2026ko Etxepare saria: AFONIA obraren argitalpena
Aurtengo ekainaren 30ean iragarri zen 2026ko Etxepare sariaren irabazlea Mutiloako kultura etxean. Naroa Martínezek eta Unai Ruizek eskuratu zuten saria AFONIA obrarekin, lehiaketan parte hartu zuten 26 lanen artetik; eta, orain, Pamiela argitaletxeak argitaratu du.
Tradizioaren aztarnei segika, istorioak dolua du oinarri; galtzen ari garen horren pena zeharkatzen du ipuinak, baina aldi berean, memoriaren bitartez oraindik ere ondoan dugunaren aldeko aldarria izan nahi du. Ezer ez da galtzen norbaitek oraindik oroitzen badu, eta ezkila-jotzeek bizirik diraute, aitonaren transmisioari eta tradizioari eutsi nahi dion ilobari esker.
Erabilitako hizkuntza, onomatopeiak, errepikapenak... ezkilen sokari segika bezala irakurtzen den ipuina dugu esku artean. Hitz sotilak, pausatuak, patxadaz irakurtzekoak.
Bestalde, irudiek maite dugun norbaiten heriotzak eragiten duen hutsunea eta etsipena intentsitate handiz sentiarazten dute. Horretarako, liburua kolore eta irudi soilek osatzen dute; ilunak, orokorrak detaile txikiei baino, egoera eta istanteari erreparatzen diotenak. Izan ere, atmosfera lasai eta xamurra sortzen dute, baina, aldi berean, tristea, gordina eta isila. Eta isiltasun horretan, hain zuzen ere, aitonak utzitako ezkilak entzuteko gogoa eta beharra ageri da, doluaren isiltasun bera apurtuko duen soinua.