Pau Vadell Valbona Hugoeneako egoilarra, Ubera liburutegian
Mallorcako poeta, AdiA edizioen editorea, kultur kudeatzailea eta historialaria da. Poesiari dagokionez, dozena bat liburu argitaratu ditu, horietako asko, sarituak (ikus https://www.pauvadell.cat). 2023An, Institució de les Lletres Catalanes (ILC) erakundearen sormen beka jaso du Si escates un salvatge poema liburua idazteko eta lan hori amaitzeko, hain zuzen ere, egonaldia egin du Hugoenean.
Lan horren nondik norakoak ezagutzeko bilkura bat antolatu zuen Donibaneko Ubera Liburutegiak eta Paul Vadellek esker ona azaltzeko Cremen desordes liburuaren ale bat oparitu dio liburutegiari. Urriaren 18an egindako solasaldian Oihana Arana eta Itziar Ugarte euskal poetak ere bertan egon ziren, bi hizkuntzen arteko idazleen elkarrezagutza errazteko. Bi poetak horiek Fundació Mallorca literariak antolatutako Versud 2023 jaialdian parte hartu zuten pasa den udaberrian. Joan etorriko hartu emana beraz, Mallorcako eta euskal poeten artekoa.
Euskarak bezala eremu urria duten hizkuntzetako idazleei zuzendutako ekimena da Hugoeneako egoitza. Egonaldia EIEren eta Pasaiako Udalaren arteko hitzarmen baten ondorio da; horren arabera, Udalak EIEri etxebizitza txiki bat utzi dio Donibanen, XIX. mendean Victor Hugok ostatutzat hartu zuenetik gertu; hain zuzen, idazle frantsesari zor dio Hugoenea izena. EIEk, berriz, euskaraz edo eremu urriko beste hizkuntzaz (katalanaz, galizieraz, bretoieraz, frisieraz...) diharduten idazleen zerbitzura jarri du, bertan egonaldiak egin ditzaten; betiere, literatur sorkuntza sustatzea helburu izanik. Azken batean, ekimenak eremu urriko hizkuntzetako sorkuntza babestu nahi du.
Argazkian: Pau Vadell, idazlea; Aitor Brion, Pasaiako kultura zinegotziaren ordezkoa; Oihana Arana, idazlea eta bertsolaria; Itziar Ugarte, idazlea eta kazetaria.