<p><strong>Anjel Lertxundiri aitortza&nbsp;</strong></p>

Anjel Lertxundiri aitortza 

(Argazkia: Kutxa Fundazioa)

Sariak emateko ekitaldian, Anjel Lertxundiren ibilbide literarioa sarituko da, eta Ibilbide Saria jasoko du, euskarazko liburuen sektorea ordezkatzen dugun lau erakundeek ‒Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), , Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), haur- eta gazte-literaturako Galtzagorri Elkarteak eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE)‒ osatutako epaimahaiak proposatuta.

Pasa den azaroaren 22an  jaso zuen Idoia Santamaria itzultzailearen eskutik Kutxa Fundazioa Irun Literatura Sarien 46. edizioko banaketa-ekitaldian. 

Ekitaldian zehar lehiaketaren lau modalitateetako irabazleei eman zaie saria: Garazi Kamio Anduagari, "Moebiusen Ertzak" euskarazko eleberriarekin; Karlos Linazasoro Izagirreri, euskarazko poesiaren atalean, "Bazter Utzietan" lanarekin; Mario Marín-i, gaztelaniazko "CMYK" eleberriarekin; eta Marina Casadori, gaztelaniazko poesian, "Un mar que nadie mira" lanarekin. Saritutako euskarazko liburuak ELKAR argitaletxeak argitaratu eta banatuko ditu, eta Pepitas de Calabaza eta Reino de Cordelia argitaletxeek gauza bera egingo dute gaztelaniazko eleberri- eta poesia-liburu sarituekin, hurrenez hurren. Gaztelaniazko eta euskarazko eleberrientzako sariek 20.000 euro eta garaikur bana izango dituzte, eta bi hizkuntzetako poesia-sariek 15.000 euro eta garaikurra. Lan horiez gain, epaimahaiak aipamen berezia egin zien Txema Garcia-Vianaren "Bidaiak, laztanak eta orbainak" euskarazko eleberriari eta Maite Lopezen Las Herasen "Oren hilak" euskarazko poesia-lanari.

 

Anjel Lertxundi

Anjel Lertxundi, Andu, euskal idazlerik emankorrenetakoa da. Irakasle-ikasketak egin zituen Donostian, eta Filosofia eta Letrak Erroman eta Valentzian. Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako irakaslea eta zuzendaria izan zen. Euskal Literatura eta Literatura Unibertsaleko irakasle ere izan zen Donostiako Elizbarrutiko Irakasle Eskolan hainbat urtez.

Idazle gisa, literaturaren esparru guztiak landu ditu: nobela, ipuinak, itzulpenak, egunkarietako artikulu eta zutabeak, saiakerak eta haur- eta gazte-literatura. 1970ean argitaratu zuen bere lehen liburua, Hunik arrats artean, eta 2024an azkena, Berbelitzen hiztegia (Berbelitz itzultzailearen gogoetak biltzen ditu liburuan).

Prentsarako kolaborazio ugari egin ditu —artikuluak, zutabeak, literatura eta kritika zinematografikoak— komunikabide askotan: Egunkaria, Berria, El Diario Vasco, El País... Zinema-zuzendari ere izan da, eta horren erakusgarri da duela hilabete gutxi Tabakaleran estreinatu zen Hamaseigarrenean Aidanez filmaren bertsio zaharberritua. Telebistan gidoilari gisa ere lan egin du; ez da ahaztu behar bere eskua Goenkale telesaileko testuetan.

Kritikaren Sari Nazionala irabazi zuen 1983 eta 1991n Hamaseigarrenean Aidanez eta Kapitain frakasa lanengatik, hurrenez hurren. 1999an Euskadi Saria jaso zuen Argizariaren egunak lanagatik, eta 2010ean Saiakera Sari Nazionala Eskarmentuaren paperak lanagatik. 1994an finalista izan zen Otto Pette eleberriarekin, eta 2010ean Rosalia de Castro saria jaso zuen bere ibilbide literarioagatik. Euskaltzaindiko kide urgazlea da 1983tik, eta ohorezko kidea 2021etik.