Abian da GEROA HEMEN
Urtaro bakoitzeko solas bat antolatu dugu hiru idazle elkartu eta, patxadaz, gai jakin batzuetaz aritzeko. GEROA HEMEN izenburua jarri diogu ekimenari eta BBKkuna aretoan egingo ditugu lau saioak, Bilbon.Nora Alberbidek gidatu du lehena, neguari dagokiona, eta Euskaldunon Egunkaria itxi zuten egunean bertan, zentsuraz hausnartzeko eskatu zien Arantxa Urretabizkaia eta Harkaiz Cano idazleei.
Nondik hasi? Euskara batuaren sorreran kokatu zuen A. Urretabizkaiak hasierako zentsura hori, eta aipatu ere, zer nolako borroka izan zen hura, izan ere, zentsura ez dator estatutik bakarrik. Segidan. H. Canok gidoilari lanaren ondorioz bizitako pasadizoak kontatu zituen, eta Euskal Herrian sarritan esplizitu ez bada ere, gai jakin batzuekiko nolabaiteko erreparoa edo omisio prebentiboa dagoela azaldu zuen. Esangabeko asko dago gurean, besteak beste N. Alberbidek Jon Miranderen Haur Besoetakoa liburuaren Teresaren ikuspegia azaltzea nahiko luke.
Roald Dahl-en idatzien berrikuspenak sortu duten zalaparta ekarri zituzten eztabaidara, “kontestu gehiago eta literalidade gutxiago” egin zuen aldarria Canok. “Egun, benetan zailena isilik egotea da, etengabeko iritzi emateak kalte gehiago egiten baitu askotan”.
Umorearen gaineko zentsurak duen garrantzia ere azpimarratu zuten, eta horren harira, Ane Labakaren Algara mutilatuak (Susa) saiakera gomendatu zuen Canok: umorea termometroa izateaz gain termostatoa ere izan daiteke-eta. Alegia, molda daiteke.
Idazleon jardunera ekarrita, Urretabizkaiak literatura askatasunaren eremua dela esan zuen, nahi duena egiteko lekua. Euskarazko literaturak izandako bilakaerari dagokionez, azken 40 urtetan irakurleak sortu dira, eta bere hitzetan “euskal irakurlea orojalea da, halabeharrez, eta emakumea, are orojalegoa”.
Bilbo Zaharrean elkartu ginen egunean, behinik behin ez zen egon ez zentsurarik, ezta erreparorik ere ez. Jarrai dezagun, territorio libreak eraikitzen eta babesten. Udaberriarekin batera etorriko da GEROA HEMEN bigarren eztabaida, gai eta hizlari berriekin.