<p>Hatsaren Ilunabar literarioaren kronika</p>

Hatsaren Ilunabar literarioaren kronika

 

Iluntze ilun eta euritsua izan genuen ekainak 21ean, udako solstizioan.

Lasarte-Orian, Ttakun euskara elkarteak daukan Ttakunenea egoitzan elkartu ginen dozenatik gora, "olerkari saiatu" norbaiten esanetan, ilunabarra literaturaz janzteko asmoarekin.

Austin Zamora, Teresita Irastortza eta Ainara Maia irakasle genituela, beste olerkari mordoxka (Juan Luis, Aiert, Iñaki, Ainara, Arantzazu, Ilazki, Eba eta Peru), Hatsaren Poesia liburuan aurten argitaratutako poemak Irakurtzen aritu ginen. Julen Basterra gure gitarra jolea lagun.

Hatsa izan zen hizpide, itsasoa ari zen jo eta jo, western bateko bakeroa paseatu zen gure artean, ikusi genuen 9m3ko gela minez betea, eta entzun genituen euskal kantak puskatuta, ama sena zuen emaztea, txolarreak esan zigun: mundua noiz amaituko? eta zahartzaroan ikusi genuen izakia zimeltzen. Uko egin genion ideiak orraztu nahi zizkigunari, eta ikasi poesiazko ekuazio bateko inkognita denbora izan dela, edo maitasunaz hitz egitea ezinezkoa dela maitasuna ezagutzen ez duenarentzako, eta batez ere, bizitza amaieratik hasiko balitz hasierak beldurra emango ligukeela.

 

Ondoren, Lasarte-Oriako Santa Anako parodiaren eszena baten irakurketa dramatizatua egin zuten herriko bost aktorek, eta barre egin arazi ziguten, batere graziarik ez duenarekin.

 

Esperimentua ondo atera zen, eta ondoriorik nabarmenena, parte hartzaile guztioi aurrerago ere besteren bat egiteko gogoa eta animoa geratu izana.

Berriz ere saiatuko gara.