Hegats aldizkariaren 58 zenbakia argitaratu dugu
Hegats 58. Aurkezpenaren bideoa
30 urtez eskolaz eskola ibili eta gero, ospakizun eta hausnarketan gabiltza. Eta, idazleekin batera, baita ikasle-irakasleak ere. Horrexegatik da Idazleak ikastetxeetan programa Hegats 58. aldizkariaren gai nagusia.
“Isolatzea izaten da idazlearen arriskua, behar beharrezkoa dugu irakurleekin harremanetan egotea”, abiapuntu horrekin hasi zuen aurkezpena Felipe Juaristik. Hasierako, eragile taldean aritu zen Juaristi eta ordutik, sarritan ibili da eskolaz eskola Euskal Herri osoan. Ez da duela 30 urteko gizartea egungoa, eta nabariak dira aldaketak liburugintzan ere. Datorrena datorrela ere, egindakoa balioetsi eta aurrera egiteko bide berriak pentsatzeko tenorea dugu.
Patxi Zubizarretak egin ditu editore lanak Hegats 58.eta berak laburtu ditu 58. edukiak: elkarrizketak, pasadizoak, iritziak... haur eta gazteekin aurrez aurreko jardun horretatik, idazleok eman eta jaso egiten dugulako, eta ez gutxi. Ospakizuna eta hausnarketa biak ala biak egin ditugu aldizkarian, eta hori guztia, bizipozez jantzi nahi dugula aldarrikatu zuen Zubizarretak. Ekimen horren bueltan lagun eta konplize asko ditugu, hala nola: argitaletxeak, liburutegiak, Galtzagorri elkartea. Alegia, euskal liburugintzaren sustatzaileak orohar. Horiek guztiak, ematen diogu bizia liburuari eta guztion lana da goraipatzekoa eta osagarria.
Garazi Albizuak, esker hitzak izan zituen. Batetik, irakasleentzat: urtero-urtero, hutsik egin gabe, parte hartzen dutelako eta haien ikasgelatan hartzen gaituztelako. Bestetik, egitasmoa babesten duten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuak aipatu zituen, hainbat udaletxeekin batera ezinbestekoa baita haien sostengu ekonomikoa. Egin al daitezke urtean 700 solasaldi sinergiarik eta elkarlanik gabe?
Eta eragile guztien gainetik idazteko eta irakurtzeko grina, zeina arazoak arazo bizirik diraun.
Mariasun Landak Idazleak Ikastetxeetan ekimenaren garrantzia azpimarratu zuen, besteak beste, liburu baten atzean dagoan katea erakusten diegulako ikasleei: idazlea, ilustratzailea, itzultzailea, argitaletxea, banatzailea, saltzailea, ea. horien guztien lana dago liburu bat osatzeko… harritu egiten omen dira ikasleak hori entzutean… Eta hitzak osatzeko ikasleek oparitutako marrazki eta material ugari erakutsi zuen Iñaki Zubeldiak; mimo handiz gordeak…
Izenen gainetik, eta nahiz eta aldizkarian idazle asko aipatzea falta den, denok gara egitasmoaren partaide. Urtero, 70 bat bazkide aritzen baikara eskolaz eskola. Zenbat idazle aritu dira 30 urtez? Galdetu zue Berriako kazetariak… puff, ez zuen erantzun zehatzik jaso, batek daki-eta!
(…)“Bihoakie guztiei, ibilitakoei eta dabiltzan guztiei, batera edo bestera programa honen partaide eta bultzatzaile guztiei, gure eskerrik beroena eta aitorpenik bihozkoiena” (Hegats, 58, 7.or.).
Aldizkaria, idazleen eta ikastetxeen artean banatuko dugu eta horrekin batera liburu-dendatan salgai jarri 5euroren truke. Eta zuzenean eskaria egin nahi duenak eie@idazleak.eus postara idazten besterik ez du.