Anuntxi Arana Murillo

Anuntxi Arana Murillo Atzera

2022
Mitoen bilakatzea
Booktegi
2018
Mito hurbilak
Booktegi
2017
Ipar Euskal Herriko Legenda eta ipuinak
Gatuzain
2015
Hilak gure artean -Agerpenak eta jai-eskeak
Elkar
2008
Euskal mitologiaz. Jentilak eta kristauak
Elkar
2004
Mitoen bilakatzea
Gatuzain
2000
Mito Hurbilak
Gatuzain
2000
Mito Hurbilak
EKAITZEGILEAK: DIBINITATE MENDITARRAK

Laborantza eta artzaintzatik bizi diren jendarteentzat hil ala biziko kontua da eguraldia, harek baldintzatzen baititu uztaren kantitatea eta kalitatea eta, ondorioz, narotasuna ala gosea, osasuna ala eritasuna. Ortziak mendian ardiak hiltzen ditu, etxaldeetan garitzak suntsitzen edo suteak sortzen, basoak eta eraikinak haize zakarrez hondatzen; euri eztiak, ostera, lurraren emankortasuna eragiten du. Harriaren txikizioak norainokoak izan zitezkeen ikus dezakegu kronika zaharretan: 1392an Nafarroako Karlos III-ak zergak barkatu zizkion Lapurdiko Bastida herriari, izurriteak eta barazuzak egin kalteengatik bere biztanleez husten ari baitzen.

Ingurugiro horretan biziki garrantzitsuak dira meteorologia egiten duten dibinitateak, euria eta aro ederra gobernatzen baitituzte, uholdeak zein lehorteak. Euskal mitologian hainbat dira funtzio hori betetzen duten pertsonaiak, hemen aztertuko direnak: ANBOTOKO ANDEREA, SAIAK eta BELEAK, HODEIA (ORTZIA), HODEI-ZALDUNA, APEZ KONDENATUA, HERENSUGEA.

Izenaz eta itxuraz desberdinak izanagatik, denak bat dira eta estruktura bakar batean ulertu behar dira. Horixe erakustea da lerro hauen helburua, zehazkiago esanda, nola gauzatzen den haien batasuna eta zertan igartzen ahal dugun.

Ortziegileengatik gaur egunean ospetsuena goiandere bat da. Goi mendietan kokatzen da, urrean, eta haietatik hartzen ohi du izena: Bizkaiko eta Gipuzkoako leku askotan Anbotoko Señorea deitzen diote; Beasain aldean Murumendiko Dama. Batzuetan Mari ere erraten diote, eta horrela izendatu du Barandiaranek bere lanetan. Nik ez dut horrela egingo: askoz maizago 'andere' izena erabiltzen baita herri tradizioan eta hartan etenik ez egiteko, 'Andere' deitura baliatuko dut.


(...............)

ANDEREA, ZERUKO DIBINITATEA

Aymeric Picaud‑ek, XII. mendean idatzi zuen Guide du pélerin liburuan euskal lexiko bat utzi zigun, eta hartan jakinarazi euskaldunek jainkoari Urcia deitzen ziotela (Deum vocant Urcia). Izen horrek tinta asko isurarazi du, askotan haren egiatasuna ukatzeko. Batzuek diote jainkoaren izena galdegin nahiz, zerua seinalatu zukeela Picaud-ek hatzamarraz, eta euskaldunek, jestuari erantzunez, ortzia (zerua) erantzungo zioketen. Kontua da, Michelenak ohartarazten duen bezala (1964: 51), beste euskal hitzak ongi ulertu bazituen Picaud-ek, zergatik ez zukeen hori ere harrapatuko? Orreagaren gainean Ortzanzurieta mendia dugu, XIII. mendeko dokumentu batean Orçiren çoritaizena daramana (Michelena, 1964: 38); Nafarroako Anboto ote zen mendi hura?

Barandiaranek berak (1984: 168) onartzen du Urtz, Ortz edo Ost hori zeruaren eta ekaitzaren pertsonifikazio gisa gurtu zuketela euskaldunek, osteguna ere opa baitzioten, erromatarrek Jupiterri Jovis diem opa zioten bezalaxe. Halere, antropologoak ondorioztatzen du: Es posible que Picaud interpretara mal en este caso lo que le contaron los vascos y que urcia no tuviera ya el significado que aquél le atribuyó.

Ulergaitza da gure hizkuntzalari eta antropologo zenbaiten herabetasuna edo, nahiago bada, begibistan dagoena ukatzeko ausardia. Alde batetik, ortzi hitzak Azkueren hiztegian dituen lehen eta bigarren esanahiak trueno eta nube atronadora dira. Bestetik, ortzia egitea da Euskal Herriko pertsonaia mitiko garrantzitsuen eginkizuna. Eta halere harritzen dira XII. mendeko dibinitate nagusiari Urcia izena eman ziotelako.

Bitartean, Anderea batez ere ortziegile eta euriegilea dela kontuan hartu gabe, Lurraren jainkosa aldarrikatua da. Hamaika ekaitza egiten aurkeztu ondoren, konklusio hau atera dute:

Marik ekaitzak eragiten ditu eta emazte biziki ederraren itxuran irudikatzen dute, suaren artean airea zeharkatzen. Harpeetan dituen egoitzak urre gorriz eta harri pitxiez beteak izaten dira. (...) Anderea horretaz esaten diren kondairek pentsarazten digute lurpeko dibinitatea dela, Proserpinaren tipokoa (Caro Baroja 1966: 293, euskaratua).


Haren atributuak ikusirik (lurreko indarren eta lurpeko genioen nagusia da, fenomeno teluriko zenbaitekin eta lur barnetik omen datozen fenomenoekin identifikatua da), pentsatzen dugu Lurraren sinboloa dela, beharbada Lurraren pertsonifikazioa (Barandiaran 1984: 139 euskaratua).


Hartsuagak (1984: 49), Anderearen airekotasunari garrantzi sobera eman gabe, eritzi bera adierazten du. Handik aurrera etengabeki entzun behar dugu Mari gure ama-lurra eta antzeko melengeriak. Ama baldin bada, ama-ortzia deitu behar genioke. Andereak alderdi ktonikoa ere baduela ezin da ukatu, bere zuloaren atetan agertzen da eta; baina goi mendietan dauzka zuloak, zerutik ahalik eta hurbilen eta, laminek ez bezala, airean betetzen ditu bere funtzio ospetsuenak: Eskoriatzan esaten dute zeruan (paradisuan) eta lurrean onartu ez zutelako, airean edo goi mendietako zuloetan dabilela.

Anboto (eta Muru eta Txindoki...), beraz, euskal Olinpoa da, eta mitologia klasikoan Anderearen lankideak bilatzekotan, Zeus-Jupiter dateke haren hurbilena, Proserpina baino areago. Ikus ditzagun haren ezaugarri zenbait, Eliade-ren arabera:

Zeusen tituluak gardenak dira eta zuzen edo zeharka adierazten dute ekaitzarekin, euriarekin eta emankortasunarekin dituen loturak. Izen hauek ematen zaizkio: Ombrios, Huettios (Euritsua), Urios (Haize onen igorlea), Astrapios (Ortzi ihaurtikitzailea), Bronton (Ortzantza egilea), eta abar. Halaber, Georgos (Laboraria) eta Chonios (Lurpekoa) deitzen zaio (ikus Hesiodoren Lanak eta egunak), euria eta lurraren emankortasuna gobernatzen dituelako

(...)

Jupiter italikoa, Zeus bezala, goi keluetan izaten zen gurtua. Mendiak sinbolismo anitza biltzen du: "gora" da, zeruari hurbilago, eta zeru horretan dira hodeiak biltzen eta ortzantza sortzen (Eliade 1975: 76-77, euskaratua).


Zeusen zerutasunak ez du inondik ere galarazten haren alderdi ktonikoa. Jainkoen aita Kretako Dikte mendiko harpean sortu zen eta gaztaroa bertako Idako haitzuloan pasatu zuen. Anatoliako Zilizian ere (Frazer 1983a: 290-92) badu lurpeko zulo bat, Tyfon sugearen egoitzatik ez urrun. Preseski, suge itxurako Zeus bat karreatzen zuten helenoek beren migrazioetan (Eliade 1975: 77).


Gure Anderea ez da Zeus baino ktonikoagoa eta, harek legez, euriaren bidez gobernatzen du lurraren emankortasuna. Baina mitologia klasikoaren eraginagatik edo, itxura bizardun maskulinoa bilatzen dugu ortzia manatzen duen dibinitatea irudikatzeko: bitxi egiten zaigu komunzki giza-sinbologia1 duen arloa (goia, zerua) andere batek okupatzea, emakumea beheari eta lurrari lotu ohi delarik. Arazoa da ez dakigula XII. mendeko Urcia nola irudikatua zen. Eta anderea izan balitz? Gure arbasoek Aita gurea zeruan zaudena orde Ama gurea zeruan zabiltzana otoitz egin zezaketela pentsatzea iraultza mental handiegia da...


Bururatzeko, Euskal Herriko ekaitzegileen bi alderdi azpimarratzeko dira: ez soilik elkarrekin loturak dituztela edo antzekoak direla, baizik eta denak bat direla, egitura bakarrean bilduak; bat izate hori metaforaz (hegaztiak), hierogamiaz, anaigoaz edo aurkakoen batasunaz (coincidentia oppositorum) eta erreflexibitateaz adierazita. Egitura horren bidez esplikatzen ahal dira ortziaren dibinitateen inguruan egin diren erritoak meteorologia kontrolatzeko, mendiko haien egoitzen ondoan ezarri diren elizak, ahantzi gabe konjuratzaileak -apezak- eta konjuratuak batzuetan identikoak direla. Airea zuten apezek bedeinkatzen, aireko izakiei zuzendua baitzen erritoa, herriko eliz-aurrean egiten ez zutenean mendira joaten ziren, Anbotoko Anderea bere haitzuloan ixteko asmoan, zerutarra lurpean atxikitzeko xedean.

-

1 'Giza' eta 'gizon' sinonimo gisa erabiltzen ditut, genero maskulinoan. Arrazoina azken kapituluan azaldua da.
1998
Orozko Haraneko Kondaira mitikoak (Doktorego tesia)
EHU
1986
Jean François CERQUAND-en Ipar Euskal Herriko legenda eta ipuinak
Txertoa
1985
Bidarraiko Harpeko Saindua
Haranburu Altuna