Maite Darceles Tife: “Irakurleari zuk transmititu nahi duzuna iritsi behar zaio”
Ekonomia eta Enpresen Zientzien lizentziatua da Maite Darceles Tife, baita idazle eta irakurle amorratua ere. Gaur egun, enpresen eta antolakundeen aholkularia da eta bere talde propioa du, Hondarribian kokatua. Idazkuntzarekin jarraituz, bere lehengo lan luzea 2009an argitaratu zuen, Eraldaketarako gidalerroak, saiakera moduan; eta 2018an lehenengo fikziozko eleberria, Bihotzean daramagun mundua, Alberdainia argitaletxearekin. Bera elkarrizketatzeko parada ukan dugu eta horra solasaldiak emandakoa:
Ibai Lekuona Darceles
Zein izan da zure bidea? Ze motatako ikasketak egin dituzu?
Hondarribiko Ikastolan egin nuen oinarrizko hezkuntza, herriko institutu publikora joan nintzen ondoren eta Deustuko Unibertsitatean Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Lizentziatura egin nuen, azken urtearen zati bat Danimarkan eginda. Hortik aurrera hainbat ikastaro egin ditut, oso desberdinak. Eta irakurriz ere asko ikasten dut. Unibertsitate ikasketak aukeratzeko unean ez neukan batere argi. Nire intereseko alorrak anitzak ziren. Pentsa, euskal filologia, informatika eta azkenean gailendu zena neuzkan bukaerako hiru aukeren artean.
Zerk eraman zaitu horrelako liburu bat idaztera?
Munduak kezkatzen nau. Guk hala nahi gabe hartu duen bideak, geroz eta nabarmenago, gainera. Naturalizatu egin dugu, beste aukerarik ez balego bezala. Eleberriaren bidez gauzak diren bezala auzitan jartzea nahi nuen, eraldaketa baten beharraren kontzientzia hartzea. Mundua ez dago lege natural baten menpe, baizik eta gutariko bakoitzaren ekintzen menpe. Beraz, kontzientzia hartzen badugu eta gogoeta egiten badugu, gauzak aldatzen has gintezke. Ideia sinpleegia, haurrena, irudituko zaio norbaiti. Baina egia ere oso sinplea da, edozein dela ere aztertzen dugun esparrua, zentzu askorik ez daukaten gauzak aurkitzen ditugu, beste modu batera izan beharko luketen gauzak, gustatzen ez zaizkigunak... Baina dena uztarturik dago, katramilaturik, aldaketak egitea oso-oso zaila bihurtzen da, eta beraz, atakatik pasatzen gara, behin eta berriz. Amorrua sentituta, beharbada, inpotentzia sentituta, beharbada... baina denboraren eraginez, ardura sentipena gutxitu egiten zaigu, ardura kolektiboa esanahia galtzen doa eta norbere ardura indibidualean zentratzen gara. Eta horrela ez dago irtenbiderik.
Nola hartu zaitu idazleen munduak?
Alberdania argitaletxeari eta, bereziki, Jorge Gimenez Bechi oso eskertua nago. Idazle handi bat banintz bezala tratatu bainaute hasiera-hasieratik. Idazle izatea barruan duzuna lantzeko zure buruari baimena ematea da. Baina prozesu horretan oso garrantzitsua da irakurlearen figura. Irakurleari zuk transmititu nahi duzuna iritsi behar zaio, eta esanguratsua izan behar du transmititu diozuna edota transmititzeko modua. Jende askok adierazi dit horrela gertatu dela berarekin eta idazten jarraitzeko animatu naute. Bai eleberriarengatik, baita beste hainbat idatzirengatik ere. Norbaitek esaten dizunean, mesedez, idazten jarraitzeko konpromiso polit bat sentitzen duzu, ezin diozula huts egin.
Idazteaz gain ba al duzu beste zaletasunik?
Irakurtzea, mundua hobeto ulertzea eta eraldatzeko pistak eta bideak bilatzea, beste pertsonekin eta taldeekin gai horien inguruan eztabaidak izatea... Horiek dira hizki larritan adierazteko nire zaletasunak. Gero, ba, oso zaletasun normalak, betikoak, ditut, erraz ondo pasatzen dut lagun artean, familian, bazkari batean zein mendiko txango batean.
Aipatu azken aldian gustatu zaizkizun liburu edota idazle batzuk
Hainbeste!!!! Azken hilabeteetan irakurritako batzuk aipatuko dizkizut. Irene Solàren Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak (euskarara itzulia), Simone de Beauvoirren Las inseparables (gaztelaniara itzulia), Irene Vallejoren El infinito en un junco, Amets Arzalluzen Miñan, Marina Garcésen Escuela de aprendices, Annie Ernauxen Una mujer (gatelaniara itzulia), Tamara Tenenbaumen El fin del amor, Kazuo Ishiguroren Klara y el Sol (gaztelaniara itzulia)... Orain Piotr Kropotkinen La conquista del pan eta beste hainbat liburu ari naiz irakurtzen. Askotan bat bukatu gabe beste batekin hasten naiz...