Juseff Eguiateguy idazle zuberotarraren Aberatztarzun gussién guils bakhoitza (1782) jatorrizko eskuizkribuaren edizioa plazaratu berri dute Egan-en
Eskuizkribua Gipuzkoako Aldundiko Liburutegiak eskuratu zuen 1961ean Aingeru Irigarairen bidez, baina obra horren lehen aipamena Txomin Peillenek egin zuen Egan aldizkarian 1963ko uztaileko alean, Koldo Mitxelena aldizkariaren zuzendari zela. Artikulu horretan, Peillenek Frantziako Liburutegi Nazionalean aurkitutako Egiategiren Lehen liburia edo filosofo huscaldunaren ekheia (1785) eskuizkribuaren berri ematearekin batera, testu horretan Egiategik Aberatztarzun gussién guils bakhoitza izeneko lana aipatzen duela ezagutzera eman zuen. Orduan argitaratu ziren Koldo Mitxelenaren, Lino Akesoloren eta Aingeru Irigarairen oharrak eta argibideak eskuizkribuari buruz, eta, besteak beste, nork aurkitu zuen eta non zegoen argitu zuten. Hirurek ikusi zuten jatorrizko eskuizkribua, baina inork ez zuen osorik argitaratu.
80ko hamarkadatik «galdutzat» emana zen jatorrizko eskuizkribua, harik eta Pedro Berriotxoa historialariak eta EAEko kideak ikerketa baten harira 2020an aurkitu zuen arte. Hari zor diogu jatorrizko eskuizkribua aztertzeko eta lehen edizio hau egiteko aukera. 1963ko Eganek jasotako lehen aipamen hartatik mende erdi bat baino gehiago igaro denean, orain aldizkari berean argitaratu dute jatorrizko eskuizkribuaren edizio kritikoa Manuel Padilla-Moyanoren eskutik, XVI-XIX. mendeetako Zuberoako literatura corpusari buruzko doktore-tesiaren egilea.
Zuberera zaharraren lexiko gehiena erlijio liburuetatik ezagutzen dugu. Eskuizkribu honetan, aldiz, hizkuntza biziagoa azaleratzen zaigu, egunerokotasunetik hurbilago gertatzen den lexiko batekin. Liburuaren edukiak, funtsean, etxaldearen gobernuari dagozkio: baratzeko eginkizunak, landareen zaintza, jendeen, haurren eta kabalen eritasunak eta haien kontrako erremedioak, garaiko farmakopea… Etxaldeaz harago, Egiategi XVIII. mendeko Zuberoaz mintzo zaigu: orduko usantzak, janzkerak, dantzak, soinugileak…
Hemen, Eganeko webean irakurgai.
Eskuizkribua gaur egun Koldo Mitxelena Liburutegian jasota dago. Edizio kritikoa paperezko bertsioan kaleratu da, baina laster izango da Egan literatura aldizkariaren webgunean irakurgai, helbide honetan: https://www.rsbap.org/ojs/index.php/egan/index