Zerua makinentzat, guretzat mundua
Max Richter ezagutzen duzu? Disko bat egin zuen, 2015ean atera zuela uste dut: Sleep. Webgunea dauka, musika entzuteko plataformetan badago, nire algoritmoak badaki zenbat aldiz jarri dudan. Ez dut esan zenbat aldiz entzun dudan, jarri dudan esan dut. Nire algoritmoak badaki beharbada Sleep entzun bitartean ari naizela idazten hau, eta amets gozo batean bezala egon nahiko nukeela hemen ere, Path 3 (7676) - Pt. 2, ba ote daki garai batean, musika ordenagailuan entzuten hasi nintzenean baina oraindik ez sarean, Berrian egunero zutabea atera behar nuenean, idazteko Glenn Gould jartzen nuela, Goldberg bariazioak, baina aztoratu egiten nintzela eta halakoxeak ateratzen zitzaizkidala zutabeak, okerrak, dorikoak jonikoak edo korintioak atera beharrean, eta gero Bon Iver hasi nintzela jartzen, batez ere Bon Iver diskoa, eta Holocene entzundakoan beti jartzen nintzela martxan, ba ote daki hori algoritmoak? Eta orain, hau idatzi dudanean, orain bai?
Nik esan dezakedan edozerk baino askoz hobeto azaltzen du gure garaiaren espiritua Izaro Andresek 2024ko uztailaren 23an Diario Vascoko elkarrizketatzaileari egindako aitorpenak: «Me daba miedo que, tras tomarme un descanso, el algoritmo me abandonara». Itzultzaile neuronalari eman diot: «Beldur nintzen atseden bat hartu ondoren algoritmoak ez ote ninduen utziko». Nahikoa “utziko” hori? Esan indarra galdu egiten du, ez? Egin dezagun honekin aproba: Beldur nintzen atseden hartu ondoren algoritmoak ez ote ninduen bazter utziko. Horrela utziko dugu.
Beldur nintzen atseden hartu ondoren algoritmoak ez ote ninduen bazter utziko.
Hil zen Jainkoa, hil zen Nietzsche ere, baina hemen da algoritmoa. Eta algoritmoak gidatuko ditu gure bizitzak hemendik aurrera, jada gobernatzen dituena baino are gehiago. Jainkoak ez dakit zein helbururekin agintzen zuen gure bizitzen gainean, algoritmoak dirua egitea beste xederik ez du.
Utzidazu dibertitzen eta beste bide bat hartzen. Edo hona beste leku batetik iristen. Pay attention, please.
2024ko urriaren 2ko Berrian zetorren Maialen Akizuren zutabea: Arreta. Egia esan, biharamuneko zutabetik iritsi nintzen aurrenekora, Arreta (II) baitzuen izenburua, eta nire neurriz kanpoko inteligentzia artifizialari esker, ondorioztatu nuen beharbada bezperan ere arretari buruz idatziko zuela. Bigarrenak hala zioen:
Zer da arreta? Simone Weil pentsalari frantsesak hala definitzen du: arreta itxaroteko gaitasuna da. Simone Weilek bereizi egiten ditu arreta eta kontzentrazioa: arreta ez da borondate-ahalegin neketsua, irekitasun eta prestasun-egoera baizik, munduarekin, bestearekin eta bizi garen egoerarekin du lotura arretak. Ez du buru-lanik eskatzen, desira eta pozarekin dago lotuago. Desira dagoenean, arreta dago; arreta jartzen diogu desiratzen dugunari. Arreta ez datza «zentratzean», ezezaguna hartzeko gaitasunean baizik, ikaskuntzaren oinarria da, besteekiko harreman ez-instrumental ororen nolakotasuna. Weilen ustez, ikastetxeek horretan irakatsi behar dute, arreta jartzen. Matematika edo filosofia, literatura edo euskara, arreta jartzeko gaitasuna lantzeko moduak besterik ez dira Weilentzat. Arreta itxaroteko gaitasunarekin dago lotua, azkar jakin nahi izateari aurre egitearekin ere bai. Hanburgesa bat jan nahi dut oraintxe. Pelikula hori gaur ikusiko dut. Larrua jo nahi dut ja. Weilek zioen gauza garrantzitsuak berandu iristen zirela, eta itxaron egin behar zitzaiela.
Zutabea irakurrita, hasteko Itziar Ugarte Irizar etorri zitzaidan gogora, iaz Dinamoan Hitzaren Eskolako irakasle lanetan aritu zenean, arreta izan baitzen bere abiapuntua, edo bai behintzat bere saioen ardatzetako bat. Akordatzen naiz liburu bat aipatzen zuela batik bat, El eclipse de la atención (Arretaren eklipsea), Amador Fernández-Savaterrek eta Oier Etxeberriak apailatu artikulu bilduma. Arreta noiz jarriko, hor daukat zain apalategian. Ireki eta saltoka ibiltzea besterik ez dut lortu oraingoz; artikuluren bat ere irakurri nuen bere garaian, ahaztua dut jada. Baina badakit hor datorrela Simone Weil, besteak beste, eta pentsatu nuen arian-arian arretaren inguruko kezka sartu dela gure agendan, nahiz eta ez dakidan zein den gu hori. Badenik ere…
Ez dakit nola iritsi nintzen, sare sozialetan baten bati irakurrita seguru asko, baina 2024ko udaberrian erabat ezezaguna zitzaidan tipo baten elkarrizketa luze batek eduki ninduen harrapatuta egunetan. Lagunei bidaltzen nien esteka, lankideei, mundu guztiari. Johann Hari du izena, eta arretaren inguruan aritu da ikerketa egiten denbora luzez. Stolen Focus: Why You Can´t Pay Attention liburua argitaratu zuen 2022an.
Elkarrizketa horretan hainbat kontu zeuden aintzat hartzeko modukoak, baina dibertitzen hasi aurretik hartutako bidera itzultzeko, bakarra aipatuko dut. Hauxe dio Johann Harik elkarrizketako une batean:
Sare sozialen eragina agerikoa da. Dirua irabazten duten enpresak dira, zure arreta bereganatuz eta zorabiatzeko moduko zurrusta amaigabea eskainiz. Algoritmoa zugandik ikasten ari da, eta gero eta eraginkorragoa da zu katigatuta mantentzeko. Denbora asko eman nuen Silicon Valleyn gauza horiek diseinatu zituzten pertsonak elkarrizketatzen, eta halako gordintasunez azaltzen dute, ezen hasieran zerbait ezkutatzen dutela ematen baitu. Onartu dutenez, helburu bakarra produktu ahalik eta eraginkorrena egitea da, denbora gehiago eta gehiago eman dezazun lotuta. Hori da dena. Irribarrez esaten dute.
Eta aurreraxeago:
Zure bulkadak menderatzea lortzen duzun bakoitzean, 10.000 ingeniari daude zure pantailaren beste aldean, gogor lan egiten, zure ahaleginak boikotatzeko. Makina izugarri sofistikatuak erabiltzen dituzte gure arreta inbaditu eta pirateatzeko. Ez pertsona gaiztoak direlako, dirua irabazten dutelako baizik.
Gerora akordatu naiz 2014an idatzi nuela tailer baterako zirriborroa, izenburu eta guzti: Pay attention, please. Bai, ez da oso sotila, badakit, baina ederra da: ingelesez arreta pagatu egiten da. Gure arretarekin ordaintzen dugu, gure denborarekin, ez daukagu besterik. Algoritmoak dirua egitea beste xederik ez du. Eta gure bizitzekin ari gara ordaintzen munduko super aberatsen yateak eta luxuzko etxeak.
Arreta pixka bat gureganatzeko sare sozialetan edozer jartzen dugun bakoitzean, eurentzat ari gara lanean, XXI. mendeko esklabook. Eta hau hasi besterik ez da egin.
Amets gozo batean bezala egon nahi nuen nik hemen, Sleep entzunez, baina ikusten duzu, lo kamuts baten antza gehiago du honek. Edo amets gaizto batena, alde txiki batekin: ez zara esnatuko.
John Hopfieldi eta Geoffrey Hintoni eman diete aurten Fisikako Nobel saria, adimen artifizialaren garapenean egindako lanagatik. Geoffrey Hintonek, Google utzi zuenean, abisu eman zuen: “Adimen artifiziala kontrolatzeko modurik badago, aurkitu egin behar dugu berandu baino lehen”. Ez da Geoffrey Hinton abisu hori eman duen bakarra, gizakiaren gainetik jarri daitekeen adimena dela esan du beste askok ere. Yuvah Noah Harari bera agertu da kezkatuta. Ni bezalako luditak gaude muturrean, ludiaren alde ari garelakoan, xalotasun ikaragarriarekin. Bestela, irabazten ari dena diskurtso pragmatikoa da, badakizu, erabiltzen jakin behar, neurria hartu behar, ikasi egin behar, moldatu egin behar, prest egon behar duzu, ezin zaio bizkarra eman etorkizunari, hauxe da dagoena, bizitza erraztuko dizu, lan astunak egin beharrik ez duzu izango, ondo erabilita gizakiari laguntzeko tresna izan daiteke. Dirua egitea beste xederik ez duen mundu batean?
Ni baino azkarragoa den batek aztertu beharko du xehe-xehe adimen artifizialaren inguruko diskurtsoa. Ariko da bateren bat tesia egiten. Roland Barthes batek zer idatziko ote luke adimen artifizialari buruz orain Mitologiak liburua idatziko balu? Makina batek idatziko du akaso, eskatuz gero. Idatzi ezazu adimen artifizialaren inguruko mitologiaz, Barthesen estiloan.
Nik ulertzen dut idazle jendea eta itzultzaile jendea kezkatuta egotea adimen artifizialak euren lanean izan dezakeen eraginaz, dagoeneko badaukanaz. Sarri etortzen zait gogora Kenneth Goldsmithek aipatzen zuen hura: laster makinek idatziko dute makinek irakurtzeko. Ba iritsi da momentu hori. Urteak dira. Makina batean ari naiz idazten, makinari ere badaukat eskatzea hau idazteko, eta irakurle bat espero dudan arren bestaldean, irakurle seguru bakarra makina bat da. Makinak bai irakurriko du hau, lehenbizi Googlek, Driven ari bainaiz idazten, eta gero EIEren webguneko softwareak. Horiek behintzat irakurriko dute testu hau. Eta beharbada beste makina batzuk ere bai, ordenagailuren batek, telefonoren batek, baten batek sare sozialetako estekan klik eginda. Makinak neurtuko du zenbat sartu diren irakurtzera, eta bakoitzak zenbat denbora pasa duen irakurtzen. Eskerrak ez didaten horren arabera ordainduko…
Gustura irakurriko nuke zer daukan esateko adimen artifizialari buruz Boris Groysek. Badu artikulu argigarri bat: Google: hizkuntza gramatikaz haraindi. AA bat beharko nuke ondo laburtzeko, edo gaizki laburtu izanaren penarik ez edukitzeko behintzat, baina arriskua hartuko dut, behin hemen gaudenez. Laburtu eta itzuli, jakina, espainolez irakurri bainuen nik.
Boris Groysek dio gizakiak munduarekin duen elkarrizketa dela bizitza; gizakiak munduari egiten dio galde, eta munduak interrogatzen du gizakia. Munduarekin daukagun elkarrizketa hori, ordea, premisa filosofiko batzuetan oinarritzen da, medioari eta moduari dagokionean. Gaur egun, munduarekiko elkarrizketa hori internet bidez egiten dugu, eta batez ere Google bidez. Beraz, garai batean erlijioak eta filosofiak bete zuten rola orain Googlek betetzen du. Google da ezagutzen dugun lehen makina filosofikoa.
Bueno, ez da laburpen bat, artikuluan aipatzen diren kontu batzuk besterik ez, informatikan alborapena esaten zaiona. Hori horrela, sujetu garaikideak topa dezakeen egia bakarra Googlek ematen diona da, besteak beste, ezin baitugu ikusi Googlek eman ez digunik.
Bueno, ba ez dago Nostradamus izan beharrik hemendik aurrera sujetu garaikidearen egia bakarra adimen artifizialak emandakoa izango dela aurreikusteko. Kristalezko bola bat falta zait oraintxe. Jorge Carriónek beste hitz batzuekin esan zuen: “AAren helburua ziurgabetasuna etxekotzea da, etorkizuna homogeneizatzea, dena estatistikoa izatea. Horregatik galdetzen diot neure buruari bere etsai nagusia ez ote den izango gure adierazpen, erabaki eta judiziorako askatasuna: gure erabakimena.”
Batzuetan pentsatzen dut, literaturak halakoxe kalteak dakartza, beharbada neu ere inoren adimen artifiziala naizela, eta bestek esandakoa errepikatu besterik ez dudala egin neure bizi osoan, hasi txikitan eskolan eta buka orain, erreportaje hau idaztean. Sinistu egin dudala neure kabuz pentsatzeko gai naizela, baina beharbada ez dela inor bere kabuz pentsatzeko gai, eta batez ere bizitzeko. Izaki sozialak garelako, maitasuna behar dugulako, onartuak izatea, baita hori Instagrameko bihotz bat baldin bada ere. Edo datsegit bat, han edo hemen.
Akordatzen naiz Manderlay filma ikusi ondoren psikiatriako pare bat liburu irakurri nituela, eta haietako batean jartzen zuela diosala laztan psikikoa zela. Aspaldikoa izango da liburua. Orain jendeak txaloak eta bihotzak biltzen ditu sarean, instante zoriontsuen marrazketa baldarrean, atsegin izan beharra dago besterekin, atsegin izan beharra dago besterentzat. Gero, etxean, inor ez dago zure ondoan pantaila itzaltzean, eta pantaila itzalia den ispiluak zeure burua erakusten dizu, gordin. Eskerrak maskotak dauzkagun, lotsatu gabe eta izutu gabe laztantzeko.
Eta gauza gehiago ere baneuzkan esateko, baina bete ditut esandako karaktereak, ekarri dut hona adimen artifizialaz uste dudala uste dudana, edo esateko modukoa zena behintzat, eta atera dudan ondorio bakarra ere esango dizuet: izenarekin sartu digute porrua. Adimen artifiziala. Askoz hobe genuke arrazionaltasun konputazionala deitzea, izena ezarri dutenek bezala, behin eta berriz, egunero, orduro, arrazionaltasun konputazionala, ez ahazteko zer den, arrazionaltasun konputazionala, ez ahazteko makinei ari garela ematen dena.
Aldous Huxley agertzen zait tarteka: nola dakizu mundua ez dela beste planeta baten infernua?