Amaia Carrere Nekatoenea/Hugoenea literatura sorkuntza egonaldiaren irabazle
Amaia Carrere (Baiona, 1997), marrazkilari, ilustratzaile eta komiki egilea izan da 2025eko egonaldiarentzat hautatua.
Euskal kultur erakundea, Euskal Idazleen Elkartea eta CPIE Euskal Itsasbazterra 2011. urtean eman zioten elkarlanari hasiera, idazleei hilabete osoz Hendaiako Abbadia eremuko Nekatoenea baserrian idazketa lanean aritzeko abagunea eskaintzeko. Hirugarren urtez, egonaldia beste hilabete batez luzatuko da Pasai Donibaneko Hugoenea etxean.
Aurtengo euskarazko literatura-sorkuntza egonaldiek sormenaren bidez iraganari begiratzeko proposamena dakarte: XVII. mendeko sorginkeria, sinesmen herrikoiak eta tradizioak oinarri hartuta, garai hartako imajinarioa gaur egungo begiradatik berrirakurtzea da xedea.
Horren harira, Amaia Carrereren proposamena nabarmentzen da: euskal mitologiaren elementuak abiapuntu hartuta, abentura-giroko komiki bat sortu nahi du, mitologiaren kode tradizionalak berreskuratuz baina narrazio berritzaile baten bidez. Horrela, mito zaharrak kontakizun berrietan biziberritu eta gaur egungo haur eta nerabe irakurleengana hurbiltzea du helburu.
Argazkia: Lorentxa Saragueta