Andres Urrutia Badiola Sormen-lanak
Bilbo, 1954. Euskaltzainburu. Batxilergo ikasketak Indautxuko Jesuitetan burutu zituen. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak egin zituen, 1976an lizentziatura eskuratuz, abokatu-ekonomista sailean. Ondoren, notarioa izateko oposizioak prestatu zituen eta, gainditu ostean, Ondarroako notarioa izan zen, 1981etik 1994ra arte. 1994az geroztik, Bilbon notario dihardu. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Fakultateko irakasle da, eskola batzuk euskarazko klaseak eta gaztelaniazkoak ematen ditu. Deustuko Unibertsitatean Euskara Juridikoa Mintegia sortu zuen, eta, gaur egun, horren eta Zuzenbide Fakultateko euskara koordinatzailea da. Bestetik, 1984. urtetik 1988. urtera bitartean Euskararen Aholku batzordeko kidea izan zen. Euskal Herriko Foru Zuzenbideari buruzko Legea atondu zuen legelarien batzordean parte hartu zuen. Aldi berean, arlo juridikoan ondu ditu hainbat lan lexikografiko eta terminologiko euskararen inguruan, batez ere, UZEI elkartean (Administrazio Hiztegia, Zuzenbide Hiztegia, Hirigintza Hiztegia...). Labayru ikastegiko kolaboratzailea eta horren udako ikastaroaren irakaslea. Literaturaren arloan, euskarazko autore klasiko batzuen edizioak prestatu (Eguzkitza, Eusebio Erkiaga...), eta narrazioak eta itzulpenak moldatu ditu. Testu juridikoen itzulpenean ere aritu da, eta, Gotzon Loberarekin batera, koordinatu ditu Deustuko Unibertsitateak argitaraturiko euskarazko zuzenbide eskuliburuak (zuzenbide zibila, merkataritza zuzenbidea, zuzenbidearen historia, lan-zuzenbidea....) eta lege-testuen bertsio elebidunak, gaztelaniaz eta euskaraz, hala nola, 2003an, Espainiako Konstituzioaren euskarazko bertsio eguneratua, Euskaltzaindiak egina, Deustuko Zuzenbide Fakultateko hainbat irakaslerekin batera. Bide beretik, 2004an, argitara eman da hainbat urtetan zehar eginiko lana, hots, Kode Zibilaren euskarazko bertsioa, historian lehenengo aldiz. Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak, Euskal Gaien Institutuak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak burutu dute lan hori, eta Andres Urrutia lan-talde horren buru izan da. Oro har, Zuzenbidearen alorreko euskara teknikoa lantzeko egin eta egiten duen lana azpimarratzekoa da, besteak beste, bere bi liburu hauen bitartez: Euskara legebidean eta, Gotzon Loberarekin batera, Euskara, zuzenbidearen hizkera. Bide beretik, antzinako testu juridikoak ikuspegi juridiko-linguistikoetik berreskuratzeko eta aztertzeko ahalegin berezia egin du, oraintsu argitaratu duen Bizkaiko Batzar Nagusiak eta euskara: 1833-1877. Euskarazko testuen bilduma eta azterketa. Bertara batu dira XIX. mendeko hainbat testu juridiko-administratibo euskaraz, hiztegi eta bestelako xehetasunekin. Literaturaren alorrean, Idatz & Mintzen argitaratu ditu idazlanak. Bi narrazoi-liburu argitaratu ditu: Orrialdeak eta Berbondo. Itzulpengintzari dagokionez, berriz, galizieratik Mutiko baten oroitzapenak eta Méndez Ferrínen Tagen Atarako itzulera liburuak itzuli ditu. Honez gain, Alvaro Cunqueiro, Tolkien eta James Joyce irlandarra ere euskarara ekarri ditu. 1991n Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen eta sei urte geroago, 1997ko martxoaren 21ean, euskaltzain oso. Alfonso Irigoienen ordez izan zen hautatua eta sarrera hitzaldia Bilbon egin zuen, "Legearen zirrikituetatik barrena: ahozkotik idatzizkora" gaia jorratu zuela. Jose Antonio Arana Martijak erantzun zion. Akademiaren barnean Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoaren batzordekide eta buru izana da. Gaur egun Jagon sailburua da, bai eta Argitalpen Batzordeko kidea eta Lege-Ekonomia Batzordeko kidea ere (Lege Azpibatzordeburua). Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kidea izateaz gain, UZEIko Zuzendaritza Batzordeko osatzen du. 2004an eratu den Zuzenbidearen Euskal Akademiaren lehendakariordea da. Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia-estatutuak arauturiko Ebazpen Batzordearen kidea da, Bizkaiko Foru Aldundiak hala izendatuta.