Anjel Lertxundiren obra Udako Ikastaroen jomugan
Ekainaren 29an eta 30ean hamalau aditu eta hizlari bilduko dira Donostiako Miramar Jauregian. Ponentziek Lertxundiren obraren alderdi askotarikoak jorratuko dituzte (nobela, saiakera, haur eta gazte literatura, zinemagintza, etab.), gaur egun indarrean dauden ikerketa ikuspegiak hartuta oinarritzat: genero ikasketak, gatazkaren azterketa, ikasketa kulturalak, ahozkotasuna eta abar.
Kongresua ikasleei eta ikertzaileei ez ezik, Lertxundiren obran interesa duen publiko zabalari ere zuzendua dago. Hain zuzen, Lertxundik euskal kulturgintzan eta irakurleengan duen onarpen zabalari omenaldia egiteko asmoz, parte-hartze bereziak ere izango dira: idazleari elkarrizketa, irakurketa musikatua, eta, itxiera gisa, Lertxundiren beraren hitzartzea.