Abian da EIEren zuzendaritza talde berria
EIEren urteko batzarra egin zen larunbatean eta zuzendaritza taldeak aurkeztutakoari oniritzia eman zioten bertaratutako idazleek. Azken lau urteetan gidaritzan egon den taldeak egindakoaren berri eman zuen eta ekintza zehatzak azaltzearekin batera egindako hausnarketak eta ezarritako jarraibideak azaldu zituen. Besteak beste, idazleak bildu, lagundu eta ofizioa sustatzeko ahaleginak gidatu dituela partekatu zuten. Aurtengoan, zuzendaritza berritzea tokatu da, eta kide berriek, asmoei eusteko gogoa agertzearekin batera, talde lanean aritzeko borondatea ere erakutsi zuten. Hori guztia, idazleen egoitzan eta lagun giroan egin zen.
Esker ona jaso zuten irten diren kideek: Garbine Ubedak, Ana Galarragak, Peru Iparragirrek, Nora Arbelbidek eta zubi-lana egiteko borondatea agertu duten Jon Martinek eta Antxiñe Mendizabalek. Jarraian, ongi etorria eman zitzaien Asel Luzarraga, Goiatz Labandibar, Goizalde Landabaso, Leire Vargas eta Mikel Taberna kideei. Horiek, eta soldatapean EIEn lanean jarduten dutenak, guztiak bat eginez, izango dira aurrerantzean EIEko gidariak. Apal, gogotsu eta talde-lana indartu nahian, horrela eman diogu hasera etapa berriari: izan dadila haizea aldeko!