Urruzuno, kronika
25/08/25, LURRA
Lau gurpilen gainean abiatu gara lur sail hutsera. Bidean zehar elkarri begietara begira, elkar aurretik ikusi ez dugun arren, mendian gora lagundu digun baso berdearen eta asfaltu grisaren arteko eskalan oasi laranjabat aurkitu dugu hasieratik, azaltzeko zaila den, baina elkarren begiraden isladan nabaritu dugun ulerpen eta segurtasun oasi bat. Gora eta gora eta gora, marra, espiral, biribil eta kurba ibili gara Arritxuloraino iritxi arte. Bertan aurkitu dugu nahi genuena eraikitzeko aukera emanen digun lur sail soila.
Maletak utzi eta jada ez dugu zeren atzean ezkutatu. Bazkal ordurako, elkarrizketa bizi batek eta oholezko lur marroi batek ere eutsi du aurretik begien isladetan ikusi dugun eraikuntzarako gogo hura.
Bazkalostean, Leire Bilbaoren eskutik sortzaileok bizi behar izaten dugun desertu ilunaren kontakizuna entzun dugu lehen aldiz. Elkarrengandik gertu eserita egon gara asko, harea eta haize nahasgarri haren aurrean ezerk eutsiko gaituen esperantzaz. “Egiten dudana egiten dut denbora gutxi dudalako”; eta denboraren desertuko hondar ale bakoitza ere gure eskuetatik ihes egiten ikusi ahal izan dugu Leireren hitzen atzean.
Afaldu ondoren, lurra txukuntzen hasi gara bertan eraikitzen hasi ahal izateko. Elkarren barneak material kutxara hustu ditugu, guk geuk eta ingurukoek betetako orri zuriak eraikuntzarako material bilakatuz.
Gau honetan munduak buelta emango balu ere, ez dirudi zutik mantentzen gaituen lursail sendo honetan ezer aldatuko litzatekeenik. Data palindromo xamarra delako ala etxean sentitzen hasiak gaudelako izango da, akaso. Gure mundu kaotiko honetatik at, denbora izozten duen errealitate paralelo utopiko laranja bat da urruzuno.
25/08/26, ZIMENDU ETA LEHEN EGITURAK
Kafe, ogi eta fruta usain artean esnatu gara bigarren egunez. Begiak guztiz ireki ditugunerako, goiko pisuan gaude, egur usaina sudurrean dugula, alde batetik bestera zuloak betetzen eta, pausuz pausu, etxe bat izanen denaren lehen zirriborroak marraztuz. Akordatzearen garrantziaren inguruan biraka ibili gara Yolanda Arrietarekin, sortzaileon iraganaz oroituz. Gizakiok hitzen aurretik ere irakurtzen genuela eta filologoen aurretik sortzaileok izan ginela gogoratu dugu. Kris-kras. Adi bizi bagara beti izango dugu zer kontatu, eta adi gaudenok beheko solairutik zetorren marmitako usaina nabaritu dugu.
Deskantsua hartu dugu, goiz osoa planoak egiten ibili ostean benetan etxearen eraikuntzarekin hasteko. Barrutik ateratako esaldiak mailu, elkarren artean lotsak galdu eta loturak agertzen hasi dira. Gure arkatzak ferralla, hitzak hormigoia, sortua da zimendua.
Bazkal ostean sortzen jarraitu dugu, adi egoten eta, belaunaren azpitik mantendu beharreko mamu guztiak uxatu ostean, lore usainari jarraituz iritsi gara txanogorritxuren amonaren etxera. Otso, lore, haur, erle, amona eta haizkolari izan gara, denak batera eta inor ere ez aldi berean. Lehioak izango direnaren lehen zantzuak ditu gure etxeak, gure bizitzari berari ere ikuspuntu ezberdinetatik begiratzen hasteko lehen pausua eman baitugu Arritxulon.
Barnea hustuta, zimenduak ezarrita eta koadernoa beteta agurtu dugu Yolanda, baina hura joanda ere ez du harekin eraman haren maletatxoan ekarri digun sormen usaina. Su eta behelaino artean, paper usaina duten lehen oinarri haiek euskarri bat erakutsi digute bata bestearengan.
Dena erortzen ari bada ere, gu zutik gaude eta zutik egonen gara.
25/08/27, PARETA, ZUTABE ETA LEHIOAK
Ogi eta esnearen zaporeak esnatu gaitu hitzekin luzatu zen gauaren ondoren, baina autobusaren kulunkak begiak itxi eta leihoaren kontra jaustera eraman gaitu berriz ere. Gure etxearen pareta, zutabe eta euskarriak eraikitzera goazen honetan, gure erroei jarraituz hiriburu zaharraren noranzkoan goaz, Iruñeara.
Bertan, Amets Arangurenen laguntzaz historian zehar galdu gara, harresi eta kate zaharrak eredutzat hartuta geure harroin propioak eraikiz. Geurea eta, aldi berean, batzuetan arrotza egiten zaigun gure herriaren errealitatearen aurpegi zahar eta berriei buruz ikasteko aukera izan dugu. Alde zaharrean zehar milaka eraikuntza hots entzun ahal izan ditugu, iraganean entzun ziren zurrumurruak eta bertakoen lanari esker, zorionez, etorkizunean entzungo direnak. Iruñean sorkuntzak duen lekua erakutsi digu Ametsek, azken urteotan sortu diren hainbat proiektu aurkeztu dizkigu, hiri zaharraren zimenduetatik ere sorkuntzarako espazio berriak sortzeko tokia dagoela erakutsiz. Guk geuk ere gure ilusio, ideia eta ezagutza berriekin, harrixkaz harrixka paretak eraiki dizkiogu geure etxeari.
Katakrakren hau dena aldatzeko jarraitzen duten bidea azaldu digute liburu eta kafeen artean. Hemen argi ikusi dugu leiho handiak behar direla ingurunera begiratu eta jakintza eskuratzeko. Autobusaren kulunkaren menpe, berriz ere zeharkatu dugu Nafarroa begi erdi itxiekin. Tripak beteta eta bihotza erreta heldu gara Arantzara, aberri zaharrera bueltatzen dena bezala. Betidanik eutsi egin gaituzten zutabeek hor jarraitzen dute. Nostalgiaren magalean entzun ditugu Gariren hitzak, gitarra baten laguntzarekin. Kontzertu txikien intimitate goxoan, sortu da gure artean kordinazioa, lotuak daude txaloak, musikarekin elkarrizketan gaude. Arterako girorik aproposena da herri txikietako etxe sendoenetan topatzen dena.
Harritxulora gindoazela busa okertu eta misteriozko nobela batean sartu omen da.Behelainoak guztia estaltzen du eta alzalean leunki lurreratzen duten tantek zirimirian presentzia jakitera ematen dute. Gure etxeari sutondoa ere gehitu eta suaren inguruan herritar, inkisidore, sorgin eta lamia bihurtu gara ordu pare batez. Gehiago hurbildu gara elkarri, gure lau pareta sendoen erdian sortu diren sugarren beroa sentitzeko.
25/08/28, TEILATUA
Sorkuntzak berriz jo du gure etxearen atea, etxe honi falta zaizkion zatiak eraikitzen bukatzeko. Harritxuloko egurrezko teilatuaren azpian gure teilaturako neurriak hartu ditugu Izanen gazte aldizkariaren laguntzarekin eta hariak baliatuz. Hitz solte, keinu eta mugimenduetatik istorioak sortu ditugu. Txikitako argazkiei begira hasi gara gure teilatu propioa eraikitzen. Zuhaitzak bezain altu hazteko tokia emango digun teilatua eraiki nahi izan dugu, oraindik denbora dugu eta, gu ez baikara izanen, gu orain gara.
Juan Cruz Igerabidek erakutsi digu basamortua ekidin eta gure teilatua haize-bolada zakarretatik babesteko sorkuntzari beldurrik gabe ekin behar zaiola, perfekzioa bilatu gabe. Kopiatu eta aldatu eta idatzi irri egiten ikusi nahi dituzun horientzat. Literatura zuhaitza bezalakoa dela ere ikasi dugu; zerua, edertasun estetikoa bilatu arren, jausi egingo da errorik ez badu. Geure buruaz harro sentitu gara, geure etxea teilatutik eraikitzen ez hasi izanagatik.
Bazkaltzeko garaia iritxi, eta Maddalen Arzallus eta Andoni Egaña izan ditugu geure eraikuntza prozesuan bidelagun. Eguraldiko aurkezle, antzezle eta inkisidore bihurtu dira,geure teilatua maestria eta hitz azkarrez osatzen lagunduz.
Irribarre eta momentu goxo artean galduta ibili gara egun osoan zehar baina, orain,dagoeneko babesten gaituen teilatu honen azpian dugun guztia gordetzeko garaia iristen hasi zaigu. Maletak egiteko asmoz eskailerak igo eta, lurrean eserita bukatu dugu, betiko moduan, inguruan duguna ahalik eta modu zabalenean barneratuz eta gure barnekoarekin teilatuan falta zitezkeen teila bakunak ipiniz. Eguzkia aurpegian eta besoak elkarren artean lotuta, konturatu gara hemen gu bihurtu garela elkarren harroin, pareta eta lehio. Kostata,pixkanaka altxa eta, orain bai, maletak egin ditugu. Oraindik eraikuntzarekin guztiz amaitu ez dugun arren, dagoeneko konturatzen hasi gara inork ez dugula lau egunetan eraiki dugun etxe hau atzean utzi nahiko.
Eguzkiak ihes egin digunean, etxeari kolore pintzeladarenbat eman nahian, elkarri eskainitako hitzak idatzi ditugu paretetan azkenik, baita elkarren koadernoetan ere, nora itzuli ez daukagunean orri artean lau pareta hauetara itzultzea lor dezagun.
25/08/29, ETXEA BETEZ
Bart gaueko negar eta urduritasunen ondoren, goizeko argiarekin batera esnatu gara azken aldiz. Azken egunotan eraikitzen aritu garen etxe honek iada hartu du forma, gure artean sortu dugun sare konplizearen seinale.
Nekatuta baina irribarretsu jan dugu gosaria, eta oraindik kafea eztarritik behera dugula egin dugu topo Tere Irastorzarekin. “Bizitza toki guztietan galtzen den maleta bat da” dio berak. Eta halaxe egin dugu guk hemen. Aste hasieran bakoitzak izaeraz betetako maleta genekarren eskuan, eta etxea eraiki ahala galdu dugu, solairu eta gela ezberdinetan. Etxea hutsik hasi baitzen, baina apaingarriz lepo dago orain, galdutako objektuz betea. Musikaz ere bete nahi izan dugu geure etxea eta, agur moduan, salto, dantza eta biraka ibili gara duela bost egun iharra zirudien lur bizi honetan.
Amaiera gerturatu zaigu azkenik. Gurpil gainean agurtu behar izan dugu elkar eta, zerbait atzean uztearen sentimenduak malkoren bat atera digun arren, sortu dugun etxe honen zatitxo bat maletan sartu dugu bakoitzak, lur hau beti geure sentituko dugun arren, egun hauetan etxea 4 paretetatik haratago doan zerbait dela ulertu baitugu.
Gurea izan dugun lurra ondorengoei utziko diegun arren, badakigu beti izango dugula nora itzuli.