Fernando Rey: “Ariketa polita da testu bat hartu, desegin eta beste hizkuntza batean nola eman aztertu eta itzulpena egitea”

 

Fernando Rey Escalera itzultzailea da, Nafarroako Unibertsitatean Medikuntza eta kirurgian ikasketak egin zituen arren, gaur egun itzultzaile da Nafarroako administrazio publikoan.

 

Mikel Echevarria-Ubiria

-Zergatik erabaki zenuen itzulpengintza?

Nik medikuntza ikasi nuen, baina ez nuen lanik, eta euskara irakasle nenbilen. Nafarroan itzultzaile lanpostu batzuk sortu zirela ikusita, oposiziora aurkeztea erabaki nuen. Euskara eta euskararen baliabideetan murgiltzea beti oso erakargarriak izan zaizkit, poz iturri, eta itzulpengintzak hizkuntza horretan sakontzeko, gehiago ikasteko, eta etengabeko ikaskuntza prozesuan egoteko aukera ematen du.

 

-Zer da gehien gustatzen zaizun partea lanbide horretan?

Ariketa polita da testu bat hartu, desegin eta beste hizkuntza batean modu egokian nola eman aztertu eta itzulpena egitea. Etengabeko ikerlanean ematen duzu denbora. Ederra da ahalegin hori: erdaraz jasotakoa nola eman euskara onean, irakurleak ongi uler dezan. Bestalde, itzulpengintza sendotzea gure hizkuntza aberasteko eta normalizatzeko elementu baitezpadakoa da.

 

-Eta gutxien gustatzen zaizuna?

Erdararekiko morrontza. Egoera diglosikoan bizi gara, eta, askotan, gaztelaniaz edo frantsesez bizi, eta itzulpena gero datorren apaingarri bat izateko arriskua dago, ez komunikaziorako tresna.

 

-Zergatik erabaki duzu bereziki literatur itzulpengintzan zentratzea?

Nire lagun baten bitartez izan nuen itzulpen juridiko-administratibotik itzulpen literariora salto egiteko aukera. Arnasa izan da, ikasbide, gozabide: itzulgaiengatik, lagunak egin ditudalako, gauza askorengatik. Poza da beste hizkuntza batzuetan sortutako gauza ederrak gure hizkuntzara ekartzea.