Ernesto Prat Urzainki 'Little' Atzera
Orpoz orpo
Froga sendoak
Hiru ilargi laurden
Ah ze parea!
Gazako ilargia
Lozen izan nintzen
Ateko txirrinak jo zuen, eta ez omen nuen entzun. Berriz jo zuen, ozen, gorgarri, eta iratzarri egin nintzen. Elefante baten buruko mina neukan. Mesanotxeko ordularia begiratu nuen begi itxiekin: eguerdiko hamabiak eta hemezortzi minutu ziren. Begitartea estutu nuen atzamarrekin, indar nahikorik bildu nahian. Ohatzean eseri nintzen. Aurreko eguneko prakak neramatzan jantzirik, eta ez-dakit-noizko gayunboak. Kamisetarik ez. Pasilloko ate aldera begiratu nuen. Asperen egin nuen. Nagiak atera eta jaiki egin nintzen, oreka mantentzeko besoa paretan paratuz. Pasillo guzia zeharkatu nuen, ziroka, burua ezin goratuz. Basamortuko zeharkaldia. Apenas begiak ireki gabe eta begiratu gabe ireki nuen atea.
-Mmmm? Ez zegoen inor. Begiak apur bat gehiago ireki eta alde guzietara begiratu nuen. Inor ez. -Jode... Ohatzeari urrunxko iritzi nion. Kanapean bota nintzen. Telebista gaineko erlojuak
hamabiak eta hogeita hamabortzak markatzen zituen. Erdiko mahaiaren gainean azken hamabortz egunetako hondarrak zeuden: pizza puskak, garagardo lata hutsak, garagardo- ipurdi beroak, ogi zati gogorrak, gasna zati izerdituak, nocilla botea... Igandea zen eta biharamunean lanera bueltatu behar nuen, hamabortz egunetako oporren ondoren.
Bikain joanak ziren oporrak, kanapetik ohatzera eta ohatzetik kanapera. Eta pizzak, eta garagardoa, eta telebista, eta play station-a. Ausarki, denetatik ausarki. Horiek bai opor eleganteak. Zertarako joan Saloura? Zertarako Zarautzera? Aupa Etxebeste!
Garagardo ireki bat hartu nuen mahaitik eta hurrupa batez edan nuen hondar trago beroa. Higuingarri zegoen baina onartu behar dut aldartea hobetu zidala. Korroka egin nuen, osasuntsu, eta bertze tragoren xerka astindu nituen mahai gaineko lata irekiak.
Telebistako mandoa erreskatatu nuen nire ipurdi azpitik eta zap, zap, zap hasi nintzen, nire burua zerk jantziko. Urdekeria, urdekeria, urdekeria... hau martxa. The lost to the river, fosilizatutako pizza zatia jan nuen. Korroka egin nuen. Bertze bat. Barrabilak harraskatu gero.LOZEN IZAN NINTZEN 3
Mohammed
Ordenagailua piztu nuen eta Windowsen musikatxoak ongi etorria eman zidan. Ta- ran, ta-rin... Zalantza egin nuen. Nondik hasi? Alferrik zela pentsatu nuen, hala ere, Hotmailen orrian sartu nintzen.
Erabiltzailea: joseba_zilarte@hotmail.com. Pasahitza: soyelputoamo.
Mezu berririk ez. Banekien. Bai, banekien, baina badaezpada hor nintzen, posta elektronikoa begiratzen. Noiztik ez nuen mezu berririk hartzen? Batek daki. Jasotakoen atalean sartu eta azken mezuaren data begiratu nuen. Patetikoa ni. Hilabete eta erdi baino gehiago mezurik jaso gabe eta, hala ere, egunero begiratzen nuen, bizpahiru aldiz gainera. Apur bat tristatu nintzen, bestondoa areagotu zitzaidan. Aski zela erabaki nuen, ez zela mezu berririk gabeko egun gehiagorik egonen. Spam-aren kontrako filtro guziak desaktibatu nituen.
“Mari Carmen, Mari Carmen, tu hijo está en el after-hour, Mari Carmen, Mari Carmen...” Mugikorra zen, alaiki joka, saturday night bailitzan. Igande goiza zen baina, edo eguerdia, eta ez nengoen sobera buruargi. Non ostia utzi diat mugikorra? Aurkitu nuenerako mutu zegoen, ahalketurik. Agendan fitxaturik ez neukan zenbaki baten dei galdua markatu zen pantailan.
Mugikorra eskuetan nuela oraindik, dardara egin zuen. Mezu berri bat > ikusi agertu zitzaidan pantailan. Baietz ba, ikusi:
Egun on. Entzun berria dut Iruñeko udalak atera homen du euskarazko idasle zuztatzeko leiaketa, sariak oparoak homen dira. Besterik gabe hurrengo arte.
Berriz irakurri nuen, eta ez nuen deus ulertu. Hirugarrenez irakurri nuen. Prefosta, mezu hori ez zen niretako. Ni idazle? Noiztik ez nuen nik idazten? Lehenengo jaunartzetik bederen. Oraindik gogoratzen dut, izan ere, nola ahantzi holako tortura? Ez dakit zenbat oroigarri egitera behartu ninduten: Joseba Zilarte, nire lehenengo jaunartzearen oroigarria, 1995ko maiatzaren 13an. Joseba Zilarte, nire lehenengo jaunartzearen oroigarria, 1995ko
LOZEN IZAN NINTZEN 4
Mohammed
maiatzaren... Ah ze tortura! Bai, zalantzarik gabe, mugikorreko mezua ez zen niretako. Ah ze egun beltza igande hura, mezu bakarra jaso eta ez niretako.
Zutik nintzela profitatuz, telebistako armairua ireki eta aspirina pare bat jan nuen. Garagardo pack bat hozkailutik hartu eta berriz kanapean bota nintzen. Hotmail itxi nuen, eta YouTube ireki. Zer bilatu? Mozkorrak paratu nuen, sobera pentsatu gabe, eta ni bezalako alproja batzuen bideoak baino ez ziren agertu ordenagailuaren pantailan. Ez nuen batere klikatu.
Garagardo bat ireki eta hurrupa luze bat eman nion. Bat-batean, sariak oparoak omen dira esaldia jira-biraka hasi zitzaidan buruan, mehatxuka kasik. Zer erran nahi zuen “oparoak” horrek? Zer dituk sari oparoak ipuin lehiaketa batean? galdetu nion nire buruari, liburu-sortak? Jakin-minak barneko harra iratzarri zidan.
Sari oparoak ipuin lehiaketa Iruñeko udala paratu nuen Googlen. Enter sakatu eta zera agertu zitzaidan:
EGILE BERRIENDAKO EUSKARAZKO XXIII. LITERATUR LEHIAKETARAKO OINARRIAK. 2012
Alimaleko txapa irakur zitekeen gero, letra txiki-txiki batean. Tabuladorea mugitu eta sarien atala bilatu nuen. Lehen begiratuan ez nuen aurkitu. Goiti eta beheiti sari oparoen xerka hasi, eta diru ez-dakit-zer ikusi nuen. Hemen izanen duk. Poliki irakurri nuen:
-Diru zuz-ki-du-ra.
Ze ostia izanen duk zuzkidura? Ez duk inporta, hemen aipatzen dik sosarena. Oparoak ez, baizik eta alimalekoak iruditu zitzaizkidan sariak. Sos hori guzia ipuin puta bat idazteagatik? Jode... Hurrupa batez edan nuen garagardo lata, nire mixeriak ito nahian. Zenbat egun joan behar nuen nik lanera diru zuzkidura madarikatu horien irabazteko? Hau mixeria. Garagardo lata berri bat ireki nuen. Glug-glug-glug-glug-glug...
Ideien ideia etorri zitzaidan burura: ipuin bat idatzi eta lehiaketara igorri, baita nire amatxiren bizia kontatu behar banuen ere.