Poesia Orduak 2021eko emanaldiei Pello Añorgak eginiko kronika
Interesgarriak Victoria Eugenia Clubean bizi izandako Poesia orduak, irailaren 6an eta 7an emanak, Maite Larburu-Leire Bilbao zein Naia Zubeldia-Manu Matthys bikoteen eskutik, hurrenez hurren.
Bietan URA ardatz: Lehenean, ETXEAREN barruko URAK; bigarrenean, kanpoko UR LIKIDOAK.
Eta bietan nabigatu ahal izan genuen kulunkan. Lehenean, arrainak bezala, etxetik atera gabe; bestean, aldiz, kosmonauten gisara, itsasoaz gaindi.
Lehenean, etxeko buzoak jantzita; bestean, buzorik gabe. Batean, arrainak harrapatzeko amua galdera bihurturik; bestean, arrainak mugitzeko espazio plastiko bihurtuz. Batean, gure amaren gorputz bazkagarria aurkitu genuen; bestean, paradoxaz betetako ur babesgabea.
Batean, ura gorputz bihurtu zen, hots, errai, odol, haragi; bestean, aldiz, oihartzun iheskor, esan nahi da espektro, laino, aire.
Batean, etxeko tresnak jota, musika etxe bihurtu zen; bestean, tresna elektroakustikoen bitartez, musika ozeano. Eta halako gozatua hartu genuen Victoria Eugeniara hurbildu ginen ikus-entzuleak, non, bat-batean,
Kantauriko ur-mugak ezabatu egin baitziren, eta lur berean batu, ezin miresgarriago.
Pello Añorga