Testu zaharrak gaurko egunera ekarri ditu metroak, Bilbon eta Basaurin
Euskal Idazleen Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak urteak daramatzate elkarlanean, gure literatura denen eskura jartzeko helburuz. Aurtengo ekimenean, XVIII, XIX eta XX mendeetan idatzitako testuei eman zaie protagonismoa Denbora muga barik izenburupean, eta Juanra Madariaga idazlea arduratu da hautaketaz. Erakusketa formatuan Moyua, San Nikolas eta Basauriko metro geltokietan jarri dira eta ikusi nahi dituenak abenduaren 30ean izango du azken aukera. Liburuxkak, berriz, liburutegietan nahiz liburu-dendetan banatu dira doan.
Bildutako testuetan koplek aparteko garrantzia hartu dutela ikusirik, bertso saioa ere antolatu zen Basauriko Udalaren laguntzaz.
Aurtengo Denbora muga barik erakusketa iazko Irakurri, mesedez kanpainaren osagarri izan da. Izan ere, oraingo honek idazle zaharren ekarpena gogoratu duen bezala, joan den urtekoak idazle garaikideena nabarmendu baitzuen, xede beraz.