Alaine Agirre Garmendia Atzera
Pasio handi batek ekarritako ikarari buruz idatzi nahi izan dut
ermeon jaiotako idazle honek iaz plazaratu zuen lehen nobela: Odol mamituak (Elkar). Eta urtebeteko epean, bigarren nobela eman du argitara: X hil da (Elkar). Liburu berri honen bitartez, "pasio handi batek ekarritako ikarari buruz idatzi nahi izan dut, maitasun baten obsesio ero bat. Pasioa eta maitasuna, alde batetik, eta horiek dakartzaten ikara eta obsesioa, bestetik". Nobela honetako trazu batzuk, lehen kolpean margotu bezala ageri dira koadroan. Gordin. Zuzen. Bakarrizketa batean suertatzen den gisan.
Odol mamituak (Elkar, 2014) idazteko ideia bat-batean etorri zitzaizula aitortu zenuen Hitzen Uberan eskaini zenigun elkarrizketan. Gero, apurka-apurka joan zinen zure lehen nobela hura izan zena osatzen. X hil da ere, bulkada baten emaitza izan al da?
Ideia nik neuk neukan ikara batetik etorri zitzaidan, baina egia da bat-batean etorri zela: hau da, momentu ez oso on batean idazteko beharra neukan, eta, zer idatziko nuen jakin gabe, idazten hasi nintzen, neure ikara hori hitzez janzten saiatuz.
Odol mamituak nobelan eromena hartu zenuen hizpide. X hil da izeneko honetan, amodioaz mintzo zara. X delakoarekiko amodioa eta amodioaren inguruko galera, traizioa, asperdura, zeloak... ezta?
Egia da aurreko liburuan eromenaz hitz egin nuela, baina gehiago, nik uste, minaz. Azken honetan, aldiz, pasio handi batek ekarritako ikarari buruz idatzi nahi izan dut, maitasun baten obsesio ero bat. Pasioa eta maitasuna, alde batetik, eta horiek dakartzaten ikara eta obsesioa, bestetik.
X hil da. Gora X! Edo akaso ez da hil. Obsesio mugaezin horretan, X oso bizirik dela irudituko zaio bati baino gehiagori. Eta zalantza egingo du, benetan hilik ote den edo bizirik. Akaso horretan datza nobela labur honen indarra, ezta?
Ez dakit zertan datzan nobelaren indarra, zuk diozun indar hori baldin badu. Baina bai, X oso bizirik edo oso hilik sentituko du irakurleak, ez du beti jakingo hor edo hemen edo han dagoen.
Eldarnio baten kontakizuna dirudi. Eldarnio giro hori, obsesio hori paperera eramatea ez zen lan erraza izango, ezta?
Mingarria izan zen, egia esan, baina aldi berean obsesio hori apaltzen, ekaitza baretzen, edo ni neu apur bat gehiago sendatzen (osatzen, hitzaren bi zentzuetan: sendatzen eta betetzen) lagundu zidan hori idazteak.
Oka egitearen irudia agertzen da nobelan. Estualditik eta liberaziotik badu oka egiteak. Nobela honen idazketak zenbat izan du plazeretik, zenbat estualditik?
Estu eta larri (eta ia-ia oka eginez, literalki) aritu nintzen idazten, baina aldi berean plazerez betea zegoen samin hura. Esan nahi dut, zauria desinfektatzeak azkura ematen du, eta batzuetan min; baina sendatzen doan seinalea den horretan, lasaitasuna eta sosegua ere sentitzen dituzu. Eta, bestalde, idazteak berak (nahiz haur literaturako ipuin xamur bat izan, nahiz helduentzako testu agian gordin eta ilun bat izan) dakarren plazera ezin da beste ezerekin konparatu. Askotan erkatu izan ditut sexua eta idaztea bera: egonezinez betetzen zara batzuetan klimaxera iritsi orduko, baina, behin heltzen zarela, dena da eztanda, dena da barruko minaren eskapea, dena da ia existitzen ez den momentu bat, birikak eta bihotza gelditzen diren unea. Ezin da deskribatu (edo nik ezin dut, behintzat), baina hori da idaztean sentitzen dudana.
Egitura soila da. Ahapaldi batzuk oso laburrak dira. Trazu batzuk, lehen kolpean margotu bezala ageri dira koadroan. Gordin. Zuzen. Bakarrizketa batean suertatzen den gisan, akaso?
Nahita egin dut hori horrela. Odol mamituetan edizio lan handia egin genuen, eta gustura geratu nintzen. Baina X hil da-k beste zerbait eskatzen zidan. Errespetatu egin nahi nuen momentuan bertan idatzitakoa, ez nuen atzera larregi begiratu nahi, ez nuen testua larregi txukundu nahi; agian, bakarrizketa bat delako-edo. Egia esan, ez dakit zergatik egiten ditudan gauza batzuk idazten dudanean, baina intuizioak-edo esanda bezala egiten ditut. Pentsatzeari uzten diot idazterakoan, eta bihotza eta tripa eta birikak irekitzen zaizkit, eta sentitu egiten dut, bizi egiten dut momentua. Idaztea niretzat terapeutikoa dela esan dut sarritan, eta hala da, momentu batez nire burua (orgasmoan bezala) galdu egiten delako, eta beste zerbaitek gidatuta idazten dudalako (eta hori ezin dut lortu ezta yogarekin ere). Baina, beste alde batetik, hain hain hain intentsoa da bizipen hori, hain da indartsua, eromeneranzko bidea hartzen duela. Dikotomia hori ikusten dut nire idazte-ariketetan: plazera eta mina, sosegua eta dardarizoa.
Estilo aldetik, bakarrizketa itxuran emana dago. Intentsitate handiko uneak daude liburuan. Izuak baditu milaka aurpegi eta ia erpin gehienak irudikatzen dira nobelan. In crescendo joango da kontakizuna. Bere laburrean, dinamika eman nahi izan diozu idazlanari ezta?
Egia esan, ez dakit zer eman nahi izan diodan. Lehentxeago esan dudan moduan, intuizioz idazten dut, horrela bakarrik dakidalako egiten. Ez dut planifikatzen, ez dut jakiten gehienetan hurrengo atalean zer datorren, are gutxiago nola bukatzen den… Ez dut, bestalde, modu arrazional batean pentsatzen nola sortu, nola eraiki eleberria: nolako erritmoa eman, tonua, zein baliabide erabili… Oso gutxi dakit nik horretaz guztiaz. Baina ez zait larregi inporta, ze, idazten hasten naizenean, beti izaten dut aurrera naroan bulkada bat, indartsua, ederra; eta horri jarraitzen diot.
Protagonista guztiz itsututa dago X-rekin. Ahots bakarra mintzo da nobelan, eta lehen pertsonan ari da uneoro. Autoanalisiaz ere bada hausnarketarik nobelan. Kazetariok dena etiketatzeko joera dugunez, “autoanalisi baten kontakizuna”, etiketa gisa, gustuko al duzu?
Ez. Ez, ze inoiz ez zaizkit etiketak gustatu. Ez naiz etiketetan kabitzen, ez dakit etiketen barruan bizitzen. Lehen saiatzen nintzen hori egiten (neure bizitza pertsonalean), eta aspaldi konturatu nintzen ez zela nirea. Beraz, ez “autoanalisi baten kontakizuna”, ez horrenbeste entzuten den “autofikzioa”, ezta ere “Alaineren bizitzaren kontakizuna”. Egia da ni izan nintzela liburuaren parte, eta baita liburua neure parte, idatzi nuen momentuan; baina bukatu zen, liburuak beti bukatzen dira, eta, zorionez ala zoritxarrez, bizitzak aurrera darrai.
"Beti izan dut nire bizitza fikzionatzeko zaletasuna edo mania"
“Ez naiz exhibizionista bat hau idazteagatik”. Liburuko pasarte bat da hori. Irakurleak idazlea eta protagonista nahasteko joera izan ohi du. Jakitun zara, nobela hau irakurri eta gero joera hori areagotu egin daitekeela, ezta?
Bai, badakit. Baina ez zait inporta.
“Nitaz idaztea da zutaz idazteko modua”. Horra beste pasarte bat. Liburuan bada fikzioaz, errealitateaz, idazteaz... hausnarketarik ere. Norberaren bizitza fikzionatzea ere badela literatura. Hori esatera zatoz akaso?
Beti beti beti, txikiegia nintzenetik agian, beti izan dut nire bizitza fikzionatzeko zaletasuna edo mania. Eta baita fikzioa neure errealitatean sartzekoa ere. Nire izaera da. Agian gaixotasuna. Bestela eromena. Edo soilik irudimena. Pentsa dezatela nahi dutena. Eta ez dakit zer den literatura, baina izan liteke, edo nik horrela sentitzen dut behintzat, norberaren bizitza fikzionatzea literatura egiteko modu bat.
"Idaztea ez da ordenagailuan teklak sakatzea bakarrik"
Eromenaz mintzo zinen Odol mamituak nobelan. X hil da liburuak, aldiz, obsesio baten kronika dirudi. Maila honetan, muturreko egoeren idazle gisa sailkatuko zaituzte.
Odol mamituak liburuan, eromenaz baino, minaz eta sufrimenduaz aritu nintzen gehiago. Eta X hil da liburuan obsesioa dago oinarrian, ikara batetik jaiotako erreka da obsesioa, baina maitasunean itsasoratzen dena. Ez dakit zer moduko idazle gisa sailkatuko nauten; nik ere badaukat nahikoa lan neure burua “idazle” moduan ikustearekin, eta ez dut nahi beste sailkapen-etiketa-diagnostiko-postura batzuetan jarri neure burua.
Niretzat idaztea beharrizan bat da, ez zaletasuna. Honela mintzo zinen martxoa partean eskaini zenigun elkarrizketan. Beharrizana den aldetik, seguru izango duzula beste lanen bat eskuartean. Ezer aurreratzerik bai?
Idaztea ez da ordenagailuan teklak sakatzea bakarrik. Bizitzea ere bada. Eta horretan nabil, inoiz bizi izan ez ditudan gauzak bizitzen eta ohartxoak edo esaldiak edo berbak edo musika idazten, neure buruan. (Koaderno txiki bat eramateko ohitura hartu behar dut bai ala bai). Baina, zure galderari erantzunez: ez, ez dut ezer aurreratuko. Nola aurreratuko dut, neuk ere ez baldin badakit zer datorkidan orain?
Haur eta gazteentzako hainbat liburu ere idatzi dituzu. Horretan ere bazabiltza une honetan?
Orain dela urte eta erdi idatzitako ipuin bat ilustratu zuen Maite Gurrutxagak, eta Lazarillo Sarira bidali genuen. Saria eman digute. Baina egia esan ez, orain ez nabil haurrentzako ezer berezirik idazten. Baditut mahaiaren gainean ipuin pare bat, aspaldikoak, berridatzi nahiko nituzkeenak; baina, lehen esan dizudan moduan, orain beste zerbait ari naiz bizitzen, eta horrekin nahikoa eta sobera daukat.
Argazki nagusia: http://busturialdea.hitza.eus
Karena (Irun Hiria Kutxa Saria 2021)
Ane (Txandaka bilduma)
Kamisoi zuri zetazkoa
Munstro txikiak-Sorgintxoren adiskide debekatua
Oier (Txandaka bilduma)
Sangre Seca
Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Gaueko anderea
Libe (Txandaka bilduma)
Maren (Txandaka bilduma)
Munstro txikiak-Hagintxoren tripako minak
Muntro Txikiak-mamutxo bere gurasoen bila
On ha anat, ´'avi?
Txoriek etortzen ez diren lekua
¿Donde ha ido el abuelo?
Hegats aldizkaria
Hegats aldizkariaz, Alaine Agirrerekin solasean
Asteartea, 2016-11-29
Hegats aldizkariak garai berri bati ekin zion iaz: liburu itxura atzean utzi eta aldizkari euskarrira egokitua izan zen. Lander Garro aritu zen zuzendari lanetan, eta iaz egin zen ahaleginari esker hain zuzen, arnas berri bat hartu zuen Euskal Idazleen Elkarteak plazaratzen duen argitalpenak. Urtero lan-taldea aldatzeko apustua egin zuen EIEk, eta honakoan Alaine Agirrek jardun du zuzendari zein koordinatzaile lanetan.
Hegats-en 54. zenbakia zuzentzea egokitu zaizu. Nolakoa izan da esperientzia?
Ba, berba bitan esateko, gogorra eta pozgarria. Gogorra, uste baino lan handiagoa izan delako. Hasieran 76 orri egitekoak ginen, eta denbora gutxiren faltan esan ziguten 100 orrikoa izan behar zuela; eta gero, ba, aurreikusi ezin daitezkeen hainbat gorabehera suertatzen dira. Baina hala eta guztiz pozgarria, profesional onekin egin dudalako behar, eta jendeak bere borondate onena ipini duelako azkenean aldizkari txukun, eder eta mamitsu bat egiteko.
Badira elkarrizketak, badira erreportajeak... Aldizkariari itxura emateko garaian, zeintzuk izan dira jarraitu dituzun irizpide nagusiak?
Aldizkari hau urtekaria da azken batean, urtean behin kaleratzen denez gero. Hortaz, urte horretan literatur munduak gure artean eman duenaren berri jaso gura izan dugu. Bestalde, helburua ez zen sormen lanak kaleratzea, eduki informatiboa eskaintzea baino. Premisa bi horiek kontuan hartuta, urteko nobedade gehienen berri eman dugu, urteko gertakari nagusiak bildu kronologia batean, eta urtean zehar esanguratsuak izan diren hainbat libururen egileei elkarrizketak egin. Dena garaiari lotua izan ez dadin, badira atenporalagoak diren erreportajeak ere.
Mamia bezain garrantzitsua izan ohi da azala, itxura. Lander Garrok iaz zuzendu zuen zenbakiarekin, garai berri bati ekin zion Hegats aldizkariak. Garrok abiatu zuen estiloaren bidetik al dator honako hau?
Bai, duda barik. Batetik, oso lan ederra egin zuelako Garrok iaz. Eta bestetik, Euskal Idazleen Elkarteak ere asmo horixe zuelako. Alderdi grafikoa zaindu eta azpimarratu gura izan dugu, baina iazko aldizkariaren kopiarik egin barik. Argazkiek pisu eta leku nabarmena dute aldizkari osoan, baina gehienak zuri-beltzezkoak izatea erabaki genuen. Zaloa Fuertes argazkilariaren lana azpimarratu beharko genuke, zinez ikusgarria izan da eta. Diseinuan, berriz, Sardina Grafikako Ion Sarasolak kutsu klasiko, garbi bat eman nahi izan dio, eta horrek ere nortasun berezi bat erantsi dio azken emaitzari.
Hainbat kolaboratzaile batu dituzu aldizkari honetan. Idazleak kazetari lanean ipiniz.
Felipe Juaristi, Itxaro Borda, Peru Magdalena, Gari Berasaluze, Garbiñe Ubeda, Igor Susaeta eta Xabier Mendiguren ibili dira artikuluak idazten, nitaz gain.
Horrelako "erredakzio batzorde" bat koordinatzea lan erraza izan al da?
Koordinazioa ez da zaila izan, denak egon direlako lanerako prest eta emandako irizpideak betetzeko borondate onez.
Hala ere, ez da beti erraza izan taldea osatzea. Batetik, lan gehiena udan egin behar izan dugulako, horrek dakartzan eragoezpenekin. Bestetik, Elkartearen ahalak mugatuak direlako, eta ordain xume horrekin proposamena egin genien hainbat lagunek ezetz esan ziguten.