Asier Osinalde Atzera
"Ipuinen eta pertsonaien arteko loturak eraikitzea izan da lanik gustagarriena"
"Ipuinen eta pertsonaien arteko loturak eraikitzea izan da lanik gustagarriena"
Asier Osinaldek bere lehen ipuin liburua plazaratu duOstirala, 2017-07-07
Bakarrik jaio eta bakarrik hiltzen gara. Bitartean, hari ikusezin baten gainean orekari eusten saiatzen gara eta argazkiak ateratzen dizkigute. Gu argazkitakoak izaten saiatzen gara, baina ez gara. Gu argazkiaren atzean dagoena gara, irudiaren ertzetatik kanpo dagoena, eta bizitza ez da lerro zuzen bat, ibili ahala etengabe josten eta askatzen ari garen armiarma-sarea baizik. Asier Osinalderen ipuin-bildumako pertsonaiak amaraun horretan bertan daude harrapatuta, "beren beldur eta frustrazioekin, beren amets eta esperantzekin”. Baina ez lukete han egon behar (Erein) liburuari buruzko xehetasun ugari eskaini dizkigu ondoko elkarrizketan.
Aurretik sari batzuk irabazitakoa zara. Lehen liburua, ordea, oraintsu plazaratu berri duzu. Sariek ekarri al dute liburua? Sariak zein neurritan izan dira liburuari ekiteko pizgarri?
Ipuin-lehiaketetan parte hartzen hastearen arrazoia neure burua konstantzia batekin idaztera behartzea izan zen. Horrela, epe jakin baterako amaitu behar izaten nituen ipuinak, eta, bide batez, nolabaiteko diziplina hartzea lortu nuen. Sariena ezusteko pozgarria izan zen eta idazten jarraitzeko konfiantza eman zidaten. Hortik aurrera, lehiaketak alde batera utzi, eta ipuin-bilduma osatzeko asmoz segitu nuen idazten.
Hauek dira idatzi dituzun ipuin denak ala geratu al da baten bat bidean? Nolakoa izan da liburuaren prozesua? Luze jo du? Gustagarri izan al da esperientzia?
Hamabi narrazio hauek dira ipuin-bilduma osatzeko helburuarekin idatzitako guztiak. Kontakizunak 2012ko irailaren eta 2014ko otsailaren artean idatzi nituen, baina fintze-prozesua etengabea izan da. Ipuin batzuk idaztean gozatu egin dut, eta, beste batzuek, berriz, burukomin dezente eman didate. Hala ere, ipuinen eta pertsonaien arteko loturak eraikitzea izan da, agian, gustagarriena.
Toki asko ageri dira. Eta pertsonaia gehienak ibileran daude. Nonbaitetik datoz, edo nonbaitera doaz. Fikzioa irakurtzeak ere badu ahalmen hori, ezta? Batera zein bestera eraman zaitzake ipuin batek. Liburuko pertsonaiak ordea, maiz bilatu ez duten egoera baten aurrean aurkituko dira. Liburuaren izenburuak aurreratzen duen gisan, ezta?
Bai, halaxe da. Esango nuke pertsonaia gehienak trantsizioan daudela, hau da, aldaketa baten atarian, hondarrean edota dagoeneko aldatzen. Egia esan uste dut halaxe gaudela gu denok ere; izan ere, eta seguru asko halabeharrez, pentsatzen dugu gure bizitzak oinarri sendoak eta mugiezinak dituela, baina errealitatea likidoa eta ezegonkorra da, eta gu etengabe aldatzen ari gara.
Liburuan azaltzen diren pertsonaiak egoera batean daude harrapatuta eta ez dakite kontzienteki hartutako erabakiek, patuak, kasualitateak edota egunerokoan hartutako erabaki ustez garrantzi gabeek eraman dituzten egoera horretara, baina, era berean, aurrera egitera behartuta daude, eta, ondorioz, ahal duten moduan saiatzen dira bizi duten egoera hori gainditzen.
Bestalde, ez dakit zein den hainbeste leku azaltzearen arrazoi zehatza. Nik uste modu horretan saiatu naizela ipuinei nolabaiteko unibertsaltasuna ematen, hau da, berdin du non bizi garen edo zer egiten dugun, azkenean berdin-berdin sentituko dugu noizbait geure burua egoera jakin batean harrapatuta, eta, orduan, bizitzak eman dizkigun tresna apur horiekin, aurrera egin beharko dugu, hobeto ala okerrago, egoera hori gainditu edo berak gu gainditu arte.
Elementu komun batzuk errepikatzen dira liburuan zehar: Ibar herria (Irish taberna, Barranbala diskoteka, futbol zelaia...), txanpon bat, argazkiak, ispiluak, begiradak. Eta aurreko ipuin bateko oihartzunik ere topatuko dugu hurrengo ipuin batean (Bederatzi pausoko amaierako eszena, Joseba Zaldua, Martin eta beste pertsonaia batzuen aipamenak...). Ipuin denak osotasun baten parte izateaz gain, elkarren osagarri ere badira?
Berez, ipuinak independenteak eta beregainak dira, hau da, beren kabuz eta beste inoren laguntzarik gabe funtzionatzen dute. Agian, salbuespena azkeneko kontakizuna litzateke; izan ere, ipuin-bilduma biribiltzeko asmoz sortuta dago, eta, ondorioz, gainerako istorioen laguntzarekin hobeto funtzionatzen du.
Hala ere, aipatu duzun moduan, badaude bildumari osotasuna ematen dioten hainbat elementu komun: argazkiak, ispiluak, begiradak… Horien artean, Ibar izeneko herria eta pertsonaien arteko lotura nabarmenduko nuke: Ibarrek bere baitan harilkatzen ditu gainerako ipuinetako lekuak, eta, pertsonaien arteko loturak, berriz, nolabaiteko kohesioa eta osotasuna ematen dio bildumari. Joko polita iruditu zitzaidan ipuin batzuetan bigarren edo hirugarren mailako pertsonaiak beste batzuetan pertsonaia nagusi izatea; horrela, beste ikuspuntu batzuetatik ikusi ahal izango ditugu, eta, era berean, ekosistema moduko bat sortzen dutela esango nuke.
Badira euskal irakurleari gertuko egiten zaizkion kontu batzuk (tratu txarrak, indarkeria garaia) baina, finean, gai unibertsalak dira ipuin hauetan ageri direnak ezta? Bakardadea, komunikazio-inkomunikazioa, galera...
Badaude pare bat ipuin Euskal Herrian bizi izandako gatazkaren ertz batzuk ukitzen dituztenak, baina helburua ez zen hari buruz aritzea, pertsonaiei eta bizi duten egoera pertsonalari buruz baizik. Nire asmoa bakardadea, inkomunikazioa, egunerokoan bizi dugun orekaren hauskortasuna, denboraren higadura, beldurrak, sekretuak, berekoikeria, itxaropena… islatzea izan da, eta, horien gainetik, aurrera egiteko beharra.
"Gustuko ditut zirrara sortzen didaten ipuinak"
‘Bederatzi pauso’ ipuinak bukaera garratz bat du. Sentsazio hori izango dugu beste ipuin batzuetan ere. Alegia, ipuin bakoitzak atximurkada bat (gutxienik) eragiten duela. Badute desenfokatuta dagoen elementuren bat, deseroso sentiaraziko gaituen elementuren bat. Egoera deserosoez idaztea, deserosotasuna bera ulertzeko modu bat al da?
Gustuko ditut zirrara sortzen didaten ipuinak, eta bilduma osatzen duten kontakizunetan hori bilatu dut. Era berean, badago amaiera irekiagoko narraziorik ere, baina egia da lehenengo motakoak gailentzen direla.
Bestalde, esango nuke azaltzen diren egoera gehienak ez direla samurrak, eta, hortaz, baliteke deserosotasunaren antzeko zerbait sortzea. Izan ere, interesgarria iruditu zitzaidan pertsonaiak egoera horietan ipintzea, hor ikusten baitira egoera edo momentu hobeetan ikusiko ez genituzkeen ertz eta sentimendu ilunak.
‘Barkatu maitea’ ipuinean, bada irakurleari barrena mugituko dion garraztasun bat. Komunikazioaren aroak ekarri duen inkomunikazioaren lekuko delako agian?
Bai, esango nuke “Komunikazio aro” esan zaion honek baduela inkomunikaziotik asko. Pertsonok elkar ukitu behar dugula pentsatzen dut, aurrez aurre egon, eta, gaur egungo baliabideek harremanak erraztu eta munduaren tamaina txikitu badute ere, esango nuke isolatu ere egin gaituztela, bakoitza bere pantailatxoaren atzean; alegia, iruditzen zait beste gauza askotan bezala komunikazioan ere kantitateak gora egin duela eta kalitateak behera.
Hala ere, ipuin hori idazteko arrazoia ez zen hainbeste gaur egungo komunikazio mota aztertzea, baizik eta nola askotan bilatzen dugun hori sudurraren parean izan arren, ez garen ikusteko gai.
"Ipuinak nahiko deskriptiboak dira"
Ipuin batzuk kontaera lineala jarraitzen dute (‘Bederatzi pauso’, ‘Barkatu maitea’, ‘Esaten ez diren gauzak’, ‘Lehenengo bezeroa’). Bada fantastikotik gertu dagoen ipuinik (‘Zakarrontziko paperak’). Estilistikoki oparotasun baten bila jo duzula esan al daiteke?
Kontatzeko moduari garrantzi berezia ematen saiatu naiz, eta, ondorioz, ipuinen egiturarekin eta narratzailearen ahotsarekin jokatu dut. Bi horiek konbinatuta, kasuan kasu, kontakizunari hobeto egokitzen zen estiloa topatzen saiatu naiz, eta, bide batez, irakurlearengana hainbat modutan gerturatzen eta urrutiratzen.
Bisuala da zure idazteko modua. Deskriptiboa. Dialogo gutxi dago. Ipuin bakoitzaren hezurduran, plano aldaketak maiz ematen dira. Laburmetraien arloan aritua izan zara. Zure idazkeran eragina izan duela esango zenuke?
Ez dakit zenbaterainoko eragina izan duen film laburren inguruan ibili izanak; izan ere, urte batzuez modu amateurrean horretan aritu arren, aspaldi samar aparkatuta daukat. Baina testuan pertsonaien kanpoko mundua eta barrukoa uztartu behar nituenez, pentsatu nuen plano aldaketak, denbora-jauziek eta ikuspuntu aldaketek oxigenoa eman ziezaioketela kontaketari.
Idazkera soila da. Argia eta zuzena. Horrek erritmo jakin bat ematen dio liburuari. Irakurketa erraztea izan al da zure kezketako bat?
Lehen aipatu duzun moduan, ipuinak nahiko deskriptiboak dira; hortaz, garrantzitsua iruditu zitzaidan esaldi laburrak eta zuzenak bilatzea, kontakizunak erritmo bizian aurrera egin ahal izateko. Gainera, esango nuke esaldi mota horrekin eta orainaldia erabiliz, estilo argiagoa eta indartsuagoa lortzen dela.
Lehen eta azken ipuinen artean bada paralelotasun moduko bat. Garai ezberdinetan kokatzen diren arren, pertsonaia ezberdinek gorpuztua den arren, giro durduzagarri berbera dute. Eta badute anakronia ukiturik biek. Ipuinen ordena horrela antolatu duzu nahita, liburuari kohesio bat eman nahi zeniolako akaso?
Paralelotasun horren bidez ipuin-bilduma biribiltzen saiatu naiz. Bestalde, zuk diozun bezala, bi ipuinak garai ezberdinekoak dira, baina biek dute antzeko giroa. Agian, modu horretan espiral amaigabe moduko bat sortu nahi izan dut; izan ere, esango nuke urte batzuen buruan gauzak errepikatzera kondenatuta gaudela, alegia, berdin du zer gertatzen den bidean, zer ikasten dugun eta zer ahazten dugun, azkenean guk geuk egiten ez badugu, hurrengo belaunaldiak edo horren hurrengoak guk egindako akats berak egingo ditu. Hori da gure kondena eta baita liburua hau osatzen duten pertsonaiena ere.