zutabea :: Maite Darceles 2025/06/03

Zapalkuntza globalaz bi lanketa feminista 

Aitortu behar dut June Fernandezen Aingeruak eta neskameak (Susa, 2024) Pentsagune feministarako irakurketa moduan proposatu zenean errezeloz hartu nuela, ez zitzaidan erakargarria egiten. Haurdunaldi subrogatuaren gaiak nirekin zerikusirik ez zuela uste nuen. Ama naiz, arazorik gabe geratu nintzen haurdun, ez dut inoiz ezagutu beste inorentzat ume bat sabelean haziko lukeen inor. Edo, zehatzagoa izanik, ez dut horren berri izan, eta ez dut aukera hori irudikatu. Intentziozko guraso aldetik ere, gaia ez dut inoiz hurbiletik bizitu.

Oso urrun geratzen zitzaidala uste nuen, beraz. Aurreiritzi asko eta informazio falta handia nuen. Eta ez nuen espero June Fernandezek hain orri gutxitan haurdunaldi subrogatuaren auzia goitik behera gainetik eta azpitik zeharkatuko zuenik. Eta are gutxiago espero nuen, hori eginaz bat, idazlanak balioko zuenik gure gaur egungo gizarte globaleko desberdinkeriek, zapalkuntzek eta logika perbertsoek praktikan hartzen dituzten formak erakusteko. 

Gai batera ez modu panfletarioan edo dogmatikoan, baizik eta modu kritikoan eta eraikitzailean hurbiltzen garenean, askotan, gaiaren konplexutasunaz ohartzen gara, eta sakontzeak galderak irekitzen dizkigu, erantzunak eman ordez.

Hemeretzi feministari egindako elkarrizketak dira lanaren oinarri nagusia. Egileak berak aitortzen du elkarrizketatuengandik ez zituela beti espero zituen erantzun motak jaso. Berarentzat ikerketa hau ikasketa prozesu handia izan da, eta irakurleoi ere material mamitsua eskaintzen digu horretarako.    

Haurdunaldi subrogatuaren auziak hainbat gai zeharkatzen ditu, hala nola, familia ereduak, ugalketa teknologiak, prekarietatea, lan banaketa sexuala eta globala, kapitalismo basatia, eskubideak, araudi internazionala, eta abar. Eta horien bidez, gaur egungo mundu globalizatuaren logika kapitalista, kolonial eta patriarkaletan sakondu daiteke. Ez du, ordea, modu abstraktu eta orokorrean egiten, baizik eta errealitate konkretuen bidez. Eta beraz, posizio moral zurrunak garatzeko baino gehiago, egoerak enpatiatik eta zapalkuntza ardatzetatik begiratzera gonbidatzeko tresna bihurtzen da. Feminismoak joera moralizatzaileetatik urruntzea proposatzen digu, “ongi” eta “gaizki” unibertsalak izendatze horretatik urruntzea. Donna Harawayren ezagutza kokatuaren bidetik, besteak beste.

Hona liburuan agertzen diren hiru esaldi, barruak astintzeko modukoak:  

“Aukeratu beharko banu barne-zaintza lanaren [etxeko “interna”], prostituzioaren edo besteentzat ernaltzearen artean, subrogazioa aukeratuko nuke, duda gabe”.
Cristina Zamora

“Zure burua enpresa bihurtzeko deia orokortua bada ere, batzuek ez dute logelarik alokatzeko, eta beste batzuek ez dute ezer alokatzeko beharrik, are gutxiago haien umetokia”.
Jule Goikoetxea

“Esan zuen: ‘Besteek ernaldutako umeak izateko eskubidea dugu’. Hain beldurgarria iruditu zitzaidan, klik egin nuela”.
Borja Muñoz

Lisipe kolekzioak Araka ditzagun gure bazterrak. Kritika dekolonialak zeharkaturiko ibilbide bat ere argitaratu zuen 2022an. Ahots askoren presentzia dago hemen ere Fernandezen lanean bezalaxe. Teoria feministak intersekzionalitate kontzeptua sortu zuen, generoaz gain askotariko zapalkuntza ardatzen konbinazioak ematen direla adierazteko, eta horiekin guztiekin lan egin beharra azpimarratzeko mundu justuago baterako bidean. Emakumeak, eta orokorrean gizabanakoak, jasaten dituen zapalkuntza horiek guztiak hiru ardatzetan laburbiltzen dira: generoa, klasea eta arraza. “Arraza” metafora moduan har genezake, kulturarekin eta jatorriarekin loturiko zapalkuntza modu guztiak barne hartzeko. Horregatik, “euskal” markak zentzu bikoitza dauka: batetik, mendebaldeko herrialdeen artean eta zuritasun kaukasoardunen artean sartzen gara orokorrean, pribilegiatuen lekuan, beraz; bestetik, hizkuntza eta kultura ez hegemonikoak izanik eta zapalkuntza jasotzen dugularik, zapalduen artean ere bagaude. Hala, besteak beste, horixe lantzen du liburuak, zubi hori eraikitzen saiatzen da: nola izan sentibera euskalduntasunetik hainbat eta hainbat zapalkuntzarekiko, eta nola zabaldu euskalduntasuna, eta nola aldi berean erakutsi guk ere pairatzen dugula zapalkuntza, besteenarekin parekatu gabe eta haienak isildu gabe. Liburuak hainbat eta hainbat pista emango dizkigu kolonialismoaren iragana eta oraingo errealitatea ulertzeko, baita hainbat erresistentzia bide ezagutzeko ere.  

Bi lan hauek badute zerbait amankomunean. Gai izugarri handia eta konplexua lantzen dute, ahots askori lekua eginez. Mundu globalizatu honen joerak dituzte aztergai, eta hortxe txertatzen dira gorputzak, bizipenak eta errealitate konkretuak, zapalkuntza konkretuak eta bizitzan aurrera egiteko estrategiak.

Eta badute diferentzia nabarmen bat sorkuntzari dagokionean. Batean, testu osoa egilearen iragazkitik pasatzen da, eta berak orekatzen ditu edukiak unean-unean garrantzitsua irizten dion informazioa gehiturik. Bestea, berriz, egile askok egindako atalez osatua dago. Lanak taldean aztertu genituenean lehenengoak lortu duen potentzia ez genion bigarrenari aurkitzen, lehenak ere iritzi eta ikuspegi sorta zabal-zabala eskaintzen badu ere, bigarrena, loturarik gabeko txatalez osatua baitzen.

Gogoetatxo bat ekartzen dit honek, bide batez. Uste dut adimen artifizialak hainbeste hizpide ematen digun honetan, inoiz baino gehiago nabarmendu behar dugula pertsona argi eta asmo oneko batek auzi baten lanketari egin diezaiokeen ekarpena gai horretan sakon-sakon sartzen denean. Nire ustez beste ezerk ezin du hori ordezkatu. Ezerk ere ez. Eta duda dut horren kontzientzia nahikoa ba ote dugun. 

Maite Darceles