Garazi Kamio Atzera
Orube abandonatuak
Augustin Zubikarai Beka-saria, Garazi Kamio idazle andoaindarrarentzat
Augustin Zubikarai beka-saria, Garazi Kamio idazle andoaindarrarentzat
"Orube abandonatuak" egitasmoarekin lortu du epaimahaiaren oniritzia
Garazi Kamio nagusitu da Augustin Zubikarai sarian. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarrekin antolatzen duten beka da hauxe. Hogeita hamabost lan aurkeztu dira aurten, inoiz baino gehiago, eta horien artean Kamioren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen Augustin Zubikarai saria. Orain arte, Joxean Agirreren “Zwei Frauen (Bi emakume)”, Itxaso Araqueren “Damutzen ez direnak” eta berehala aurkeztekoa den Garbiñe Ubedaren “Hobe isilik” sortu dira laguntza honi esker. Hurrena, Garazi Kamioren "Orube abandonatuak" izango da.
"Beti esan dut norberak bere burua pertsona arrunt moduan ikusten duela; eta noski, inguruko zenbait dituela arrotz, edo normaltasunetik kanpo baleude bezala. Baina hori ezin al daiteke alderantziz izan? Beharbada gu geu gara arraroak besteen begi arruntetan". Garazi Kamioren hitzak dira horiek. Iaz Beste norbaiten zapatak (Elkar 2012) izeneko narrazio liburua plazaratu zuen. Eguneroko kontuak, ustez txikikeriak direnak, hartu zituen mintzagai. Eta gaur egungo pertsonaiak, ustez gu bezain normalak direnak, gorpuztu istorio horien bueltan. Igartza Beka Saria eskuratu zuen lan hori osatzeko.
Orain Augustin Zubikarai bekari esker, “Orube abandonatuak” izeneko nobela osatu ahal izango du.
Bideguretzeko larritasunak
(2011-03-02) Bidegurutzeko larritasunak
Garazi Kamiok 'Beste norbaiten zapatak' ipuin liburua kaleratu du, Igartza sariaren laguntzaz idatzia
Igor Susaeta /Donostia
Garazi Kamiok (Andoain, 1979), uste du bakoitzak badituela «bere istorio propioak», besteentzat, agian, «huskeriak» direnak. Baina kontu horiek kontatzeko gogoa zuen, eta Beste norbaiten zapatak (Elkar) ipuin liburua idatzi du, «beste norbaiten zapatetan jartzeko gaitasuna ba ote dugun» frogatu nahi duelako. Bidegurutzean dauden pertsonak dira liburukoak, «beste horiek», eta bidegurutzean, zirt edo zart egin beharraren ondorioz, egonezina sortzen da. Kamioren aurreneko liburua da, «lehen haurra», eta 2010ean irabazitako Igartza Sariaren bultzadarekin kaleratu du. Liburuaren izenburuak berak «larritasun bat» sortzen duela adierazi zuen Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, Donostian atzo egindako aurkezpenean. «Batetik, iradokitzen zaigu idazleak baduela beste batzuen barruan sartzeko gaitasuna. Eta bestetik, batzuetan baino ez zaizkigula zapata horiek ondo egokituko. Horregatik, sortuko du desosegu bat irakurleengan...». Eta paralelismo literario bat egin zuen egileak: «Bakoitzak bere zapatak janzten ditu, baina besteenak janztean, orduan ikusten ditugu bestearen txikikeriak, burutik pasatzen zaizkionak». Mendigurenen iritziz, «ipuin kontalari bat» dauka barruan Kamiok. Eta sortzen dituen pertsonaiek «erreakzio bat» eragiten dute irakurlearengan, Mendigurenen aburuz. «Sinesgarriak direlako. Baina ez dira zu zeu pertsonaia horrekin identifikatzeko modukoak. Ez. Distantzia bat hartuta bezala aurkeztu ditu». Kamiok pentsatzen du pertsonaia horiek sor dezaketela «nazka, enpatia...». Bidegurutzean dauden pertsonaia horiek. Orain dela bi urte, proiektua saritu zutenean, bidegurutzean zeuden horien «kontakizunak» eskainiko zituela adierazi zuen egileak. Izena aldatu dio —Gerizpeko panpinak zen hasiera batean—, eta beste bat eman, Castillo Suarez poetaren poema baten izenburua hartuta. Hain zuzen, Suarez bera, Leire Bilbao, Eider Rodriguez eta Joseba Sarrionandia dira, besteak beste, egilearen erreferentzietako batzuk. Castillok poesia idazten du, batez ere, baina Kamiok ipuinei heldu die. Zortzi guztira. Bigarrenak Nessun Dorma dauka izena, eta hari buruzko azalpen labur bat eman zuen atzo egileak. «Alzheimerrak jota dagoen gizon bat, ibiltzeko arazo larriak dituena, emaztearekin bizi da. Horrek, baina, aldaka hautsiko du. Biak korridorean, lurrean daudenean, hasten da kontakizuna. Emakumeak sentitzen duena, oroitzapenak...». Aria ezagun baten izena da Nessun Dorma. «Opera hori dago ipuinaren bizkarrezurrean. Eta, egia esan, ipuin guztiek dute beste jantzi bat», esan zuen Mendigurenek. «Begiratzaile ona» da Kamio, haren ustez, «besteoi oharkabean pasatzen zaizkigun gauzei erreparatzen dielako». Igual, kazetari lan egin duelako. «Kazetaria behatzailea da, eta horrek lagundu dezake idazterakoan». Batzuetan egoerei tira eginda osatu ditu ipuinak, eta beste batzuetan pertsonaietan oinarrituta. Halere, pertsonaia horien harremanen «esparru eremua» zabaldu du. «Ez naiz bikote harremanetara mugatu. Uste baitut bizitza ez dela pertsona bakar batera mugatzen». 2010ek Igartza Sariaren beka irabazi zuen Kamiok. Iaz Goiatz Labandibar nagusitu zen Interrail proiektuarekin.