Enkarni Genua Espinosa

Enkarni Genua Espinosa Atzera

2007ko Urriaren 12a
«Txotxongiloari bizia emateko, ahotsa, mugimendua eta bihotza eskaini behar dizkiozu»
Enkarni Genua: «Txotxongiloari bizia emateko, ahotsa, mugimendua eta bihotza eskaini behar dizkiozu»

Txotxongilo taldearen sortzailea xole.aramendi@gaur8.info

Xole Aramendi

2007ko Urriaren 12a

Loiolako kultur etxea txotxongiloen lurraldea izango da datorren astelehenetik aurrera. Leirek, Erreka Marik, Ipurtargik, Printze Txikiak... aspaldiko partez hantxe ikusiko dute elkar. Ezin izan diote Enkarni Genua «ama»ren gonbidapenari uko egin eta hilaren 26a bitartean haur zein helduen begiradapean egongo dira, txukun-txukun, bakoitza bere eszenatokian jarrita; gordeta egoten diren maletako lozorro ilunetik atera eta argitara irteteaz harro. Erakusmahai batean, mundu osotik Enkarnik eta Manolo Gomez senarrak ekarritako txotxongilo bildumaren erakusketa egongo da, txikienek ere beste kulturen berri izan dezaten.

Genuak hogeita hamabost urtetik gora damatza txotxongiloak egiten eta umeei emanaldiak eskaintzen. Eta pozarren jarraitzen du horretan. Emakume bizia da, alaia, hitz egiterakoan darabilen tonuak duen indarra erakusten du. Haurrek ez dakite, baina gaztetasuna «zurrupatzen» die. Horixe Enkarniren sekretua.

Erakusketak hainbat urtetako ibilbidea biltzen du. Zein da zure sentsazioa, egindako esfortzua datorkizu burura, polita izan dela uste duzu edo igaro diren urte luzeetaz gogoratzen zara?

Hori guztia. Lan handia da erakusketa prestatzea, baina sentsazio guztiak pozgarriak dira. Poz ikaragarria sentitzen dut. Ez nik bakarrik, txotxongiloak ere pozik daude, aspaldiko partez elkartu egingo baitira. Guztiak elkarrekin, dotore-dotore...

Titiriterotzat hartzen duzu zeure burua eta horretaz harro agertzen zara. Zer eman dizu bizimodu horrek?

Oso lan polita da. Sormen lana aberatsa eta interesgarria da, nahiz eta sufritu ere egiten duzun. Ez dago errutinarik eta beti duzu gainditzeko erronkaren bat, muntaia berri bat nola bideratu... Eta asmatzen baduzu, poz izugarria ematen dizu. Hau, dena den, orain sentitzen dut. Hasi nintzenean askoz errazagoa zen, gehiegi pentsatu gabe eman nuen lehen pausoa. Gainera, ikasleentzat festa da nire emanaldia eta egunak kontatzen egoten dira. Nik badakit eramaten dudana euren gustukoa dela. Irakaskuntzan lan egin dut, lehenik andereño bezala Larramendi eskolan eta, ondoren, irakasle moduan Magisteritza Eskolan. Asko gustatzen zait, baina tentsio uneak dituzu, kurrikulumaren disenua, lankideak, gurasoak... Txotxongiloekin poza bakarrik banatzen dut. Zer gehiago nahi dut? Munduko gauzarik politena da.

Txotxongiloekin egin duzun lana zuretzat ez da inoiz denborapasa izan.

Ez. Hainbat urtetan asteburutan egiten genituen emanaldiak, nire ogibidea irakaskuntza zen. Magisteritza Eskola itxitakoan utzi nuen irakaskuntza, baina nik ez dut desberdintasunik somatu, beti sentitu naiz titiritera profesionala. Gainera, antzerkiak eta eskolako lanak zerikusi handia du: entzuleen arreta lortu eta zerbait komunikatu behar diezu.

Nola hasi zinen?

Gure seme-alabak Jakintza ikastolara joaten ziren eta emanaldi bat egin genuen. Txotxongilo batzuk bagenituen eginak, etxean eta urtebetetzetan erabiltzen genituenak. Orduan ez zegoen ezer euskaraz -Kixki, Mixki eta Kaxkamelon pailazoak urtebetera hasi ziren-, eta berehala zabaldu zen ahoz aho. Hala, handik eta hemendik deika hasi ziren txotxongilo emanaldiak eskatuz. Nik ez dut sekula dirurik gastatu publizitatea egiten. Beharrezkoa zela ikusi genuen, hutsune handia zegoelako.

Beti izan al zara antzerkizalea?

Bai, txikitan antzerkia egiten genuen neska talde batek. Gaztetan mutil batzuekin elkartu ginen -eszenatokian senarra aurkitu nuen-. Betidanik gustatu izan zait oholtza gainera igo eta istorioak kontatzea.

Txotxongiloa eskuan duzunean aktore sentitzen al zara?

Noski, hala sentitu behar zara. Txotxongiloari bizia emateko ahotsa, mugimendua eta bihotza eskaini behar dizkiozu. Triste baldin badago zu ere halaxe zaude, pozik dagoenean ere gauza bera gertatzen da. Ez diot antzerkiari ezer kendu nahi, baina txotxongiloek aktoreek baino askoz gehiago egiten dute. Hegan egin dezakete... aktoreek, berriz, ez.

Tolosako jaialdian lan berria estrenatuko duzu. Nor da protagonista?

«Zergatik bizi da basoan Txanogorritxoren amona?» lanaren estreinaldi ofiziala izango da Tolosakoa. Protagonista Xabier da. Txanogorritxoren ipuina irakurritakoan, gauza asko ez ditu ulertu eta ikerketa abiaraziko du. Aiton-amona batzuen bakardadeari buruzkoa da lan berria. Nik amarena ere egiten dut, bi lanak egiten ditut.

Oso gaur egungo gaia da. Lan baten abiapuntua gaia izaten al da?

Askotan kezka izaten da. Gure lanak ez dira jolaserako bakarrik, zerbait esan nahi dugu. Pentsarazi egin nahi diegu, baita baloreak sortu ere. Beste kasu batzuetan euskal mitologiako pertsonaiak hartu ditugu: galtzagorriak, sugea, lamiak...

Beste proiekturik baduzu eskuartean?

Azaroan oso liburu polita argitaratuko dugu. Neska-mutilei galdera asko egin dizkiegula gure lanen bidez, fundamentuzkoak gainera. Esaterako, `katu guztiak gaiztoak dira?' `Zergatik batzuetan ilargia haserre dago?' `Altxor bat aurkitzeko oso urruti joan behar da?' `Lurra denon etxea da?'... Liburu horretan, euskal kulturako 21 pertsonak hartuko dute parte, guk egindako galderak erantzuteko.

Txotxongiloen teknika asko garatu da, baita umeak ere. Zuen lanek nola erakusten dute aldaketa?

Umeak ez dira asko aldatu, gertatu dena da haurtzaroa murriztu egin dela. Lehen 12 urte bitarteko neska-mutilak etortzen ziren, orain ez dira adin horretakoak azaltzen. Gurasoek gero eta seme-alaba gazteagoak eramaten dituzte saioetara. Nik, gutxienez, 3 urte izatea eskatzen dut, bestela arriskua dago esperientzia, gozagarria izan ordez, beldurgarria izateko.

Tolosako Nazioarteko Jaialdia aukera ona da hemendik kanpo zer egiten den ikusteko.

Tolosa eskola da guretzat. Aurten 25. urteurrena ospatuko dute. Gure Printze Txikia izan zen Tolosan aritu zen lehendabiziko txotxongiloa. Baina aurretik tolosarrak gugana etorri ziren laguntza eske, eta hasieratik talde sortzaileko kide izan gara.

Autoa hartu eta batetik bestera, herriz herri ibiltzea ez zaizu nekagarria egiten?

Kilometro asko egiten ditut. Askotan bakarrik joaten naiz, edo teknikari batekin. Nire asmoa pixkanaka lan gutxiago egitea da, gehiegi egiten dut eta.

Zuen lanbidean beti ikasten aritu behar duzue.

Geure kasa hasi ginen eta ikusiz ikasi dugu. Txotxongilo jaialdietan asko ikasten dugu. Horrez gain antzerkira ere oso maiz joaten gara.

Lagunak ere ugari egingo zenituen.

Bai, hainbat herrialdetan ditut lagunak. Aktoreen artean gertatzen den moduan, gu ere maitekorrak gara. Gure kasuan protagonistak panpinak dira, gu erdi ezkutuan gaude, eta horrek laguntzen du umilak izaten. Gure egoa ez da hain nabarmena, gure artean ez dago izarrik. Gu, nolabait esateko, txotxongiloen zerbitzariak gara.
2006
Zergatik bizi da basoan Txanogorritxo?
Erein
2004
Zatoz lehenbailehen
Erein
2001
Ostiralero afaria
Fundación Kutxa
2001
Todos los viernes cena
Primer acto
2000-05
"Txontxongiloen mundua izugarri zabala da, eta eraberritzea premiazko ikusten dut aurrerapausoak eman ahal izateko"
Hogeita bederatzi urte eman ditu Enkarni Genuak, herriz herri, antzokiz antzoki, txoko guztietako haurrak bere txotxongiloekin liluratzen. Bizkarrean, hogeita bi obra eta hogeita hamar bat liburu eta diska dauzka Donostiako emakume titiritero honek. 1971. urtean etorkizuneko bere lanbidea zein izango zen hautatzeko garaia heldu, eta ez zuen zalantzarik izan: "argi eta garbi jakin nuen nire patua txotxongiloekin zegoela". Harrezkeroztik senarrarekin herrialde askotako antzokiak bisitatu ditu, besteak beste, Alemanian, Mexikon eta Kuban ospatutako hainbat txotxongilo jaialditan izan dira. Gaur, oso harro sentitzen da aukeratutako lanbidearekin, eta momentuz ez dauka erretiroa hartzeko asmorik.

-Urte hauetan nola bilakatu da txotxongiloen mundua Euskal Herrian?
Senarra eta biok hasi ginenean, Euskal Herrian ez zegoen, euskaraz, txotxongilo emanaldiak eskeintzen zuen talderik. Lehendabizikoak izan gara eta hasieran eskularruzko panpinekin eskaintzen genituen gure emanaldiak, besterik ez genuelako. Urteak pasa ahala beste teknika batzuk jarri genituen praktikan, eta gaur egun mota guztietako panpinak egiten ditugu. Mundu hau izugarri zabala da, eta eraberritzea premiazkoa da aurrerapausoak eman ahal izateko. Orain dela urte batzuk ikusleek ez zuten titiriteroa ikusten, izkutatuta egoten zen kortina baten atzean, gaur egun txerpolaria bere panpinekin nahasten da agertokian, eta guztiak aktore bihurtzen dira.
Txotxongiloek bilakaera handia izan dute gure herrian, gaur kolektibo asko daude, teknika ugari eta istorio anitz eskaintzen dituztenak, bai haurrentzat eta baita helduentzat ere.

-Zein ezberdintasun somatzen dituzu garai bateko eta gaur egungo haurren artean?
Haurrak haur izango dira beti, horretan ez dago zalantzarik. Agian orain dela urte batzuk hamalau urteko gizontxo bat haurra zen oraindik, eta gaur haurtzaroa motzagoa dela esan daiteke, hamabi urterekin haurrak beste mundu batera pasatzen dira; heldutasuna azkarrago heltzen zaie. Dena den, erakusten duten ilusioa bera da, panpinak bizirik daude haientzat, ipuinak beste dimentsio ezezagun batera eramaten ditu eta izugarri gustatzen zaie.

-Non aurkitzen du Enkarni Genuak inspirazioa? non daude bere ipuinen iturriak?
Niretzat garrantzitsuena zer kontatu nahi duzun erabakitzea da. Azken finean txotxongiloak adierazpen bide bat dira, eta haien bitartez zerbait komunikatzen diezu ikusleei. Guk ipuin asko asmatu ditugu, baina gure iturri handiena Euskal Herriko historiak gordetzen dituen istorioak dira. Beste batzuen artean, Herensugea; Galtzagorriak, Gizona ,Sugea eta Azeria eta Erreka Mari eszenaratu ditugu. Guztiak Barandiaranek edo Azkuek jasotako ipuinak dira.

-Zein da gehien maite duzun istorioa?
Guztiak maite ditudala erantzun beharko nuke, baina egia esatera badago modu berezi batean maite dudan ipuina: Erreka Mari. Guk sortutakoa izanik herrikoi bihurtu da, eta pauso hori ematea ez da batere erreza. Erreka Marik eman du. Hogeita bat urte daramatzagu Euskal Herriko azken lamia eszenaratzen eta emanaldi guztietan arrakastatsu suertatzen da. Denbora asko da, eta amodiozko erlazio berezi bat daukagu berarekin. Munduko txoko guztietara eraman dugu, besteak beste, Kuba, Txekoslovakia eta Mexikoko hainbat eszenatoki ezagutu ditu Erreka Marik gurekin.

-Zure lehenengo emanaldia eskaini zenuenean, nor zinen? Zeintzuk ziren zure itxaropenak?
Senarra eta biok guraso gazteak ginen, gure alabaren urtebetetzerako ikastolan txotxongilo emanaldi bat antolatzea bururatu zitzaigun, eta halaxe egin genuen. Irakasleei asko gustatu zitzaien lana, beste ikastola batzuetatik hots egin ziguten, eta piskanaka lanbide hau serioago hartu behar genuela konturatu ginen. Halaxe jardun dugu gaur arte.

-Noiz eta nola heldu zitzaizun txotxongiloekin aritzeko grina hau?
Txikitatik. Monja eskola batean ikasi nuen, bueno, egia esan, ikasi ez nuen gehiegi ikasi, baina antzerki lan asko antolatzen genituen. Izugarri gustatzen zitzaidan horrelako aktibitateetan parte hartzea, istorio eta ipuin ezberdinak mozorrotuta kontatzea. Niretzat antzerkia eta txotxongiloak gauza bera dira: eszenatokira atera eta publikoarekin harremanetan jarri.

-Zein da eserlekuetan dauden haurrei helarazi nahi diezun mezua?
Emanaldia hasi baino lehen nire burua aurkeztuz haurrekin hitzegiteko ohitura daukat. Lagunarteko giroa sortu nahi izaten dut, eta horretarako haiekin solasaldi bat izatea premiazkoa iruditzen zait.

-Zein izaten da solasaldi horien gaia?
Normalean, haurren adinaren arabera inprobisatu egiten dut. Ikusi behar duten ipuinari buruz hitzegiten dut, andereño bat naizela azaltzen diet, leku batetik bestera istorioak kontatzen ibiltzen den andereño berezia. Horrela agertzen dut neure burua, eta elkar ezagutzen saiatzen gara.

-Zer da zuretzat titiritero izatea?
Oso harro sentizen naiz aukeratutako bizibidearekin. Titiriteroa naiz lanbidez, eta harro nago. Badakit zer den aktore izatea, urte askotan aktore izan naizelako, baina askoz pozgarriagoa da niretzat txotxongiloekin lan egitea. Antzerki lan arrunt baten lehengaia egina dago, lehengaia aktoreak direlako. Txotxongilo emanaldi baten aldiz, beste guztiaz gain, lehengaia ere sortzeke dago. Aktoreak sortu egin behar dira, panpinak; horiei bizitza eman behar zaie, mugimendua, ahotsa... Hor dago nire ustez, lanbide honek daukan xarma.

-Gaur egun, zaila al da titiritero izatea? Bizitzeko adina ateratzea erraza al da?
Guretzat ez da batere zaila izan, baina gure egoera berezia izan delako. Orain dela hogeita bederatzi urte hasi ginen, eta garai hartan gizartea ez zen gaur egunekoa, bikote bat izanik beste diru sarrera batzuk izan ditugu eta ez dugu inoiz dirulaguntzen beharrik izan. Gaur egun zailtasun eta oztopo gehiago daude, baina badago honetaz bizitzea. Horixe baietz!

-Zer esango zenioke titiritero hasiberri bati?
Animatu egingo nuke, baina bihotzez esango nioke titiritero profesionala izatea ez dela batere erraza. Pixkanaka hasi behar da, etsi gabe eta etengabe eraberrituz.

-Zein da lanbide honetan eraberritzeko modurik egokiena?
Emanaldi ezberdin asko ikustea, dudarik gabe. Besteek zer eta nola egiten duten ikusi, eta haiengandik ikasi egin behar da. Gaur egun badago horretarako aukera Euskal Herrian, badauzkagu hainbat jaialdi Tolosan, Bergaran eta Bilbon. Jaialdi hauetara joatea gomendatzen dut, eta posible baldin bada baita Bartzelonan eta Charlevillen antolatzen diren mostretara ere. Izugarri ikasten da toki hauetan.

-Orduan titiriteroarena lanbide autodidakta bat izango litzateke...
Neurri handi batean bai, lankideek egiten dutenarekin asko ikasten da, gero norberak saiakuntzak egin behar ditu eta lanean jarraitu. Ongi gogoratzen dut senarrarekin Bartzelonara joan nintzen lehen aldia, emanaldi asko ikusi genituen eta aho zabalik gelditu ginen guztiekin, liluratuta. Donostiara itzuli bezain laster, gure eszenatoki txikia zakarretara bota eta teknika berriekin hasi ginen lanean. Txotxongiloen munduak aukera handia ematen dizu eta ahal diren guztiak harrapatu behar dira, bestela zaharkitua gelditzen zara, eta orduan bai dela zaila aurrera ateratzea!

-Haurrak dira zuen ikusleak, baina zer moduz ezkontzen dira txotxongiloak eta pertsona helduak?
Oso ondo ezkontzen direla uste dut, baina ni ez naiz ezkontza horretako apaiza. Ez dut inoiz helduentzat antzeztu, eta ez dut uste etorkizunean egingo dudanik. Urte asko daramatzat honetan, proiektu ugari dauzkat eta ez dut neure burua helduekin ikusten. Nahiago ditut haurrak, zalantzarik gabe.

-Proiektuak aipatu dituzu, ba al daukazu ipuin berririk esku artean?
Momentu honetan ez daukagu proiektu konkreturik. Gure azken lana, "Kattalin txiki", joan den urtean estreinatu zen. Oso garrantzitsua izan da, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Orkestrarekin antzeztu dugulako. Ipuin berri bat pentsatzen udan hasiko gara; momentuan konpromezu asko dauzkagu, emanaldi ugari, lan berri batekin hasteko denbora behar dugu, bakea. Uda pasa ondoren ikusiko du Euskal Herriak gure lan berria.

-Titiriteroa ez bazina, zer izango zinateke?
Irakaslea. Urte askotan andereñoa izan naiz eta bi lanbideak oso lotuta daudela uste dut, zerikusi handia daukate, haurrekin modu goxoenean harremanetan jartzea da bizibide bion ardatza.

-Baina titiritero batek ez die errieta egiten...
Irakasle on batek ezta, edo oso gutxitan.

-Erretiroa hartzeko asmotan zaude?
Momentuz ez. Lanbide honetan zuk neur dezakezu lana. Gazteagoa nintzenean egun berean bi emanaldi eskaintzeko gai ikusten nuen neure burua, eta orain ez, baina osasuntsu sentitzen naiz. Erretiratzea, espainolez, jubilatzea da, eta hori latinezko "jubilatis" hitzetik dator, "poztea, alaitzea", alegia. Horrela hartuta, guztiz erretiratuta nago.
2000
Zabaldu ohiala
Erein
1999
Historia para títeres
Arbolé
1998
Ku-ku, aitonaren erlojua
Desclée
1997
Gerta daiteke
Iruñeako Udala
1997
Orain gure txanda
C.I.T.
1996
Eman eta gero
Erein
1996
Kalean gora, kalean behera 2
Elkar
1996
Kalen gora, kalean behera
Elkar
1995
Galtzagorriak
Erein
1994
Bene benetan (Dram. 5)
Elkar
1994
Bene benetan (Dram. 6)
Elkar
1993
Bene benetan (Dram. 2)
Elkar
1993
Bene benetan (Dram. 3)
Elkar
1993
Bene benetan (Dram. 4)
Elkar
1993
Herensugea
Erein
1993
Zatoz
C.I.T.
1992
Bene benetan (Dram. 1)
Elkar
1992
Qui vulgi jugar que aixequi la mà
Enciclopedia Catalana
1992
Qui vulgi jugar que aixequi la mà 2
Enciclopedia Catalana
1990
Itsaminez
Erein
1989
Udazkeneko haizea
Erein
1988
Altxor bat patrikan
Erein
1986
Hondarrezko gaztelua
Erein
1986
Txori txiki polit bat
Erein
1983
Amonaren Ipuinak
Eusko Jaurlaritza
1983
Txotxongillo
Eusko Jaurlaritza
1982
Txotxongiloa Eskolan
Erein
1981
Zezena plazan
Erein
1979
Erreka Mari
Erein
12/2007
33+3 urte Kontu kontari : Txotxongillo Taldea
Erein Argitaletxea, S.A.
11/2009
Altxor bat esku artean. Txotxongiloak
Erein Argitaletxea, S.A.
11/2009
Un tesoro en nuestras manos. Los títeres
Erein Argitaletxea, S.A.
11/2007
Hitzen lapurra
Lanku Bertso Zerbitzuak
11/2006
Zergatik bizi da basoan txanogorritxoren amona?
Erein Argitaletxea, S.A.
11/2005
Elurrezko panpina
Erein Argitaletxea, S.A.
11/2005
Katu guztiak ez dira gaiztoak
Erein Argitaletxea, S.A.
11/1993
Dramatizazioa 4
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, S.A.
10/2010
Mahatsak eta neskatilak ondu zireneko uda
Erein Argitaletxea, S.A.
10/1986
Ipurtargi : Hondarrezko gaztelua
Erein Argitaletxea, S.A.
10/1986
Ipurtargi : Txori txiki polit bat
Erein Argitaletxea, S.A.
09/2000
Itsasminez
Erein Argitaletxea, S.A.
09/1998
Ku-ku-- ku-ku-- aitonaren erlojua
Desclée De Brouwer
08/1994
Dramatizazioa 6
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, S.A.
08/1992
Baga biga 3
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, S.A.
08/1992
Baga biga 3. Ariketak A
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, S.A.
08/1992
Baga biga 3. Ariketak B
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, S.A.
08/1992
Dramatizazisa 2
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, S.A.
07/1993
Dramatizazioa 3
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, S.A.
06/1994
Dramatizazioa 5
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, S.A.
06/1992
Dramtizazioa 1
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, S.A.
05/1994
Euskarazko jolasteko liburua
Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, S.A.
05/1993
Qui vulgui jugar, que aixequi la mà, 1
Enciclopèdia Catalana, SLU
05/1993
Qui vulgui jugar, que aixequi la mà, 2
Enciclopèdia Catalana, SLU
04/2004
Zatoz lehanbailehen!
Erein Argitaletxea, S.A.
03/1989
Ipurtargi : azken eta putz xagutxoak
Erein Argitaletxea, S.A.
03/1989
Ipurtargi : udazkeneko haizea
Erein Argitaletxea, S.A.
Euskaraz jolasteko liburua 2
Elkarlanean, S.L.
Munstroak eta lagunak
Erein Argitaletxea, S.A.
Obras para títeres de Enkarni Genua
Teatro Arbolé Cultural Caracola
Ostiraleko afaria
Fundacion Kutxa Ediciones y Publicaciones