Artikulua :: Pako Sudupe 2025/05/22

Zibilizazio artifizialerantz 

Zer gertatuko da baldin eta giza adimenaren erreplika perfektua lortzen bada, hots, haren akats kognitibo eta  organiko eta kulturaletatik aske egongo den superadimen artifiziala AEBetan edo Txinan edo bietan? Esan liteke hau oraindik zientzia-fikzioa dela baina teknooptimistenen ustez, 2050. urte inguruan gerta liteke.

Luciano Floridik dioen bezala (Ética de la inteligencia artificial 2024), egia ote da gure errealitate digitalen eraikuntzaren hasierako fasean gaudenez, haiek modela genitzakeela, haiek guri eta ondoko belaunaldiei modu txarrean eragiten hasi baino lehen?

Berriki erabaki du Europar Batasunak datozen urteetan 200.000 milioi euro bideratzea Adimen Artifizialaren garapenera eta hori ez da kasualitatea; Europak ere lehia horretan egon nahi du!

Iraultza teknologikoa aurrera doan neurrian, non geldituko da giza adimenaren balioa, sintetikoa izango den adimenaren aurrez aurre, zeina gai izango baita hutsik egin gabe pentsatzeko? Makina horiek autokontzientziarik izango al dute?, emoziorik?, ez, ezta?

Hala eta guztiz ere, zer ekarpen egin dezakegu gizakiok hutsik egingo ez duten makinen aurrez aurre, zeren haiek gure zentzu komunean oinarriturik egon arren, guk daukaguna baino kalkulu-ahalmen eta estatistika-adimen askoz handiagokoa izango baitute?

Denbora gutxian igaro gara telefono analogikotik telefono adimentsuetara eta jada hemen daukagu chatGPT 4o. --are gehiago, badira arrazoitzaileak ere, o3-mini-high azkena--. Eta horrekin batera gure beldurrak: lanpostuen galera, humanismoaren hondoratze beldurra, makinen mendean egoteko izua...

Duela gutxi ikusi dut film bat "justizia artifiziala" izenburu duena. Enpresa pribatu batek AAren aplikazio indartsu bat sortu du sistema judizialaren geldotasun eta burokraziagatik pilatuta eta atzeratuta dauden epaiketak azkar, seguru eta babes guztiekin aurrera ateratzeko. Aplikazio hori makrodatu eta AAko algoritmo aurreratuenekin elikatua izan da, hamarna milaka epaiketa eta sententzia eta akusatuen datu andanarekin, eta batez ere akusatuek eta lekukoek epaiketetan egindako adierazpenekin eta programaren defendatzaileek diotenez, oso errakuntza-tarte txikiarekin --giza epaileek baino askoz errakuntza-tarte txikiagoarekin, nolanahi ere!-- juzga dezake akusatua, eta haren berrerortze indizea zehatz ezar dezake; horrenbestez, epaileen laguntzaile ezin hobea izan liteke, eta kasuen metaketa kudeatzeko tresna paregabeki ona.

Ez naiz espoilerra izango, eta ez dut filmaren trama kontatuko baina garbi dago zer jokaleku marrazten duen: aurrerantzean, oso gertagarria da gero eta epaile gehiago horrelako tresnez baliatu ahal izatea epaiak azkarrago ebazteko, eta horrenbestez, gero eta adimen artifizialagoaren mendeanago egoteko, harik eta hogei-hogeitabost urtera, giza epaileen ordez epaile sintetiko adimentsuen aurrean izateko akusatuak. Zientzia-fikzioa?

Gatozen orain justiziatik ibilgailu autonomoetara. Ibilgailu baten autonomia, batetik seira, gradua liteke. Gaur egunean ba omen dira taxi autonomoak AEBetan, sentsoredunak. Laster izango omen ditugu bere kasa aparkatzeko gauza diren ibilgailuak; autopistetan autoaren agintea hartuko dutenak eta gero eta gehiago giza gidariaren beharrik izango ez duten ibilgailuak, eguraldiaren gorabeherak eta zirkulazioaren zirkunstantziak zeinahi direlarik ere. Zenbat taxilari, garraiolari, geratuko dira lanik gabe?

Ildo berean, adinekoak zaintzeko robotak badira, robot sexualak ere bai, eta gero eta askotarikoagoak izango omen dira denbora ez oso luzean. Gauzen Interneta (GI) esaten zaiona ere aurrerapauso handiak egiten ari da, eta laster kaletik programatuko ditugu etxeko tresna gero eta gehiago, hasi berogailutik eta sukaldeko tresna eta gainerakoetara. Horrenbestez, makinekin kasik harreman gehiago izango dugu gure espezieko gizakiekin baino. Gauzak horrela, gogoeta filosofikoak zenbateraino eragin dezake zientziaren aurrerapen erogarri honetan? Itxura guztien arabera, zibilizazio artifizialerako gero eta joera handiagoa izango duen gizadian, baikorrak izateko motiboak baditugu ala ezkorrak izateko gehiago? 

 

Pako Sudupe