Urtarrilaren 23ko oroitzapenak, Antonio Zabalaren oroimenez
Aurtengo urtarrilaren 23a zen. Etxean nintzen, gosaltzen. Txirrina jo zuten kaletik. Postaria zen. Atariko atea zabaldu nion interfonotik. Buzoian kabitzen ez eta, euria zela eta busti egingo zenez, etxeraino ekarri zidan. Eskerrik asko eta agur. Sobre handi bat zen, Euskal Idazleen Elkartetik bidalia. Zabaldu eta `Urte Berri On´eko oparia: koaderno bat, txuriaren gainean belzten hasteko gonbita. Azalean hitz hauek: “Noraino eramango oinek, noraino hitzek?”. Bezperan jasoa nuen gonbita EIEtik: artikulu bat idazteko proposamena, lehen aldiz. Jaso nuen unetik besterik ez nuen buruan: Zer arraio kontatu behar diet nik idazleei?
Koadernoari begira nengoela, uaxapa sartu zitzaidan (hitz hori horrela idazten dut). Aspaldiko ezaguna zen, Marianjeles, semea zoriontzeko. Bai, artean lo zegoen semearen urtebetetze-eguna genuen etxean. Emakume horrek sekulako oroimen-gaitasuna du, buruan gordeak ditu Aginaga bere herriko bizilagun heldu ia guztien jaioteguna. Bakoitzak bere ezinak eta ahalmenak. Marianjelesek horixe. Baina oroimenak metodoa ere behar du. Hark seguru baduela. Auskalo nola egiten duen, baina gure semearen urteekin behintzat asmatzen du.
Nik ez dut buru onik. EIEren idazteko gonbita gogoan, koaderno berria zabalik, orriak txuri-txuri, oroimena lantzen hasi beharko nuela pentsatu nuen. Orduantxe gogoratu: 2003ko Gabon egunean etxean izan genuen Antonio Zabala, apaiz idazle bertsozalea. Egun batzuk lehenago, baserri bateko mandioan bertso-paper mordoa agertu zen. Haiekin zer egin ez zekitela-eta, niregana iritsi ziren paperak; eta nik pentsatu nuen Antonio Zabalak gustura hartuko zituela. Telefono-zenbakia eskuratuta deitu egin nion, ea nahi zituen. Baietz. Egun gutxitara, abenduak 24, etxean genuen Antonio. Fernando Amezketarraren istorioetan bezala: apaiza sukalderaino.
Bazkaria moldatzen ari nintzen, zazpi urteko alaba Malen eta bi urte betetzeko hilabete falta zuen Anttonentzat. Berehala eman nion bertso-paperez betetako sobrea eskura. Uste nuen berehala ekingo ziola haiek miatzeari. Oker nengoen. Sukaldeko egoera ikusita: Malen, ahal zuen moduan, neba txikiari makarroi tomatedunak ahoratzen saiatzen, eta ni oilasko-xerrak erretzen, apaizak trapu bat izterren gainean jarri eta, haurra belaunetan hartuta, makarroiak ematen hasi zitzaion. Buru txarra dut, baina irudi hori gogoan ondo ainguratuta: Antton, musua gorri-gorri, Antoniok ahora zeramazkion makarroiak jaten. Pena, holakoetan ez dut sekula izan senik unea argazki-kameraren bidez betikotzeko.
Bertso-paperak artean sobretik atera gabe utzi gintuen Zabalak, eskerrak emanda goxo-goxo agurtu ondoren. Gabon egun hartan jakin zuen Antoniok Antton urtarrilaren 23koa dela, 2002koa; eta jakin nuen nik Antonio ere urtarrilaren 23koa zela, 1928koa. Bizitzak horrelako kasualitateak ekartzen dizkigu.
Eta Antoniok, gure etxean egon zenetik hilabetera, 2004ko urtarrilaren 23an, telefonoz deitu zuen, arratsean. Hartu eta, “Kaixo, gabon, Iñaki al zara?, Antonio Zavala naiz –berak horrela idazten zuen–, zure seme Antton zoriontzeko deitzen dizut”. Anttonek bi urte bete zituen egun hartan. Eta nik “hara, gogoan duzu Antton gaurkoa dela?”. “Bai, nola ez ba, eta segi dezala luzaro urteak betetzen! Agur”. Eta nik, oroimena lantzeko metodologiarik ez duen kokolo honek, ez nuen Antonio zoriondu, ez nintzen haren urtebetetzeaz gogoratu. Egun hartan 76 urte bete zituen.
Hura izan zen nik Antonio Zabalarekin hitz egin nuen azken aldia. Handik bost urtera hil zen, 2009an. Euskararen historian liburu gehien argitara eman duen idazlea da Antonio, hirurehunetik gora. Horretarako, argitaletxe propioa sortu zuen: Auspoa. Bestela betiko galduko ziren milaka bertso eta ehunka istorio bildu eta hauspotu zizkigun Zabalak. Eman ta zabal zazu! Huraxe bai eskuzabala!
Jesuita hark ere izango zuen ba, buru ona izateaz gain, metodoren bat. Zerbait egin beharko dut. Oraintxe ekin diot. EIEk oparitu didan kaierak badu dagoeneko beltza zuriaren gainean: Zabalarekin egindako huts egitearen istorioak hartu du lehenengo orrialdea. Haren dei hartan ez nintzen oroitu bere urtebetetzeaz, baina orain oso gogoan dut haren deia. EIEren kaierak neurri polita du txamarraren patrikan sartuta eramateko. Hortik abiatuko naiz. Koadernoa patrikan eta gogoa erne kaleratuko naiz aurrerantzean. Hortik hasi. Gero, sofistikatzen joango da metodologia.
Antton ohetik jaiki denerako, zirriborratua nuen artikulu hau. Jaiki denean, zoriontzearekin batera, berriz kontatu diot bere tokaio Antonioren istorioa. Zerbait gogoratzen zen, lehen ere kontatua nion. Horixe dugu, herri moduan, oroimenari eusteko ezinbesteko zeregina: transmisioa.
Wikipediatik hartuta ekarri ditut hitz hauek: “Aita Antonio Zavala Echeverria (Tolosa, 1928-01-23 - Xabier, Nafarroa, 2009-01-02) euskal idazlea, euskaltzaina eta euskal herri-literaturaren ikerlari eta editorea. 1961ean Auspoa argitaletxea sortu zuen”. Beste hitz hauek Gotzon Garaterenak dira: «Zavalak egundoko lana egina du: 300etik gora liburu argitaratu, benetako euskaraz idatziak. Baserritarren eta euskararen jabe direnen kontakizunak jaso ditu. Eta bertso mordoa. Kontu horietan, Euskal Herri osoan, gutxi izango da berak bezainbat dakienik”.
Asko idatzi zuen bai, baina hara, zer da eta Bernardo Atxagak Etiopia laugarren aldiz plazaratu duenean, aurkezpenean, beste gauza askoren artean zer esango eta Gabriel Arestik adierazi ziola euskaraz eman den libururik onena Mikaela Elizegik idatzi zuela, Pello Errotaren bizitza kontatuz. Kontua da baina, liburu hura idatzi Antonio Zabalak idatzi zuela, Elizegik ahoz belarrira kontatu ziona. 2004ko urtarrilaren 23an zoriondu ez izana barkatzeko balioko ahal dit, orain aipamen hori ekartzeak: Arestirentzako euskarazko libururik onena Elizegik eta Zabalak idatzia, alajaina!
Euskal Idazleen Elkarteak Donostiako Zemoria kalean du egoitza. Nik lehenengo letra besterik ez diot aldatu kalearen izenari, Antonio Zabalaren Memoria hona ekartzeko eta nire memoria txarra lantzeko. Haren oroimenez!