Edu Zelaieta Anta

Edu Zelaieta Anta Atzera

2018
Amets anfibio
Ibaizabal
2018
Torlojuak
Elkar
2017
Misterio erraldoia (Massons, Laia)
Editorial Ibaizabal
2016
Ispilu biluziak
Pamiela
2012
Begiak lekuko
Gaztelupeko Hotsak
2010-06-18
<i>Ez dut betere maite poeta sublimearen irudia</i>
Aldaira urdinak (Alberdania) bizitza deskubritzeko gonbidapena da. Egilearen hitzetan, poesiak iradoki behar du, baina esan ere bai. Liburuko poema batzuek esan egiten dute. Beste batzuk irakurleak deskubritzeko testuak dira.

“Dagoeneko ez naiz toki berean bizi”, adierazi diozu irakurleari. Bilakaera hitz gakoa da liburuan.


Bilakaera agerikoa da, baina hitza ia ez da agertzen liburuan. Nire ustez, poesiak bizitzaz hitz egin behar du, baina ahal bada bizitza hitza agertu gabe. Aldairez eta mudantzez hitz egin nahi izan dut, baina bilakaera hitza esplizituki agertu gabe. Seinale ona litzateke liburuak hori transmititzea.

Bizitza interesgarria ezezik dibertigarria izatea nahi duzu, antza.

Liburua aldarrikapen kutxa izatea nahi nuke, besteak beste. Adibidez, helduak bilakatzen garenean gure arreta interesgarriak diren gauzetara bideratzen dugu. Zuk aipatu hori [Soilik interesgarri poemakoak] haur baten begietatik eginiko aldarrikapena da. Interesgarria izatea ongi da, baina dibertigarria ere bai. Nik halako batean dibertigarriaren funtsa ia galdu bainuen. Helduak izatearen poderioz, jendarte honek arduratsuak eta serioak izatera bideratzen gaitu.

“Zenbait kutxa galdu bide ditut” diozu halaber. Zer galdu duzu bizitzako bidaian?

Nik “zer irabazi duzu bizitzako bidaian?” galdetuko nuke, eta zure galdera zilegia da, eh! Lehenik eta behin, adina irabazi dut. Hau ere aldarrikapena da. Jendarte Coca Cola batean bizi gara, oso jendarte eferbeszentea da gurea, marketinaren inperioan bizi gara. Nagusikeria, irudia eta itxura erabatekoak dira. Denok izan nahi dugu gazteak. Ni gaztea izateari uzten ari natzaio baina hori ez da drama, alderantziz. Gauza batzuk galdu ditut eta beste batzuk irabazi, ez dago guztizko galerarik ezta guztizko garaipenik ere.

Poesia errealitatea bilatzeko bitartekoa ote?

Ez dakit errealitatea hitza den... Errealitatea eguneroko bizitza bada, bai. Nik egunerokoa bizi dut jende guztiak bezala. Bistan da, nork bere begirada du, baita errealitatea edo eguneroko bizitza adierazteko modua ere. Nik bizitza aurkitu nahi dut, bizitza bizi. Baliteke nahiko erradikala gertatzea, zenbaitetan bizitzaren sustraietara jo nahi dudalako. Zentzu horretan uste dut aski poeta naizela edo. Baina, kontuz: ororen gainetik, pertsona naiz, besteak bezalakoa. Ez dut batere maite poeta sublimearen rola.

Zer ekarri duzu, esaterako, Mugaldekoak liburutik gaur arte?

Ekarri, benetan ekarri, gauza zenbait eta, batez ere, haur bat esango nuke: inoiz ezer ekarri badut mundura, zalantzarik gabe hori gure semea izan da. Bidenabarrekoan, bizitza gehien aldatu didan aldairarik aldairatsuena: aita bihurtzea, aitatasuna. Zure galderari erantzun nahian, aitatasunaren kezka ekarri dudala iruditzen zait, aitatasun aktiboari dagokiona edo. Literatura hutsaren aldetik, adibidez, liburu honetan ez dago autoritateen aipurik. Ez dut aipuen egileen izenik idatzi. Eta ez da iturriak gorde nahi ditudala, alderantziz, iruditzen zait batzuetan idazleok iturriekin tranpa egiten dugula. Liburuko hainbat aipuk badute egilerik eta besteek ez. Liburu ez-estandarra egiten saiatu naiz, alde horretatik, tradizio literarioarekin apurtu nahi izan dut.

Zergatik?

Zeren eta nik George Orwellen 1984 liburuaren aipu bat sartzen badut, Orwellek emanen dio liburuari estatus bat. Askotan, liburuak estatus handiko egileen aipuz josita daude. XXI. garren mendean ez zait egoki horienak bakarrik aipatzea. Orwellez gain, Silvio Rodriguezek, bizilagunak, irrati-telebistak edo Mikel Asurmendik eragiten dute nigan. Etengabe. Ohartuta nahiz ohartu gabe. Orduan, edo horiek denak aipatzen ditut edo bat bera ez. Faltsua iruditzen zait bestela egitea, elitekoak soilik aipatzea.

Liburua hiru ataletan eraikia da. Bakoitzaren sarreran aipuak daude. Zerk lotzen dituzte?

Loturak zuk egin dituzu nonbait. Irakurlearen eta idazlearen arteko hitzarmenaz mintzatzen gara. Hori da nik irakurleari eskaini nahi diodana: hitzarmen bat. Nik aldaira batzuk eskaini dizkiot eta trukean akaso irakurleak erabakiko du zer aldaira mota bizi duen bere baitan, nola eraiki nahi duen bere etxea. Liburuaren hasieran zuk lehenengo galderetan paratu dituzun aipu horiek daude. Liburua ez da guztiz berritzailea, baina erran bezala, baditu estandarrak ez diren pieza batzuk. Adibidez, liburua hastea ia saio generoko oharrekin edota zerrenda batekin bukatzea. Edo autoritateen aipuen izenak ez aipatzea...

Orduan..?

...orduan, aldaira etengabean bizi naizelako eta liburua etxe aldairan idatzi dudalako, liburu hau atera zaidala. Kutxa batzuk aldatu behar nituen eta batzuetan despistatu naiz eta gauzak beste kaxa batean ahaztu edo galdu ditut. Galtzerdi pare baten ondoan poema pare bat sartu dut, eta liburua –bizitza– desordenatu egin zait. Irakurle bakoitzak eman beharko dio liburuari ordena, berak eman nahi duena. Hortik irakurketa bat sortu daiteke irakurle bakoitzeko.

Lehen atala Gerundioan da.

Gerundioan dakusat-eta nire burua... Aldairan ari denarentzat gerundioa oso inportantea da. Maiteminak jota dagoenarentzat ere gerundioa berealdikoa da. Pertsona maiteminak gero eta jotagoa baldin badago, maitasuna betiko dela sinesten du, nahiz kanpotik begiratuta inozo agertzen den. Berdin gertatzen da sufritzen ari garenean, pentsatzen baitugu betiereko ari garela sufritzen, ez garela sekula aterako zulo beltzetik. Kasuon, aldairan –mugimenduan, ekintzetan– idatzitako poemak direnez, berebiziko garrantzia du gerundioak. Alegia, gerundioari esker bihurtzen da momentu bateko ekintza betierekoa. Hasierarik eta bukaerarik gabea.

Aldairan inbentarioak egin behar izaten dira. Bigarren atalekoak Inbentario likidoak dira.

Poema horien haria ez da tematikoa, sustantziala baizik. Atala ez da logika tematikoaren harian idatzia, barruko umorez baizik –Angel Errok erranen lukeenez–. Barrutik bizi gaituena ez da kanpoko gaia, ez dio buruko logikari segitzen. Inbentario hauek min berezia sorrarazi didaten poemak dira, ura bezain bihurriak direnak. Horregatik dira likidoak: ura eskuekin harrapaka aritu naiz, baina testu batzuek ihes egin didate behin eta berriz.

Amaitzeko Aldaira urdinak. Zergatik urdinak?
Izan zitezkeen beste kolore batekoak, baita kolore anitzekoak ere. Urdinak? Irakurle bakoitzak bere zentzua eman behar dio liburuari, nik pista batzuk eman dizkiot, Antton Olariagak halako batzuk eman ditu azalean. Aldairaren irudia etxe batetik bestera egiten dugun aldaketa da: gauzak txukundu eta kaxetan antolatzen ditugu, eta iraganeko gauzak utzita etorkizunera abiatzen gara gure beldur eta esperantza guztiekin, gure poz eta tristura guztiekin. Etxetik etxera aldatze horretan –hizkera argia lekuko– mundura zabalik ibili naiz, kasik biluzik bezala, baina ez bakarrik –nire familiari eta adiskideei eginiko aipuak lekuko–. Biluzte horretan urdina –liburuak tranpa eta joko asko gordetzen ditu– agertzen da. Urdina, itsasoa legez, ez da berez urdina, ezta zerua ere. Zientzilariek diotenez, itsasoa eta zerua urdinak ageri dira baina ez dira horrela. Gerundioan atalaren sarrerako aipatu batek argitzen du hori: “Teknikoki zeruak ubela beharko luke, gehien desbideratzen den izpia ubel kolorea baita, alabaina gure begiek hobeki antzematen dute urdina”. Alegia, errealitatea ez da guk ikusten dugun bezalakoa, baina guk hala ikustea beharrezkoa dugu.

2010
Aldaira urdinak
Albardania
2007
Maldetan sagarrak. Euskal gatazka euskal literaturan (Ibon Egañarekin)
UEU
2006
Bidasoa
Irudi
2006
Lauburu. Pirinioetako kontakizunak (beste egile batzuekin)
EIE
2006
Mugaldekoak: Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan
Gaztelupeko Hotsak
2006
Pio Baroja: creacion, conocimiento y vida.( bertze egile batzuekin batean)
Nafarroako Unibertsitate Publikoa
2004
Mugaldekoak
Susa
2002
Jendakiak urruneko familiatan
Arabako Foru Aldundia
12/2006
Maldetan sagarrak : euskal gatazka euskal literaturan
Udako Euskal Unibertsitatea
11/2018
Dinosauroei buruzko egia
Editorial Ibaizabal
11/2017
Barruko lehoia
Editorial Ibaizabal
11/2017
Okilen matraka
Editorial Ibaizabal
11/2016
Gozogilea eta eulia
Editorial Ibaizabal
11/2016
Oilo txikia
Editorial Ibaizabal
11/2016
On egin!
Editorial Ibaizabal
11/2016
Untxiren ohitura txarrak
Editorial Ibaizabal
06/2013
Irakaslearen lanbidea moduluaren hastapenak
Universidad del País Vasco. Servicio Editorial=Euskal Herriko Unibertsitatea. Argitarapen Zerbitzua
05/2006
Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan--
Gaztelupeko Hotsak
04/2010
Aldaira urdina
Alberdania
04/2008
Baztan-Bidasoako hizkeren azterketa dialektologikoa
Udako Euskal Unibertsitatea
03/2018
Gauza misteriotsua
Editorial Ibaizabal
Jendariak urruneko familiatan
Publicaciones de la Diputación Foral de Álava / Arabako Foru Aldundiaren Argitalpenak
Poesia-lanak: Jendakiak urruneko familiatan, Arabako Foru Aldundia, 2002; Mugaldekoak, SUSA, 2004; Bidasoa, Nafarroa oinez & Irudi, 2006; Mugaldekoen CD-Liburua, Gaztelupeko Hotsak, 2006.
LIBANOKO ISTORIOA

Tarabulousera iritsi zen ilunabarrez.
Bertakoek Australiakoa ote zen galdetzen zioten behin eta berriz.
Eta kanpotarrak behin eta berriz azalpena ematen zien:
"Zuek ikusten duzuen ur gazi bera ikusten dugu guk gure herrian.
Olatuak ere elkarri bidaltzen dizkiogu itsasoaren alde banatatik".

Jendea purrustaka hasten zen orduan.
Zaharrek ez zuten inolaz ere sinesten
hain ezberdinak ziren aurpegi haiek ur berarekin garbi zitezkeenik.
"Nire etxea zuen itsasoa amaitzen den lekuan dago"

Kanpotarra etxera itzuli zen, Mediterraneoaren beste aldera.
Tarabulouseko zaharrek oraindik gogoratzen omen dute
behinola kanpotik joandako mutil xelebre hura.
Ilunabarretan jartzen dira hondartzan bere omenez
Australiara begira.

HILTZAILE LAUSOTUA

Ez diozu tiro egiteko jarrera sumatuko
ez labana eskuan ikusiko.
Ez dabil agerian.
Bizitzako lerroen artean gorderik
eguzki beltz baten gisara
kiskaliko zaituzte erraustu arte.
Bakarka nahiz bikoteka
min ematen diguten haragi bizietan.

Eta egunen batean,
ez badugu lehenago erremediatzen,
beldurra, errutina, insatisfazioa
edo bestela ere zulatzen gaituzten hutsarteak
gutaz jabetuko dira.
Hiltzaile errautsetan lausotzen garen bitartean.

LERRO BERDEA II

Behobiaren alde batean: greziarrak
Behobiaren bertze aldean: turkiarrak.
Denak behobiarrak dira.
Nahiz eta turkiarrentzat
bertze aldekoak greziarrak diren.
Nahiz eta greziarrentzat
bertze aldekoak turkiarrak diren.

Ezustean ireki dituzte
muga zeharkatzeko guneak.
Behobia erdibitzen duen
lerro berdea ezabatzen hasia da.

Ehun urteren buruan
alde bateko nahiz bertzeko behobiarrak ez dira oroituko
iragan denboretan bazela lerro berde bat
Behobia erdibitzen zuena.

Ehun urteren buruan
iraganeko lerro berdeak
itsasoaren urdinaren gisa hartuko du.
Eta bertako mugalariak anfibioak izanen dira.

BATZUETAN

Barreneko haurra goiti eta beheiti ibiltzen zaigula
iduritzen zait batzuetan.
Ilusioak eta ametsak esku-eskura ditugula,
nahi izanez gero, oroitarazteko.

Alde zaharreko karriketan barrena
ibiltzen naiz batzuetan
goiti eta beheiti
bazterrak nahasi gabe.

Ijitoen eliza ebanjelistaren paretik pasatuz gero
iduritzen zait,
gure arteko mugak urratzea erdietsiko dudala.
Meskita algeriarraren nahiz
marokoarraren aitzinetik pasatuz gero
gure arteko arazoak akituko direla istantean.

Karrika horretako lokutorio latinoan
sartzekotan egon naiz batzuetan
barreneko giroa ezagutzeko
dei faltsu baten aitzakian.

Batzuetan pentsatzen dut
zer egiten zuten lagun horiek honat etorri aitzinetik.
Nondik nora bildu ote den unibertso berri bat
karrika berean, alde zaharrean.

Gezurra iduri badu ere, karrika berean daude
eliza, meskitak, lokutorioa eta klausurako komentua
bata bertzearen ondoan
bazterrak nahasi gabe.

Batzuetan
polizia ibiltzen da
goiti eta beheiti
zaintza-lanak eginez.

Ez dakit noiz arte iraunen didan nire baitako kuttunak.
Noiz arte ttikitako handitasunak.
Ilusioak eta ametsak esku-eskura ditugula,
nahi izanez gero, oroitarazteko.

Batzuetan pentsatzen dut
ez naizela lokutorioan sartzera ausartuko
ezta harategi afrikarrean ere.
Ez baitakit nola hartuko duten nire presentzia.

Karrika bururen buru gurutzatzen dut batzuetan.
Inon sartu gabe, inorekin mintzatu gabe,
idurikatuz hortik pasatzen naizen aldiro
gure baitako mugaren bat arrailtzen hasia dela.

HURBILEKOAK (BLUESA)

Hagitz hurbil dute, nahi baino hurbilago,
urrezko ezteiak ospatuko dituzten eguna.
Elkarrekin ezkondu aitzineko zurrunbiloaren
aztarnarik ez da sumatzen egun.
Ez, bederen, hiri erdialdeko parke bateko eserlekuan
bakoitza alde batera begira dagoelarik, zer gerta ere.

Beren aitzinean gazte bat dago bideo-jokoarekin.
Tabako paketea, coca-cola eta edozein unetan
bakea urratzen ahal duen sakelako telefonoa ditu ondoan.
Hiri erdialdeko parkea diseinatu zuenak
berrehun urte geroago bi belaunaldi
buruz buru ezarri nahiko balitu bezala.

Presaka dabiltzan oinezkoak
ez dira deusetaz konturatzen:
senar-emazte zaharrak lotzen dituen telekomunikazioaz,
mundutik urrun egoteko erdialdera jo duen gaztearen asmoaz,
bertako eserlekuak egunero ikusi arren
bertako eserlekuetan ez-jartzeko denboraren inposaketaz.

ILUNAREN MAGALETIK

Ez dakit gau ilunaren magalean gertatu ote zen.
Eguzki printzen indarra baliatu ote zuten gure kontra.
Udaberriko egun faltsu batean bortxatu ote gintuzten.
Benetan aitortzen dizuet ez dudala sumatzen ere
nola egin zuten odolbako krimen perfektua.
Ez naiz ezertaz oroitzen, baina
iruditzen zait bikain burutu zutela beren eginkizuna.
Labana hotzaren mehatxupean egon ote ginen
bala beroa gutaz jabetu ote zen arrastorik ez dut.
Oraindik gabiltza galderak bilatzen, erantzun kaskarren eske.
Herren, haztamuka, ilunaren magalean.

ITURRIAK

Aspalditik ez du urik edaten karriketako iturrietan.
Ez bertako kanilatik zuzenean bederen.
Gibelean gelditu zaio haurtzaroa, arrunt gibelean:
batek daki nolako ura edanen dugun!
Ilusioak eta ametsak aspaldian ordezkatu zituen
eguneroko errutinagatik.

Gaur lanetik etxera bidean
lipar batez begirada jaso du:
haurtxo bat jostetan iturri baten ondoan, paperezko
irudimenarekin nabigatzen, egarria oparo asetzen.
Istantean oroitu da, berari ere
plisti-plasta ibiltzea gustatzen zitzaiola
udako arratsalde sargoritsuetan
gurasoen etxearen ondoko iturrian
egarria iturriko kanilatik asetzen zuenean.
Orduan paperezko itsasontziak inprobisatzen zituen
plazako hamaika errekatan nabigatzeko.

Lipar batez oroitu da, haurtxo hori ikustean.
Gero, inoiz izan ez duen amets baten gisara,
etxe aldera abiatu da. Fite.

Gizon kamutsak ez dio zentzurik aurkitzen
etxe ondoko iturriari, herdoila baizik ez kanilari.
Iturri hori haurrentzako jostailu soila baita beretzat.
Denbora galduetako monumentua.

KOLDARRAK ETA AUSARTAK

Bizian hilik gaudelarik
ihes egiteko gogo bizia antzematen dugu.

Ausartenak bakarrik arriskatzen dira
errealitatearen mugarri luzeetatik ihes egitera.
Barrenean gelditzen direnek
daukaten pixarra jokoan paratu nahi ez dutelako.

Aitzakia andana baten gatibu.

Ihesari ematen diotenak, berriz,
ez dira ohartzen
ihesi ibiltzea preso izateko
bertze era bat baizik ez dela.