<p><span style="font-size:11pt"><span style="line-height:107%"><span style="font-family:Calibri,sans-serif"><b><span lang="EU" style="font-size:12.0pt"><span style="line-height:107%">Anjelen jaioterriak Lertxundiren literatur ibilbideari egindako aitortza

Anjelen jaioterriak Lertxundiren literatur ibilbideari egindako aitortza

Atzo, azaroak 24, Orioko kultur etxean, herriak omenaldi beroa egin zion Anjel Lertxundi Esnali. Guztiz betetako aretoan, arratsean, ekitaldi hunkigarria atondu zuen Andurentzat Karkara aldizkariak, Udalaren laguntzarekin.

Konpainia noblean egon zen Anjel: alabak, bilobak, Orioko eta Zarauzko senideak, adiskideak… Kanpotik ere hurbildu ziren literatur munduko lagunak: Antton Olariaga, Inazio Mujika, Juan Garzia… Han ziren Karkarako lagunak ere, 1989an Orioko herri-aldizkaria sortu zutenak, eta honela aitortu zuen Eli Manterolak haien izenean: «1989ko aurreneko zenbaki hartan ere idatzi zuen Anjelek, guk eskatuta; eta nola ez genion ba eskatuko, orduan hura izango zen-eta, Orion, euskaraz txukun idatz zezakeen bakarrenetakoa. Geroztik ere, bidelagun izan dugu eta eskatu diogun guztietan idatzi du aldizkarian».

Ekitaldia herriko seme Xabier Lizasok pianoan jotako Ravelen pieza batekin abiatu zen. Xabierrek esan zuen euskaldun gehienek ez dakitela Ravel euskalduna zela, eta gutxi dakitela hari buruz. Pieza Anduri eskaini zion, eta esan zuen espero zuela Anjel gogoan izango dugula ehun urte barru ere.

Ondoren, John Anduezak Euskal Idazleen Elkartearen Zipriztinak programaren barruan Anjel Lertxundiren haurtzaroaz ekoitzitako bideoa proiektatu zen (ikus), lehen aldiz jende aurrean. Anjelek txikitan goxatzen zuen txokolatea da kontakizunaren protagonista, eta harekin batera banatzen ziren ipuin liburu txiki-txikiak. Txokolate usainez ezagutu zituen Gulliver, Lilliput, Hamelingo txistularia, Katu botaduna eta Txokolatezko etxea. Zortzi urte zituela, Zarautza joan zen familia bizitzera, ipuinak eta txokolate usaina Orion utzita; baina Anjelek bideoan dio irakurzaletasuna soinean eraman duela geroztik joan den toki guztietara.

Segidan, elkarrizketa egin zioten bi kazetarik, Ibon Gaztañazpi eta Aritz Mutiozabalek, etxeko egongelaren moduan atonduta zegoen agertokian. Anjelen etxe bihurtu zuten oholtza. Ezin etxeago izan: aita Domingoren Andu baserriaren irudia agertokiaren erdian, haren ondoan ama Pilarren Etxeberri baserriarena; eta anai-arreben umetako beste argazki batzuekin batera, Anjel bera jaio zen etxearena: Orioko Goiko Kaleko Pilar Enea kale-baserriarena. Irudiekin batera, Lertxundiren obrako liburu esanguratsuenek apaintzen zuten oholtza, saioaren aurkezle Iñaki Iturainek esan zuenez, «Anjelen sormenaren seme-alabak». Elkarrizketan Anduren haurtzaroa, literatur bideko hastapenak, euskararen hautua, eta hizkuntzaren eta literaturaren gaur egungo egoeraren hainbat kontu aztertu zituzten.

Karkarako lagunen diskurtsoan Elkanorekin alderatu zuten nolabait Lertxundi: Elkanok mundu berriak deskubritu zituen, Lertxundik sortu. Herriko Goiko Kaletik abiatuta, Goenkale sortu zuen, Oriotik joanda, Arralde. Anjel Lertxundik egindako lana aitortu zuten, ibilitako bidea, haren balioa; eta euskal literaturari, kazetaritzari eta, oro har, euskal kulturari egindako ekarpen handia. Txantxa giroan, herriko Luma-bizi eta Liburu-prest izendatu zuten.

Herriko alkate Anuska Esnal Anjelen ama jaio zen baserri berean sortua da. Anuskaren aitona Nikolas Anjelen ama Pilarren anaia zen. Hitz hunkigarriak izan zituen bere senitartekoarentzat. Mendian etxe bat erakusten zuen koadro bat oparitu zion, Elene Tamayo ilustratzaile oriotarrak egina. Etxe hura metafora moduan erabili zuen, esanez jaiotetxeko amaren goxotasunak txokolatearen gozotasunak besteko eragina izan zuela Anjelen bilakaeran, eta hark eraikitako literaturazko etxea gozoa eta atsegina izan dugula herritarrok.

Xabier Sukia kazetari-bertsolariak, Anduren etxe berean jaioa, sei bertso hunkigarri kantatu zizkion Imanol Urkizuk gitarraz lagunduta, Georges Brassensen Testamentua doinu ederrean. Hau da sei bertsoetako bat:

Zure Kareletik zure Goiko Kale

zure Maria Luisa zure Goenkale

Tristeak kontsolatzeko

zure Etxeko hautsa, zure Otto Pette

zure Hitz Beste ta zure Ihes bete

gureak dagoeneko.

Eta, saioa bukatzeko, Jon Sarasuak prosa poetiko errimatuan, herritartasunarekin lotu zuen gure artista handiaren lana:

… Bere neurrian koka dezagun idazlearen langintza

ofizioaz gain gurean bada beste zerbait: herrigintza

hitzen joskuntza herrigintza ere badugun neurri horretan

herri sentitzen garen aldetik harekin gaude zorretan

gizarte garen aldi berean baikara komunitate

kultura bada loturagile eta hizkuntz egitate

haren hauspoan lehiatzen gara ametsa ez da amaitu

sorkuntzak, nahiak ta batez ere lanak onberatu gaitu

lanak baitakar kalitatea ta kalitateak lana

Anjel Lertxundin erretratua hitz pare batez esana

bere jatorri duen herrian ez da pasa oharkabe

omena jasoz plaza bete du arraunean jakin gabe

pozik ikusten ditut umeak halaxe gaude alai gu

herrigileak ohoratzea sen onekoa baitzaigu

ohore hori zuretzat, Anjel, ta horixe bejondeizula

senti ezazu egindakoa zinez eskertu zaizula…

Gu Orioko kultur etxean ginen bitartean, Donostiako Tabakaleran aurtengo Euskadi literatura sariak banatu zituzten. Sarituen artean zen Koro Nabarro itzultzailea. Bere hitz-hartzean gogora ekarri zuen Anjel Lertxundik euskal itzulpengintzan ere egin duen ekarpen izugarria, propio aipatu zuen Anduren Itzuliz usu begiak lana, horren erakusgarri.

 

Iñaki Iturain