre egin duzu, zorioneko sentitu zara, badaukazulako zeinek on egin eta lagundu.
Langile‑multzo bat sartu da tabernara.
–Egun on, ederra dago eta! Ederregia lan egiteko!
Udan badaude egun batzuk ederregiak lanegun izateko, eta gaur da horietako bat. Hori, ordea, geuk pentsatu dugu, eta ez zuk, Pako; zuri, Pako, ez zaizu gehiegi inporta edertasun hori, ezta astegun edo jaiegun den ere; zuretzat egun guztiak dira berdinak eta bizitzea bera da ederra.
Oihanaren koadernoa
Zumaia, izena eta izana
"Gutxien espero duzunean, deitzen dizute zure lana finalista dela esaten"
Bigarren aldiz Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Sarietan finalista izan da Imanol Azkue (Zumaia, 1965), Kea airean bezala lanari esker.
Irabaztea garesti al dago?
Irabaztea zaila da, bai, ez da erraza. Finalistak aukeratzeko, aurreko urtean argitaratutako liburu guztiak aztertzen ditu epaimahaiak, eta horietatik onenak aukeratzen dituzte finalista izateko. Beraz, finalista izate hutsa ere nahikoa sari bada, eta lan finalista guztiak nahikoa goi mailakoak dira.
Zer baloratu du epaimahaiak zure lanean?
Ez dakit. Miren Agur Meaberen lana baloratu dute eta epaia arrazoitu ere bai, saria emateko. Baina ez dakit zer baloratu duten nire lanean, ez didate adierazi.
’Kea airean bezala’ lanarekin iazko Lizardi Saria jaso zenuen. Espero zenuen Euskadi Sarietarako ere hautatzea?
Lehen, finalista izan nintzen aurreko aldian ere, antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Liburuaren kontuak aspaldi bukatutzat emanda neuzkan: argitaratzea, prentsan azaltzea, honelako galderei erantzutea... Ahaztu egiten duzu. Eta, halako batean, gutxien espero duzunean, deitzen dizute eta esaten dizute zure lana aukeratu dutela finalista. Horregatik, sorpresa izan da, bai.
Sariak motibazio bat izango dira idazlearentzat. Zuk zeuk nola hartzen dituzu?
Beti da pozgarria egin duzun horrek aitortza izatea. Batzuetan ingurutik jasotzen duzu, senideek, lagunek-eta irakurri eta esaten dizutelako gustatu zaiela, eta satisfakzio handia da. Beste batzuetan, aitortza hori epaimahai aditu batek egiten badizu, beste balio bat dauka, eta idazten jarraitzeko indarra ematen dizu.
Segur aski beste literatur lanen bat ere esku artean izango duzu une hauetan.
Beti ari gara zerbaitetan. Laster ipuin bat argitaratzeko asmotan gara, datorren hilaren erdialderako-edo, gauzak ondo badoaz. Umeentzat da, idazten hasi berri direnentzat, eta Osaba Patxiren koadernoa du izena. Nahikoa berezia izango da, koaderno-itxura izango duelako. Ilustrazioak Txiki Agirre Keixetarenak dira eta diseinua Roberto Gutierrezena. Zumaiako Inpernupe elkartearen bidez aterako dugu.
Osaba Patxiren koadernoa
Kea airean bezala
Nekezko egunerokoak
Ipuin sortari zenbait gauza eskatzen zaie. Bat baino gehiago egotea, gutxienik. Ez da beharrezkoa bildumatzat ulertzen duguna izatea, hots, zerbait mardula, baina ipuin liburua diogunean, klasikoak edo salbuespenak kendurik, gutxieneko aniztasun edo kopurua eskatu ohi da. Berriz ortodoxia? Akaso bai, baina horixe da ohikoa.
Imanol Azkueren ipuin sorta labur honekin irakurlea, esan nahi baita ni, kasu honetan, gose eta egarri geratzen da. Gehiago eskatzen dugu, luzeagoa izatea kasu. Apetitua piztea lortzen denerako the end arin eta presazkoa dator. Ez dakit nori dagokion coitus interruptus horren erantzule izatea, egileari ala editoreari (ala biei).
Sei ipuin labur ageri dira Azkueren lan honetan.
Lehena, Silvie eta Alfonsori buruzkoa, erromantizismo dosi handikoa dugu, kontakizunaren denbora aldaketa nabarmenekin. Bigarrenak, Belen eta Rafari buruzkoak, aurrekoarekin kontrastatuz, sinpletxoa dirudi; badu, halere, amaiera ustekabekoa (guztiek duten bezala; beraz, egilea saiatu egiten da nik gorago aipatu arau ortodoxoa betetzen). Hirugarrena, Laura eta Iñaki ageri direnekoa, lortuena iruditzen zait, bereziki apurka-apurka aldatzen doan mutilaren aldartea erretratatzean, krudeltasun puntu berezia igeri egiteraino. Laugarrenean, Joanitorenean, amaierako kontentzioa gustatu zait. Bosgarrenean, Kristina eta Jabierrenean, kontalaria oso lortua dugu, ikuspegia aldatuz baino orojakile mantenduz, eta amaiera, berriz ere, bikaina. Seigarrena, azkena, marinelei buruzkoa, guztietatik desberdinena da, zalantzarik gabe, eta ez dio mesederik egiten aurreko ipuinei, nik uste. Azkenak hizkuntza aberats eta poetikoa darabil, beste ipuinen aldean; baina, bitxia bada ere, guztietan flojoena iruditu zait, desberdinegia delako, isolatuegia.
Ipuinotan badira elementu errepikatuak. Osotasuna ematen diote bildumari: elementu garrantzitsuena bikote harreman gaiztotuen gaia da, berorren eragina eta tirabirak; gizon eta emakumeen begiradak ere azpimarratzen saiatzen da; iraganeko elementua ere puntu garrantzitsua dugu ipuin batzuetan, iraganeko zerbait, orainari eragingo dion zerbait misteriotsua.
Egunerokoak ez diren edo badiren ipuinek egarriz uzten gaituzte akabuan. Gehiago nahi genuen.
Ibilaldiak
Ipuinen ezaugarri moduan esango nuke errealitatean daudela kokatuta, salbu eta azkena “Caly eta oroitzapenak”, eta, areago, errealitate hori ironiaz dago deskribatuta; orekatsua da, baketsua, ederra eta erakargarria, itxuraz soilik. Itxurak, ordea, beti izan dira engainatzaile, jakina den bezala. Gero bat-batean denak egiten du eztanda eta goiak jotzen du behea eta oreka osoa galtzen da. Detaile txikiak dira, irudipenak, jelosiak eragindako pentsamendu beltzak, baina bere txikian errealitatea osoa hankaz gora jartzeko indarra dute. Bizitza modernoko ajeak, gizonezkoak ez dira gauza beren emazteen maitasunari eusteko; eta haiek (emakumeak) ez daude gizonen leialtasun eza jasateko prest. Edo, bestela, ez daude ez bata ez bestea elkar ulertzeko gogoarekin.
“Egunerokoa ez den buelta” desberdina da. Iraganak orainarekin topo egiten du eta horrek gizon heldu jubilatu berri baten bizitza errotik aldatzen du. Gerrako historia, gezur baten historia, azkenera arte argitzen ez dena. Ibilaldi baten historia, Zumaiatik Askizura eta handik Getariara, hantxe argitu behar baita historia. Oso erritmikoa, oso musikala. Irakurtzea merezi duten ipuinak dira behintzat, beren desberdintasunekin eta beren argi-ilunekin.
"Protagonistek eguneroko eztena, arantza, mina, daukate sartuta"
1995ean idatzi nuen nire lehen ipuina. Idatzi eta saritxo bat irabazi. Horrek animoa eman zidan idazten jarraitzeko. Harrezkero, urtean ipuinen bat idatzi izan dut, eta gorde ere bai, karpeta batean. Askok galdetu izan didate liburua noizko, eta guztiei erantzuten nien lasai egoteko, ez neukala presarik; halere uste dut neurri batean lotsa edo beldurra ere bazirela tartean, nik idatzitako zerbaitek liburu itxura hartzeagatik eta, batez ere, askoren eskuetara iristeagatik, kritikoen begi zorrotzek irakurriko zutelakoà Horregatik, ipuinak hor egon dira geldirik denbora luzean, lasai.
Lizardi saria eskuratu zenuen arte?
Bai, azkenean egun handia iritsi zen. Gaur egun handia da kaleratu nuen, nahi nituen marrazkiekin. Eta jendeari gustatu egin zitzaion! Liburu txiki horrek poz handiak eman dizkit, eta argitaletxeko ateak ireki ere bai. Orduan, pentsatu nuen une egokia zela ordura arteko ipuinekin zerbait egiteko.
Eta Egunerokoa ez dena osatu zenuen. Zergatik aukeratu zenuen titulu hori?
Liburuan bada ipuin bat Egunerokoa ez den buelta izenekoa, eta hortik dator titulua. Hainbat arrazoirengatik aukeratua dago: liburuko kontakizunak ez direlako egunero gertatzen direnak, ez direlako ohikoak; iradokitzailea delako, jakin-mina pizten duena ere bai; ez delako egunerokoa liburu bat kaleratzea, nahikoa gertaera berezia delako; eta protagonistek eguneroko eztena, arantza, mina, daukatelako sartuta, neurri batean...
Errealitatearen itxura
Hemen, hor, han
Egunerokoa ez dena honetan, sei ipuin bildu ditu egileak, biak giro arras desberdinetakoak, baina estilo eta adierazpide berak uztartuta. Ahalegin nabarmena egin du idazleak, testua ahozkotik oso hurre egon dadin, nahiz eta kaleko berbetak eta liburuetakoak bat bera izaterik ez duten. Inork ez dezala pentsa portzierto, sinfalta eta halakoetara jo duenik. Ez, horixe. Elkarrizketak izan edo bestelako testuak izan, liburuak badu kadentzia arin bat, dotorea, testua landu eta landu orain artekora iritsi den seinale. Zurruntasun gramatikalak albo batera utzita, kalekoa idatzira ekarri du, eta, horrela, tarteka-tarteka aurkikunde txikiak egingo ditu irakurleak. Halaxe jakingo du, kasurako, Zumaian olatu-hormari paola esaten diotela.
Gainerakoan, irakurleari irudituko zaio betiko gaiak agertzen direla liburuan, ez dela deus eransten, baina ikusmoldeak eta esateko moduak jantzi berriz aurkeztuko dizkigute gaur egungo betiko gaiak (honezkero klasiko samarrak). “Udaberria loratu zaizu, Silvie” ipuina Suitzan girotuta dago, eta iraganaren eta orainaren arteko karranpa edo zirkuitulabur horietako bat ekarriko digu, “Egunerokoa ez dena” eta “Caly edo oroitzapenak” kontakizunetan legez, baina horietan bestelakoak izango dira gurutzatzen diren lekuak eta garaiak. “Nor singularrean”, “Lotan dago Laura” eta “Hurrengoan nora?” ipuinetan, berriz, nortasunaz eta maitasun-harremanez, edo batere maitasunik gabekoez, dihardu Azkuek.
Aipatzekoa da, halaber, nola aldatzen den kontalaria ipuinean bertan, oraingoaz ari den, iraganaz ari den… “Nor singularrean” kontakizunean, esaterako, pertsona baten bizi-egoera aurkezten zaigu: nolako bizimodua duen, zer harreman duen bikotearekin…; zer den, azken batean. Alabaina, izate hori hainbat ikusmoldetatik ageri zaigu: pertsonaiaren ikuspegitik, itxurakeria zer den ez dakien lagun baten ikuspegitik, bikotearen ezerezetik.
Miragarria da zeinen ondo ezagutzen dituen irakurleak pertsonaiak, nola jabetzen den haien izanaz. Izan ere, pertsonaien barruko ahotsa mintzatzen zaigu sarri, estalkirik gabe, agerian, aitorkizun txikiak nahiz handiak eginez. Horrenbestez, pertsonaia batzuk patetikoak izango dira, gezurrezko munduan bizi baitira, eta bertan goxo, gainera.
Ipuinen amaieran ez dago ustekabe artifiziozkorik, ez ikaskizunik, ez ikuskizunik. Amaierak ipuina joan den bezalatsu joaten dira, nahiz eta idazlea batean edo bestean halako txilinbuelta bat egin nahi izan duen azken paragrafoan. Halako koordenatu ezagunetan ibiltzeak ere lasaitu egiten du irakurlea, eta irakurraldia samurra gertatzen da, atsegingarri. Liburuko dramak ere ez dira gertatzen oso dramatiko.
Hala ere, arteztu beharreko zerbait aipatzekotan, irudiak eta konparantzak nabarmenduko nituzke. Bihotz-taupadak, suak, keak eta beste maiztuegi daude, larregitan erabili dira bikote-harremanak deskribatzeko, eta, hortaz, estimatzekoa litzateke beste bide batzuk urratzea, sinesgarritasunaren eta doinuaren mesede.
Liburua hartu eta entzun. Irakurri, jakina, entzuteko, eta ibiliko zara potinean Leman aintzirako uretan, Zumaiatik Getariara mendiz, Pragara irriz… Konturatu orduko amaitzen da liburu hau, ezer gutxi gaineratzen duena baina polito idatzia.
Egunerokoa ez dena
Joan badoa
"Hemen zaude, orduan!", pentsatu du Joanek, eta poltsa petrilaren kontra utzi du erortzen, lurrean. Poltsaren barruan ez dauka ezer hauskorrik, soinua aterako duenik, beirazko edo metalezkorik: botilarik, etxeko giltzarik..., ezta iraganari lotzen dion aingura astunik ere.
Aurrerantz makurtu da Joan, petrilerantz, eta ukondoak gainean jarrita, zeruertza beste mugarik ez daukan itsaso urdin zurira begiratu du, gertuen daukan olatuen zuritik begirada zimurtu arteko urdin urrunera. Kosta egin zaio urrutikoa ikustea, hainbeste denboran gertukoari begiratzen ohituta. "Hemen zaude!", errepikatu du. Begiak itxi eta usnatu egin du, sakon. Kresala itsatsi zaio berriz ere, ustez, birika hauspoetan, eta gogoratu du harresien gaineko txarrantxaren gainean itsas haizearen tantak nola anpulutzen ziren, zuri, aire izatetik malko bihurtzera, artile galduak bezala burdina herdoilduetan.
Orduan, barrua eta kanpoa zegoenean, baina batez ere barrua, sumatu ez ezik, irudikatu ere egiten zuen kanpoaldean itsasoa, zabal, handi eta mugarik gabe, debeku eta horma besterik ez zituen kartzelaren barruan. Muga fisikoa, bai, baina baita denborarena ere, han barruan minutuak beti 60 segundo baitzituen, eta egunak, nahi baino astiroago, banan banan eta herrestan pasatzen, kondenaren kate mailan.
Petrilaren azpialdean hondartza hutsa zabaltzen zaio, harea zuriz, eta gogoratu du jangelako koadroa, hainbeste aldiz begiratua, oker handirik gabe orain xehetasun guzti guztiekin marraztuko lukeena: eguzki berozko argitan, etzaulki marraduna (zuria eta urdina) erdian, hondar zuriaren gainean, eguzkitakoaren azpian; eta, batez ere, haizeak bere toles guztietan dantzarazten zuen toalla berdea. Zenbat eta zenbat aldiz irudikatu zuen bere burua koadro haren barruanà Hemen eta orain, ordea, ez dago inor ere hondartzan, negua baita eta hotza da nagusi airean.
Ordu erdi lehenago irten denean, kartzelako ate nagusiaren aurrean, ondo eta pazientziaz azaldu dio funtzionarioak, esplikazioak sarritan eman izanaren ziurtziaz: "Aldapan gora eginez gero, beti harantz, etorbide nagusia ailegatutakoan erraz iritsiko haiz tren geltokira". Buruaz baietz egin dio, eta eskerrak eman ere bai, baina bidera irten orduko Joanek behera egin du, kontrako norabidean, poltsa bizkar gainean hartuta, platanondoz hesitutako errepidean, itsasoaren bila, batik bat urrunean urdintasun umela sumatu duenean.
Ez daki zenbat denbora egin duen horrela, mugitu gabe, petrilaren gainean ukondoak. Ezker eskuin begiratu du bazterretara. Jendea dabil paseatzen espaloian, baina behealdean hondartzak basamortua dirudi, itsasoagatik ez balitz. Hormigoizko hesia pasatu eta hondarrera jaitsi da, salto batean, uste baino errazago eta arinago. Korrika hasi da hondarrean, herioan, norbait atzetik orpoz orpo segika balu bezala, baina barrezka, pozik, eta jarraitu egin du harik eta birikek nahikoa dela esan dioten arte. Orduan, hondarraren gainean etzanda, gora begiratu du, zerura. Lainoak ikusi ditu mugitzen, ardi zuri aldakorrak, baina hemen ez dago txarrantxarik, ezta harresirik ere, zerua hesituko duenik. Goizero, barruan, patioan zegoela, Bruselara zihoan hegazkinak 11:15ean lerro zuria marrazten zuen zeruko arbel urdinean, mendebaldeko horma gainditu eta patioari zegokion zerugunea zeharkatzen zuen, eta orduan, ke lorratzari begiratuta, ondorioztatzen zuen haizea nondik nora zebilen kanpoaldean; izan ere, presoen urratsak kenduta, patioan ez baitzen beste ezer mugitzen, askatasunaren haizea eta borondatea ez bazen, hormigoizko basamortu gris hartan. Basamortua, bai, berde izan behar zuten zuhaixka apaingarriak ere jarri orduko horitu baitziren han, patioaren erdian, egunero ureztatuagatik. Izan ere, kartzelan ez baita inor edo ezer lekukotzen edo sustraitzen, goroldioa eta ahanztura ez badira.
Zutitu, arropetan itsatsitako hondarra astindu eta oinez itzuli da Joan poltsa utzi duen tokira.
Orduan, makurtu eta poltsa hartzera zihoanean, ahots xume eta mehe bat entzun du atzealdean, orain ere, "Joan!, Joan!" deitzen diola, baina ez du bururik jiratu, jakin baitaki ondoan ez duela inor, bere irudimenean baino ez dagoela hitz hotsa. Etengabe entzun du urte hauetan guztietan eta ez dio alde egin buru barrenetik, uneoro gogoraraziz gertatua. Kondena bat beteta, besteak bere horretan jarraitzen du, beraz.
Poltsa bizkar gainean hartu eta hiri handiko tren geltokira abiatu da, oraingoan bai, funtzionarioak agindu dion bezala, kalez kale, gorantz, etorbide nagusira iritsi arte. Bidean, ordea, ez da kartzelaren aurrealdetik pasatu, nahita. Urrutira ikusi ditu hormak eta zaintzako dorreak, hain ezagunak bezain gorrotatuak. Hiri bihotzera gerturatu ahala, mugimendua eta zarata gero eta biziagoa zen, batez ere jendearena eta autoena, eta etorbideak zabaldu egin zaizkio aurrealdean. Espaloian doala, ehunka aurpegirekin gurutzatu da, baina konturatuta da inork ez diola so egin begietara, eta poztu egin da. Azkenean, inork ez du zelatatzen eta zaintzen, bat gehiago da.
Geltoki handiaren erdian zutik, aurrealdean daukan pantailari begiratu dio: inguruko eta atzerriko hiri handi asko daude zerrendatuta, zer ordutan izango diren trenak. Aulki libreak badaude eta horietako batean eseri da, pantailaren aurrez aurre. Goitik behera pazientziaz irakurri du hizki berdezko zerrenda, baita behetik gora ere. Joanek ondo daki, ondotxo, iraganaren berri, nondik datorren eta zer utzi duen atzean; etorkizuna, berriz, erabat ezezaguna zaio, baina paneleko hizki aldakorretan dago idatzita. Tarteka, izenek dir dir egiten dutenean, badirudi keinada bakoitza gonbidapena dela berriz ere hasteko.
Joan badoa, baina ez daki nora.
"Nahikoa lan daukat saria irabazi dudala sinesten"
Beti euskararekin zerikusia duten lanbideetan ibilia zara. Zein da hizkuntza honekin duzun harremana?
Harreman estua dut euskararekin. Haurtzaroko hizkuntza bakarra, ikasketetakoa, lagunartekoa, lanekoa... Egunerokoa dut euskara. Euskara hizkuntza baino zerbait gehiago da, barru-barruko zerbait, gurekin batera daramaguna. Euskaldun egiten gaituena.
Orain ere hizkuntza aholkularitzan ari zara lanean. Zein da zure ustez euskararen osasuna?
Botila erdi hutsik edo erdi betea ikustea dago. Aurrerapauso handiak egin ditugu: administrazioan, irakaskuntzan... Baina ezin dira ahaztu azkenaldian euskarak izan dituen erasoak: Nafarroan erabat baztertuta eta gutxituta...Euskaraz hitz egiten dugunok oraindik ere gure herrian arrotz. Katea horretan, azkena Egunkaria ixtea da, adierazpen askatasunaren, euskaldunen eta euskararen aurkako erasoa....
Bestalde, literatura irakurtzea eta idaztea ere betidanik gustuko izan duzu. Zein liburu mota eta zein hizkuntzatan irakurtzen dituzu?
Euskaraz eta tarteka gaztelaniaz ere bai, ipuinak eta nobelak irakurtzen ditut batez ere. Baina gora-behera handiak izaten ditut, denbora librearen arabera, nahi baino denbora gutxiago izaten dut eta horretarako. Liburuak normalean liburutegitik hartzen ditut; joan, iritsi diren azkenekoak begiratu eta bat edo beste eramaten dut etxera. Askotan, ordea, begiratu ere egin gabe itzultzen ditut liburutegira...
Sari ugari irabazi duzu. Zergatik hasi zinen lehiaketetara zure lanak aurkezten?
Betidanik gustatu izan zait idaztea. Zumaiako Julene Azpeitiako Lehiaketan aurkeztu nuen lehenbiziko lana. Lehenengo lana bukatu eta saria irabazi nuen. Hori akuilua izan zen jarraitzeko. Harrezkero han hemenkako lehiaketetan hartu dut parte. Lehiaketek, berriz, neure buruari gogor egiteko balio dute, epe jakin baterako halako luzerako ipuina egin behar... Bestela, presio hori gabe, nekez bukatuko nituzke lanak...
Zer adierazi nahi izan duzu Gaur egun handia da ipuinarekin?
Uste dut titulua adierazgarria dela. Gaur egun handia da sari banaketako eguna delako. Ipuina bederatzi urteko ume batek kontatzen du. Aita, enpresa batean langile izateaz gain, idazle ere bada, eta ipuin batekin sari bat irabazi zuen. Orduan, umeak kontatzen du, bere begietatik, aita idazlea dela eta zer den idazle izatea, bere ustez zerk egiten duen aita idazle, eta kontatzen du goiz horretan, sari banaketako ekitaldira joan bitartean, zer egin duten. Neurri batean, familia arrunt baten erretratua ere bada.
Nola sortu zen ipuin honen ideia?
Lehenengo txispa nire ohiturek eman zidaten, noiz idazten dudan, nola... Iruditu zitzaidan nahikoa bitxia izango zela hori nire semearentzat, eta hortik abiatuta niri edo ingurukoei gertatutako anekdotak eta pasadizoak lotuta, pixkanaka istorioa gorpuztu egin zen.
Idaztean zuzendutakoaren gainean zuzentzen duen horietakoa al zara?
Bai. Idatzi, berridatzi, utzi denboraldi bat, berriz zuzendu... Etengabe. Ez naiz batere konformaerraza...
Sari hau Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Gerardo Markuleta eta Felipe Juaristi bezalako idazle ezagunek irabazi dute. Zure burua idazle kontsagratu hauen alboan ikusteak zer sentiarazten dizu?
Nahikoa lan badaukat saria irabazi dudala sinesten... Zuk esan dituzun horiek idazle idazleak dira. Guk horiei urrutitik eta behetik gora begiratzen diegu...