Zientzia fisikoen mendea eta Ilustrazioarena (XVII-XVIII)
Thomas Willis (1621-1675) ingelesa izan zen lehenbizikoa proposatzen oroimenaren kokapena garuna zela eta ez zerebeloa. Willisek adimen-urritasuna zuten bi pertsonaren garuna aztertu zuen, eta oso tamaina txikikoak zirela ikusi zuen. Horrek baieztatzen zuen, hain zuzen ere, adimen-gaitasunaren eta garun-masaren artean lotura zegoela.
Platonengandik Willisenganaino bi mila urte inguru daude, eta aldi horretan erregistraturiko memoria prozesuak ulertzeko aurrerapen nagusia da oroimena, ziurrenik, garun-ehunean gordetzen dela. Zein ideia zen zientziak aurrera egiteko oztopo nagusia? Bada, arimaren eta gorputzaren arteko dualtasunaren printzipioa. Bestela esanda, uste zen arima hilezkorra zela eta gorputzaren plano berean ez zegoela, eta horrenbestez, ez zegoen inongo arrazoirik pentsatzeko funtzio mentalak substratu organikoa zeukala; are gehiago anatema gisa kontsidera zitekeen, eskumiku eta gaitzespenaren merezidun. Denok dakigu gaur egun ere jende askok pentsatzen duela arima eta gorputza, arima eta garuna biga direla, bata Jainkoak ezarria eta hilezkorra, ez bakarrik sinestun erlijiosoen artean. Eta, jakina, XVII. mendean artean oso gutxiren ideia zen, eta arriskutsua. Willisek bere ideiak argitaratu aurretik, Rene Descartes filosofoak (1596-1650), zeina dualtasunaren aldezlea zen, sostengatzen zuen arima glandula pinealean zegoela. Orain badakigu delako glandula horrek egunaren eta gauaren jarduera-zikloak erregulatzen dituela.
Oroimenaren kokapenari buruzko historia labur honetan, irlandar psikiatra Veronica O´Keane-k XVII. mendearen azken urteetan hasi eta XVIII.enera luzatu zen eztabaida garrantzizko baten berri ematen digu, John Locke (1632-1704) mediku eta filosofo erradikal eta William Molyneux (1656-1698) irlandar erudituaren artean egikaritu zena.
Molyneuxek gutun bat idatzi zion Lockeri 1688ko uztailaren 7an, galdera hau eginik: demagun norbanako bat itsu jaiotzen dela eta objektuak “ikusten” ukimenaren bitartez ikasten duela. Geroago, bere begiez ikustera iristen da. Galdera zen ea ikustera iritsitako pertsona hori gai izango zen bere begiez begiratzean, haiek zer ziren jakiteko. Esaterako, kubo bat eta esfera bat bereizteko gauza izango zen. Gizaki hori gai bazen ikuste hutsarekin kuboa eta esfera bereizteko, horrek esan nahiko zuen ikusmen-ezagutza jaiotzetikoa dela, eta, aitzitik, gai ez bazen, ikusmenaren esperientziaren bitartez eskuratzen dela, eta horrenbestez, ezagutza ez dela jaiotzetikoa.
Molyneuxek eta Lockek ongi arrazoitu zuten baieztaturik itsua ez zela gauza izango esfera eta kuboaren artean bakarrik ikusmena dela medio bereizteko, ezagutza ez delako jaiotzetikoa, eta zentzumen bakoitzarekin ikasi behar delako. Molyneuxen galdera hori ebatzi zen hain zuzen hurrengo mendean sortzetiko kataraten zuzenketa kirurgikoa --sortzetiko itsutasun modurik arruntena-- hedatu zenean. Pixkanaka frogatu zen ikusmena lortzen zuen jendea ez zela gai kuboaren eta esferaren artean zegoen aldea zehazteko haiei begiratzearekin bakarrik, eta, beraz, ez zuten automatikoki ulertzen ageriko mundua. Jaiotzen garenean, gure garuna orrialde zuri bat da eta munduko esperientzia sentsoriala metatuz doa, harik eta ezagutza eta oroimena osatu arte.
Psikiatra gisa, O´Keanerentzat ulermenerako etsaia dualtasuna da, berdin da gorputza-garuna edo garuna-gogoa, gorputza-arima edo arrazoia-emozioa. Haren ikuspegiaren arabera, mundua barneratzen dugu bost zentzumen handien bitartez – ikusmena, entzumena, ukimena, dastamena eta usaimena–, eta haien bidez izandako sentsazioak etengabe iraultzen dira gure oroimen-sareetan. Adibidez, ukimenaren edo ikusmenaren bidez lortutakoek forma desberdinak ikasteko aukera ematen digute, eta horrek ezagutza sinple samarra sortzen du, eta hortik abiatuta informazio konplexuagoa eraikitzen da. Sentsazioa da garuna elikatzen duen funtsezko lehengaia. Azken buruan, oroimena da garunera garraiatu den informazio sentsorialaren irudikapen neuronal infinituki konplexu bat. Hurrengoan, azterketa zientifikoaren sorrerari helduko diogu.