Vladimir Arseniev gogoratu nahi dugu
Vladimir Arseniev (1872-1930) San Petersburgoko idazleak eta zientzialariak aurrea hartu zien Stalinen hatzaparrei, ez harengandik ihes egitea lortu zuelako, baizik eta gaixotu eta, zoritxarrez, atxilotzeko agindua baino lehen hil zelako. Haren ordez, Stalinek Arsenieven emaztea, Margarita, hilarazi zuen, Japonen alde zelatari-lanak egitea leporatuta. Senar-emaztearen alaba ere atxilotu eta Gulagera bidali zuen Stalinek.
Arseniev izan zen, hain zuzen, bidaldi batean —Siberiako taigan, gauaz, ezustean— nanai herriko gizon bakarti batekin topo egin zuena, eta Dersu Uzala izeneko hura (1849?-1908) liburu baten bidez Sobiet Batasunean ezagutzera eman zuena. Hain eskuzabala, buruargia eta berezia zen Dersu, non Arseniev hunkituta eta txundituta utzi zuen. Arsenievek Dersu Uzalarekin bizi izandako pasadizoak jaso zituen bere liburuan, baina, horretaz gain, Siberia Ekialdeko herriei gertatzen ari zitzaienaren berri ere eman zuen. Bertako herriak desagertzen hasiak ziren ordurako, eta Arsenieven liburua aukera bat da herri haien gainbeheraren nondik norakoak hobeto ulertzeko.
Dersu Uzalaren nortasuna eta zorigaiztoko patua, batik bat Akira Kurosawa japoniar zinegileari esker dira ezagunak Mendebaldeko gizartean. Guztiarekin ere, sobiet-japoniar lankidetzan egindako 1975eko film arrakastatsu haren gidoiak ez zuen liburuak bezain ongi islatzen Dersu Uzalaren herrikideak garai hartan kolonoengandik jasaten ari ziren zapalkuntza. Bada, taigako herriei ez zitzaien hondamendia gerra zuzen baten bitartez heldu. Beraz, lekurik ez cowboy morroi armatuei buruzko epika nazional bat sortzeko, Ipar Ameriketako jatorrizko herrien kontura sortu zen bezala.
Hannah Arendt filosofoak (1906-1975) biziki maite zituen hitzok: Victrix causa deis placuit, sed victa Catoni, Lucano poeta erromatarrak Katon Gaztea filosofo estoikoaren harira idatziak. Hitz horiek adierazten dutenez, jainkoek garaileen auzia atsegin izan arren, norberak erabakitzen du noren alde egin eta norekiko leiala izan, Katon Gazteak lehenago egina zuen legez. Garaituen alde agertzea, azken batez, jarrera politiko bat da, zeinak bidegabekeriaz lortutako emaitzei egiten dien muzin, giza duintasuna eta askatasuna babestu eta berreskuratzeko asmoz. Hori izan zen Arsenieven abiapuntua Siberiako herriei hurbildu zitzaienean.
Ildo beretik, Arsenieven liburua, zuzen-zuzen horretarako idatzia ez bada ere, orduko egoeraren salaketa bat da. Idazlearen jokabideak Herodoto historialariarena edo Homero poetarena dakarzkigu gogora. Zeren eta Arsenievek ere egia bilatu baitzuen, beti gertaerak izan ziren bezalaxe kontatu nahian. Alde batera utzi zituen abertzalekeria, bai eta ohiko elitismo akademikoa ere, inor bere jatorriagatik gutxietsi gabe.
Arsenievek errusiar armadan egin zituen ikasketak, baina ikerlari zibila izan zen gero. Hamabi bidaldi egin zituen 1902tik aurrera, Ussuri ibaiaren eta Pazifiko itsasaldearen arteko eskualdeetan zehar. Ikerketak egin zituen kartografiaren, geologiaren eta natur zientzien arloan, bai eta bertako herrien sinesmen, hizkuntza eta ohiturei buruzkoak ere. Arseniev Vladivostok eta Jabarovskeko Natur Zientzietako museoen zuzendaria izan zen, eta hirurogei baino gehiago idazlan idatzi zituen.
Siberiaren kolonizatzeak gero eta indar handiagoa hartu zuen XVI.garren mendetik aurrera. XIX. mendean, berriz, Errusiatik ezezik, batez ere Txina eta Korea aldetik heldu ziren kolonoak Ekialdeko Siberiaraino, taigan bizimodua ateratzea helburu. Transiberiar trenak eragin izan zuen horretan, eta inguru haren aldaketa azkarragotu zuen 1897an Moskutik Valdivostokeraino heldu zenean. Kolonoek gaixotasunak zabaldu zituzten, espainiarrek mende batzuk lehenago Hego Ameriketan bezala. Dersu Uzalari ere emaztea eta semealabak baztangak jota hil zitzaizkion. Horrexegatik zebilen taigan bakar-bakarrik, bizimodu ibiltari hutsari lotuta, Arsenievek ezagutu zuenean.
Kolonoentzat legerik eta lekukorik gabeko eskualdea zen taiga zabala. Jatorrizko herriak sakabanaturik bizi ziren, eta ezin zioten egoerari elkarrekin antolatuta aurre egin. Kolonoek, izan ere, gupidagabe ustiatzen zituzten bertakoak: besteak beste, emakumeak lapurtu eta gizonak bizirik erretzen zituzten. Dersu Uzala bera ere aldean zeraman eskopeta lapurtzearren hil zuten Arsenievek ezagutu eta zenbait urtera.
Hortaz, nanai (edo golde), udege eta orotxi herrien kideak izuak jota bizi ziren. Arseniev hara heldu orduko ia-ia galduta zuten beren hizkuntza, edo erabiltzeko lotsa ziren.* Askok txineraz besterik ez zekiten. Batzuek, kanpotarren beldur betiere, ez zioten, badaezpada, inori esan nahi ezta nondik zihoan bidea, eta Arseniev bezalako heldu berriak bide okerretik bidaltzen zituzten.
Urte haietan, bestalde, Errusia, Japon eta Txina lehian zebiltzan Dersu Uzala bizi zen eskualdea bere egiteko. Hala ere, Afasievek ez zituen errusiarrak goraipatu bere liburuan. Era berean, biziki eskertzen zuen txinatarrek harrera ona egiten ziotenean, edo prest egoten zen lapurrak eta gaizkileak borrokatzeko txinatarrekin batera lan eginez.
Vladimir Arseniev eta Dersu Uzala, erabat testuinguru desberdinetan jaio eta hazi ziren, baina antzeko izaera zuten. Biak ziren gai bestearen sinesmenak eta ohiturak aintzat hartzeko. Eta biak egoten ziren hurkoari laguntzeko gertu. Horrela jokatzea esan gabe zihoan biontzat, inongo harrokeriarik gabe.
Arsenieven Dersu Uzala irakurriz hobeto uler daiteke zergatik hartuko zuen Stalinek begitan. Zorionez, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, Arsenievi buruzko iritzia aldatu zen Errusian. Ondoren etorri zen aitortzari zor zaizkio Siberia Ekialdeko glaziar baten izena, sumendi batena, eskualdean bi landaredi mota banatzen dituen mugarena…, bai eta hiri baten izena ere: 50000 bat bizilagun dituen Arseniev industria-hiria. Egun hiria dagoen lekuan egin zuten lehen aldiz topo Dersu Uzalak eta Afaniesevek. Bertan oroitarri handi bat dago bi adiskide handi haien omenez.
Gaurko egoerara etorrita, Nastassia Martin antropologo frantsesaren Croire aux fauves 2019ko liburuak aukera ederra eskaintzen digu Kamtschatka penintsulan bizirik irauten duten even herriaren kide batzuen bizimoduari begirada bat egiteko. Bestalde, Chuner Taksami (1931-1014) etnogrofoa, Sakalin uhartean jaioa eta nivkh herrikoa, garrantzi handikoa izan da bere ikerlanen bidez Siberiako herrien historia eta egoera ezagutzera emateko.