Urrezko gordailua, urrezko emakume-ahotsetarako
Tak-tak-tak! Irekitzen diren konporten soinua. Hauts-laino artean, heldu berriak kaskoa kendu eta ingurura begira hasten dira. Garazi eta biok, haiei so, irrikaz, urduri aurkitutako mundua erakusteko. Haiek gure gaurko gonbidatuak dira, Leire Bilbao eta Bego Montorio. Ongietorri Ahots Planetara!
Gauza bat da hain gustuko dituzun autoreen liburuak irakurtzea edota pasarteak berrirakurtzea; beste gauza bat da irakurketa horiek zure tailerretan erabiltzea, eta zure ikasle guztiei hainbeste miresten duzun idazleaz hitz egitea. Eta hirugarren maila batean (eta freaky-agoan), neu nago: nire kosmonauta eta lankidea Garazi Albizuari proposatu bainion, gure podcast-ean Leire Bilbaoren azken poema-liburua aztertzea. Eta horrek, nahi gabe, eraman gaitu gaurko topagunera: Leire bera aurrez aurre ezagutzera (Uuu!)
Baina ez hori bakarrik. Esan bezala, bada, Leire ez zetorren bakarrik, baizik eta Bego Montoriorekin batera. Tandem ederra: biak hizkuntzaren langileak, biak sortzaileak -bakoitza bere modura-. Erakutsi ziguten mezuari bide desberdinetatik heldu ahal zaiola. Komunikatzeko beharra, eginkizuna, begirada eta xedea aletuz, eguna igaro zen, eta denbora horretan, suertatu ziren galderei emandako erantzun adierazgarriek pentsakor utzi gintuzten.
Baina ez ginen teorian bakarrik gelditu, Ahots Planetari asko gustatzen zaio gurekin jolastea, eta, horregatik, zentzumenezko joko/erronka batzuk proposatu zizkien etorriberriei, emozioak hitzen bidez azalera ditzaten. Azken batean, zentzumenen bidez mundu berriak erakuts diezazkiguten. Unibertso handi honetan gure Ahots Planetaren antzeko lekuak egongo omen dira, alegia.
Egia esan, haiekin egotea ikasgaia izan da guretzat, jakinduriaz asetutako ikasgaia, euren sormenaz zuzenean gozatzeko aukeraz gain. Eta hain hurbilekoak izan ziren non, eguna amaitzean, lehenagotik ezagutzen ginela zirudien.
Eskertuak baino eskertuagoak sentitzen gara gure Planeta bitxiaren alde egiteagatik. Plazera izan da, Bego, Leire!
Orain, zuen izena duten liburu-landareak gure Ahots Planetako nukleoan gordeta daude. Urrezko gordailua, urrezko emakume-ahotsetarako.