<h2>ETXE BAT IRAILEKO LEHENENGO ASTELEHEN SARGORIRAKO</h2>

ETXE BAT IRAILEKO LEHENENGO ASTELEHEN SARGORIRAKO

Iraileko lehenengo astelehena da, arratsaldeko 18:30ak. Sargori dago kalean. Uda nahasiaren ondoren hondartzan egoteko egun ona izan liteke edo asteko erosketa egin, etxera joan eta astearteko bazkaria prestatzekoa.

Baina oraindik ere bada “erabilgarria ez den horretan” sinesten duen jendea. Andra idazle bat entzutera hurbiltzen dena iraileko lehenengo astelehen sargori honetan.

Andra idazlea edozein izan zitekeen, baina Yolanda Arrieta izan da oraingoan eta bere etxeko ateak zabaldu dizkigu, barnera sartu eta bertan babestu gintezen, iraileko lehenengo astelehen sargori honetan.

Peru Galbete ere egon da etxean, bere hitzez, hotsez eta doinuz andra idazlearen hitz, hots eta doinuak laguntzen. Hasiera batean hutsa zirudien etxea bete dute Yolandak, Peruk eta haien arteko elkarrizketak. Poliki, patxadaz, sakon, leun, sendo.

Andra idazleak nor bere etxera begira jarri gaitu, nor bere andra idazleari begira.

Poemak errezitatzen zituen bitartean eskuetan zerabilen izara brodatua legez zabaldu, tolestu, zintzilikatu eta jaso gaitu. Izara brodatu batez estali gaitu goxo, ohikoa duen xalotasunez.

Eta batzuentzat erabilgarri ez den hori baliagarri eta betegarri bihurtu dute. Eta Victoria Eugenia Antzokiko sotoan etxe bat eman digute iraileko astelehen sargori honetan. Etxe bat eta dena bertan.

 

IDOIA ILUNDAIN