Durangoko Azokan
Euskal Idazleen Elkartea 1982an sortu zen eta sorreratik bertatik izan du lotura Azokarekin. Euskal liburugintzaren plaza izanik, berezkoa dugu euskal idazleok ekarpena bertan. Baina aurtengoan bakarka egoteaz gain, idazleon komunitatea indartu nahi dugu. Batetik, zer egiten dugun erakusteko eta idazle berriei kide izatera animatzeko. Egun, 384 kide gara, tartean: poetak, nobelagileak, kazetariak, ikerlariak, artikulugileak, gidoilariak eta abar luzea; idazketa mota asko baita eta hori da erakutsi nahiko genukeena: askotarikoa dela euskaraz idazten dugunon argazkia.
Idaztea DA elkartea
Irakurtzea DA elkartea
Idazkurtzea DA elkartea
Bestetik, eta Azoka saltokia denez, Hegats aldizkariaren zenbaki berria aurkeztu nahi dugu, 59.a hain zuzen.
Hegats 59 “ beste modu bat…”
Aurkezpena Abenduaren 6an, 13:00etik - 13:30era. Talaia-Durangoko Museoan egingo dugu
Euskal Idazleen Elkarteak Hegats literatura aldizkaria argitaratzen du 1989 urteaz geroztik. Aurtengoa 59. zenbakia da eta Garbiñe Ubeda idazlea izan da editorea. Elkarrizketak, erreportajeak, liburu gomendioak eta abar luze bat jaso ditu 60 orrialdetan, hain zuzen, literaturaren beste bideak agerrarazteko asmoz.
Asel Luzarraga eta Garazi Albizua idazleek aurkeztuko dute aldizkaria, Don Inorrez-en parte-hartze bereziarekin.
Hitzak eta kantuak bat eginez emango diogu amaiera aurkezpenari eta hasiera Azokari.
Idaztaldea bagara, izan gaitezen!