Ander Odriozola

Ander Odriozola Atzera

2017
Freeport
Elkar
2016/10/04
Ander Odriozola
Ander Odriozolari elkarrizketa Ostirala, 2016-10-14 Ander Odriozola Argoitiak bide bat egina du zinemagintzan. Bingen luzemetraia aurkeztu zuen iaz, Marabilli Festibalean. Gidoilari lana baliogarri izan zaio lehen nobela osatzeko garaian. Freeport (Elkar), plazaratu berri duen eleberria, genero beltz klasikoan kokatzen da. Ander Odriozolari elkarrizketa Ondarroako portuan, armadore bat hilik agertuko da. Liburuaren aurkezpenean esan zenuenez, txikitan antzeko egoera baten lekuko izan zinen. Zure haurtzaroan edo gaztaroan bizitakoa, zein neurritaraino eragin du nobela honen idazketan? Bai, nire haurtzaroko Ondarroa agertzen da Freeporten. Portu arriskutsu eta erakargarri hori. Txikiak ginenean debekatua genuen hara joatea: kamioi erraldoiak leku batetik bestera, karroak goraino kaxez beteta, lurrean amuak eta burdin zatiak... haurrentzat elementu erakargarriak denak, noski. Eta debekua salto eginda, egin ohi genuen bezala, baten, auto bat ikusi genuen aurreko kristalean tiro baten zuloarekin eta gidariaren eserlekua odolez beteta. Tipo bat hil zuten. Freeport-en agertzen den moduan. Ez nuen jakin nor zen hil zutena, ezta nork hil zuen ere. Badirudi hilketa argitu gabe geratu zela. Portuan hau ikusita, hurrengo egunean ikastolara joateko desiratzen nengoen klasekideak harrituta lagatzeko kontakizunarekin. Baina ordua ailegatu zenean, ez nuen asko kontatzeko. Ez nuen ez hildakorik, ez hiltzailerik, ezta zergatirik ere. Ez dakit, igual horregatik edo, istorio bat asmatu diodala uste dut gertaera hari Freeporten. Luter lapurre moduko pintadak, yonkee-ak... 80eko hamarkadakoa garai gogorra eta zaila izan zen. Zeharka bada ere, hori ere islatzen du nobelak. Bai, 80eko hamarkada gogorra izan zen aspektu askotan. Baina era berean, edo horretxegatik igual, bizipen asko eta istorio potente asko duen hamarkada ere izan zen. Eszenatoki interesgarria istorioak kontatzeko dudarik gabe. Dena den, aitortu behar dut, idazterakoan kontuz ibili naizela, sasoi hau eta Ondarroako deskribapenak ere istorioaren eszenatoki bezala uzteko. Istorioaren jarraipenari garrantzia kendu barik. Freeport garaian kokatu duzu nobela. Tasa gabeko osagai ugari saltzeko gunea zen. Gaur egun ez da horrelakorik portuetan. Azalduko diguzu zertan zetzan freeport delakoak? Freeport edo Entrepot, Bermeo, Pasaia eta Ondarroa bezalako portuetan zegoen. Eta esan bezala, tasa gabeko produktuak itsasontzietarako saltzen ziren. Baina herrian ere sasoi horretan, ezagunak egin ziren leku hauetatik, zerga asko zuten produktu batzuk merke lortzen bai ziren. Tabakoa eta alkohola batez ere. Ni txikia izanda wiskiaz disfrutatzeko, gogoratzen dut beste produktu exotiko asko ere agertzen zirela etxeetan: gazta gorri handi holandarra, chatka eta kabiar errusiarrak, lata handi batzuetan etortzen zen gurin holandarra... baina herrikideen artean produktu ezagunenak Wiston amerikanoa eta wiskia ziren; txanpain frantsesa ere ahaztu gabe. Horrek pikareskarako joko asko emango zuen. Neurri batean, pertsonaia batzuk ere oso pikareskoak dira: Karmelo, Aida, Joanes bera... Bai, portua beti izan da pikareska leku bat. Legez kanpoko edo mugako ekintzetarako leku aproposa. Horrek ere erakargarria egiten du portua, ez? Ez bakarrik haurren jolasetarako. “Ilunpean dago beti indarra” Aida da nobelako beste pertsonaia. Femme fatale, prentsaurrekoan aitortu zenuen gisan. Akaso anbiguoena. Neurri handi batean, berak markatzen du nobelaren erritmoa. Ez al da hala? Feme fatale-ak beti dute alderdi ilunak. Eta alderdi ezkutu eta misteriotsutik etortzen da indarra istorioak edo baita pasioak aurrera eramateko. Ilunpean bai dago beti indarra. Agerian dagoenak ez dauka eta, gehiago ezer esaterik; agortua dago. Joanes aseguru-etxe bateko langile izan zen. Baina, aukeran, onegia zen ofiziorako, eta kanporatu egingo dute. Detektibe lanetan dihardu, halamoduz aritu ere. Badu saga baterako trazarik. Segidarik izango al du Joanesek? Bai, pertsonaia sortzen joan nintzen heinean, gero eta sakontasun gehiago hartzen joan da Joanes eta ingurukoak ere; eta egia da, azkenean pertsonaiak badute nahiko istorio atzetik saga baten aurrera egiteko. Itxi gabeko pasarteak ere hor daude. Aitortu behar dut burutik pasa zaidala, bai. anderodriozola04 Portuaren estuasuna, kasinoaren iluna Bilbo eta Ondarroa artean kokatzen da nobela. Hiria eta portua. Genero poliziako baterako osagai asko eman dituzte bi gune hauek, ezta? Ondarroako portu txiki eta estua izanda, Bilboko kasino eta kaleak arnasa hartzen uzten diote Joanesen pertsonaiari. 80. hamarkadako Bilboko aireak eman zezakeen arnasa, beti ere. Genero beltzaren gako asko daude nobela honetan: hilketa bat, susmagarri ugari, politikoki oso zuzena ez den detektibe bat, kasino bateko morroia atzetik, maitale-jokoa,... Genero beltzaren baitan, erosoa egin al zaizu idazketa-lana? Erronka ederra izan da egia esan. Ez nuen generoan esperientziarik, irakurle edo zinema ikusle bezala izan ezik eta egitura garatzen lan asko eman dit. Baina gustura geratu naiz emaitzarekin eta gehiago egiteko gogo apur batekin ere. Modu kronologikoan garatu duzu nobela. Hari mutur batzuk erakusten dira nobela hasieran, baina nobela amaitu arte ez dugu mataza osoa askatuko. Bai, asko gustatzen zait askeneraino korapiloa askatzen ez duten istorioak eta horrela egin nahi izan dut. Irakurle bezala asko eskertzen dela uste dut horrelako istorioak. Eta idazlearen lana da, dena ondo antolatzea, bukaeran dena ondo ixteko, estiloa emanez. “Deskribapen gutxi erabili ditut” Zure lehen nobela da. Dena den, gidoigintza lanetan aritu zara. Bingen izeneko film luzea idatzi eta zuzendu zenuen. Gidoigintza lan horrek erraztuko zuen nobelaren beraren idazketa, ezta? Bai, batez ere egitura sortzerakoan egin zait lagungarria. Film luzeak idazteak, filmatu eta muntatzeak, distantzia luzeetan trebatu egin nauela uste dut, eta segurtasuna eman didala nobela baten erronkari aurre egiteko. Denbora asko lan egin behar da, luze, eta hori ez da erraza mantentzea. Dialogo asko dago nobelan. Horrek erritmo bizia ematen dio irakurketari. Gidoi baterako abiapuntua ere izan zitekeen. Film baterako abiapuntua izan daiteke akaso? Deskribapen oso gutxi erabili ditut eta orain aldian dago Freeport, bai. Niretzako hurbilago dudan gidoi estilotik gertu. Eta literaturan ere gustuko dudan idazkera lehorra erabiliz. Eta galderari erantzunez: noski, gustura filmatuko nuke Freeport, bai horixe. Saiatuko naiz produktoreen bat tentatzen. Zer nolakoa izan da nobela bat burutzeko prozesua. Eroso sentitu zara? Bigarren baterako gogoa piztu al dizu? Tira, idazten duzun lehen nobela argitaratzea lortzea gogoa piztekoa da, bai. Baina hurrengo proiektua erabakitzea, patxadaz egin behar den zerbait da ze pare bat urteko lana izan ohi da, eta beraz, ondo pentsa beharreko gauza erdi bidean ez geratzeko. Seguruenik egingo dut bai beste saiakera bat. Joanesekin edo beste norbaitekin, hor baitut ate joka besteren bat ere.