Joan Mari Irigoien hil da
Idazle handia eta pertsona hobea joan zaigu. Euskal letrak doluan ditugu. Gugan bego bera, gugan beude bere lanak. Hegats 54 aldizkariariaren azala ekarri dugu gogora hemen irakurgai (Argazkia: Zaloa Fuertes). EIErentzat egindako azken idatzia ere, gogoangarria zaigu:
Lehengoan, Patxi Zubizarretaren email bat jaso nuen, non eskatzen baitzidan zer-nolakoa izan nuen neure esperientzia, ikastetxeetan gidatu nituen solasaldietan. Bikaina izan zen, Patxi, oro har! Ahalegintzen nintzen, hori bai, solasaldiak dibertigarriak izan zitezen: serioak ere bai, jakina!
Primeran oroitzen dut lehen anekdota.
Amak kontatzen dit—kontatzen zidan, alegia, orain dela urte batzuk hil baitzen—, ni jaiotzear nintzela, azpikoz gora egin nuela haren sabelean; etorri zen espezialista, aitaren lagun- mina zen Arrillaga jauna, zeinek bai baitzekien gure aitaren literaturzaletasunaren berri, umontzi gozo hartan berregokitu ninduen, gerriko estu batekin gogor lotu, eta esan zion amari: “Orain bai, zuzen etorriko da”, baina iritsi zen jaiotzeko ordua, eta orduan ere azpikoz gora egin nuen, aldrebes jaio nintzen. Aitak zangoak aurretik nekartzala ikusi zuenean, pentsatu zuen: “Futbolista”; Arrillaga jaunak ez zuen ezer pentsatu ez ezer esan, hain baitzegoen harrituta... baina amari oinazeak pasa zitzaizkionean, zerbait esan behar eta, esan zion aitari: “Aizak, Roman, mutil hau idazlea datorkik... baina surrealista”; amak ez zekien zer zen surrealismoa, baina beste askotan bezala, ulertzenez zituen hitzak ulertzeko modu berezia zuen, eta aurrean zituen bi gizonei esan zien: “Behin okertutako pagoa ez da inoiz zuzentzen”. Arrazoi zuten hirurek.
Mundura aldrebes jaio nahi izateagatik hilzorian egon nintzen, arnasestuka —mesede ederra orduan hil izan banintz, irakasleek aginduta Poliedroaren hostoak edo Lur bat haratago irakurri ezinean zabiltzatenontzat, ezta?—, baina leihora atera nindutenean aire bila, zeru urdin mugagabea ikusi nuen goian, haize-kolpe baten fereka nabaritu masailean... eta, arnasa neureganatuz, hura ez zela hiltzeko ordua erabaki nuen.
Beraz, hortxe dituzue dagoeneko nire literaturaren konstanteak izango diren bi ardatz: heriotza eta espazio infinituen beharra.
Hortik aurrera, negar eta nahigabe ororen gainetik, oso haurtzaro zoriontsua oroit dezaket, neure jaioterrian, Altzan, beti korrika zelaietan, kilkerren bila edo ezkailu arrantzan, edota futbolean edo pilotan frontoian.
Etab. Etab. Etab.